249. zk., 2018ko abenduaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (1642 KB - 17 orri.)
- EPUB (429 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
6379
EBAZPENA, 2018ko abenduaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak 2019ko ekitaldian finantzatzeko laguntzen deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2018ko abenduaren 18ko saioan hartutako erabakiaren bidez, laguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak 2019ko ekitaldian finantzatzeko. maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak 2019ko ekitaldian finantzatzeko laguntzen deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2018ko abenduaren 18ko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onartu zen, eta ebazpen honen eranskin gisa dator.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 18a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LAGUNTZA-DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGU ZENTRO BEREZIETAKO LANBIDE JARDUERARI LAGUNTZEKO UNITATEAK 2019KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO DENA
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta euren gizarteratzeari buruzko Lege Orokorra azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen; bada, lege horren testu bateginaren 43. artikuluak zehazten duenez, enplegu-zentro berezien xede nagusia da ondasunen edo zerbitzuen jarduera produktibo bat egitea, merkatuko operazioetan aldizka parte hartuz, desgaitasuna duten pertsonei ordaindutako lanpostu bat ziurtatzeko; era berean, pertsona horien ahalik eta kopuru handiena ohiko enplegu-erregimenean sartzeko bide bat osatzen dute zentro horiek. Artikulu horrek eransten duenez, enplegu-zentro bereziek eskaini beharko dituzte, laguntza-unitateen bidez, desgaitasuna duten pertsona langileek behar dituzten egokitze pertsonal eta sozialeko esparruen zerbitzuak, haien egoeraren araberakoak eta arauz zehazten denarekin bat datozenak.
Enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko esparruen zerbitzuak esatean, zera ulertzen da, aipatu xedapen arauemailean xedatzen denaren arabera: lanpostu batera heltzeko, han irauteko edo aurrera egiteko, desgaitasuna duten enplegu-zentro berezietako pertsona langileek dituzten oztopoak, trabak edo zailtasunak gainditzen laguntzen duten zerbitzuak. Halaber, gizarte-, kultura- eta kirol-inklusiora bideratutakoak ere barne hartzen dira.
Apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuak, I. kapituluan, Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak arautzen ditu enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan.
Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak lanbide anitzeko taldeak dira, eta horiek, hainbat eginkizunen bitartez, desgaitasuna duten langileek enplegu-zentro berezietan izan ohi dituzten oztopoak edo trabak gainditzen laguntzen dute, lanpostuan txertatzeko prozesuan, eta baita lanpostuan iraun dezaten ere, bereziki, laneratzeko oso zailtasun handiak dituzten pertsonei dagokienez, hala nola, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua izanik, garun-paralisia dutenei, gaixotasun mentalen bat edota desgaitasun intelektualen bat dutenei eta, % 65eko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua izanik, desgaitasun fisiko edo zentzumen-desgaitasunen bat dutenei dagokienez.
Nabarmendu beharrekoa da desgaitasun intelektualen bat eta buru-nahasmenduren bat duten langileek EAEn lortu duten enplegu-bolumen handia (Euskadiko enplegu-zentro berezi guztietako langileen % 50 dira ia). Hori dela-eta, lanpostuetara egokitzeko eta enplegu egonkor eta kalitatekoan gora egiteko beharrezkoak diren lanbide-gaitasunak eskuratzeko ibilbide indibidualizatuetan laguntza bermatuko duten langile espezializatuez hornitu behar dira zentro horiek.
Horrela, Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan txertaturiko langileek hainbat eginkizun dituzte, honako hauek, besteak beste: pertsona eta horren lanpostua aztertuz, desgaitasuna duen langileak bere jarduera gauzatzeko dituen laguntza-premiak atzematea; enpleguan txertatzeko eta enpleguari eusteko pizgarri gisa balio izateko familia- eta gizarte-ingurunearekin izan beharreko harremanak ezartzea; langile desgaituaren autonomia eta independentzia faboratzea; desgaitua lanpostura egoki dadin lortzeko behar diren prestakuntza-programa guztiak garatzea, eta langileari lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzea.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2018ko abenduaren 18an egindako bileran, Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko 2019rako laguntzen deialdia onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, honako baldintza hauek kontuan hartuta:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko diru-laguntzak 2019an emateko baldintzak ezartzea, Enplegu Zentro Berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan.
2. artikulua.– Finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko, 4.200.000 euro bideratutako dira.
2.– Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak 2019ko ekitaldian finantzatzeko laguntzak ematea ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2019. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura egiteko diren gastu-espedienteen izapidetze aurreratua araupetu zen.
