Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2019ko martxoaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

URAREN EUSKAL AGENTZIA
1461

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 13koa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko bigarren zikloko Uholde Arriskuaren Aldez Aurretiko Ebaluazioaren (UAAE) dokumentua onartzen da.

Ekainaren 23ko 1/2006 Legeak, bere 5. artikuluan eta ondorengoetan, Ura-Uraren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa sortu eta arautu zuen, Euskadiko uraren politikaz ardura zedin eta administrazioek eta erabiltzaileek erakunde bakar baten bitartez esku har zezaten.

Uholde-arriskuen ebaluazioari eta kudeaketari buruzko urriaren 23ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007/60/CE Zuzentarauak, Estatuko ordenamendu juridikora uztailaren 903/2010 Errege Dekretuaren bitartez egokitu zenak, ezartzen du, ziklo bakoitzeko lehen fase batean, Mugape Hidrografiko bakoitzak Uholde Arriskuaren Aldez Aurretiko Ebaluazioa (UAAE) egin behar duela, ezinbestean, eta ebaluazio hori Zuzentarau horretan aurreikusitako hurrengo faseak gauzatzeko oinarri izango dela.

Bestalde, urtarrilaren 14ko 29/2011 Errege Dekretuak Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoa izenekoa mugatzen du, 2000/60/CE Uraren Esparru Zuzentarauaren jarraibideak betez.

Mugape horretako plangintza hidrologikoa eta uraren kudeaketa Estatuko Administrazio Orokorrarekin koordinatuta egiten da, Kantauriko Ur Konfederazioaren, berorrena delako erkidego arteko arroen eskumena, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren bitartez, bere barne-arroen lurraldean, Ura-Uraren Euskal Agentziaren bidez. Azken horri, Euskadiko Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen arabera, uraren administrazioaren eskumena dagokio.

Kantauriko Ur Konfederazioak eta Ura-Uraren Euskal Agentziak Kantauri Ekialdeko Mugape osorako bigarren planifikazio-zikloko UAAE proiektua egin zuten, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeari dagokionean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin elkarlanean. Ondoren, jendaurrean jarri zuten agiria ur-administrazio bi haiek batera eta aldi berean, 2018ko irailaren 19an hasi eta 2018ko abenduaren 19an amaitu zen hiru hilabeteko epealdian zehar.

Beste administrazio batzuen eta partikularren iradokizunak, ekarpenak eta proposamenak jaso eta aztertu ondoren, Kantauriko Ur Konfederazioak zein Ura-Uraren Euskal Agentziak, zegozkien aplikazio-organoei igorri zieten agiria, beren eskumenekoa zen Kantauri Ekialdeko Mugapearen zatia behin betiko onar zezaten, eta horrela, azken batez, Mugape osoaren UAAE bereizezina eratzeko.

Dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordera bidali zen, eta hau 2018ko urriaren 10ean bildu ostean, ahobatezko aldeko txostena jaso zuen. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion eskumenaren barruan, Ura-Uraren Euskal Agentziak Erabiltzaileen Batzarrari igorri zion agiria, eta 2019ko martxoaren 5ean egin zuen bilera aho batez onartu zuten. 2001/60/CE Zuzentarauaren eraginpeko alderdietan eskumena duten aginte guztiek osatzen dute Erabiltzaileen Batzar hori.

2019ko martxoaren 11n, berriz, UAAE agiria onartzearen aldeko txostena egin zuen Ura-Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obra Zuzendariak.

Uholde-arriskuen ebaluazio eta kudeaketari buruzko uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko Kantauri Ekialdeko Mugapearen bigarren zikloko Uholde Arriskuen Aldez Aurretiko Ebaluazioaren (UAAE) agiria onartzea.

Bigarren artikulua.– Agiri hori Espainiako Gobernuari igortzeko agintzea, Europar Batzordeari helaraz diezaion eta Mugape osoan txertatzeko.

Hirugarren artikulua.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, ebazpen hau ezagutarazteko helburu bakarrarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 13a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.


Azterketa dokumentala