Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2019ko urtarrilaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
471

AGINDUA, 2019ko urtarrilaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez «Txingudi, Zaldiferra eta Bekoerrota, Hondarribia» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren nahitaezko desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko beharra adierazi eta hori egiteko desjabetze-espedientea hasten baita.

Sail honek ondoren argitaratzen den agindua eman du gaurko egunez:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2000ko azaroaren 28ko bileran erabaki zuen Txingudi proposatzea HBBE Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu kalifikatzeko.

Bigarrena.– Ekainaren 4ko 356/2013 Dekretuaren bidez, «Txingudi-Bidasoa» (ES2120018) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta eremu horren eta «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (ES0000243) kontserbazio-neurriak onartu ziren.

Hirugarrena.– «Txingudi», Bekoerrota, Hondarribia Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuko lursailetan esku-hartzea beharrezkoa da Kontserbazio Bereziko Eremuen multzoari nahitaez aplikatzekoak diren jarraibide, arau eta jarduera komunak betetzeko.

Laugarrena.– Ekainaren 4ko 356/2013 Dekretuak interesgarritzat hartzen du HBBEn sartutako lursailak Administrazioak eskuratzea, egokitasun irizpideek hala egitea eskatzen badute.

Bosgarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko apirilaren 18ko Aginduaren bidez ireki zen ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzeko epealdia, «Txingudi, Zaldiferra eta Bekoerrota, Hondarribia» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren nahitaezko desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko beharrari buruzko adierazpena egiteko.

Seigarrena.– Jendaurrean jartzeko epean, honako hauek alegazioak aurkeztu dituzte: Fermin Segura Olaizola eta beste batzuk, José Julián Aramendi, Liborio Aramburu eta M.ª Jesús Urcola, Jesús María Etxeberria Mendizabal, Félix Urdapilleta Iturriza, José Manuel Ansa Inza eta María Teresa Imaz Arrieta.

Alegazioak aurkeztu dituztenek eskatzen dute aurreikusitako marraketa aldatu eta, horren ordez, Jaizubiko errekaren alde bietan oinezkoentzako 5 metro zabalerako bidea egitea, iragan, arrantzu eta sorospeneko zortasun-eremuaren zehar. Jose Manuel Ansak eta Teresa Imazek eskatzen dute, gainera, kaltetutako tronpak eta lezoiak konpontzea, horien egoerak kalteak eragin baitituzte haien lursailetan eta laboreetan.

Zazpigarrena.– Aurkeztutako alegazioen gaineko txostenak ezesleak izan dira:

1.– Desjabetze-espedientearen aurrekariak ezagutzeko, 2004ko abenduaren 7ko Europar Batzordearen Erabakira jo behar da, horren bidez onartu baitzen Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasuneko Garrantzizko Lekuen zerrenda, eta zerrenda horretan dago Txingudi-Bidasoa BGL (BGL kodea: ES2120018). Ordutik aurrera, BGL lekua geratu zen Habitat naturalak eta basafaunak eta basaflorak kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartuetan xedatutakoaren eta han jasotako kontserbazio- eta kudeaketa-betebeharren mende.

2000. urtean ES0000243 «Txingudi» HBBE Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu deklaratu zen. Geroago, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekainaren 4ko 356/2013 Dekretuaren bidez BGL Batasuneko Garrantzizko Leku deklaratu ondoren izendatu zen ES2120018 Txingudi-Bidasoa Kontserbazio Bereziko Eremu eta hura kontserbatzeko neurriak onartu ziren.

Azkenik, 2002ko irailaren 27ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren bidez, baimena eman zen Txingudiko hezegunea Nazioarteko garrantzia duten hezeguneei buruzko 1971ko otsailaren 2ko Ramsar Hitzarmeneko zerrendan sartzeko, hegazti urtarren habitat moduan.

2.– Txingudi-Bidasoa Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzearen, «Txingudi» (ES0000243) Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatzearen, eta Txingudiko hezegunea nazioarteko garrantzia duten hezeguneei buruzko Ramsar Hitzarmeneko zerrendan sartzeko baimena eman zuen 2002ko irailaren 27ko Ministro Kontseiluaren Erabakiaren ondorioz, eremu hori onura publikoko deklaratzen da desjabetze-espediente batek ukitutako lurrak eskuratzeko.

Jaizubiko eremua HBBE eta KBE deklaratutako eremuen zerrendan eta Ramsar Hitzarmenean jasota dago, eta beraz, desjabetze-espedienteen oinarrizko baldintza betetzen du: egin beharreko jarduketaren onura publikoaren deklarazioa aurretik egina izatea.

Eremu horien artean sartuta egoteak, berekin dakar edozein jarduketa egitean aintzat hartu beharra HBBE eta KBE izendatzeko arrazoi diren ezaugarriak ahalik eta gutxien ukitzeari eman behar zaion lehentasuna.

Baldintza horiek aintzat hartuta idatzi zen, hain zuzen ere, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak agindutako proiektu hau: Hondarribiko udal-mugarteko Jaizubi errekako Zaldiferra eta Bekoerrota eremuetako oinezkoen ibilbideak.

3.– Proiektu horren helburua da Txingudiko badiaren inguruko naturguneak berritu eta haien arteko konektibitatea hobetzeko Plan Gidarian ezarritakoa betetzea, Jaizubiko paduran egun dagoen oinezkoen zirkuitua luzatu eta naturgune horien konektibitatea ahalbidetuz. Horretarako, aldez aurretik, oinezkoen bideen marraketa definitzeko aukeren azterketa egin zen, eta behin betiko aukera hautatzeko honako irizpideak hartu ziren aintzat:

1.– Natura 2000 sarearen muga fisikoetara ahalik eta gehien egokitzen diren bide perimetralak lortzea.

2.– Bidezidor paraleloak eta ur-ibilguetatik hurbil daudenak saihestea, eremu sentikorrak izanik, bertan faunaren espezie mehatxatuak baitaude, hegaztiak (ur-benarriza eta mokozabala) zein arrainak, arrain hiruarantza batik bat (Gasterosteus aculeatus); arrain hiruarantza espezie mehatxatua da Basoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotakoaren arabera.

3.– Hor dauden landaretza eta zuhaitz-masak errespetatzea, ahalik eta gutxien ukituz.

4.– Proiektuaren marraketa egina dago ahal den neurrian eskakizun horiek betetzeko.

Esaterako, ibilgailuentzako bideak banatzen diren unetik (1. eremuaren hasiera) Bekoerrota jatetxea igarota dagoen zubiraino doan bidezidorraren lehen zatia egin da ahalik eta gehien aprobetxatuz dagoen bide-plataforma, eta horren zabalera nahikoa ez den uneetan soilik ukitu dira alboko lursailak. Ia-ia Natura 2000 sarearen muga fisikoen ondotik doa bide hori (txosten honi eremu horren mugaketa fisikoaren planoa erantsi zaio). Zati horretan egungo bidetik kanpoko esku-hartzeak oso mugatuak dira, eta, batik bat, ibilgailuen eta bidezkoen igarobide partekatua bideratzeko egin dira. Bete behar den lurren kopurua ahalik eta txikiena izan dadin, erabaki da zurezko trabesak edo metalezko ohol-hormak jartzea lurrak sostengatzeko sistema modura.

Proiektuko bigarren zatian, hau da, Bekoerrota baserriko zubitik ibaian gora Ameztipunta baserriaren inguruan dagoen ibilgailuentzako bidearekin bat egiten duen gunean, Natura 2000 sarearen eremuaren mugetara egokitzen da bidezidorra, eta hesiak jar daitezke komeni edo beharrezko den tokietan, betiere guztiz errespetatuz ibaiertzeko zuhaitz-masa hostotsuak eta ur-lasterrarekiko zentzuzko distantzia gordeta, hau da, intrusiboa izan gabe inguruko baloreak gordetzeko padurako begiratokiraino iritsi arte, zeina errekaren hormaren inguruan kokatuta baitago, 10 metroko kotan gutxi gorabehera. Bidezidorraren maldak arinak eta homogeneoak dira, begiratokiaren kota lortzeko asmoz.

5.– Alegazioak egin dituztenek proposatzen duten aukera babestu nahi den horren guztiaren aurka doa, eta aipatutako dokumentuetan zehaztutako zenbait gidalerro eta erregulazioen aurka doa zuzen-zuzenean. Izan ere, kasu horretan errekaren paralelo eta haren ondotik joango litzateke, eta horrek izugarri eragingo lioke ibaiertzeko landarediari, lurzoruari askoz gehiago eragingo lioke –horretarako obra berriaren azpiegitura egin beharko litzateke, bidezidorra errekaren bi aldeetan itsasaldietan uraren ekintza jasateko gauza izan dadin– eta arriskuan jarriko lituzke ibaiertzeko floraren eta faunaren baloreak, eta arrain hiruarantzari –babes-xede den espezieari– eragin.

6.– Kaltetutako tronpak eta lezoiak konpontzeko eskabideari dagokionez:

Jendaurrean jartzeko ezarritako epea desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak eskuratzeko jarraitu behar den desjabetze-espedientearen izapidetze-epearen barnean dago. Horregatik, formulatu beharreko alegazioak espedienteak ukitu ditzakeen ondasun eta eskubideei buruzkoak izan beharko dute, eta ez jarduketa-eremutik kanpo daudenei buruzkoak.

Alegazioak egin dituztenek konpontzeko eskatzen dituzten elementuak ez ditu ukitzen espedienteak, eta, beraz, formulatu dituzten alegazioak ezin dira sartu fase honetan.

ZUZENBIDE-OINARRIAK:

Lehenengoa.– Ondare naturalari eta bioaniztasunari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 40. artikuluak honako hau ezartzen du: gune bat babestu izendatzeak, gunea onura publikoko deklaratzea dakar berekin, ukitutako ondasunak eta eskubideak desjabetzeari dagokionez.

Bigarrena.– 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluak eta lege horren Erregelamenduko dagozkionak ezartzen dute jendaurrean egondako epean aurkeztutakoek egindako alegazioak ikusi eta aztertu ondoren emango dela okupatzearen beharrari buruzko ebazpena, eta, ebazpenean zehaztuko direla desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak.

Hirugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 21. artikuluak ezartzen du okupazio-beharrari buruzko erabakiarekin hasten dela desjabetze-espedientea.

Aipatutako lege-manuak eta horiekin bat etorri eta erabilgarri diren gainerakoak ikusita, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Interesdunek aurkeztutako alegazioak ezestea, Aurrekarietako zazpigarren apartatuan adierazitako arrazoiengatik.

Bigarrena.– «Txingudi, Zaldiferra eta Bekoerrota, Hondarribia» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren nahitaezko desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko beharra erabakitzea. Ondasun eta eskubide horiek eranskinean jasota daude.

Hirugarrena.– «Txingudi, Zaldiferra eta Bekoerrota, Hondarribia» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren nahitaezko desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzeko nahitaezko desjabetze-espedientea hastea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 22a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala