Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2018ko azaroaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5746

AGINDUA, 2018ko azaroaren 14koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Hondarribiko udalerriko Muliate eremuko alokatzeko babes ofizialeko 33 etxebizitza esleitzeko prozedurari.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– VISESA Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EAk eta Hondarribiko Udalak 2014ko maiatzaren 22an hitzarmen bat sinatu dute Hondarribiko Muliate eremuan 300.2 lursaileko 36. gunean babes ofizialeko 65 etxebizitza eraikitzeko erregimen orokorrean. Haietatik 32 etxebizitza erosketarako emango dira eta 33 alokairurako. Alokairuan emango direnak arautzen dira agindu honen bidez.

Horretarako Hondarribiko Udalak VISESAri Muliateko (a.300.2 36 gunea, 34/36 exekuzio-unitatea) lurzorua emango dio bertan aipatutako etxebizitzak eraiki ditzan. 33 horietatik, 15 Hondarribiko Udalarenak izango dira eta beste 18 etxebizitzaren jabea VISESA izango da. Hitzarmenean esaten da VISESAk hirugarren bati eman ahal diola eskumena hark esleipenen kudeaketa egin dezan, hala nola Eusko Jaurlaritzari, Alokabideri edo alokairuan etxebizitza sozialak kudeatzea eginkizun duen beste edozeini. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak jaso du lan hau, hain zuzen ere Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak.

Bigarrena.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2014ko abuztuaren 8ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen 33 babes ofizialeko etxebizitzako sustapen horrek. Sustapena Hondarribiko udalerrian kokatuta dago, Muliate eremuan eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (VISESA) baltzu publikoak sustatzen du, EB3-0699/14-LC-000 espediente zenbakia duela.

Hirugarrena.– Etxebizitza horietako bi, 81,28 m²-ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude eta bi gela dituzte. Gainontzeko 31 etxebizitzetatik bi logela bakarrekoak dira eta 40,36 m² eta 42,77 m² bitarteko azalera dute; 26 etxebizitza bi logelakoak dira eta 52,57 m² eta 70 m² bitarteko azalera dute, hiru etxebizitza hiru logelakoak dira eta 78,53 m² eta 79,19 ²m-ko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio agindu hau xedatzea, hala xedatuta baitago Babes Publikoko Etxebizitzen Erregimenari eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan dela eta. Sustapeneko etxebizitzak aipatutako 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. Tituluko III. Kapituluko 1. atalean ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira.

Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak eskubidea onartzen dio Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegokoan duen pertsona orori etxebizitza duin eta egoki bat izateko. Legearen laugarren xedapen iragankorra ezarriko da erregelamendu-xedapenak argitaratzen diren arte.

Aipatutako xedapen horrek honako baldintza hauek betetzen dituzten bizikidetza-unitateei onartzen die etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten bi kideko bizikidetza-unitateak eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten kide bakarreko bizikidetza-unitateak. Guztiei alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna eskatzen zaie Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan.

Eskubide subjektibo honen onarpenak bizikidetza unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzerakoan; lehentasun hori prozedura honetan kontuan hartu beharko da.

Hirugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan bost kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.

Laugarrena.– Hondarribiko Udalak eta VISESAk 2014ko maiatzaren 22an sinatutako hitzarmenaren bosgarren klausulan ezarritakoari jarraituz Muliateko esleipenaren onuradunek Hondarribiko Udalean 10 urteko errolda antzinatasuna dutela egiaztatu behar dute. Errolda horrek etenak izan ditzake. Baldintza hau betetzen dutenen zerrenda agortzen denean esleitu gabeko etxebizitzarik geratzen bada Hondarribiko Udalak eta VISESAk sinatutako hitzarmenean ezarritakoa jarriko da indarrean.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Hondarribiko udalerriko Muliate eremuan alokatzeko babes ofizialeko 33 etxebizitza esleitzeko prozedurari.

Bigarrena.– agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Hondarribiko udalerrirako izen emanda daudenek parte har dezakete esleipen-prozedura honetan, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako batek EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu behar du agindu hau argitaratzen den egunean; era berean, Hondarribiko Udaleko erroldan 10 urteko antzinatasuna duela egiaztatu behar du; errolda-aldi horrek etenak izan ditzake.

b) 2017. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten elbarriek, elbarri psikikoek, edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da.

c) Etxebizitza jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den egunaren aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako etxebizitza-premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

Hirugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honako hauek gordeko dira:

a) Bi etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, honako lehentasun-ordena hau hartuko da kontuan:

1.– Gurpil-aulkian ibili behar duten pertsonak.

2.– Bi makilaren mendekotasuna duten pertsonak.

3.– 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten pertsonak.

b) Etxebizitza bat, agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileentzat. Gisa horretako eskatzailerik ez badago, etxebizitza hori gainontzeko eskatzaileen artean esleituko da.

c) 30 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat.

Laugarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, eskabidea aurkeztu beharko dute, 2018ko azaroaren 27a eta abenduaren 11 bitartean (biak barne):

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia kalea 13, 20004, Donostia.

– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia kalea 13, 5. solairua, 20004, Donostia.

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus bitartez.

Bosgarrena.– Onartutako eskabideak hurrengo lerroetan jasotako baremazio-irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena zeinek duen kontuan hartuta ebatziko dira.

1) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).

2) Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 30, gutxienez 15).

3) 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei eta gutxienez 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitartekoei.

4) Hondarribian erroldatuta egoteagatik 10 puntu emango dira eta Donostiako eskualde-egiturako udalerriren batean erroldatuta egoteagatik 5 puntu.

5) 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen eta garapen-elbarritasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktimak diren emakumeak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak); gehienez 30 puntu emango dira kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.

Seigarrena.– «Ebazten dut» ataleko hirugarren b) puntuaren arabera etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileen kuporako gordetzen den etxebizitza, eta gainerako eskatzaileentzako etxebizitzak, honela esleituko dira:

1.– Hiru logelako etxebizitzak baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko dira gutxienez lau kide dituzten bizikidetza-unitateen artean. Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko dira hiru kide dituzten bizikidetza-unitateen artean. Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko dira bi kide dituzten bizikidetza-unitateen artean. Etxebizitzak esleitu gabe jarraituko balute baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko dira kide bakarreko bizikidetza-unitateen artean.

2.– Bi logelako etxebizitzak baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko dira, hiru edo lau kide dituzten bizikidetza-unitateen artean. Etxebizitzaren bat esleitu gabe geratzen bada, baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko da, bi kide dituzten bizikidetza-unitateen artean. Etxebizitzak esleitu gabe jarraituko balute baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko dira kide bakarreko bizikidetza-unitateen artean.

3.– Logela bakarreko etxebizitzak baremazio-hurrenkeraren arabera esleituko dira kide bat edo bi dituzten bizikidetza-unitateen artean.

Zazpigarrena.– Etxebizitzak esleitu ondoren etxebizitzarik eskuratu ez dutenekin osatutako itxarote-zerrenda egingo da.

Zortzigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxarote-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Bederatzigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtso aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 14a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala