Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2019ko martxoaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1457

39/2019 DEKRETUA, martxoaren 12koa, CEPA Herrera HHI eta CEPA Ignacio Zuloaga HHI ikastetxe publikoak bat egitea xedatzen duena eta bat-egite horren ondoriozko CEPA Donostia HHI ikastetxe publikoa sortzen duena.

Autonomia Estatutuko 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuduntzak ditu irakaskuntza osoan, maila, modalitate eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, azken hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak, eta Konstituzioa betetzeko eta bermatzeko beharrezkoa den goi ikuskaritza.

Autonomia Estatutuarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortzea, aldatzea, zabaltzea, bat egitea, sailkatzea eta kentzea.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeko 5. artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei dagokie irakaskuntzaren programazio orokorra egitea eta Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeak sortzea, aldatzea eta kentzea, hori guztia kalitatezko hezkuntza emango dela bermatzen duen planifikazio demokratikoaren eta parte-hartzailearen markoan.

Donostian helduen hezkuntza osoa behar bezala planifikatzeko, komeni da udalerri horretan irakaskuntza horiek ematen dituzten bi ikastetxe publikoek bat egitea.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 12an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Donostian (Gipuzkoa) dauden ikastetxe publiko hauek bat egiten dute:

– CEPA Ignacio Zuloaga HHI (kodea: 20008519; EAEko kodea: 012211).

– CEPA Herrera HHI (kodea: 20008337; EAEko kodea: 012741).

Ondorioz, bat egin duten ikastetxeak kendu egiten dira, eta bat-egitearen ondoriozko ikastetxea sortzen da. Sortutako ikastetxearen izena: CEPA Donostia HHI, (kodea: 20015381; EAEko kodea: 013624); helbidea: Atarizar kalea, 22, Donostia (Gipuzkoa).

2.– Kendutako ikastetxeetako lanpostuei atxikitako irakasleak CEPA Donostia HHI ikastetxeko lanpostuetan birkokatuko dira. Behin betiko destinoa duten Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko funtzionarioei dekretu honetako irizpideak aplikatuko zaizkie: apirilaren 16ko 86/2002 Dekretua, urriaren 10eko 198/2006 Dekretuaz eta uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuaz aldatua. Behin betiko destinoa duten Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioei dekretu honetako irizpideak aplikatuko zaizkie: apirilaren 16ko 81/1996 Dekretua, uztailaren 29ko 147/2008 Dekretuaz aldatua.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek 2019ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala