54. zk., 2019ko martxoaren 18a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (238 KB - 1 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
INDARGABETUTAKO XEDAPENA
XEDAPEN OROKORRAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1391
AGINDUA, 2019ko martxoaren 7koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde autonomoak (HABE) eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzeko den 2013ko irailaren 17ko Agindua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren 33. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuak dioenarekin bat etorriz, eta Ogasun eta Finantzak Sailak dagokion espedientearen aldeko txostena eman duela kontuan izanik, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde autonomoak (HABE) eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzeko den 2013ko irailaren 17ko Aginduaren 5. artikuluaren 5.1 apartatua, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren mailaren bat egiaztatzeko azterketa eskubideak. Aldaketaren ondorioz, apartatu hori honela idatzita geldituko da:
«5.1.– Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren mailaren bat egiaztatzeko azterketa eskubideak:
a) Euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei zuzendutako proba-deialdietan eta euskal etxeetako ikasleentzako deialdi berezietan: 40 euro maila eta deialdiko.
b) Deialdi irekietako egiaztatze-probetan eta a) atalean aurreikusten ez diren beste deialdi berezietan: 75 euro maila eta deialdiko.
c) Salbuespenak eta hobariak.
c.1.– Ordaintzeko salbuetsita egongo dira espetxeetan dauden pertsonak, kategoria bereziko familia ugarietako kideak eta terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema arautzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak.
c.2.– % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugarietako kideek».
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 7a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.