249. zk., 2018ko abenduaren 28a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (239 KB - 7 orri.)
- EPUB (324 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
6374
EBAZPENA, 2018ko abenduaren 19koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez, euskal etxeei diru-laguntzak emateko 2019. urteko deialdia egiten baita, atzerrian dauden euskal gizataldeetako kide diren eta egoera larrian eta asistentzia-faltan dauden pertsonei laguntzeko.
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuak (2003ko urriaren 10eko EHAA, 198. zk.) euskal etxeei eman beharreko diru-laguntzak arautzen ditu. Diru-laguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako kideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko dira.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da 2019ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia egitea. Deialdiari gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 13.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari dagokio bere eskumeneko arloko diru-laguntzen deialdia egitea, bere eskumen-eremuari dagozkion arloetan, eta diru-laguntzen ebazpena, ordea, gaiaren arabera eskumena duen zuzendariak emango du.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
Euskal etxeei 202.000 euroko diru-laguntzak emateko deialdia egitea. Diru-laguntza horiek 2019ko ekitaldiari dagozkio eta atzerrian dauden euskal gizataldeetako kideen asistentzia-premiei eta egoera larriei erantzuteko dira. Eranskinean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
2. artikulua.– Aldez aurreko izapidea.
2019ko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautu zen.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta irailaren 30eko 222/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.