5. zk., 2019ko urtarrilaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (257 KB - 6 orri.)
- EPUB (259 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
85
ERABAKIA, 2018ko azaroaren 13koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baita UPV / EHUko Arabako Campuseko Ingeniaritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza ezartzea.
Ingeniaritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza egiteko plangintza bat prestatze aldera, errektoreordetza honek behar diren akordioak sustatu ditu gradu hori 2019/20 ikasturtean abian jartzeko.
Hori dela eta, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenez, eta Unibertsitateko Graduko Batzordeak 2018ko irailaren 13an aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea, eranskinean zehazten den bezala, honako arautegi hau: Arautegia, UPV / EHUko Ingeniaritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza lortzeko dena.
Bigarrena.– Argitara ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Leioa, 2018ko azaroaren 13a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
ARAUTEGIA, UPV / EHU-KO ARABAKO CAMPUSEKO INGENIARITZA MEKANIKOKO ETA ENPRESEN ADMINISTRAZIO ETA ZUZENDARITZAKO GRADU BIKOITZA LORTZEKO DENA
1. artikulua.– Helburua.
Arautegi honen helburua ikasketa-programa bat zehaztea da ikasleek Ingeniaritza Mekanikoko Graduko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko ikasketa planetako irakasgaiak egin ahal izateko (ikus eranskina), hartara graduko titulu biak eskura ditzaten. Programa horren kudeaketa Gasteizko Ingeniaritza Eskolari dagokio, alde batera utzi gabe arautegi honen bosgarren artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
1.– Arautegi hau aplikatuko zaie UPV / EHUak Ingeniaritza Mekanikoko Graduko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzaren ikasketa-programan emango dituen ikasketei.
2.– Ingeniaritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzaren egiturari esker, bertan matrikulatuta dauden eta programako ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizial eskuratuko dituzte aldi berean: Ingeniaritza Mekanikoko Gradua eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.
3.– Araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, Ingeniaritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzaren ikasketa-programaren alderdi akademiko guztiak arautegi honetan zehaztuko dira, eta hemen jasota ez dagoen guztirako, UPV / EHUko arau orokorrak aplikatuko dira.
3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.
1.– Ingeniaritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzeko (aurrerantzean, gradu bikoitza) zuzendaritza akademikoa Batzorde Akademikoari dagokio. Bertan ordezkatuta daude Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Gasteizko Ingeniaritza Eskola, eta batzordearen osaera hurrengo artikuluan dago zehaztuta.
2.– Gradu bikoitzeko koordinatzailea Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakasle bat izango da. Zuzendaritza taldeak izendatuko du eta Ikastegiko Batzarrak onartuko.
4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.
1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:
a) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa edo hark eskuordetutako pertsona.
b) Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.
c) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Arabako Atalaren Koordinazioko dekanordea edo hark eskuordetutako pertsona.
d) Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendariorde bat, eskolako zuzendariak aukeratua.
e) Gradu bikoitzeko koordinatzailea.
f) Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ordezkari bat.
2.– Batzorde Akademikoko idazkaria izango da Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Arabako Atalaren Koordinazioko dekanordea, edo hark eskuordetutako pertsona.
3.– Batzorde Akademikoko burua izango da Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.
1.– Gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoaren ardura izango da, oro har, gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:
a) Ikastegi bietako batzarrei ikasturte bakoitzerako plaza mugak proposatzea, eta batzarrek behin onartuta, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendariari bidaltzea, hark, graduko gainontzeko titulazioetako plaza mugekin batera, bideratu diezazkion arlo horretako eskumenak dituen errektoreordeari.
b) Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.
c) Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegi bietako kalitate batzordeekin koordinazioan.
2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da. Batzordeko buruak deituta bilduko da, edo Batzorde Akademikoko bi kidek gutxienez eskatuta.
3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, kasuan kasuko arloan eskumenak dituen errektoreordeak hartuko du erabakia.
6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.
Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:
a) Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.
b) Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.
c) Batzorde Akademikoak ematen dizkion beste eginkizun batzuk.
d) Beste eginkizun batzuk, UPV / EHUko arauen arabera graduko koordinatzaileari dagozkionak.
7. artikulua.– Onarpena.
1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV / EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.
2.– Gradu bikoitzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da Ingeniaritza Mekanikoko Graduari eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduari dagozkien gai espezifikoen haztapenetik lortutako kalifikaziorik onena.
3.– Gradu bikoitzean onartua izateko, Zientzietako Batxilergoak du lehentasuna.
8. artikulua.– Matrikula.
1.– Administrazio ondorioetarako, gradu bikoitza Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa izango da.
2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan UPV / EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.
3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.
9. artikulua.– Gradu bikoitzaren arau akademikoak.
1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak haren ikasketa-programako irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketa-programa arautegi honen I. eranskinean dago jasota.
2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 66 kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 66 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.
3.– Lehen maila amaitzean, matrikulatu diren 75 kredituetatik gutxienez 42 eduki beharko dituzte gaindituta ikasleek.
4.– Hurrengo maila bakoitza amaitzean, ikasleek gutxienez matrikulatutako kredituen % 60 izan beharko dituzte gaindituta. Edozelan ere, ikasleek gehienez ere zazpi ikasturtetan amaitu beharko dute programa.
5.– Baldintzaren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Hala ere, Ingeniaritza Mekanikoko Graduan edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan –beraiek aukeratutakoan– jarraitu ahal izango dituzte ikasketak. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute ikastegiko dekanotzan edo zuzendaritzan, kasuaren arabera. Ikasle horiek fakultateak/eskolak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.
Era berean, ikasle batek erabakiz gero gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio aukera izan dezan Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradura edo Ingeniaritza Mekanikoko Gradura pasatzeko.
6.– Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko eta Ingeniaritza Mekanikoko Graduko tituluak lortzeko kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzaren ikasketa-programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.
10. artikulua.– Ebaluazioa.
Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ikasleentzat ezarritako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulazio ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegi akademikoaren arabera.
11. artikulua.– Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea.
Gradu bikoitzaren programa gainditzen duten ikasleek Ingeniaritza Mekanikoko Graduko titulua eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko titulua eta horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.
12. artikulua.– Arautegia onartzea.
Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta hemen jasota ez dauden gaietarako, UPV / EHUko arau orokorrei.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau 2019/2020 ikasturtean jarriko da indarrean.