Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2019ko otsailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1069

AGINDUA, 2019ko otsailaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019. urtean praktika sortzaileak bultzatzen dituzten kulturagune independenteei zuzendutako diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena (Sorgune deialdia).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak, bai eta haien zabalkundea ere. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere kultura-edukiak ekoizteko formetan, egituretan eta eran berrikuntza sustatzeko, betiere oinarri hartuta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintzaren sustapena. Zehazki, berrikuntza bultzatzea da helburua bai ikuspegi artistiko hutsetik, bai ekoizpenaren kudeaketaren ikuspegitik, betiere talentu eta sormen-jardun berriak sustatze aldera. Era horretan, kultura-edukiak sortzeko egiturak berritu, eta artea egiteko era berriak azaleratuko dira, era bereizgarriak, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotuko da. Labur esanda, diru-laguntzak emateko deialdi honen xedea da arte-berrikuntzan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen- eta ekoizpen-eremu bat bultzatzea, honako hauek abiaburu hartuta: norbanakoaren eta/edo kolektiboaren sormena; trebetasunak eta talentua; ideia eta potentzialtasunen transmisioa; eta ekonomia eta enplegua elikatzen dituzten adierazpenen eta produktuen sormena.

Kultura-arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak izan dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren notifikazio beharrik ez daukaten estatu diru-laguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako diru-laguntzak, eta zehatz-mehatz gune edo espazio artistiko eta kulturalak.

Horregatik, agindu honen bidez araututako diru-laguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Agindu hau, halaber, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak 2018-2020 aldirako onetsitako Diru-laguntzen Plan Estrategikoan bilduak dira.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2019 eta 2020ko ekitaldietan burutuko diren kulturagune independenteek aurkezten dituzten jarduera-proiektuei diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea. Programa espezifikoak antolatuz eta horretarako diru-hornidura, azpiegitura eta egitura egokiak erabiliz, hainbat prozesuri (ekoizpena, prestakuntza edo kulturaren edo artearen alorreko eskuhartzea) ekiteko espazio, baliabide eta lankidetzarako laguntza eskaini behar dizkiete pertsonei zein erakunde sortzaileei, betiere orientabidetzat hartuta adierazpen artistikoen berrikuntza, talentuak hautematea eta bultzatzea, partekatutako kudeaketa eta tokiko ingurunearekiko harremana.

2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Jarduera-proiektu horiek kultura- edo sormen-sektore bati lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza eta abar).

2.– Beren jarduera-proiektuetarako diru-laguntzak jaso ahal izateko, sormen-guneek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinak izatea.

– Dagokien jarduera egiteko gaitasuna eta egokitasuna egiaztatzea. Horretarako, gutxienez, sorkuntza, ekoizpen edo erakusketarako gune egokiak izan beharko ditu, bai eta jarduerak egiteko behar diren baliabide teknikoak ere.

– Higiezina sormen-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea eskatzailearena izatea.

3.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek ez dira sormen-kulturagunetzat joko eta, hortaz, ezingo dute diru-laguntzarik jaso:

– Plataforma digitalak, nahiz eta haien eskura eduki jarduerak egiteko moduko guneak.

– Nagusiki prestakuntzara bideratutako eskola edo guneak.

– Helburu nagusia turismoa edo merkataritza duten guneak.

– Gizarteratzera bideratutako guneak, non alde artistikoa osagarria edo instrumentala den.

– Helburu bakarra artekaritza kultura duten guneak.

3. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza hauen muga.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 560.000 eurokoa da.

2.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 120.000 eurokoa izango da, beti ere proiektuaren aurrekontuaren % 70 ez badu gainditzen.

4. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan diru-laguntza jaso ahal izateko, agindu hau argitaratzen den egunean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Agindu honetako 1.3 ezarritakoa betetzen duten sorkuntzako kulturaguneak kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna izatea. Horretarako, honako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar dute agiri bidez:

– Higiezinaren jabetza-titulua izatea, eta gunea erabiltzea, soil-soilik sormen-gune moduan.

– Higiezinaren errentaria izatea, horretarako formalizatutako kontratuaren indarrez, eta higiezina erabiltzea, soil-soilik, sormen-gune moduan.

– Higiezina sormen-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea bere alda lagata izatea, edozein tituluren bidez.

b) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, sormen-gunean egin beharreko jarduera nagusien epigrafean.

c) Zerga-betebeharrak egunean ordainduak izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako diru-laguntzak jaso:

a) Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitate pribatuen eskabideak.

c) Titulartasun publikoa duen sorkuntzako kulturagune bateko zerbitzu-kontratu edo zerbitzu publikoen kudeaketa kontratu baten esleipendun moduan eskatzen dutenek.

d) Berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

e) Krisi egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DOC 249, 31-07-2014).).

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako ezein egoeratan dauden pertsona edo entitateak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.

5. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabetekoa izango da. Eskaera zer administrazio-organo, -zentro edo -unitateri egiten zaion aipatuko da eskabidean, bai eta dagokion identifikazio-kodea ere.

2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/sorgune/web01-tramite/eu/

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du, haien aurka egin ahal izanagatik ere.

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Pertsona juridikoa izanez gero.

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

a) Diru-laguntzaren xede den proiektuari dagokion dokumentazioa:

– Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 11. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako irizpideekin bat. Eskatzaileak, proposamena emandako ezaugarriekin gauzatzeko diru-laguntza beharrezkoa dela justifikatu beharko du.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Sormen-gunearen kudeaketaren edo ustiapenaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria, 3.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Sormen-guneko baliabide eta azpiegiturei buruzko informazioa, 1.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Sorkuntzako kulturagunearen ibilbideari dagokion dokumentazioa.

– Sorkuntzako kulturagunearen ibilbidea azaltzen duen txostena.

– 2018ko jardunaldiaren txostenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

9. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridikoek eskaera aurrez aurre egiten badute aurkezpen elektronikoaren bitartez» zuzen dezala eskatuko zaie eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

11. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kulturako sailburuordeak izendatutako 3tik 5era arteko bokal.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek jardungo du Idazkari, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio Batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin ere bai, baina botorik ezin izango dute eman.

2.– Beste eginkizunen artean, Idazkariak Balorazio Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du.

3.– Balorazio Batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

4.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

6.– Eskaria egin duten pertsona edo erakunde guztiek izango dute aukera, hala eskatzen badute Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz, beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko. Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.

7.– Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, adostuko ditu Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkion ebazpen-proposamenak.

8.– Balorazio Batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

9.– Aurkezten diren proiektuak baloratzeko, 12. artikuluan zerrendatutako irizpideak aplikatuko ditu Balorazio Batzordeak. Deialdiaren betekizunen bat ez dela bete hautemanez gero, proiektuak ez onartzea proposatu ere egin ahal izango du.

12. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:

a) Sorkuntzako kulturagunearen kalitate eta berrikuntza gaitasuna. Kontuan hartuko dira, azpiegitura, baliabide eta zerbitzuaz gain, bertako proiektuen berrikuntza, esperimentazio, berezitasun eta kalitatea. Horrez gain, kontuan hartuko da zentroaren interesa proiektu kultural gisa. Gehienez 20 puntu esleituko dira.

b) Sorkuntzako kulturagunearen interes publikoa. Kontuan hartuko dira sormen-guneak ezarritako sarbideari, erabilerari eta parte hartzeari dagozkien baldintzak (deialdi irekia, gonbidapena...), bai eta onuradun erabiltzaileen dibertsitatea eta kopurua, betiere kontuan hartuz genero berdintasuna eta kultura-artekotasuna. Gehienez 20 puntu esleituko dira.

c) Inguru hurbilarekiko uztardura. Sorkuntzako kulturaguneak bere inguru hurbilarekin duen harremana, eskaintzen dituen zerbitzuak eta sortzen duen itzulkin soziala (kohesioa, heziketa, parte-hartzea...) kontuan hartuko dira. Gehienez 20 puntu emango dira.