3.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen baitan diruz lagundutako kontratuak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan.
3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen helburua da Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan kontratu mugagabea duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzako kostuak finantzatzea 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte finantzatzea, betiere langile horiek apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako eginkizunak gauzatzen badituzte.
4. artikulua.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun izateko aukera izango dute nortasun juridiko propioa duten eta honako eskakizun hauek betetzen dituzten Enplegu Zentro Berezien titular diren erakundeek eta zentroek berek:
a) Enplegu Zentro Bereziak erregistratuta egotea Enplegu Zentro Berezien Erregistroan.
b) Enplegu Zentro Berezietako langileen zerrendan, hurrengo artikuluan jasotako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila duten langileak egotea.
c) Enplegu Zentro Berezien laguntza-unitateek hurrengo paragrafoan aurreikusitako osaera izatea.
2.– Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateen osaerak honako modulu hauekin bat etorri behar du:
a) 5. artikuluan deskribaturiko kasuetako batean dauden 15 langile desgaitu gehienez; erdi-mailako edo goi-mailako teknikari bat (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), gutxienez lanaldiaren % 20an, eta produkzioan laguntzeko arduradun bat lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
b) 16-30 langile; erdi-mailako edo goi-mailako teknikari bat (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituena), gutxienez lanaldiaren % 80an, eta produkzioan laguntzeko bi arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
c) 31-45 langile; erdi-mailako edo goi-mailako bi teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituztenak), horietako bat lanaldi osoan eta besteak gutxienez lanaldiaren % 50ean, eta produkzioan laguntzeko hiru arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
d) 46-60 langile; erdi-mailako edo goi-mailako bi teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituztenak) lanaldi osoan, eta produkzioan laguntzeko lau arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
e) 61-75 langile, erdi-mailako edo goi-mailako 3 teknikari (edo jakintza eta/edo esperientzia parekagarriak dituztenak), horietako bi lanaldi osoan eta bestea gutxienez lanaldiaren % 50ean, eta produkzioan laguntzeko bost arduradun lanaldi osoan edo, kontratazioa lanaldi partzialerako egiten den kasuan, proportzionalki dagokion lanaldian.
f) 75 langile baino gehiago izanez gero, proportzionalki ezarriko da Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitatearen plantilla, aurretiaz adierazitako irizpideei jarraikiz.
Hurrengo artikuluan ezarritako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila duten langileen kopurua (zerbitzua langile horiei zuzenduta dago) modulu bakoitzari dagokion mugarekin bat ez badator, Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateko langileen lanaldiak proportzionala izango da desgaitasuna duten langile horien kopuruarekiko.
Justifikaturiko kausak direla-eta Unitate horiek osatzen dituzten langileen artean lanposturen bat hutsik geratzen bada, arestian ezarritako proportzionaltasunari eusteko bete beharko dira lanpostu huts horiek.
3.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoaz gain, erakunde onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai laguntza ematerakoan bai ordainketak egiterakoan, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko; izan ere, betetzekoak izango dira, alde horretatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikulua.
Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan behar ditu.
c) Ez izatea zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean direla.
d) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
5. artikulua.– Azken hartzaileak.
Programa honen azken hartzaileak desgaitasuna duten Enplegu Zentro Berezietako langileak izango dira, betiere ondoren deskribaturiko kasuren batean badaude:
a) Garun-paralisia, gaixotasun mentalen bat edo desgaitasun intelektuala duten pertsonak, baldin eta % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua badute.
b) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, baldin eta % 65eko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua badute.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa urteko zenbateko finko bat izango da aurreko artikuluan adierazitako desgaitasun-mota eta desgaitasun-maila dituen eta denbora mugagaberako lanaldi osoan edota sei hilabeteko edo gehiagoko aldi baterako kontratu baten bidez kontrataturiko pertsona bakoitzeko. Kontratu mugagabearen kasuan, diru-laguntza urteko 1.200 eurokoa izango da, eta, aldi baterako kontratuen kasuan, aldiz, 600 eurokoa.
Horretaz gain, diru-laguntza lanaldiaren proportzioari jarraikiz murriztuko da, baldin eta Laguntzeko Unitateko langileen nahiz azken hartzaileen kontratua lanaldi partzialekoa bada.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak inola ere ezin izango ditu gainditu, bakarrik edota beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edota baliabideren batekin batera, Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen soldata-kostuak edo Gizarte Segurantzako kostuak, diruz lagundutako denbora-tarteari dagozkionak.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen eranskinean ageri den eredu ofizialean aurkeztu beharko dira deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbideren bulegoetan.
Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
2.– Eskabide-orriarekin eta horren A, B, C eta D eranskinekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) LJLUren memoria deskribatzailea, gutxienez ere honako hauek zehaztuz:
– Kokaleku fisikoaren xehetasunak.
– Jarduketa-esparrua.
– Unitatearen osaera, teknikariak eta arduradunak bereizita.
– Organigrama funtzionala.
b) Urteko kudeaketa-plana, gutxienez honako hauek zehaztuta:
– Lortu beharreko helburuak.
– Jarduketen tenporalizazioa.
– LJLU osatzen duten langileen eginkizunen deskribapena.
– Eskura izango diren azpiegiturak, baliabideak eta bitarteko instrumentalak.
– Zerbitzu-ematearen baldintzak.
c) NANaren fotokopia –salbu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari baimendu bazaio nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa egitea– eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.
d) Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetan diru-laguntza hauen bidez kontratatu diren langileen urteko ordainsari gordina egiaztatzen duen ziurtagiria.
3.– Eskabideak deialdi honetan eskaturiko baldintzak betetzen ez baditu, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari falta edo akatsa konpontzeko. Interesdunak zuzentzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73. artikuluan xedatutako ondorioak izango ditu horrek.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak emango dira. Programa hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoa ez badira eskatutako laguntza guztiak ordaintzeko, onartutako eskabideen artean banatuko dira funtsak, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe bakoitzari legokiokeen laguntzaren proportzioan.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.
4.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei diru-laguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako diru-laguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Diru-laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira esleitzen direnean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimena aplikatu beharko da; dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, erakundeek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz, Lanbidek emandako jarraibideen eta ereduaren arabera.
Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.
10. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
Diru-laguntzaren onuradun izateko, erakundeek honako hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko martxoaren 31 baino lehen:
a) Laguntzeko Unitateen jarduerari buruzko memoria, diruz lagundutako aldiari dagokiona.
b) Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen nominen –diruz lagundutako denboraldikoen– kopia, eta Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuen –kotizazioak likidatzeko ordainagarien eta RNT (langileen zerrenda nominala) agirien– kopia. Halaber, kotizazio-datuei buruzko txostena (IDC dokumentua) aurkeztu beharko da kontrataturiko pertsona bakoitzeko.
c) Kontrataturiko langile bakoitzari buruzko justifikazioa, desgaitasun-mota eta -maila zehaztuta, bai denbora mugagaberako eta lanaldi osoz kontrataturikoen kasuan, bai sei hilabeteko edo gehiagoko aldi baterako kontrataturikoen kasuan (espresuki zehaztuko da zer langileri egin zaien aldi baterako kontratua).
d) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako diru-laguntza edo laguntzak jasotzeari edo ez jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoak Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko langileen soldata-kostua eta Gizarte Segurantzako kostua gainditzen dituela, itzultze-prozedura abiaraziko da, 14. artikuluan xedatutako prozedurarekin bat etorriz.
11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.
b) Diru-laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea.
c) Honako erakunde hauek egin beharreko egiaztatze-jardunak onartzea: Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiko esku-hartze organoak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Europako funtsen gaineko kontrol-organoak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar du enpresa onuradunak, aparteko kontularitza identifikatuz edo kontularitza-kode egoki batez.
d) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako diru-laguntza edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea.
e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada gerora, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar du onuradunak.
f) Berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla laguntzak, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan, deialdi honen babespean diruz lagundutako jarduerak komunikatzeko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.
Erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
g) Gutxienez 2025era arte gordetzea eta zaintzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, badaezpada inoiz egiaztatzen bada deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.
12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako diru-laguntza aldatzea, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
13. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Orokorrean, deialdi honetan deskribatutako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango ditu gainditu, diruz lagundutako aldian, Laguntzeko Unitateetan denbora mugagaberako kontrataturiko pertsonen soldata-kostua eta Gizarte Segurantzako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
14. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzeko prozedura.
1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta diru-laguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
5.– Borondatezko aldi horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
15. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, eskubide horiek egikaritzea eskatzeko idazki bat igorri behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago eta xeheagoa kontsulta daiteke web-orri honetan: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/
16. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, desgaitasuna duten langileen enpleguaren kostu gehigarriak konpentsatzeko laguntzak arautzen dituen 34. artikuluaren mende ere egongo dira.
17. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.
Diru-laguntzak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu dituenez, bete beharrekoak dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 (EB) Erregelamendua, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua indargabetzekoa.