17. zk., 2019ko urtarrilaren 24a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (229 KB - 4 orri.)
- EPUB (255 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
388
EBAZPENA, 2018ko abenduaren 31koa, Hezkuntzako sailburuordearena, unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko laguntzak erabakitzen dituena (EIMA 2.0).
Euskarazko ikasmaterial digitaletarako laguntza-bideetara dei egin zuen Hezkuntza Sailak 2018ko uztailaren 17ko Aginduaz (2018ko abuztuaren 8ko EHAAn). Hori dela eta, ebazpen-batzordearen proposamenez honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2018ko uztailaren 17ko Aginduan adierazitako prozedurari jarraituz, guztira banatzeko dauden 360.000 euroko diru-partidatik, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren diru-laguntzak esleitzea.
Bigarrena.– Ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren ikasmaterialei diru-laguntzarik ez ematea. Diru-laguntzarik ez ematearen arrazoiak ondokoak dira: II. eranskinean jasotzen dira aginduaren 16.2 artikuluan adierazitakoaren arabera, Proiektuaren Egitura, Edukiaren Egokitasuna, Demoa edota Aurrekontua ataletan gutxieneko maila lortu ez dutenak. Azkenik, III. eranskinean jasotzen direnak, kanpoan gelditu dira deialdiko 15. artikulua betetzen ez dutelako. Hau da, eskatzaile bakoitzeko gehienez, 2 proiektu lagunduko direla dioena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hamar (10) egun naturaleko epea izango du diru-laguntza esleitu zaion produktore bakoitzak bere produkzioa egingo duen ala ez ziurtatzeko. Halaber, hilabeteko epea izango du lan-egutegia aurkezteko. Esleitutako diru-laguntzari berariaz uko egiten ez badiote onuradunek, kudeaketa organoari idatziz, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa egin dezaiokete interedunek Hezkuntzako sailburuari, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 31.
Hezkuntzako sailburuordea,
MIREN MAITE ALONSO ARANA.