2.– Aurreko hiru irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera:

d) Proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazio eta komunikazio teknologien erabilpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

e) Kultur agenteen nazioartekotzeko, eta sare eta harremanetan integratzeko ekarpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

f) Aurrekontuaren egokitasuna, tartean diren enpresa baliabideak eta proiektuaren kalitate-prezio erlazioa. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

g) Euskararen erabilpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 2.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino gehiago, ezta 2.2 artikuluan adierazi diren mugak baino gehiago ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta horiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute 4. artikuluan xedatutakoa.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan diru-laguntzei buruzko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi ondoren, eta banaka jakinaraziko da.

2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122. artikuluetan.

4.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

14. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Diru-laguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Diru-laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate eta sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

g) Agindu honetan diru-laguntza modalitate bakoitzerako ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere.

h) Laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.

16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Agindu honen kargura emandako diru-laguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira.

a) Diru-laguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Diru-laguntzaren beste % 45, betiere, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, lehenengo ordainketan emandako diruari dagozkion gastuak (% 50) horrela justifikatu ondoren:

– 2019. urtean lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

– 2019. urtean diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak.

c) Gainerako % 5a diru-laguntza osoa ondorengo atalean zehaztutako eran justifikatu ondoren.

2.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta bi hilabeteko epean eta, betiere, 2021eko urtarrilaren 10 baino lehen, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

– Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere emandako diru-laguntzari ezarritako % 70eko muga gainditzen ez bada.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez dira tiketak onartuko.

– Aurkeztutako gastuen zenbateko osoa justifikatzen duten egiaztagiri eta fakturak.

– Ezer azpikontratatzen bada, hornitzaileen eskaintzak, eta, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintzaren bat hautatu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.

– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

3.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.

4.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

5.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 5.4 artikuluan adierazitako helbideetan.

17. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sorturiko honako gastu hauek izango dira diru-laguntza jasotzeko modukoak:

a) Gastu Arruntak:

– Zentroa alokatzeko gastuak.

– Kudeaketa, zuzendaritza-, teknikari-, administrazio-, garbiketa-langile eta abarren gastuak.

– Kontsumoak: argia, ura, telefonoa, gasa eta Internet.

– Gunerako materialak eta ondasun suntsikorrak.

– Beste gastu arrunt batzuk.

b) Aktibitate gastuak:

– Sorkuntzako kulturagunearen gastuak (egoitzak, ostatuak, diru-laguntzak...).

– Prestakuntza gastuak.

– Kolaborazio proiektuen gastuak.

– Erakustaldi edota emanaldi gastuak.

– Lurralde- edo komunitate-proiektuen gastuak.

– Sustapen eta komunikazio gastuak.

– Bestelako aktibitate gastuak.

c) Gunea egokitzeko gastuak eta bertarako ogasun eta ekipo iraunkorrak erosteko gastuak, beti ere kontzeptu horiei dagokien guztizko kopurua aurrekontu osoaren % 10 gainditzen ez badu. Sartzen diren gastuak, gainera, proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direla justifikatu beharko da beti

– Egokitzapen gastuak.

– Ogasun eta ekipo iraunkorra erosteko gastuak.

3.– Edozein kasutan, agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

4.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu:

a) BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiona izango da.

b) Sorkuntzako kulturagunean sartuta dauden proiektuen ekoizpenari loturiko gastuak.

18. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratazio horien kasuan, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dizkie beste hainbeste hornitzaileri, delako obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik betiere, non eta kontratu-gaiaren izaera bereziaren ondorioz merkatuan ez dagoen behar beste hornitzailerik edo non eta gastua ez den gauzatu diru-laguntza baino lehenago. Aurkezten diren eskaintzan arteko erabakia eraginkortasunean eta ekonomian oinarrituta hartuko da, eta ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintza bat hautatzen bada, memoria batez justifikatu beharko da berariaz. Gainera, justifikazioan ere aurkeztu beharko dira eskaintzak.

2.– Atal honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaie.

19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera jaso bada, horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoari dagokionez, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2018. urtean praktika sortzaileak bultzatzen dituzten kulturagune independenteei zuzendutako diru-laguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Diru-laguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/sorgune/web01-tramite/eu/

BIGARREN XEDAPENA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala