63. zk., 2019ko apirilaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (379 KB - 16 orri.)
- EPUB (345 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1636
AGINDUA, 2019ko martxoaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira, batetik, Irale programaren 2019ko udako eta 2019-2020 ikasturteko ikastaroak, eta, bestetik, ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura.
1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren bidez (1994-02-11ko EHAA) berritu zuen Hezkuntza Sailak Irale programa osoa, eta antolamendu-arau berriak ezarri zizkion. Agindu horrek araudi nagusia eskaini dio – programaren eguneroko jardunari, eta horren arabera antolatzen dira, gaur egun ere, programaren hainbat atal eta prozedura.
Apurka-apurka, beharrizan berriak agertu dira EAEko eskola-munduan. Ondorioz, Irale programaren 1994ko moldaera hura beharrizan berri horietara egokituz joan da hainbat xehetasunetan. Aldaketa xumeak edo oso xumeak izan dira egokitze-lan horietariko asko. Aldaketa horiek eta beste hainbat ez dira bat-batean egin, apurka-apurka baizik, eta, normalean, egoera berriaren ezaugarriak eta haien araberako lehentasun nagusiak kasuan kasuko solaskideekin eztabaidatuz, zehaztuz eta adostuz.
Irale programaren urteetako ibilbide oparoari esker, euskal hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dira euskararen ezagutzaren eta erabileraren normalizazioan. Hala ere, urteak joan urteak etorri, behar berriak sortu dira irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoaren ondorioz, eta Iralek, laguntza zerbitzu den aldetik, irakasleen berariazko behar berri horiei ahalik eta ongien erantzun beharko die etorkizunean ere, orain arte egin duen bezalaxe.
2010eko uztailaren 6ko Dekretuak (2010-07-16ko EHAA) onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa, eta, bertan jasotzen denez, oraindik badaude premiak euskararen eta euskarazko irakaskuntzan oraindik: besteak beste, hezkuntza-erronka berriei aurre egiteko material egokiak sortzea, eta euskara irakatsi eta eskolak euskaraz ematen dituzten irakasleak didaktikan gaitzea.
Horri guztiari aurre egiteko, hezkuntza-arloan identifikatutako premietara moldatu da urte hauetan Irale programa, eta euskarazko irakaskuntzan kalitatezko euskara bermatzen duten alderdi didaktikoetan eta materialetan sakondu du.
Irale programa, prestakuntza-arloan eragile den aldetik, bete-betean lotzen zaio Heziberri 2020 egitasmoaren Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren lehenengo ildo estrategikoari: irakasleen etengabeko prestakuntzari, hain zuzen ere. Irale programaren eskaintza nagusia goi-mailako ikastaroak dira, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak. Nagusiki, ikastaro horiek izan dira programaren berrikuntza nagusia, eta, neurri batean, ikastetxeetan egiten diren berrikuntza-proiektuei eta bertako hezkuntza-eredu pedagogikoei erantzuteko baliagarri izan daitezke. Beraz, Irale programaren helburuak, neurri handi batean, horretara bideratzen dira.
Hori guztia dela eta, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Irale programaren 2019ko udako eta 2019-2020 ikasturteko ikastaroak eskaintzea, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak, eta ikastarook egiteko plazak lehia-araubidean esleitzeko prozedura ezartzea. Deialdi hau ikastaro horiek egin nahi dituzten unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuetako langileei bideratua dago (4. artikuluan jasotzen dira).
2. artikulua.– Irale programaren helburuak.
a) Oraindik euskaldundu gabe dauden irakasleak euskalduntzea.
b) Euskaldundutako irakasleen euskara-gaitasuna hobetzea.
c) Euskarazko ikasmaterial berrien hizkuntza-kalitatea bermatzea.
d) Curriculumaren euskal dimentsioa irakasleen artean zabaltzea.
e) Euskaldundutako irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzea, ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzearren.
3. artikulua.– Eskaintzen diren ikastaroak.
1.– Ikastaroak lanorduetan nahiz lanorduz kanpo eskaintzen dira (I. eranskina). Hau da ikastaro bakoitzeko plaza-kopurua:
a) Irakastorduetan emateko diren ikastaroak:
1) R300 ikastaroa 350 plaza
2) R400 ikastaroa 70 plaza
3) R600 ikastaroa 210 plaza
4) R800 ikastaroa 75 plaza
5) U2 ikastaroa 45 plaza
6) U3 ikastaroa 70 plaza
7) 3000 ikastaroa 40 plaza
8) 4000 ikastaroa 50 plaza
9) 5000 ikastaroa 60 plaza
b) Irakastorduz kanpoko ikastaroak:
1) A ikastaroak 150 plaza
2) E ikastaroak 200 plaza
3) H ikastaroak 2460 plaza
4) I ikastaroak 1520 plaza
Ikastaro batean bete gabe geratzen diren plazek eskaera eskaintza baino handiagoa gertatu den ikastaroetako plazak emendatuko dituzte. Horretarako, arau hauek beteko dira:
a) U, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetako plaza hutsek R ikastaroei esleituak emendatuko dituzte.
b) R ikastaroren bateko plaza hutsek gainerako R ikastaroentzako esleitutako plazak emendatuko dituzte. Plazen emendatze hori lurralde historikoen artean ere gerta daiteke.
c) Dena dela, 2019ko aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende dago irakastorduetatik kanpoko plaza-kopurua.
2.– I. eranskinean jasotzen da ikastaro bakoitza nori bideratua dagoen.
3.– II. eranskinean jasotzen dira ikastaroak eta haien ezaugarriak.
4. artikulua.– Ikastaroen hartzaileak.
Deialdi honetan jasotzen diren baldintzak eta eskakizunak betez gero, orokorrak edo ikastaroari berariaz dagozkionak, talde hauen parte diren ikasketari-nahiek eska ditzakete ikastaroak, zeinak I. eranskinean «X» batez zehazten baitira talde bakoitzarentzat:
a) Ikastetxe publikoetako irakasleak eta hezkuntza bereziko lan-legepeko hezitzaileak.
b) Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleak, hezkuntza bereziko lan-legepeko hezitzaileak eta 0-3 bitarteko irakasle edo hezitzaileak.
c) Hezkuntza Saileko Hezkuntza Ikuskaritzako eta irakaskuntzaren laguntza-zerbitzuetako langileak.
d) Haurreskolak Partzuergoko irakasle eta hezitzaileak.
5. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.
1.– Ikastaro horiek egin nahi dituenak, I. eranskinean ikastaro bakoitzerako adierazitako kolektibokoa izateaz gain, 2018-2019 ikasturtean, deialdi honetako eskabide-epea ireki baino lehen, gutxienez egun batez lan egindakoa izan behar du eskatzaileak. Lan hori bat etorri beharko da deialdi honetan parte hartzen duen langileen kolektiboari esleitutako lanarekin.
2.– Irakastordu barneko ikastaroak egiteko (U2, U3, 3000, 4000, 5000, R300, R400, R600 eta R800), hauek ere behar izango dira:
a) Kasuaren arabera, ikastetxeko, laguntza zerbitzuko edo Hezkuntza Ikuskaritzako zuzendaritzaren baimena izatea.
b) Bitarteko irakasle eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako lan-legepeko aldi baterako irakasle eta hezitzaileen kasuan, liberazio-aukera gauzatuko da, baldin eta ikasturte osorako lanpostu hutsa lortzen badute esleipenetan eta lanpostu horretan ordezkotza bermatzen bada.
3.– R ikastaroak egiteko, eskakizun hauek bete beharko dira, 1. eta 2. puntuetan zehaztuez gain:
a) Aurretik R ikastaro bera ez egin izana.
b) Egiaztatua izatea HE2, EGA edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa-eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.
c) R400 ikastarorako, ikastaroan garatu beharreko proiektuaren egitasmo-txosten labur bat aurkeztu beharko da Hezkuntza Ordezkaritzan, banaka edo taldean. Egitasmo-txosten labur hori prestatu ahal izateko, Iralek horrexetarako diseinatutako gida eskuratu ahal izango da beraren web-orrian: www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara. 2019-05-03 da egitasmo-txostena aurkezteko azken eguna. R400 ikastaroko proiektua egitean, beste egile batzuen testuak, irudiak eta beste erabiltzeko asmoa badu ikasketariak, berak izango du dagozkion baimenak eskuratzeko ardura.
4.– U eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, eskakizun hauek bete beharko dira, 1. eta 2. puntuetan zehaztuez gain:
a) Hurrengo artikuluan gehieneko bezala ezarritako ordutegiaren liberazio-epeak ez gainditzea.
b) U2 ikastarorako, beharrezkoa izango da, gainera, III. eranskinean aipatutako sarrera-proba gainditzea.
c) U3 ikastarorako, beharrezkoa izango da egiaztatua izatea HE1 edo baliokidea, edo, enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.
d) 3000 ikastarorako, beharrezkoa izango da III. eranskinean aipatzen den sarrera-proba gainditzea.
e) 4000 ikastarorako, Hezkuntza Bereziko hezitzaileek egiaztatu beharko dute HE1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.
f) 5000 ikastarorako, beharrezkoa izango da egiaztatua izatea HE1 edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.
5.– Irakastorduz kanpoko A eta E ikastaroak egiteko, 1. atalean zehaztuaz gain, beharrezkoa izango da 7. artikuluan gehieneko bezala ezarritako orduak ez gainditzea.
6.– Irakastorduz kanpoko H eta I ikastaroak egiteko, 1. atalean zehaztuaz gain, beharrezkoa izango da egiaztatua izatea HE2, EGA edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera.
6. artikulua.– Ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiak U2, U3, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetan.
1.– Irakastordu barnean eskainitako ikastaro hauetan parte hartzeko eskatzaileak ez ditu agortuak izango jarraian zehazten diren ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiak:
a) Ikastetxe publikoetako irakasle finkoek 3 urte izango dute guztira: haietatik gehienez 2 urte HE1 lortzeko, eta gehienez 2 urte HE2 lortzeko.
b) Ikastetxe publikoetako bitarteko irakasleek 1,5 urte izango dute guztira: haietatik gehienez 0,5 urte HE1 lortzeko, eta gehienez urtebete HE2 lortzeko.
c) Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko lan-kontratudun hezitzaile finkoek 3 urte izango dute guztira, salbu HLEA badute.
● Guztizko 3 urte horietatik, gehienez 2 urte HE1 lortzeko, eta gehienez 2 urte HLEA edo HE2 lortzeko.
● HLEA izanez gero, gehienez urtebete izango dute HE2 eskuratzeko.
d) Ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko aldi baterako lan-kontratadun hezitzaileek 1,5 urte izango dute guztira, salbu HLEA badute.
● HLEA izanez gero, gehienez urte erdia izango dute HE2 eskuratzeko.
e) Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasle finkoek 2 urte izango dute HE2 eskuratzeko.
7. artikulua.– Ordutegiaren gehieneko ordu-kreditua irakastorduz kanpoko A eta E ikastaroetan.
a) Ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetako irakasleek eta Hezkuntza Bereziko hezitzaileek 2.550 ordu izango dituzte guztira, haietatik gehienez 1.700 ordu HE1 lortzeko, eta gehienez 1.700 ordu HE2 lortzeko.
b) Atzeraeraginezko efektua du a) atalean ezarritakoak.
8. artikulua.– Ikastaroak non emango diren.
1.– Toki hauetan emango dira irakastordu barneko ikastaroak:
a) U2, U3, 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak HABEk izendatzen dituen ikasketa-elkarteetan emango dira.
b) R ikastaroak Iraleren Donostia, Eibar, Bilbao (Dolaretxe eta Artazugoiko) eta Vitoria-Gasteizko irakastegietan emango dira.
2.– Toki hauetan emango dira irakastorduz kanpoko ikastaroak:
a) A eta E ikastaroak HABEk izendatzen dituen ikasketa-elkarteetan emango dira.
b) H eta I ikastaroak Hezkuntza Sailak zehaztutako ikasketa-elkarteetan emango dira. Hala ere, baldin eta ikasketariren batek ikastaroa lanlekuan egin nahi badu, eskabide hori egin ahal izango dio ikasketa-elkarteari.
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Baliabide elektronikoen bidez aurkeztu eta izapidetuko dira eskabideak.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera; helbide honetan aurkeztuko dira:
www.irakasle.eus>irakaslegunea>Administrazio-izapideak>Irale ikastaroak 2019-2020
3.– Irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroetan (H eta I), 2019-2020 ikasturtea hasi eta gero, irakastorduz kanpoko ikastaroetan antolatutako taldeetan parte hartu ahal izango dute interesdunek, baldin eta plazarik bada, betiere. Kasu horretan, ikasketari-nahiak eskabide-orria behar bezala beteta aurkeztu beharko du dagokion lurralde-ordezkaritzan, ikastaroa hasi baino 15 egun lehenago.
10. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan forma-akatsak edo omisioak atzemanez gero (halakorik aurkeztu bada), interesdunari jakinaraziko zaio gehienez 10 egun balioduneko epea duela akatsa zuzendu edo falta den agiria ekartzeko. Ohartaraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena aipatutako legearen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman aurretik.
11. artikulua.– Prozeduran parte hartzeko eskabideak baztertzeko ebazpena.
1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak ebazpena emango du prozeduran baztertu diren eskabideen zerrenda ontzat emateko; bertan adieraziko du, halaber, eskabidea ze ikastarotarako baztertu den eta zein diren baztertzeko arrazoi zehatzak, eskakizunak ez betetzeak edo eskabidea behar bezala ez aurkezteak eraginda.
Epean aurkeztu diren eta eskabide onartu gabeen zerrendan agertzen ez diren eskabideak prozeduran onartu direla ulertuko da.
2.– Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da prozeduran parte hartzeko onartu ez diren eskabideen zerrenda: (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/), data hauetan:
a) A, E, H eta I ikastaroak egiteko, 2019-05-27.
b) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek U eta R ikastaroak egiteko, 2019-06-14.
c) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, 2019-10-04.
d) Bitarteko funtzionarioek U ikastaroak eta R ikastaroetako lehenengo txanda egiteko, 2019-06-14.
e) Bitarteko funtzionarioek R ikastaroetako bigarren txanda eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, 2019-10-04.
3.– Prozeduran ez onartua izatearen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ez onartzeko ebazpenaren argitalpena jakinarazten den egunetik hasita.
12. artikulua.– Plazak esleitzeko irizpideak.
1.– R ikastaroetako plazak esleitzean, arau hauei jarraituko zaie:
a) Inori ezingo zaio esleitu R ikastaro bat baino gehiago.
b) Plazak ordena honetan esleituko dira: R800, R400, R600 eta, azkenik, R300.
c) Ikastaro bakoitzean, lehentasunezko irizpide hauen arabera egingo da esleipena, ordena honetan:
i) Euskarazko eskolak edo eskolak euskaraz ematen dituztenak.
ii) Eskolak gaztelaniaz edo atzerriko hizkuntza batean ematen dituztenak.
iii) R ikastaro gutxiago egin dituztenak.
iv) Ondoren, ordena honetan esleituko dira 2019an duten adinaren arabera: 56 urte edo gutxiago, 57 urte, 58 urte eta horrela ondoz ondo, plazak agortu arte.
v) HE2, EGA edo baliokidea, edo enplegu publikorako hautaketa- eta betetze-prozeduretarako apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitako salbueste-egoera lehenago lortu izana lehenetsiko da.
d) R400 ikastaroan, aurreko c) hizkian adierazitako irizpideak baino lehen, lehentasunezko irizpide hauek aplikatuko dira, zerrendatzen diren ordenan:
i) Lanbide Heziketa.
ii) Batxilergoan eta DBHn, euskarazko material gutxi duten irakasgaiak.
iii) Euskal kulturarekin lotura duten eskola-materialak.
Irakasgai eta arlo bakoitzean, egitasmo-txostenaren balorazioan lortutako puntuazio onenaren hurrenkerari jarraikiz esleituko dira plazak.
Hezkuntzako web-orrian argitaratuko da premia handiena duten arloen zerrenda (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/).
Lehentasuna emango zaie mintegietako proiektuei (eta proiektu horiek garatzeko taldeei).
e) R800 ikastaroan, aurreko c) hizkian adierazitako irizpideak baino lehen, lehentasunezko irizpide hauek aplikatuko dira, zerrendatzen diren ordenean:
i) Batxilergoan, DBHn eta Lehen Hezkuntzan ari direnak
ii) Haur Hezkuntzan ari direnak.
2.– U ikastaroetako plazak eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetakoak esleitzean, arau hauei jarraituko zaie:
a) Lehenik, aurreko ikasturtean U2 ikastaroa egin dutenei esleituko zaizkie U3 eta U2 ikastaroetako plazak.
b) Bigarrenik, U3 eta U2 ikastaroetarako zuzeneko sarbideak esleituko dira, ordena horretan.
3.– Hizkuntzen Trataera Integralari buruzko ikastaroan (I-2) plazak esleitzerakoan lehentasuna izango dute gutxienez klaustroaren % 70 ikastaro horretan izena eman duten ikastetxeetako eskatzaileek.
4.– Eskabideen aurkezte-ordenaren arabera esleituko dira gainerako ikastaroen plazak, harik eta dauden plazak amaitu arte.
13. artikulua.– R400 ikastarorako egitasmo-txostenaren balorazioa.
1.– R400 ikastarorako plaza-eskabideekin aurkeztu behar diren egitasmo-txostenak, 0 eta 10 puntu artean baloratuko ditu artikulu honen 3. zenbakian jasotzen den Balorazio Batzordeak. Baremazio-atal bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez eskuratu duten egitasmo-txostenak onartuko dira soilik.
2.– Irizpide eta baremo hauen arabera emango ditu puntuak batzorde horrek:
a) Hizkuntzaren gutxieneko kalitatea (zuzentasuna, egokitasuna...): 2 puntu.
b) Lanaren deskripzioaren zehaztasuna: 3 puntu.
c) Egitasmoaren aplikagarritasuna: irakas-sistemaren curriculumeko beharrei aurrez aurre erantzuten dien ala ez: 3 puntu.
d) Egitasmoaren egingarritasuna: ikastaroak irauten duen bitartean, egingarria den ala ez: 1 puntu.
e) Egitasmoaren izaera: egitasmo hori bakarka edo taldean egitekoa den, txanda bakarrerako egitasmoa den edo proiekzio luzeagokoa eta IKTen erabilera indartzen duen ala ez: 1 puntu.
3.– Honela osatuko da Balorazio Batzordea:
● Batzordeburua: Euskara Zerbitzuko arduraduna edo haren ordezkoa.
● Irakasle bat Iraleren irakaskuntza-zentro bakoitzetik.
● Idazkaria: Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduraduna.
14. artikulua.– Plazen behin-behineko esleipen-ebazpena.
1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin-behineko esleipen-zerrendak ontzat emateko.
Ebazpen horretan berariaz jasoko da ikasturte osorako izendapena lortzearen mende dagoela bitarteko funtzionarioei plazak esleitzea.
2.– Zerrendak Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira: (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/), data hauetan:
a) A, E, H eta I ikastaroak egiteko, 2019-05-27.
b) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek U eta R ikastaroak egiteko, 2019-06-14.
c) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, 2019-10-04.
d) Bitarteko funtzionarioek U ikastaroak eta R ikastaroetako lehenengo txanda egiteko, 2019-06-14
e) Bitarteko funtzionarioek R ikastaroetako bigarren txanda eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, 2019-10-04.
3.– Ebazpen honen aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, argitaratzen denetik lau eguneko epean.
Idatziz aurkeztuko zaizkio erreklamazioak Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari, posta elektronikoz nahiz ohiko postaz.
15. artikulua.– Behin-behinean esleitutako plazari uko egitea.
1.– Aurreko artikuluan zehaztutako epean, plazaren behin-behineko esleipena lortu dutenek uko egin diezaiokete plazari.
2.– Idatziz aurkeztuko zaio uko-egitea Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari, posta elektronikoz nahiz ohiko postaz.
16. artikulua.– Plazen behin betiko esleipen-ebazpena eta erreserben zerrenda.
1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko plazen behin betiko esleipen-zerrendak ontzat emateko.
Ebazpen horretan berariaz jasoko da ikasturte osorako izendapena lortzearen mende dagoela bitarteko funtzionarioei plazak esleitzea.
2.– Zerrendak Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira: (http://www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara/), data hauetan:
a) A, E, H eta I ikastaroak egiteko, 2019-06-03.
b) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek U eta R ikastaroak egiteko, 2019-06-25.
c) Karrerako funtzionarioek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleek 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, 2019-10-15.
d) Bitarteko funtzionarioek U ikastaroak eta R ikastaroetako lehenengo txanda egiteko, 2019-06-25.
e) Bitarteko funtzionarioek R ikastaroetako bigarren txanda eta 3000, 4000 eta 5000 ikastaroak egiteko, 2019-10-15.
3.– Ebazpen horrek barne hartuko du ikastaro bakoitzerako zerrenden onarpena. Baldin eta, ikastaroa hasi baino lehen, plazaren esleipena lortu duen ikasketarigai batek baja emanez gero, erreserba-zerrendarekin esleituko da plaza hori.
4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, ebazpenok argitaratu eta hilabeteko epean.
17. artikulua.– HABEk aukeratutako ikasketa-elkarteetan emandako ikastaroetan matrikulatzea.
1.– Matrikula, jarraian adierazitakoaren arabera egingo dute ikasketa-elkarte batean emango den ikastaroan plaza eskuratu dutenek:
a) Hautatutako ikastaroaren arabera, plaza lortu dutenek www.irakasle.eus web-orrian eskura izango dute ikasketa-elkarteen zerrenda, bertatik aukeratu ahal izateko.
b) Jarraian zehazten den egunetik aurrera, plaza esleitu zaienei matrikula-fitxa bana bidaliko dio Hezkuntza Sailak, plaza lortu duen ikasketarigaiak, bidalketa horretan zehazten den epean, matrikula egin dezan ikasketa-elkartean:
i) Udako ikastaroetarako fitxa bidaltzea, 2019-06-12tik aurrera.
ii) Ikasturtean zehar egiteko ikastaroetarako fitxa bidaltzea, 2019-08-31tik aurrera.
c) Pertsona bakoitzak Hezkuntza Sailak emandako matrikula-fitxa aurkeztuko du aukeratutako ikasketa-elkartean. Onartzen badute, ikasketa-elkarte horretan matrikulatua geldituko da.
d) Baldin eta plaza lortu duen ikasketarigaiak, goian zehaztutako bidaltze-datatik bost eguneko epean, matrikula-fitxarik jasotzen ez badu, dagokion Hezkuntzako Ordezkaritzako Euskara Atalera jo beharko du.
18. artikulua.– A eta E ikastaroak, doakotasun-baldintzak, nahitaezko gutxieneko bertaratzea eta gutxieneko hori ez betetzearen ondorioak prezioa ordaintzean.
1.– Udako A eta E ikastaroetan, % 80koa da nahitaezko gutxieneko bertaratzea, eta, ikasturtean zehar egiten diren ikastaroetan, % 75ekoa.
2.– Nahitaezko gutxieneko bertaratzea betetzen bada, ikaslearentzat doan izango da ikastaroa egitea.
3.– Nahitaezko gutxieneko bertaratzea betetzen ez bada, ikastaroaren kostuaren % 50 ordaindu beharko du ikasleak. Ikasleari ordaintzea dagokion partea ikasle horrek parte hartzen duen Irale programako hurrengo A edo E ikastaroan ordaindu beharko du.
19. artikulua.– Gehieneko liberazio-aldiari eragiten dion ikastaroari uko egitea mediku-bajagatik.
1.– Zenbait ikastarotan, ikasketariak ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiak ez gainditzearen mende dago parte-hartzea; bada, kasu horietan, mediku-bajagatik ikastaroari uko eginez gero ikastaroa gauzatzen ari den datetan, ikastaroaren esleipena ez da zenbatuko 6. artikuluan aipatzen den ordutegiaren gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako.
2.– Aurreko 1. zenbakian xedatua aplikatzeak dakar arau hauek betetzea:
a) Interesdunak mediku-bajagatiko uko-egite eskabidea aurkeztea bere lantokiari dagokion Lurralde Ordezkaritzako Hezkuntza Berrikuntzako Unitatean. Laneko bajaren mediku-agiriak erantsiko zaizkio eskabide horri.
b) Baja gertatzen den ikasturtean aurkeztu beharko da eskabidea, eta, betiere, amaierako ebaluaziorako zehaztutako eguna baino lehen edo, HE1 eta HE2 ikastaroen kasuan, azterketetarako zehaztutako eguna baino lehen.
3.– Ikastaroa esleitzeak ez dezan eraginik izan gehieneko liberazio-aldiaren zenbaketan, eskakizun hauek ere bete beharko dira:
a) Irale programaren barnean, behin soilik onartuko zaio pertsona bakoitzari ikastaroa ez zenbatzea gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako.
b) Osasun Ikuskaritzak ontzat eman behar du mediku-baja.
c) Gehieneko liberazio-aldiaren ondorioetarako ikastaroa ez zenbatzeak berekin dakar hurrengo ikasturtean liberatua izateko lehentasuna galtzea.
d) U2 edo U3 ikastaroetan, baja-aldia 60 eta 109 irakastegun bitartekoa bada soilik eskatu ahal izango da urte erdiko liberazio-aldia ez zenbatzea. Baja-aldia gutxienez 110 irakastegunekoa bada, onartuko zaio ikastaro osoa ez zenbatzea, eta aukera emango zaio ikastaroa hurrengo deialdian egiteko.
e) 3000, 4000 eta 5000 ikastaroetan, baja-aldia gutxienez 30 irakastegunekoa izan beharko da ikastaroa ez zenbatzea onartzeko.
f) R ikastaroetan, baja-aldiak irakastegunen % 40 gutxienez hartu beharko du ikastaroa ez zenbatzea onartzeko.
g) Sailak ez dio ez zenbatzea onartuko ikastaro amaieran dagokion maila edo hizkuntza-eskakizuna gainditu duen inori, nahiz eta ez zenbatua izateko eskakizun guztiak bete.
20. artikulua.– Ikastaro amaierako azterketak.
Jarraian zehazten diren azterketak egin beharko dituzte ikastaro hauetan onartu diren pertsonek, ikastaroa amaitu eta gero:
a) U2 eta 3000 ikastaroak amaituta, HE1eko azterketa egin beharko dute.
b) U3 eta 5000 ikastaroak amaituta, HE2ko edo HLEAko azterketa egin beharko dute.
c) 4000 ikastaroa amaituta, HLEAko azterketa egin beharko dute ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko lan-legepeko hezitzaileek.
21. artikulua.– Datuak babestea.
Deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz. Datuok, bestalde, Irale izeneko 2. fitxategian sartuko dira, dirulaguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari edozein erakunde publikotan frogatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 12a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.