Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2018ko abenduaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
6373

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 19koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2019an euskal etxeei emango zaizkien diru-laguntzetarako.

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bidez (2008ko apirilaren 11ko EHAA), euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezarri zen, eta irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren bidez (2014ko irailaren 17ko EHAA), ordea, aldatu egin zen dekretu hura. Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, diru-laguntza haietarako deialdia urtero egingo da Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren pertsona titularraren ebazpen baten bidez.

Deialdi honi gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, deialdia egin nahi da 2019. urtean euskal etxeei, etxeon federazioei eta konfederazioei emango zaizkien diru-laguntzetarako, martxoaren 18ko 50/2008ko Dekretuan araututako baldintzetan. Irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen dekretu hori.

Bigarrena.– Diru-laguntza jaso dezaketen jardueren denbora-eremua.

Deialdi honetara aurkezten diren programak eta jarduerak 2019. urtean gauzatu beharko dira eta abenduaren 31rako amaituta egon beharko dira.

Hirugarrena.– Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta jarduerak.

1.– Ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak. IV. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira funtzionamendu-gastuak eta baita irabazi-asmorik gabeko urteko programa eta jarduera zehatzak ere, honako jarduera eremu hauetan, batez ere:

a) Gazteria.

b) Emakumea.

c) Kanpo-irudia eta komunikazioa.

d) Memoria historikoaren berreskurapena.

Euskal etxeen funtzionamendu- eta mantentze-gastuak (langileen soldatak, gizarte-segurantza, bidaia-gastuak, ura, argindarra, berogailua, zergak, aseguruak, alokairuak eta antzekoak) diruz lagundu ahal izango dira, baina ezingo dira jarduera-gastuak baino handiagoak izan eta esleitutako diru-laguntzaren % 50eko muga dute.

2.– Azpiegitura- eta ekipamendu-gastuak. VII. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira euskal etxeetako, etxeon federazioetako eta konfederazioetako azpiegitura- eta ekipamendu-gastuak, honako hauei lehentasuna emanez:

a) Katastrofeek eragindako kalteak konpontzeari.

b) Hesi arkitektonikoak kentzeari.

c) Euskal etxeen egoitza berriak eraikitzeari.

d) Gazteentzako guneak egokitzeari.

e) Gazteen eta emakumeen jarduerak aurrera eramateko teknologiak sartzeari.

3.– Kapitulu bakoitzean esleitzen diren diru-laguntzen gutxieneko kopurua 300 eurokoa izango da. Zenbatekoa zehazteko ezarritako formula erabilita ateratzen den zenbatekoa gutxieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, ez da diru-laguntzarik emango.

4.– IV. kapitulurako emango diren diru-laguntzen gehienezko kopurua 30.000 eurokoa izango da euskal etxeentzat, eta 50.000 eurokoa federazioentzat. Gehienezko kopuru hori ez zaie ezarriko euskal etxeen federazioei.

5.– VII. kapitulurako emango diren diru-laguntzen gehienezko kopurua 10.000 eurokoa izango da.

Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak bederatziehun eta bi mila eta hirurehun (902.300) euro dira guztira, honela banatuta:

a) IV. kapitulurako: 117.345 euro ordainketa-kredituetan eta 664.955 euro konpromiso-kredituetan.

b) VII. kapitulurako: 18.000 euro ordainketa-kredituetan eta 102.000 euro konpromiso-kredituetan.

2.– Ebazpen honetan aipatzen den diru-laguntzen deialdia egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea erabiliko da –Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan arautu zen izapidetze hori–; deitutako diru-laguntzak esleitzeko, beraz, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzetara aurkezteko eskabideak I. eranskinean edo www.euskadi.eus/euskaldunak web-orrian dagoen eredu normalizatuan egingo dira.

2.– Eskabideak helbide honetara igorriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz. Euskadik dituen ordezkaritzetara ere igorri ahal izango dira, ordezkaritzak dituzten herrialdeetan.

3.– Eskabideak, halaber, euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren xedapen gehigarrietako bigarrenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean 16.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita aurkeztu ahal izango dira.

4.– Eskabideak aurkezteko azken eguna 2019ko otsailaren 28a izango da.

Seigarrena.– Ohiko gastuetarako eta jarduerak antolatzeko eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (IV kapitulua).

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko:

1.– Euskadirekiko eta beste herrialde batzuetan errotutako euskal gizataldeekiko harreman sozialak, ekonomikoak eta kulturalak indartzea, Aholku Batzordeak onartutako lau urterako Planarekin bat etorriz (30 puntu gehienez):

a) Inguruko euskal etxeekiko harremanak - 10 puntu gehienez (10 eta 6 artean, asko badira; 5,99 eta 0 artean, gutxi badira edo ez badago).

b) Euskadirekiko harremanak - 10 puntu gehienez (10 eta 6 artean, asko badira; 5,99 eta 0 artean, gutxi badira edo ez badaude).

c) Beste herrialde batzuetako euskal etxeekiko harremanak - 10 puntu gehienez (10 eta 6 artean, asko badira; 0 eta 5,99 artean, gutxi badira edo ez badaude).

2.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia, barne-kohesioa bultzatuz (35 puntu gehienez):

a) Bazkide-kopurua: 15 puntu gehienez (puntu bat 100 bazkideko – 10 puntu arte; puntu bat 35 urtetik beherako 25 bazkideko – 5 puntu arte).

b) Programatutako jardueraren maila, aurkeztutako ekitaldi-kopurua eta garrantzia kontuan izanik - 20 puntu gehienez (10 eta 20 puntu artean, ekitaldi ugari edo era desberdinekoak badira; 9,99 eta 0 artean, ekitaldi gutxi edo antzekoak badira).

3.– Erakunde eskatzailearen jardun-ibilbidea (25 puntu gehienez).

a) Jarduerak kanpoan duen garrantzia edo oihartzuna: komunikabideak, publikoa, etab.– 10 puntu gehienez (10 eta 6 artean, hedapen handiko komunikabideetan azaltzen badira; 5,99 eta 0 artean, komunikabide gutxitan edo hedapen mugatuko komunikabideetan edo tokikoetan baino azaltzen ez badira edo inolakotan azaltzen ez badira).

b) Jarduerak aurrera eramateko azpiegituren egokitasun maila (egoitza, web-orria, etab.) - 5 puntu gehienez (5 eta 0 puntu artean egoitza fisikoa eta edo birtuala nahikoa/egokia bada aurkeztutako ekitaldian aurrera eramateko).

c) Azken urterako jardun-kurba - 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu artean, ekitaldiek gorako joera badute edo berriak egiten badira; 5,99 eta 0 puntu artean, ekitaldiak betikoak badira edo inoiz baino gutxiago).

4.– Aurrera eramango diren programa, ekintza edo jardunen genero-ikuspuntua (10 puntu gehienez).

a) Emakumeen parte hartzea zuzendaritza batzordeetan berdintasun baldintzetan – 5 puntu gehienez (5 eta 0 artean, zuzendaritzetan parte hartzen duten emakumeen kopuruaren arabera, eguneratutako datuetan oinarrituta).

b) Diskriminazio positiboko jardunak - 5 puntu gehienez (5 eta 0 artean, urtean zeharrerako programatutako gizonezko eta emakumezkoen berdintasuna lortzeko diskriminazio positiboko jardun-kopuruaren eta garrantziaren arabera).

5.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu gehienez).

a) Ibilbide ekonomikoa, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila – 10 puntu gehienez (10 puntu, aurreko justifikazioak garaiz eta era egokian egin dituzten euskal etxeen eskabideei, eta baita aurreko urtean diru-laguntzarik jaso ez zutenei ere; 5 puntu era egokian baina epez kanpo justifikatutakoei; eta 0 puntu ez garaiz ez era egokian egin ez zutenei).

b) Norbere baliabideak – 20 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):

– % 0-25 bitarteko autofinantzatzea: 0 eta 5 puntu artean.

– % 26-50 bitarteko autofinantzatzea: 6 eta 10 puntu artean.

– % 51-75 bitarteko autofinantzatzea: 11 eta 15 puntu artean.

– % 76-100 bitarteko autofinantzatzea: 16 eta 20 puntu artean.

Autofinantzazio portzentaia kalkulatzeko bi kontzeptu hauek izango dira kontuan, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du:

1.– Euskal etxearen diru-sarrera propioak diru-sarrera orokorren artean zatitu dira, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.

2.– Eskatutako diru kopurua eskabidean aurkeztutako guztirako aurrekontuaren artean zatitu da, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.

Zazpigarrena.– Azpiegitura eta ekipamendu gastuetarako eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (VII. kapitulua):

1.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia (30 puntu gehienez):

a) Bazkide kopurua: puntu bat 100 bazkideko - 7,5 puntu gehienez.

b) Ekitaldiak eta kultura zabaltzea - 7,5 puntu gehienez (seigarren oinarriko 2.b irizpidea bezala aplikatuz).

c) Hartzen duen eremu geografikoaren garrantzia: herria, hiria, eskualdea, herrialdea - 7,5 puntu gehienez (7,5 puntu baldin eta euskal etxearen eragin eremuak kokatzen deneko herrialde osoko erakunde sarea hartzen badu, edo herrialde horretako euskal etxe bakarra bada; 5 puntu bere eragin eremua herrialde bateko hiriburua bada; 4 puntu erregio edo estatua hartzen badu, edo itzal handiko hirian kokatzen bada; 2 puntu hiri mailakoa bada eragina).

d) Premiazko konponketak eta abian dauden obra edo ekipamendu proiektuak - 7,5 puntu gehienez (konponketa premia edo larritasunaren arabera, martxan dagoen proiektu baten jarraipenak ere aldeko balorazioa izanik).

2.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (35 puntu gehienez).

a) Ibilbide ekonomikoa ekipamendu eta obretan, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila - 10 puntu gehienez (Seigarren Oinarriko 5.a) irizpidea bezala aplikatuz).

b) Norbere baliabideak - 15 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):

– % 0-25 bitarteko autofinantzatzea - 0 eta 3 puntu artean.

– % 26-50 bitarteko autofinantzatzea - 4 eta 7 puntu artean.

– % 51-75 bitarteko autofinantzatzea - 8 eta 11 puntu artean.

– % 76-100 bitarteko autofinantzatzea - 12 eta 15 puntu artean.

c) Egoitza mota: jabegoan, 10 puntu; edo alokairuan, 5 puntu.

3.– Proiektuaren premia eta egokitasuna (35 puntu gehienez).

a) Obra edo ekipamenduaren premia-maila - 20 puntu gehienez (hondamendi naturalak, hirugarrenek eragindako bandalismoa edo oztopo arkitektonikoak ezabatzea bezalako ustekabekoak kontuan izanda, 20 puntu emango dira premia larrikoak direnean; 15 puntu, premia handikoak direnean; 10 puntu, premia ertainekoak direnean, eta 5 puntu, premia txikia denean edo gastua atzeratzeko modukoa denean).

b) Premia horri aurre egiteko, aurrekontuaren egokitasun maila, aurrekontuak duen oreka baloratuz euskal etxeak oro har duen garrantziaren arabera - 15 puntu gehienez (15 puntu, aurkeztutako aurrekontua egokia edo merkea denean; 10 puntu, onargarria edo normala denean; 0 puntu, desegokia edo garestiegia denean).

Zortzigarrena.– Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Gorka Alvarez Aramburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeko lehendakaria.

– Andoni Martin Arce jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikoa, bokala.

– José Manuel Meaurio Antón jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikoa, bokala.

– M.ª Isabel Etxabarria Perez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, batzordeko idazkaria.

Bederatzigarrena.– Prozedura ebaztea.

Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, deialdia ebatziko du Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak.

Hamargarrena.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Erakunde onuradunek diru-laguntza jaso duen jarduerak sortutako gastuak justifikatzeko agiriak errazago aurkez ditzaten, eta ahal den neurrian erakunde horiei argibideak eskatzen ibili behar ez izateko eta esleitutako diru-laguntzaren azkeneko ordainketa ez atzeratzeko, informazio-orri baten eredua jarri da II. eranskinean; hor adierazi beharko dira aurkeztutako gastuen fakturak eta frogagiriak, behar bezala zenbakituta, identifikatuta eta sailkatuta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan aurreikusten diren diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24ko EBAO, L 352. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Diru-laguntzok minimis laguntzen barruan daude, pertsona juridiko edo fisiko zehatz bati emandako diru-laguntza osoa ez delako 200.000 eurotik gorakoa, hiru zerga-ekitalditan zehar. Uste da muga horren azpitik diru-laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten edo ez dutela lehia desitxuratzen; beraz, ez dira EBren Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremukoak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan eta euskal etxeen diru-laguntzak arautzen dituen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuan arautu ez den guztirako, hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena); Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ANGELES ELORZA ZUBIRIA.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
EUSKAL ETXEAK
2019

1.– Erakunde eskatzailearen datuak.

Izena:...................................................................................................................................

Hiria:................................................... Herrialdea:...............................................................

2.– Finantza-koadroa (tokian tokiko monetan).

(Ikus .PDF)

3.– Aurkeztutako dokumentuak.

– Diru-laguntzarako deialdiaren aurreko urteko aurrekontu ekitaldian izan dituen diru-sarreren eta gastuen balantzea.

– Diruz lagundu nahi den programa, ekintza edo jarduera deskribatzen duen txostena. Pertsona fisikoei laguntzeko programetan erabili diren aukeraketa-irizpideak ere zehaztu beharko dira txosten horretan.

– Programa, jarduera edo ekintza burutzeko kostuen estimazioa, tokian tokiko monetan, aurreikusitako irabazi eta gastuak berariaz (azpiegitura edo ekipamendu inbertsioak direnean, profesional aditu batek egindako proiektua eta aurrekontua erantsi beharko dira).

– Diru-laguntza eskatu duen erakundearen zuzendaritza-organoetan eta erakunde horrek antolatutako ekintzetan emakumeak duen parte-hartzeari buruzko txostena.

– Euskal etxeak diru-laguntza deialdiaren aurreko urteko aurrekontu-ekitaldian burutu dituen jardueren txostena.

– Legezko ordezkariaren aitorpena, urtean bertan eta aurreko bi urteetan beste minimis laguntzaren bat jaso duen ala ez adierazteko.

– Erakunde eskatzaileak ez du ez isun administratibo ez zigor penalik jaso diru-laguntza publikoak eskuratzeko ahalmena kentzen dionik, eta ez dago legalki galarazita horiek jasotzeko.

– Legezko ordezkariak ziurtatzen du aurkeztutako datuak bat datozela diruz lagundu nahi den euskal etxearen benetako estimazioekin.

Legezko ordezkariaren izena, data, eta sinadura.

II. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZA JUSTIFIKATZEKO ORRIA

Deialdi honen bitartez ematen diren diru-laguntzen zuriketa-prozesua errazteko, hemen atxikitzen da hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharreko zuriketa-orriaren eredua.

Erakunde eskatzailearen izena:

Esleitutako diru-laguntza (zenbatekoa eurotan):

IV. kapitulua:

VII. kapitulua:

Aurkeztutako agiriak:

IV. kapitulua:

VII. kapitulua:

Fakturen eta ziurtagirien zerrendaren zehaztasunak (kapitulu bakoitzean dauden kontzeptuen arabera bilduta).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala