63. zk., 2019ko apirilaren 1a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (242 KB - 4 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1627
49/2019 DEKRETUA, martxoaren 26an, zeinaren bidez onartzen baita Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen 2019ko martxoaren 20ko Akordioa, errepideen arloko eginkizun eta zerbitzuak erakunde erkideetatik lurralde historikoetara eskualdatzeak Bizkaiko Lurralde Historikoan izango duen eragina zehazteari buruzkoa.
Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak 2018ko azaroaren 26an adostutako akordioaren bidez, errepideen arloko eginkizun eta zerbitzu gehiago eskualdatu zitzaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari. Akordio hori abenduaren 3ko 174/2018 Errege Dekretuaren eta abenduaren 3ko 1414/2018 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan dago ezarrita bide eta errepideen arloan lurralde historikoetako foru-aldundiek oso-osorik gordeko dituztela gaur egun dituzten lege-araubidea eta eskumenak edo, hala dagokionean, Estatutuaren 3. artikuluaren arabera berreskuratzeko dauzkatenak, Konstituzioaren 148.1.5 artikuluan jasotako eskumenez gain.
Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko erlazioei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak lurralde historikoei esleitzen die, 7.a.8 artikuluaren bidez, bakoitzari bere lurraldean, errepideak eta bideak planifikatzeko, proiektatzeko, eraikitzeko, kontserbatzeko, aldatzeko, erabiltzeko eta ustiatzeko eskumen esklusiboa. Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sarean behar den koordinazioa bermatze aldera, erakunde erkideek onartutako plan orokorra jarri beharko da indarrean.
Abenduaren 3ko 1414/2018 Errege Dekretuaren bidez, Autonomia Estatutuaren aurreikuspenak egikaritzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak zehaztu zituen eginkizunak eta zerbitzuak, AP-1 autobidearen bide-zati bati dagozkionak (Burgos-Armiñón). Zehatz-mehatz, akordio horren B.1 apartatuan dago zehaztuta zer posizio juridiko hartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoak lurralde historikoen eskumen-araubideari dagokionez, erakunde-arauek adierazitakoarekin bat.
Autonomia-erkidegoaren barruan eskualdatze horrek eragiten duen estatutu-gaitasun berriaren barne-translazioak ez du efektu juridiko edo eskumen-efektu zuzenik sortzen Bizkaiko Lurralde Historikoan; izan ere, ez zaio zerbitzu bat ere eskualdatuko, AP-1 autobidea Arabatik baino igarotzen ez delako.
Aurrekoa hala izanik ere, Ekonomia Itunetik datozen baliabideak banatzeko ereduaren izaera integratzailearen ondorioz, eskualdatze horrek efektu ekonomikoak izango ditu hiru lurralde historikoetan.
Esandakoa kontuan hartuta, Bitariko Batzordeak –27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorraren arabera ezarrita– Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 195/1984 Dekretuan xedatutakoaren arabera jardun du errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeak zer efektu izango duen zehazten, eta, horretarako, behar den akordioa adostu du 2019ko martxoaren 20ko osoko bilkuran.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 26an bilkuran onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Onartzea Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen akordioa, zeinaren bidez zehazten baita errepideen arloko eginkizun eta zerbitzuak erakunde erkideetatik lurralde historikoetara eskualdatzeak Bizkaiko Lurralde Historikoan izango duen eragina. Batzorde horren Osokoak adostu zuen akordio hori 2019ko martxoaren 20ko bilkuran, eta Dekretu honi atxikitako Eranskinean dago transkribatuta.
2. artikulua.– Zehaztutako efektuak aplikatzeko, Bitariko Batzordearen akordioak berak zehaztutakoa beteko da.
3. artikulua.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da dekretu hau, eta, halaber, dagokion foru-dekretua, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean, Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 194/1984 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
49/2019 DEKRETUA, MARTXOAREN 26AN ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN ETA BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOAREN ARTEKO TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAREN AKORDIOA
Begoña Pérez de Eulate González andreak, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak, hau
ZIURTATZEN DU:
Transferentzien Bitariko Batzordearen 2019ko martxoaren 20ko Osokoan, errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak autonomia-erkidego osorako erakundeen eskuetatik lurralde historikoen foru-organoen eskuetara aldatzeak Bizkaiko Lurralde Historikoan izango duen eragina zehaztea hitzartu zen, hauekin bat:
A) Bizkaiko Lurralde Historikoaren eskumenak.
Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko erlazioei buruzko 27/1983 Legeak xedatutako eskumen-arauen babespean adostu da akordio hau, bai eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan xedatutakoarekin eta aplikagarri diren gainerako arauekin bat ere.
B) Eskualdatzearen eraginpeko aurrekontu-kredituak.
2019ko ekitaldian, errepideen arloan eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegorako izango duten urteko kostu osoa eranskin-zerrendan dago adierazita.
Eskualdatzearen eraginkortasuna ez dator bat aurrekontu-ekitaldi osoarekin; beraz, Euskal Autonomia Erkidegorako urteko kostu osoa (eranskin-zerrendakoa) hainbanatu egingo da lurralde historikoek eskualdatze eraginkorra hartzen duten urte-zatiaren proportzioan.
C) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Akordio honen xede diren eginkizun eta zerbitzuen eskualdatzea eraginkorra izango da akordio hau onartzen duen dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.