Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2019ko apirilaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1630

ERABAKIA, 2019ko urtarrilaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza aldatzeari buruzkoa.

Gipuzkoako Campusean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza egiteko plangintza bat prestatze aldera, Bizkaiko Campusean egun dagoen eskaintzaz gainera, errektoreordetza honek behar diren akordioak sustatu ditu gradu hau 2019-2020 ikasturtetik aurrera abian jartzeko.

Hori dela eta, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenez, eta unibertsitateko Graduko Batzordeak 2019ko urriaren 17an aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza lortzera bideratutako arautegia onartzea, agiri honetako eranskinean jasotakoa.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Leioa, 2019ko urtarrilaren 31.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

ERANSKINA
ARAUTEGIA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO (UPV/EHU) ENPRESEN ADMINISTRAZIO ETA ZUZENDARITZAKO ETA ZUZENBIDEKO GRADU BIKOITZA LORTZEKOA

1. artikulua.– Helburua.

Arautegi honen helburua da ikasketa-programa zehatza artikulatzea, horren bidez Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko eta Zuzenbideko Graduko ikasketa-planetako irakasgaiak egiteko aukera emanda (eranskinean jasotakoak, hain zuzen ere), eta, horiek gaindituta, graduko bi titulu lortzeko. Programazio horren kudeaketa Ekonomia eta Enpresa Fakultateari dagokio Bizkaian eta Zuzenbide Fakultateari Gipuzkoan, alde batera utzi gabe arautegi honen bosgarren artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

1.– Arautegi hau ezarriko zaie Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko programazio bereziaren babespean Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHUn) emango diren ikasketei.

2.– Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzak bi ikasketen araberako antolamendua dauka, berariaz diseinatua gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleek, programazioan jasotako ikasketak behin gaindituta, aldi berean bi titulu ofizial eskura ditzaten, estatu osoan balioa izango dutenak: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduari dagokion titulua eta Zuzenbideko Graduari dagokion titulua.

3.– Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradua ikasketetako araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, programazioarekin zerikusia daukaten gai akademiko guztiak arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz beteko dira, eta arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko arau orokorrak ezarriko dira.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.

1.– Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko (aurrerantzean gradu bikoitza) zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio. Batzordean Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko eta Zuzenbide Fakultateko kideak egongo dira, eta osaera ondorengo artikuluaren araberakoa izango da.

2.– Gradu Bikoitzeko koordinatzaile bana izango da graduak ematen diren campusetan, koordinatze lana txandaka egingo dute, bi ikasturterik behin aldatuta, eta kargua bi fakultateetako dekanordeek hartuko dute. Lehenik, koordinatze lanaren kargua hartuko du Bizkaian Ekonomia eta Enpresa Fakultateak, eta Gipuzkoan Zuzenbide Fakultateak.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:

a) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa edo hark eskuordetutako pertsona.

b) Zuzenbide Fakultateko dekanoa edo hark eskuordetutako pertsona.

c) Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Atalaren koordinazioko dekanordea.

d) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Gipuzkoako Atalaren koordinazioko dekanordea.

e) Gradu bikoitzeko koordinatzaileak.

f) Campus bakoitzeko gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ordezkari bat.

2.– Batzorde Akademikoko idazkaria dekanordeetako bat izango da; txandaka arituko dira, bi ikasturterik behin aldatuta.

3.– Batzorde Akademikoko burua dekanoetako bat izango da; txandaka arituko dira, bi ikasturterik behin aldatuta.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

1.– Graduko bikoitzaren Batzorde Akademikoaren eginkizuna izango da, oro har, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren zuzendaritza akademikoa, eta, zehatzago ondokoak izango dira batzordearen eginkizunak:

a) Fakultate bietako batzarrei ikasturte bakoitzerako plaza mugak proposatzea, eta batzarrek behin onartuta, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoari bidaltzea Bizkaiko kasuan, eta Zuzenbide Fakultatekoari Gipuzkoari dagokionez, haiek, graduko gainerako titulazioetako plaza mugekin batera, arlo horretako eskumenak dituen errektoreordetzan beharrezko diren izapideak egin ditzaten.

b) Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.

c) Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegi bietako kalitate batzordeekin koordinazioan.

2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da. Batzordeko buruak deituta bilduko da, edo Batzorde Akademikoko bi kidek gutxienez eskatuta.

3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, kasuan kasuko eskumenak dituen errektoreordeak hartuko du erabakia.

6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.

Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:

a) Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.

b) Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.

c) Batzorde akademikoak emandako beste eginkizun batzuk.

d) Beste eginkizun batzuk, UPV/EHUko arauen arabera graduko koordinatzaileari dagozkionak.

7. artikulua.– Onarpena.

1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.

2.– Gradu bikoitzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da Zuzenbideko Graduko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko gai espezifikoen haztapenetik lortutako kalifikaziorik onena.

8. artikulua.– Matrikula.

1.– Bizkaian emandako Gradu Bikoitza, administrazio ondorioei begira, Ekonomia eta Enpresa Fakultateari esleituko zaio eta Gipuzkoakoa Zuzenbide Fakultateari.

2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan UPV/EHUko gainerako ikasleen baldintza berberetan.

3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.

9. artikulua.– Gradu bikoitzaren arau akademikoak.

1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak haren ikasketa programako irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketa-programa arautegi honen eranskinean dago jasota.

2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 66 ECTS kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 66 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik, edo ez bada ikasleei irakaskuntza programa amaitzeko kreditu gutxiago gelditzen zaizkiela.

3.– Maila bakoitza amaitzean, ikasleek gutxienez matrikulatutako kredituen % 60 izan beharko dituzte gaindituta. Edozelan ere, ikasleek gehienez ere zortzi ikasturtetan amaitu beharko dute programa.

4.– Baldintza horietako bat betetzen ez duen ikasleak bertan behera utzi beharko ditu gradu bikoitzeko ikasketak, baina aukera izango du Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko edo Zuzenbideko Graduko ikasketetan jarraitzeko (berak aukeratuko du zeinean jarraitu). Horrelakoetan, eskaria egin beharko du kasuan kasuko dekanotzan. Matrikula kasuan kasuko fakultateak zehaztutako epean eta eran egingo du ikasleak.

Era berean, ikasleak, bere borondatez, gradu bikoitzeko ikasketak bertan behera uztea erabakiz gero, aurreko paragrafoan zehaztutakoari jarraituko dio Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan edo Zuzenbideko Graduan ikasketekin jarraitzeko.

5.– Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua eta Zuzenbideko Gradua lortzeko kredituak, gradu bikoitzeko ikasketa programako irakasgai guztiak, Gradu Amaierako Lana barne, gainditu ondoren aitortuko zaizkio ikasleari.

10. artikulua.– Ebaluazioa.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleei irakasgaien ebaluazioa egiteko, gainontzeko titulu ofizialetako ikasleentzako zehaztutako ohiko prozedurari jarraituko zaio, eta datak graduko titulu ofizial guztietarako Gobernu Kontseiluak ikasturte bakoitzerako onartutako egutegiaren araberakoak izango dira.

11. artikulua.– Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea.

Gradu bikoitzaren programa gainditzen duten ikasleek Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko titulua eta Zuzenbideko Graduko titulua eta horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.

12. artikulua.– Arautegia onartzea.

Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta hemen jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arau orokorrei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean jarrita, indargabetuta geldituko da Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzari buruzko egungo arautegia (2013ko maiatzaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria).

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau 2019-2020 ikasturtean jarriko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala