Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2018ko azaroaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ARARTEKOA
5897

EBAZPENA, Arartekoarena, 2018ko azaroaren 23koa. Honen bitartez, arloko teknikari bat behin behineko langile gisa hautatzeko prozedura iragartzen da.

Arartekoaren zerbitzuko langileen atxikipena arautzen duen araudian xedatutakoarekin bat etorriz (Arartekoa sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 38.etik 40.era bitarteko artikuluak, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamenduaren araudiaren 30. artikulua eta ezarri beharreko gainerako arauak), erakunde honek erabaki du arloko teknikari bat hautatzeko prozedurarako deialdia egitea; hautatutako pertsona behin behineko langilea izango litzateke, eta aurrekontuan kategoria horretarako ezarritako ordainsaria jasoko luke.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Iragarritako lanpostua.

Deialdi honen bidez, arloko teknikari bat hautatu nahi da, funtsean eginkizun hau betetzeko: Arartekoaren Europako eta Nazioarteko Gaien Bulegoak (EIAD, ingeles sigla) berezko dituen jarduerekin lotutako gaiei dagokienez, txosten, azterlan eta gomendioak egiten laguntzea. Era berean, bulego horri emandako eginkizunak betetzeko asmoz eskatzen den edozein agiri prestatzen laguntzea eta kudeaketa-lanak egitea. Hautaturiko pertsonak, orobat, bulego horri eman zaizkion zereginak betetzeko beharrezkoak diren jarduerak programatzen lagundu beharko du, eta antolaketa nahiz partaidetza lanak egin beharko ditu Arartekoaren Europako eta Nazioarteko Gaien Bulegoaren (EIAD) jarduera-esparruan programatzen diren ekitaldietan. Nolanahi ere, laguntza hori Arartekoan dauden beste arlo batzuetara ere heda daiteke, baldin eta zerikusia badute nazioarteko zuzenbidearekin eta Europako zuzenbidearekin eta eskubideen defentsa-erakundeek Europan eta nazioartean dituzten eginkizunekin.

Deialdi honek eskatzen duen espezializazioa kontuan hartuta, hautatutako pertsonak oso ondo jakin behar ditu ingeles eta frantses hizkuntzak, eta ondo ezagutu nazioarteko harremanen esparrua eta Europako eta nazioarteko zuzenbideak, oro har. Era berean, egiaztatu beharko du eskarmentua duela eta ondo ezagutzen duela Europan eta nazioartean pertsonen eskubideak babesteari buruzko gaia.

Bigarrena.– Betekizunak.

Deialdian parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, zuzenbideko lizentziaturako edo graduko unibertsitate-titulua izan beharko dute interesdunek, eta egiaztatu behar izango dute gutxienez urtebeteko lan-esperientzia dutela iragarritako lanpostuaren espezializazioarekin bat datozen zereginetan. Gainera, gutxienik ingeleseko C1 maila eta frantseseko B2 maila dituztela egiaztatu beharko dute.

Hirugarrena.– Merezimenduak.

Merezimenduak frogen bitartez egiaztatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Oro har, honako merezimendu hauek hartuko dira kontuan:

1.– Nazioarteko zuzenbidean espezializatutako titulu akademikoak.

2.– Eremu publikoan izandako lan-ibilbidea, lanpostu honetarako berezitasunekin zerikusia duten beste lanpostu batzuk betetzearekin lotutakoa, eta, bereziki, Europan eta nazioartean pertsonen eskubideak babestearekin.

3.– Beste eremu batzuetan egindako lana, zehaztutako eginkizunetakoren batekin lotutakoa.

4.– Harremanen eta nazioarteko edo/eta Europako zuzenbidearen arloan egindako prestakuntza-ikastaroak.

5.– Euskaraz jakitea.

6.– Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea.

Balorazio Batzordeak ezarriko ditu merezimendu horiek baloratzeko irizpideak.

Laugarrena.– Eskabideak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak, ebazpen honekin batera erantsitako ereduaren arabera, Arartekoaren erregistroan aurkeztuko dira (Gasteizko Prado kaleko 9. zenbakian), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan xedatutako moduan, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartzeko eskaerari honako hauek erantsiko zaizkio:

1.– NANaren fotokopia edo, bestela, AIZrena, pasaportearena edo agiri baliokidearena.

2.– Prozesuan parte hartzeko aukera ematen duen unibertsitate-tituluaren fotokopia.

3.– Eskarmentua eta bigarren oinarrian eskatutako ingeles eta frantses hizkuntzen ezagutza egiaztatzen duten agiriak.

4.– Curriculum-memoria; bertan adieraziko dira egokitzat jotzen diren inguruabar eta kontu guztiak, batik bat adierazitako merezimenduak.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.

Arartekoak izendatuko du hautapen-prozesuko Balorazio Batzordea, eta honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

● Arartekoaren ondokoa.

Batzordekideak:

● Idazkari nagusia.

● Arartekoaren Europako eta Nazioarteko Gaien Bulegoko (EIAD) teknikari arduraduna.

● Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ordezkari bat.

● Giza eskubideekin zerikusia duen nazioarteko erakunde bateko ordezkari bat.

Batzordeak idazkari-lanak egingo dituen kide bat izendatuko du batzordekideen artean.

Arartekoak, hala badagokio, ordezko batzordekideak izendatuko ditu, eta horiek titularrak ordezkatuko dituzte, baldin eta haiek arrazoi bidez zeregin horri uko egiten badiote, edo eginkizun hori betetzerik ez badaukate.

Ezingo da batzordea eratu eta hark ezingo du jardun, batzordekideen gehiengoa bertan ez badago. Berdinketarik badago, batzordeburuak izango du kalitateko botoa.

Seigarrena.– Hautapen-prozesua.

Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, Balorazio Batzordeak hautapen-prozedurako eskatzaileak onartzen ala baztertzen dituen erabakiko du. Onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda onartzeko erabakia, bai eta ondoren egindako prozedura horri buruzko komunikazio oro Arartekoaren webgunean (www.ararteko.eus) argitaratuko dira.

Horietan, NANaren, AIZren, pasaportearen edo agiri baliokidearen zenbaki osoa bakarrik erabiliko da interesdunak identifikatzeko.

Eskatzaileen behin betiko zerrenda onartu ondoren, Balorazio Batzordeak lehenengo hautapena egingo du; horretarako, hautagai bakoitzak egiaztatutako merezimenduak aztertuko ditu.

Gero, hautagai guztiei edo hautatutako batzuei dei egingo die elkarrizketa pertsonalak egiteko. Horietan, kasuan kasuko hautagaiaren ezagutzetatik eta lan-esperientziatik ondorioztatuko da lanpostuko eginkizunak burutzeko beharrezkoa den gaitasuna baduen. Elkarrizketak egitearekin batera, beharrezkotzat jotzen bada, proba praktiko bereziren bat egin dezaten eskatu ahal izango zaie hautagaiei, batez ere eskatutako hizkuntzak erabiltzeari dagokionez.

Merezimenduak baloratu eta, hala badagokio, elkarrizketa pertsonalak eta probak egin ondoren, Balorazio Batzordeak arartekoari proposamena egingo dio, eta han hurrenkeran jasoko ditu iragarritako lanpostua betetzeko egokientzat jotzen dituen pertsonak.

Baldintza egokiak betetzen dituen hautagairik ez dagoela irizten bazaio, lanpostua bete gabetzat jo dadin proposatu ahal izango du Balorazio Batzordeak.

Zazpigarrena.– Izendapena.

Balorazio Batzordeak proposatutako pertsonetatik, arartekoak libreki izendatuko du hautatutako pertsona. Hilabeteko epean hasi beharko du lanean iragarritako lanpostuan, deialdi hau ebazten duen Arartekoaren erabakia jakinarazten zaion egunetik aurrera.

Izendatutako pertsona behin-behineko langilea izango da, eta Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan Eusko Legebiltzarreko behin-behineko langileentzat ezarritako araubidea ezarriko zaio.

Zortzigarrena.– Inpugnazioak.

Balorazio Batzordearen ebazpenei Ararteko erakundean aurka egin ahal izango zaie, hamar egun naturaleko epean, horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 23a.

Arartekoa,

MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala