Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2019ko otsailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
826

IRAGARKIA, zeinaren bidez iragartzen baita Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa) 2014-2020 Programaren 2019ko deialdia (hirugarren deialdia).

1.– Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programa eta proiektuen hirugarren deialdia.

2016ko abuztuaren 17an, C (2016) 5415 Erabakiaren bidez onartu zuen Europako Batzordeak Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programa.

Programaren helburu nagusia da jarraipena ematea mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomikoari eta sozialari eta aipatu integrazioa indartzea, lankidetzaren bidez. Hori lortzeko, lurralde hautagarrian Frantziako, Espainiako eta Andorrako kideek egindako lankidetza-proiektuen sustapenean eta kofinantzaketan zentratzen da. Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programa Europar Batasunak finantzatzen du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 178 milioi euroko aurrekontuarekin (Feder laguntza teknikorik gabe).

2019ko urtarrilaren 30ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren hirugarren deialdiaren testu ofiziala onartu zuen Poctefaren Jarraipen Batzordeak.

Kudeaketa Agintaritzak, Programan parte hartzen duten Europar Batasuneko estatuek (Espainia eta Frantzia) eta Andorrako Printzerriak ordezkaritza emanik, proiektuen hirugarren deialdia argitaratzen du, Programaren ardatz guztietara zabaldua. Kudeaketa Agintaritzak interesdunak gonbidatzen ditu beren hautagaitzak aurkeztera, 3. proiektu-deialdia arautzen duen testu honetan jasotakoaren arabera.

1.1.– Lege-esparrua.

Europako erregelamendu hauek arautzen dute Programaren funtzionamendua:

• 1303/2013, Europako Egitura Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzekoa.

• 1301/2013, Eskualde Garapeneko Europako Funtsei buruzkoa (Feder).

• 1299/2013, Federek Europako lurralde-lankidetzari ematen dion laguntzari buruzkoa.

• 481/2014, lankidetza-programentzako gastuak diruz lagungarri izatearen arloko xedapen espezifikoei buruzkoa.

1.2.– Programaren ardatzak eta helburu tematikoak.

Ardatz nagusietariko batean inskribatu beharko dira proiektuak, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren gaiak betez. Hirugarren deialdiko Feder zuzkidura programaren 7 helburu tematikoetan zatitzen da (1. HT, 3. HT, 5. HT, 6. HT, 7. HT, 8. HT eta 9. HT).

Inbertsio Lehentasun guztiak zabalik daude deialdi honetan, 3. ardatzeko 6.c) inbertsio-lehentasuna izan ezik.

(Ikus .PDF)

1.3.– Hauta daitezkeen guneak.

Hauek dira Programaren finantzaketarako lurralde hautagarriak:

• Espainia: Girona, Bartzelona, Tarragona, Lleida, Huesca, Zaragoza, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Errioxa.

• Frantzia: Ekialdeko Pirinioak, Ariège, Garona Garaia, Pirinio Garaiak eta Pirinio Atlantikoak.

• Andorra: lurralde osoa. Andorrako kideek Programan parte har dezakete Frantziako edota Espainiako onuradunekin. Andorrako entitateek ezin izango dute Feder finantzaketarik jaso, eta ezin izango dute taldeburu/onuradun nagusi izan.

1.4.– Proiektuak Programari egiten dion ekarpena.

Proiektuen hautagaitzak mugaz bi aldeetakoak izan behar dira, eta Programaren helburuei lagundu behar diete:

• Programaren inbertsio-lehentasun (IL) baten helburu espezifiko batean kokatu behar dira proiektuak, 3. ardatzeko 6.c) ILan izan ezik. Inbertsio-lehentasun hautatuaren helburuekin lerrokatu behar dira proiektuen helburuak.

• Programaren produktibitatearen eta emaitzaren adierazleei lagundu behar diete proiektuen egikaritzeak eta emaitzak, hurrenez hurren.

Proiektuek demostratu behar dute haien ekintzak eta emaitzak Programako eremu hautagarriaren onurakoak direla.

2.– Feder erabilgarria.

Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programak, 2014-2020 aldian, 178 milioi euroko zuzkidura dauka 1.etik 5.era bitarteko ardatzetan eta horien % 80 programatu dira 1. eta 2. deialdietan. Proiektu-deialdi honetarako Feder funts erabilgarria gainerako zenbatekoa da, 35,8 milioi euro, hain zuzen ere. Lehenengo, bigarren eta hirugarren deialdietan programatutako proiektuetatik kopururen bat egikaritzen ez bada, eta, ondorioz, dagozkion funtsak liberatzen badira, kopuru horiek deialdi honetan aurreikusitakoak gehituko dituzte lehenik, eta beste hautagaitza batzuk programatuko dira, deialdi honen 7. apartatuak ezarritako moduan.

Deialdi hau ardatz guztietara eta inbertsio-lehentasun guztietara zabaltzen da, 3. ardatzeko 6.c) inbertsio-lehentasuna izan ezik.

(Ikus .PDF)

3.– Feder kofinantzaketa-tasa eta estatuaren laguntzak.

Onuradun bakoitzaren guztizko kostu hautagarriaren % 65ekoa da Federen kofinantzaketa-tasa, baina, estatu-laguntzen araudia aplikagarri zaien onuradunentzat, txikiagoa izan ahal izango da (ikus Proiektuen sustatzaileentzako gida, «Kofinantzaketa-baldintzak» atala), eta Feder jasotzen ez duten Andorrako kideen salbuespenarekin. Estatuaren laguntzen kasuan, Kategorien araberako Salbuespenei buruzko 651/2014 Erregelamendu Orokorra (RGEC) aplikazioa murriztaileagoa izan daiteke gastuen finantzaketari eta hautagarritasunari dagokienez.

Estatu-laguntzak jasotzeko aukera duten onuradunek Baterako Idazkaritzarekin jarri beharko dute harremanetan aurrekontua egiteko. Estatu-laguntzen esparruan sartzen diren jarduerei dagokienez, hauek dira sustatzaileentzako finantzaketa-aukerak:

– 1407/2013 minimis erregelamendua.

– 651/2014 Kategoriakako Salbuespenen Erregelamenduaren 20., 25. eta 53. artikuluak, erregelamendu horren bidez adierazten baita laguntzen zenbait kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

4.– Deialdiaren egutegia.

Poctefaren 2014-2020 hirugarren deialdiak egutegi hau du:

Hautagaitzak Sigefa informatika-aplikazioan jasotzeko epea 2019ko otsailaren 7tik dago zabalik, eta apirilaren 15ean itxiko da, 14:00etan. Ez dira onartuko 2019ko apirilaren 15eko 14:00etatik aurrera aurkeztutako hautagaitzak.

Gehienez sei hilabeteko epea izango du Programazio Batzordeak ebazpena emateko, bigarren fasean hautagaitzak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, hargatik eragotzi gabe 7. apartatuan ezarritakoa.

5.– Hautagaitzak aurkezteko modua.

Eskatzen den dokumentazioa honela aurkeztu behar da:

1) Espainolez eta frantsesez, hautagaitzaren inprimakiaren kasuan. Programaren bi hizkuntzetarik batean gutxienez aurkeztu beharko dira gainerako agiriak (espainola edo frantsesa).

2) Epean (ikus 4. puntua Deialdiaren egutegia).

3) Sigefa informatika-aplikazioan; aurretik erabiltzailearen erregistroa egin behar da www.poctefa.eu web-orrian. Hautagaitza aurkeztu ahal izateko, pausu hauek jarraitu beharko ditu taldeburuak/onuradun nagusiak:

• Hautagaitza sortzea Sigefa informatika-aplikazioan.

• Hautagaitza-inprimakiaren atal guztiak betetzea espainolez eta frantsesez. (Adi: hautagaitza-formularioa online betetzen da zuzenean Sigefa plataforma informatikoan. Hautagaitza formulario-eredua deskargatzeko moduan dago www.poctefa.eu –n. Barneko lan dokumentu editagarri bat da, sustatzaileei beraien hautagaitza prestatzen laguntzea helburu duena).

• Eskatutako agirien kopia eskaneatu bana atxikitzea Sigefan (ikus 6. puntua Hautagaitza aurkeztea: onarpen-eskakizunak).

• Hautagaitza balioestea Sigefan.

• Hautagaitza Sigefaren bidez bidaltzea. Hautagaitza bidali eta gero, EFA erregistro-zenbakia emango du Sigefak.

6.– Hautagaitza aurkeztea: onarpen-eskakizunak.

Aurkeztu beharreko agiriak:

• Hautagaitza-inprimakia beteta, espainolez eta frantsesez, hauek barne:

– Onuradun bakoitzarentzako gastuaren oinarri-orria beteta, agiri bakarrean.

– Azpiegituren kasuan, azpiegitura bakoitzaren deskripzio-dokumentua, aurretiko baimenak/lan-baimenak edo, halakorik ezean, baimen horien eskabideen justifikagiriak eta azpiegitura horiek abian ezarri ondorengo kudeaketa-kostuei buruzko txosten bat; horiek guztiak espainieraz edo frantsesez.

– Diru-sarrerei dagokienez, hautagaitza-inprimakian eskatzen diren dokumentuak, finantzaketa-defizita ebaluatzeko tresna barne, diru-sarrerak aintzat hartzeko modukoak badira.

– I. eranskineko gomendioak gaindituz gero, finantza-gomendioak gainditu izanaren justifikagiri-fitxa erantsi beharko da Sigefan (eredua, deialdiaren I. eranskinean).

• Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, haren eranskinekin, berariaz seinalatutako 4 lekuetan proiektuaren onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatu eta zigilatua eta bi hizkuntzetako batean (espainiera edo frantsesa) erantsita.

Sigefa informatika-aplikazioaren bidez (https://1420.poctefa.eu/) bidaliko dira agiriok, eta ez da onartuko bestelako bide batetik bidalitako agiririk.

Onartzeko baldintzak.

Sigefan jasotako hautagaitzek onarpen-eskakizun hauek errespetatzen dituztela egiaztatuko du Baterako Idazkaritzak:

1) Hautagaitza-inprimakia informatika-aplikazioan bidali da, deialdian ezarritako epeetan.

2) Hautagaitza-inprimakiaren atal guztiak beteta daude espainolez eta frantsesez, eta bi bertsioak berdin-berdinak dira.

3) Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, haren eranskinekin, berariaz seinalatutako 4 lekuetan proiektuaren onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatu eta zigilatua dago eta bi hizkuntzetako batean (espainiera edo frantsesa) erantsi da.

4) Mugaz gaindiko lankidegoa du proiektuak, hau da, gutxienez Europako bi estaturen inplikazioa (Espainia, Frantzia eta Andorra), salbu mugaz gaindiko erakunde juridiko espainiar-frantziarrak, zeinak Feder dirulaguntzaren onuradun bakar izan ahal izango baitira.

5) Taldeburu/onuradun nagusi bat du proiektuaren lankidegoak, zeina Programan parte hartzen duten Europar Batasuneko estatu batekoa baita (Espainia edo Frantzia).

6) 80.000 euroko edo gehiagoko guztizko kostu hautagarria du proiektuak.

7) Proiektua ez da amaitu dirulaguntza-eskabidea aurkezteko eguna baino lehen. (2014ko urtarrilaren 1etik, gastuak hautagarriak izan ahal izango dira, salbu 651/2014 Erregelamenduko xedapenen arabera Kategoriakako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren peko onuradunak barne hartzen dituzten eragiketetarako. 651/2014 Erregelamenduko xedapenen arabera Kategoriakako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren peko onuradunen kasuan, hautagaitzak aurkeztu baino lehenago hasi ahal izango da proiektua (ikus, «Proiektuen sustatzaileentzako gida», «Estatu-laguntzak» atala).

8) Proiektuak ez du Europako beste programa batzuen finantzaketarik.

9) Proiektuak ezin du hiru urte baino gehiago iraun, eta proiektuak ezin izango dira inola ere amaitu 2022ko ekainaren 1a baino geroago. Data horretatik aurrera ezin izango da luzapenik lortu.

10) Gutxienez alderdi hauetako bati buruzko elementu berriak sartu beharko dituzte aurretik programatutako eragiketen jarraitutasuneko proiektuek:

• Lankidetza.

• Esku hartzeko lurraldea.

• Proiektuaren helburuak eta espero izandako emaitzak.

11) Proiektuaren helburu nagusiak laguntzen dio Programaren Inbertsio Lehentasun hautatu baten helburu espezifikoari.

2. eta 3. baldintzak zuzengarriak dira. Gainerako eskakizunak ez dira zuzengarriak.

Onarpen-eskakizun guztiak bildu beharko ditu hautagaitzak. Onartuak izateko 2. eta/edo 3. baldintzak betetzen ez badira, errekerimendua egingo zaio taldeburuari/onuradun nagusiari, 10 egun balioduneko gehieneko epe luzaezinean akatsa zuzen dezan, www.poctefa.eu, Kudeaketa Agintaritzako zuzendariak behin-behineko onarpen-ebazpena eman eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota, Kudeaketa Agintaritzako zuzendariak baietsitako edo ezetsitako hautagaitzei buruzko behin betiko ebazpena emango du, eta www.poctefa.eu web-orrian argitaratuko da ebazpen hori.

7.– Hautagaitzak hautatzeko irizpideak eta prozesua.

Hautagaitza-inprimakian eta eskatutako agirietan soilik oinarrituko da hautagaitzen ebaluazioa.

Onarpen-eskakizunak betetzen dituzten hautagaitzak instrukzio teknikora igaroko dira.

Eragiketak hautatzeko Programan jasota dauden oinarri zuzentzaileei buruzko hautaketa-irizpide hauek kontuan hartuz aztertuko dira baietsitako hautagaitzak:

(Ikus .PDF)

Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren Programazio Batzordeak hautagaitza guztiak ebaluatuko ditu, eta bakoitzari dagozkion puntuazioak emango.

Programazio Batzordeak, instrukzioan emandako oharren arabera, hautagaitzen aurrekontu-murrizketak egin ahal izango ditu; aurrekontu horien onuradunek murrizketa horiek onartu beharko dituzte programazioaren kasuan, eta programaziotik kanpo geratuko da proposatutako aurrekontu-murrizketa onartzen ez duen hautagaitza.

Proiektuaren bideragarritasunerako arriskuren bat aurkitzen bada hautagaitzaren batean, programaziotik baztertutako hautagaitza kontuan hartu ahal izango du Programazio Batzordeak, irizpen arrazoitua emanez.

Hautagaitzen Feder pilatua Helburu Tematikoaren araberako deialdian hasiera batean aurreikusitako Feder zenbatekoaren aurrekontu-mugaren barruan sartzen bada, hautagaitza horiek programatuko dira, puntuazio-ordenaren arabera (nota altuenetik baxuenera). Bi hautagaitzaren edo gehiagoren artean berdinketa badago, puntuazio berdina duten hautagaitza horiek 2. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera, eta, berriz berdinketa izanez gero, 5 irizpidean lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera, eta horrela jokatuko da, hurrenez hurren, gainerako irizpideekin (1, 3 eta 4).

Ezin izango dira inola ere programatu 50 puntu baino nota txikiagoa duen hautagaitzarik.

Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programako Programazio Batzordeak behin-behineko ebazpena emango du aztertutako hautagaitza bakoitzarentzat, zeina izan ahal izango baita:

– Programatua.

– Ez-programatua.

Programazio Batzordearen ebazpena www.poctefa.eu web-orrian argitaratuko da, programatutako eta ez-programatutako hautagaitzen zerrendarekin, helburu tematikoaren eta puntuazioaren arabera ordenatuak. Halaber, emailez jakinaraziko zaie taldeburuen/onuradun nagusien legezko ordezkariei edo harremanetarako pertsonei.

Programatutako proiektuen taldeburuek/onuradun nagusiek 10 egun balioduneko epea izango dute Feder dirulaguntza onartzeko, eta deialdiaren prozesuan eskatutako agiri guztiak 45 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte –sinadurekin eta jatorrizko zigiluekin–, paperezko bertsioan eta Sigefa aplikazioan:

1) Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak ordaindu izanaren ziurtagiriak, onuradunak espainiarrak edo frantsesak badira, onuradun frantses publikoak izan ezik.

2) Zerga-betebeharrak bete izanaren ziurtagiriak, onuradunak espainiarrak edo frantsesak badira, onuradun frantses publikoak izan ezik.

3) Gastuak BEZarekin aurkezten dituzten onuradun frantziar eta espainiarrentzat: BEZa ez berreskuratzeko adierazpena.

4) Enpresa eta erakunde pribatuentzat: hala badagokio, erregistro edo errepertorio batean inskribatuta egotearen agiriak.

5) Kostu-taula (urteka eta onuradun bakoitzeko), taldeburuaren legezko ordezkaritzak lehenengo orrian sinatua.

6) Finantza-plana, onuradun guztiek lehenengo orrialdean sinatua eta zigilatua.

7) Lankidegoaren mugaz gaindiko hitzarmena, kide guztiek sinatua, zigilatua eta errubrikatua jatorrizko paperezko bertsioko orri guztietan.

8) Kide guztienak: onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, haren eranskinekin, berariaz seinalatutako lau lekuetan proiektuaren onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatu eta zigilatua. Sinatzen duenak ez badu bere entitatea finantza aldetik konprometitzeko gaitasunik, entitateko organo eskudunaren finantza-konpromisoaren ebazpena ere aurkeztu beharko da.

9) Horrela badagokio, hautagaitzaren finantza-planean jasotzen diren lagundutako finantzazio publikoen eskabidea edo ebazpena.

Epe hori igarota, Programazio Batzordeak behi betiko ebazpena emango du, proiektu programatuen eta ez-programatuen zerrendarekin. Aurkeztutako hautagaitzen taldeburuei/onuradun nagusiei jakinaraziko zaie ebazpen hori, irizpide bakoitzean lortutako puntuazioarekin. Halaber, web www.poctefa.eu web-orrian argitaratuko da proiektu programatuen eta ez-programatuen zerrenda eta lortu duten puntuazioa.

Programatutako proiektuen onuradun guztiek ahalbidetu beharko dute iruzur-arrisku posibleak saihestu ahal izateko Programaren agintaritzek eskatzen dieten informaziorako irispidea.

Erreserba-zerrenda bat eratuko da, eskuragarri dauden funtsen arabera. Programazio Batzordearen ebazpenaren ondoren 2014-2020 aldian programatutako proiektuen Feder laguntza libratzen bada (proiektuen 1., 2. eta 3. deialdia), kopuru horiek 3. deialdi honetarako erabili ahal izango dira, modu honetan:

Behin-behineko ebazpenetik sei hilabeteko epea igarota, kudeaketa-agintaritzak egiaztatuko du libratu den Feder kopuru erabilgarria. Era berean, erreserbako zerrenda batean programatu ez diren hautagaitzak ordenatuko dira, emandako puntuazioaren ordenaren arabera, eta, berdinketarik badago, hori hausteko lehenago ezarritako irizpideak erabiliko dira.

Programazio Batzordeak behin-behineko eta behin betiko ebazpen bat emango du hautagaitzak erreserbako zerrenda horretako puntuazioaren arabera programatzeko, betiere proiektuak 2022ko ekainaren 1a baino lehen amai daitezke eta Feder erabilgarriarekin bat badatoz.

Modu berean jokatuko da sei hilabetez behin, funts berriak libratuz gero.

Ezin izango da inola ere programatu 50 puntu baino nota txikiagoa duen hautagaitzarik.

8.– Erreklamatzeko prozedura.

Deialdi-ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jarraipen Batzordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena argitaratzen denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluen arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean, Huescako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu, hari buruz berariaz ebazpena eman arte edo aukerako berraztertze-errekurtsoaren ustezko ezespena gertatu arte.

Programazio Batzordearen ebazpenei gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaie, Jarraipen Batzordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpenok argitaratzen direnetik aurrera Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

9.– Informazioa eta harremana.

Programaren web-orrian (www.poctefa.eu) daude kontsultagai proiektuen hirugarren deialdiaren agiri ofizialak eta hautagaitza bat prestatzeko beste elementu garrantzitsuak, besteak beste:

•Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programa.

•Proiektuen sustatzaileentzako gida.

•Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren Ingurumenaren Ebazpen Estrategikoa / Ingurumenaren arloko alderdiak Programan sartzea.

•Adierazleen gida.

•Hautagaitza osatzeko beharrezkoak diren inprimakiak, dokumentuak, gidak eta ereduak.

Kudeaketa Agintaritzak ezin du bermatu beste web-orri batzuetatik deskargatutako agirien baliozkotasuna.

Gainera, Programaren kide instituzionalen harremanetarako datuak aurki daitezke web-orri honetan: https://www.poctefa.eu/socios-institucionales-del-programa/ Programaren Baterako Idazkaritzarekin ere jarri zaitezke harremanetan, consultas@poctefa.eu helbide elektronikoan.

I. ERANSKINA

Aurrekontua prestatzeko arauak eta gomendioak.

Eranskin honen bidez, kostu-taula prestatzeko hainbat arau eta gomendio ematen dizkie Programak Poctefa 2014-2020 deialdian euren hautagaitzak aurkezten dituzten kideei. Proposatutako bi arauk aurreikusten dute modalitate sinplifikatua erabiltzea «giza baliabideen gastuak» eta «bulegoko eta administrazioko gastuak» kategorietarako. Modalitate sinplifikatuak ahalbidetzen du zenbateko bat aplikatzea oroharreko prezioan onuradunek euren gastuak justifikatu beharra saihesteko. Honela, baldin eta modalitate sinplifikatu hau aplikatzen bada, onuradunei ez zaie egiaztagiririk eskatuko dagozkien gastuak kontrolatzerakoan.

1.– Programazio-aldi osoan aplikatzeko arau orokorrak:

Arau hauek definitzen dira zenbait gastu-kategoriatarako, eta programazio-aldi osoan aplikatzen dira (ikus «Proiektuen sustatzaileentzako gida»).

Arau hauek nahitaezkoak dira, eta, kasuaren arabera, kide-mailan edo proiektu-mailan aplikatzen dira.

Bi kategoriatan sailkatzen dira arauok:

• Nahitaez betetzeko arauak:

Zuzenean aplikatzen zaizkie arau hauek proiektuen sustatzaile guztiei dagozkien gastu-kategorientzat.

• Hautazko araua:

«Giza baliabideak» gastu-kategoriari soilik dagokio arau hau. Soilik aplikatzen da baldin eta proiektuen sustatzaileak ez badu hautatzen gastu errealaren gainean langileen gastuak egiaztatzea eta erabakitzen badu modalitate sinplifikatua erabiltzea.

2.– 2014-2020 Proiektuen hirugarren deialdirako gomendio espezifikoak:

Gomendio hauei egokitu beharko zaizkie proiektuak. Bestela, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, zeinak Programazio Batzordeak baloratuko baititu.

Proiektu osoari aplikatzen zaizkio gomendio hauek.

Proiektuak dirauen artean aplikatuko dira proiektuen hirugarren deialdiko arauak eta gomendioak.

Halaber, gastuen kontrolaren unean egiaztatuko da arau eta gomendio hauek betetzen direla.

Jarraian aurkezten dira arauak eta gomendioak:

Oharra: 481/2014 (EE) Erregelamenduan biltzen dira lankidetza-programentzako gastuen hautagarritasunaren arloko xedapen espezifikoak.

1.– Hirugarren deialdiari aplikatzeko arau orokorrak, proiektu osoari ere aplikatzekoak.

• Nahitaez betetzeko arauak:

– Bulegoko eta administrazioko gastuak (ikus B.4.2 puntua Proiektuen sustatzaileentzako gida): modalitate sinplifikatuaren bidez soilik justifikatu ahal izango dira bulegoko eta administrazioko gastuak. Arau hau kide guztiei aplikatzen zaie. Honela, kidearen bulegoko eta administrazioko gastuak ezin izango dira langileen zuzeneko gastuen % 7,5 baino gehiagokoak izan, eta kideko 200.000 eurokoak izango dira, gehienez. 2 estatu kidetako (frantsesa eta espainiarra) entitateek osatutako mugaz gaindiko kideen kasuan izan ezik, orduan kopuru hori 40.000 euro gehitzen baita.

– Bidai- eta ostatu-kostuak (ikus B.4.3 puntua Proiektuen sustatzaileentzako gida): proiektuaren hautagaitza aurkezteko unean, ez da muga globalik ezartzen gastu-kategoria honetarako. Hala ere, «Proiektuen sustatzaileentzako gida»-n, gaua igarotzeko dietak eta gehieneko eguneko dietak zehazten dira, zeinak egiaztatze- eta kontrol-zirkuituan egiaztatuko baitira.

– Zerbitzuen eta kanpoko ezagutzen gastuak (ikus B.4.4 puntua Proiektuen sustatzaileentzako gida): ez da muga orokorrik ezartzen gastu-kategoria honetarako, baina arreta jarriko zaie esternalizazio-maila handia aurkezten duten hautagaitzei.

– Proiektuaren prestakuntza-ekintza (ikus B.5 puntua Proiektuen sustatzaileentzako gida): proiektua prestatzeko ekintza hautazkoa da, eta horren gastuak kategoria hauetan banatu behar da: «Langile-gastuak», «Bidai- eta ostatu-kostuak» eta «Zerbitzuen eta kanpoko ezagutzen gastuak». Ezingo dute muga hau gainditu proiektuaren prestakuntza-gastu orokorrek: 6.000 euro x proiektuaren kide-kopurua, Espainiakoak eta Frantziakoak, eta gehieneko 30.000 euroko1 zenbatekoa izan (2 estatu kidetako -frantsesa eta espainiarra- entitateek osatutako mugaz gaindiko kideen kasuan), orduan kopurua 12.000 euro gehitzen baita eta 30.000 euroko gehieneko zenbatekoa izango baitute proiektuko. Proiektuko kideek erabakiko dute nola banatu zenbateko hori.

• Hautazko araua:

– Langile-gastuak (ikus B.4.1 puntua Proiektuen sustatzaileentzako gida): arau hau soilik bete behar da baldin eta, langile-gastuak justifikatzeko, kideak erabakitzen badu modalitate sinplifikatua erabiltzea proiektuaren hautagaitzan. Kidearen langile-gastuak ezingo dira zuzeneko kostuen % 20 baino gehiagokoak izan, eta kideko 200.000 eurokoak izango dira, gehienez. 2 estatu kidetako (frantsesa eta espainiarra) entitateek osatutako mugaz gaindiko kideen kasuan izan ezik, orduan kopuru hori 400.000 euro gehitzen baita. Proiektuaren zuzeneko kostuak dira gastu-kategoria guztiak, salbu «Bulegoko eta administrazioko gastuak». Kostu sinplifikatuen modalitatea hautatzea proiektuko langile guztiei aplikatuko zaie proiektuak diraueino.

2.– 2014-2020 Proiektuen bigarren deialdirako gomendio espezifikoak.

Gomendio hauei egokitu beharko zaizkie proiektuak. Bestela, justifikazio egokiak aurkeztu beharko dira, hurrengo orrialdeko ereduaren arabera, eta Programazio Batzordeak baloratuko ditu.

• Proiektuaren kostu hautagarri osoa:

– Proiektuaren kostu hautagarri osoa ez litzateke 2 milioi euro baino gehiagokoa izan behar. Gehienez 5 milioi euroko kostu hautagarria izango dute azpiegiturako edota ekipoko ondasunen proiektuek.

– 2 milioi euro baino gehiagoko azpiegiturako edota ekipoko ondasunen proiektu guztietan, azpiegiturako edota ekipoko ondasunen gastu-kategoriara bideratu beharko dira zenbateko horren eta proiektuaren kostu hautagarriaren arteko gastuak (gehienez 5 milioi euro).

– Frantziako eta Espainiako Federaren arteko harremanak orekatua izan beharko du, eta kide diren bi estatuen arteko 70/30 proportzioa ez gainditzea gomendatzen da. Gomendio honek ez die Andorrako kideei eragiten.

• Proiektuaren «Langile-gastuak» gastu-kategoria.

– Proiektuaren langile-gastuek ezingo dute gainditu proiektu osoaren (ez kideko) guztizko kostu hautagarriaren % 50.

Finantza-gomendioak gainditzearen justifikazio-fitxa.

Baldin eta onuradunek ezin izan badituzte Programaren gomendioak jarraitu, justifikazio-fitxa hau betetzea eskatzen diegu.

1.– Adierazi zein diren zure kostuen taula prestatzean zure hautagaitzak aintzat hartu ezin d(it)uen gomendioa/k.

(Ikus .PDF)

Jarraian, adierazi labur zure proiekturako gomendio hauek aintzat ez hartzea justifikatzen duten arrazoiak. Zehaztu zein liratekeen proiekturako ondorio zuzenak baldin eta atalasea(k) gainditzen ez bad(ir)a: abian jartzean, produktibitate- eta emaitza-helburuetan, finantza-bideragarritasunean, eremu geografikoan, etab.

(Ikus .PDF)

Gomendioan ezarritako atalaseetako bat gainditu ezean, zehaztu proiektu honetarako mobilizatutako langileen egitekoak, mesedez. Zergatik dira funtsezkoak proiektua garatzeko eta haren helburuak lortzeko?

(Ikus .PDF)

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 7a.

Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria,

JORDI CAMPÁS VELASCO.


Azterketa dokumentala