Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2018ko azaroaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5694

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 12koa, HABEko zuzendariarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek 2018-2019 ikasturtean ebaluazio jarraituaren harian HEOCaren zein maila egiaztatu ahal izango dituzten ezartzen duena eta 2019ko azterketa-deialdiak egiten dituena.

Herritar helduek euskararen gaitasuna egiaztatzeari buruz azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, HABE erakundea sortzekoak, eta uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak xedatutakoa betez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2016ko azaroaren 23ko Agindua eman zuen, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak ezartzen dituena. Halaber, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduak prozedura horietako batzuk aldatu egin zituen.

Agindu horiek xedatzen dute HABEren Erregistroan dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek HEOCaren sei gaitasun-mailei dagozkien egiaztagiriak (A1, A2, B1, B2, C1, C2) eskuratu ahal izango dituztela.

Era berean, egiaztagiri horiek eskuratzeko bi era ezartzen ditu: ikasprozesuan zehar gauzatutako ebaluazio jarraituaren barruan egindako ebaluazio-jarduerak eta HABEk berariaz egindako azterketa-deialdiak. Lehen aukera horri dagokionez, ebaluazio jarraitua balio egiaztatzaileaz modu progresiboan ezarriko dela aurreikusten du, eta gehienez lau urteko epean zabalduko dela HEOCaren maila guztietara, eta HABEren zuzendari nagusia ahalmenduta dagoela ikasturte bakoitza hasi baino lehen erabakitzeko ebaluazio jarraituan oinarritutako ebaluazio-jarduerak balio egiaztatzailearekin zein mailatan aplikatuko diren. 2018-2019 ikasturtea hasi berria denez, egoki eta bidezkoa da ikasturte honetan euskaltegietako ikasleek ebaluazio jarraituaren harian HEOCaren mailak egiaztatzeko, eta 2019ko azterketa-deialdiak egiteko oinarriak zehaztea.

Horrezaz gain, aipatu 2016ko azaroaren 23ko Aginduak gizarte-behar edo arlo jakinetako eskakizunei erantzun egokia emateko aukera ematen duenez, Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiako ikasleen euskarazko komunikagaitasuna egiaztatzeko jarraibideak ere aurreikusten dira ebazpen honetan.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek 2018-2019 ikasturtean Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2 eta B1 gaitasun-mailak egiaztatu ahal izan ditzaten, ebaluazio jarraituaren hariko ebaluazio-jarduerei balio egiaztatzailea aitortzea, Ebazpen honen l. eta III. eranskinetan zehaztutako ezaugarrien eta baldintzen arabera.

Bigarrena.– HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek eta Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko, bi azterketa-deialdi egitea 2019an, Ebazpen honen II. eta III. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.

Hirugarrena.– Ebazpen honen euskal eta erdal testuen arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal testuari dagokion irakurketari lehentasuna ematea.

Laugarrena.– lnteresdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen Ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Donostia, 2018ko azaroaren 12a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA
A1, A2 ETA B1 GAITASUN-MAILAK EBALUAZIO JARRAITUAREN HARIKO JARDUERAK EGIAZTATZEKO OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek, 2018-2019 ikasturtean, ebaluazio jarraituaren hariko jarduerez, HEOCaren A1, A2 eta B1 gaitasun-mailak egiaztatzeko prozeduren ezaugarriak eta xehetasunak zehaztea.

2. oinarria.– Oinarrizko esparrua.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira ikasleen hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko oinarri eta marko, hurrenez hurren.

Ondorioz, HEOCean ezarritako gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak lortzera bideratutako ebaluazio jarraituaren jarduerak HEOCean jasotako ebaluazio-irizpideetara bilduko dira.

3. oinarria.– Gaitasun-mailak egiaztatzeko baldintzak.

A1, A2 eta B1 gaitasun-mailen ziurtagiriak lortzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 4.1 artikuluari eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduaren 1. artikuluari jarraikiz, ebaluazio jarraitua ikasturtean zehar garatuko den lau garaietako bakoitzean, ikasleak ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:

a) Oro har, gutxienez 50 ikastordu hartuak eduki beharko ditu, eta udako ikastaroetan 30 ordu.

b) Asistentziari dagokionez, gutxienez ikastaroaren % 75eko betetze-maila izan beharko du ebaluazio jarraituaren bitartez gaitasun-agiria eskuratzeko. Beraz, aurrez aurreko ikasjardunean, euskaltegiak emandako ikastorduen % 75 gutxienez hartuak izan beharko ditu; eta autoikaskuntzan, berriz, mintza-saioetan izandako asistentzia-orduekin, ikastaroaren guztizko ordu teorikoen % 7,5era iritsi beharko du gutxienez; hori dena garai bakoitzean euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek matrikulazioaren jarraipenerako Q87aplikaziora bildutako datuen arabera.

c) Gaitasun-mailaren aurrerapenari dagokionez, ikasleak:

– A1 gaitasun-maila egiaztatzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, A1A0 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, A1A1 (A1 maila) lorpen-maila.

– A2 gaitasun-maila egiaztatzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, A2A1 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, A2A2 (A2 maila) lorpen-maila.

– B1 gaitasun-maila egiaztatzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B1A2 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, B1B1 (B1 maila) lorpen-maila.

4. oinarria.– Ebaluazio-jardueren ezaugarriak.

4.1.– Ebaluazio jarraitua ikasturtean zehar garatuko den lau garaietako bakoitzaren barruan, euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek, beren euskaltegiaren curriculum-proiektuan jaso eta HABEk onartutako irizpideen eta ebaluazio-sistemaren arabera, gutxienez ebaluazio-jarduera hauek egingo dituzte, helburu didaktikoez egin ditzaketen nahi beste jardueraz gainera: hasierako ebaluazio diagnostikoa, tarteko ebaluazioa edo ebaluazioak, ikasprozesuaren iraupenak horretarako aukera ematen badu, eta ikastaroaren zein maila-amaierako ebaluazioa. Maila-amaierako ebaluazio-jarduerak gainditzea nahitaezkoa izango da ikasleak maila jakin bateko egiaztagiria eskuratzeko.

4.2.– Ebaluazio jarraituaren barruan ondorio didaktikoetarako egin litezkeen bestelako behaketa, ariketa eta abar eragotzi gabe, balio egiaztatzailea izango duten gutxieneko ebaluazio-jarduera horiek lau trebetasunetan (idatzizkoaren ulermena eta adierazpena eta ahozkoaren ulermena eta adierazpena) ikasleek eskuratutako gaitasuna neurtzeko eta egiaztatzeko egokiak izango dira.

4.3.– Ebaluazio jarraituaren barruan balio egiaztatzaileaz egingo diren ebaluazio-jarduerek HEOCean ageri dena aintzat hartuko dute eta komunikazio-eraginkortasuna izango dute ebaluazio-irizpide nagusia. Hain zuzen ere, HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, maila bakoitzari dagokionez, trebetasunez trebetasun zehazten diren irizpideen balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (bigarrena) izango da, oro har, mailako helburuak bete izanaren adierazle.

4.4.– Aurreko ataletan esandakoa kontuan hartuta, ebaluazio jarraitua aplikatzeko era eta maila-amaierako ebaluazio-jarduerek HABEren orientabideak eta III. eranskinean jasotako egitura, eduki eta irizpideak jarraituz prestatu eta aplikatuko dira.

4.5.– Ebaluazio jarraituaren hariko ebaluazio-jarduera guztiak ikasleen irakasleak berak ebaluatuko ditu, eta maila-amaierako ebaluazioren idazmen- eta mintzamen-jarduerak irakasleak eta euskaltegiko beste irakasle batekin ebaluatu, zuzendu eta kalifikatuko dituzte, eta euskaltegiko edo euskararen autoikaskuntzarako zentroko zuzendariak ontzat emango, eranskin honetako 7. oinarrian zehaztutako egitekoak euskaltegiak egoki burutu dituela frogatu ondoren.

4.6.– 2018-2019 ikasturtean, ebazpen hau argitaratu baino lehenago egindako maila-amaierako ebaluazio-jarduerek balio egiaztatzailea izango dute, HABEren zuzendari nagusiaren 2018ko irailaren 19ko 2018/1 jardunbidean xedatutakoa betetzen badute. Ebazpen hau argitaratu ondoren, maila-amaierako ebaluazio-jarduerak ebazpen honetan xedatutakora egokituko dira.

5. oinarria.– Jarraipenerako batzorde teknikoak.

5.1.– A1, A2 eta B1 mailetako zereginen jarraipenerako batzorde teknikoak.

HABEren zuzendari nagusiak A1, A2 eta B1 mailetako zereginen jarraipenerako batzorde teknikoak antolatuko ditu, batzordekideok HABEren teknikari eta helduen euskalduntzegintzan aditu direnen artean aukeratuz.

5.2.– Hauek izango dira A1, A2 eta B1 mailetako jarraipen-batzordekideen egitekoak:

– Ebaluazio Ataleko arduradunaren gidaritzapean, maila horietako bateratze-saioetako antolaketaren eta ebaluazioaren arduradun izatea.

– Maila hori neurtzeko presta daitezkeen ebaluazio-jarduerak ebazpen honen III. eranskinean maila horretarako aurreikusitako helburuei, edukiei eta ebaluazio-irizpideei egoki erantzuten diotela aztertzea eta azterketaren ondorioak, eta dagozkion proposamenak, HABEren zuzendari nagusiari aurkeztea.

– Euskaltegietako irakasleekin elkarreraginean, I. eranskin honetako zazpigarren oinarrira bildutako euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek dituzten egitekoen jarraipena burutzea.

– Maila-amaierako ebaluazio-jarduera, 7. oinarrian zehaztutakoaren arabera, egoki aplikatu dela begiratzea.

– Emaitzak jaso ondoren, emaitzok zuzenketa-irizpideen baitan emanak daudela ikuskatzea.

– Zuzenketa eta kalifikazioei buruzko irizpen arrazoitua eman eta Ebaluazio Ataleko buruari igortzea.

– Maila-amaierako ebaluazio-jardueretan izan gertakariak direla eta, HABEren aurrean aurkez daitezkeen erreklamazioen erantzun-proposamenak prestatzea.

– Deialdiotako jarraibide, irizpide eta gutxienekoak bete daitezen, aldian aldiko jarraipen didaktikoa egitea eta ezusteko gorabeheraren bat balitz, akta idatzi eta dagokion arduradunari helaraziz.

6. oinarria.– Erreklamazioak.

Zuzendari nagusiaren 2018ko irailaren 19ko Ebazpenari jarraikiz, ikastaroa amaitu eta bost laneguneko epean sartu behar du euskaltegiak ikaslearen amaierako ebaluazio-txostena HABEren Q87 aplikazioan. Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduak zehazten ditu ebaluazio jarraitua balio egiaztatzaileaz aplikatzeko urteko lau garaiak. Garai horiek bukatu eta bost laneguneko epean, ikasleak bere ikasle-sarbidea baliatuz ikusi ahal izango ditu burutu berri duen ikastaroari dagozkion iraupena, asistentzia eta lortutako maila.

Ikaslea ados ez badago amaierako ebaluazio-txostenean jasotako informazioarekin, euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren aurrean erreklamatu ahal izango du HABEk www.habe.euskadi.eus atarian zehaztutako egutegian adierazitako hiru laneguneko epean. Euskaltegiak, jarraian, gehienez ere hurrengo bost laneguneko epean erantzun beharko dio ikasleak jarritako erreklamazioari. Eta euskaltegiak, gehienez ere, HABEk egutegian zehazturiko bi lanegunen buruan eman beharko dio HABEri onartzen dituen erreklamazioen berri.

Halere, interesduna ados ez badago euskaltegiaren edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren aurrean egindako erreklamazioaren erantzunarekin, Azterketa Batzordearen aurrean jarri ahal izango du erreklamazioa dagokion garaiko agirien eragin-dataren ondorengo bost lanegunetan, HABEk egutegian zehaztu bezala. Erreklamazioaren erantzunaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da HABEren zuzendariaren aurrean.

Erreklamazioak zein gora jotzeko errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea 3, 6.a, 20018 Donostia. Horretarako, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 16. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.

Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi hauetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.

7. oinarria.– Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen egitekoak.

A1, A2 eta B1 mailetako egiaztatze-prozesuan euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentroek ondoren zerrendatzen diren betebeharrak izango dituzte, HABEren zuzendari nagusiaren 2015eko abuztuaren 3ko Ebazpenaren eduki, irizpide eta jarraibideen baitan:

a) Matrikulaturik dituzten ikasleen asistentzia-datuak eta lau trebetasunetan dituzten gaitasun-mailak adieraziko dizkiote HABEri, mailaz mailako kodeen bidez, HABEren zuzendari nagusiaren 2018ko irailaren 19ko Ebazpenean adierazitakoaren ildotik, eta betiere, Q87 matrikulazioaren jarraipenerako aplikazioan sartuz, www.habe.euskadi.eus atarian argitaratuko den egutegiaren arabera.

b) Oinarriotan jasotakoaren araberako ebaluazio-jarduerak burutuko ditu euskaltegiko irakasleak:

– Ebaluazio diagnostikoa ikastaro baten hasieran burutuko da, eta emaitzak matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikaziora bilduko, kodeetan adierazita, ikasleen ebaluazioaren emaitzak jasotzeko dagokion atalean.

– Ikastaro bat antolatzean, ikastaro horren helburu-maila zehaztearekin batera, ikastaro horren baitan maila bat ebaluatzeko amaierako jardueren data(k) aurreikusiko d(ir)a, astebete jakin bateko egunen baitan, ikastaroaren ezaugarriak, HEOCaren zein euskaltegiko curriculum-proiektuaren irizpideak kontuan hartuz.

– Ikastaroaren zein maila-amaierako ebaluazio-jarduerak ikastalde guztiari aplikatuko zaizkio, eta emaitzak matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikaziora bilduko, kodeetan adierazita, ikasleen ebaluazioaren emaitzak jasotzeko dagokion atalean.

– Maila-amaierako ebaluazioa ebazpen honen III. eranskinean maila bakoitzerako jasotako jardueren ebaluaziorako irizpideak betez, maila bakoitzerako HABEk zehaztutako jarduera eredugarriaren arabera prestatutakoak izango dira.

– Euskaltegi bateko maila-amaierako ebaluazio-jardueren egutegia euskaltegiko «2018-2019 ikasturterako egitasmoak» txostenera bilduko da eta ikasturteko egutegia propio bidali HABEren Ebaluazio Atalera.

c) Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentroetan antolatzen diren maila-amaierako ebaluazio-jardueren datak eta emaitzak matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikazioan jasoko dira gainerako ebaluazioarekin batera.

d) 2018-2019 ikasturtean zehar egindako ebaluazio-jarduera guztiak euskaltegian eta autoikaskuntzarako zentroan artxibaturik jasoko dira hurrengo ikasturtearen azkenera arte, eta maila-amaierako ebaluazio-jarduera guztiak derrigor Q87 aplikazioan, ondoko irizpide hauek kontuan hartuz:

d.1.– Ikasteredu guztietan lau trebetasunak (entzumena, irakurmena, idazmena eta mintzamena) neurtzeko erabilitako eta ikasleek egindako ebaluazio-jarduerak honela jasoko dira:

Ikasleak A1, A2 eta B1 mailak ebaluazio jarraituaren bidez egiaztatu ahal izateko, mailari dagozkion amaierako ebaluazioaren lau trebetasunen ebaluazio-jardueren probak Q87 aplikazio informatikoan jasoko dira.

Maila egiaztatzeko ebaluazio-jarduerak jasotzeko, lau artxibo igoko dira ikasleko:

1.– PDF batean, ebaluazio-jardueren enuntziatuak jasoko dira, hurrenkera honetan: a) idazmen-jarduera, b) mintzamen-jarduera, c) irakurmen-jarduera eta d) entzumen-jarduera. Egungo tresna informatikoa egokitu bitartean, ikastaldeko lehen ikaslearen karpetara igoko da enuntziatuaren dokumentua.

2.– Beste PDF batean, ikaslearen ekoizpena, hurrenkera honetan: idazmen-jarduerari dagokiona, irakurmen-probari dagokiona eta entzumen-probari dagokiona. Ikasle bakoitzari berea igoko zaio.

3.– Entzumen-jarduera neurtzeko erabilitako entzungaia. Ikastaldeko lehen ikaslearen karpetara igoko da.

4.– Mintzamen-jarduerari dagokion ikaslearen ekoizpena. Ikasle bakoitzari berea igoko zaio.

Lau artxibo horiek honela izendatuko dira:

1) Ebaluatu den maila_ENUNTZ

2) Abizenak_egiaztatutako maila edo azpimaila_EKOIZP

3) Ebaluatu den maila_ENTZ

4) Abizenak_egiaztatutako maila edo azpimaila_MINTZ

d.2.– Jardun biko ikastereduan bakarkako jardun tutorizatuan egindakoa aurrez aurreko jardunarekin batera ebaluatuko da.

e) Horiez gainera, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako zuzendariek A1, A2 eta B1 mailetako ziurtagiriak eskuratzeko baldintza guztiak, (ikastaroak gutxieneko ikastorduak izan, ikastaroaren asistentziari dagozkion gutxienekoak bete, amaierako ebaluazio-jarduera gainditu, ebaluazio-jarduera horren lekukoak matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikaziora igo), betetzen dituzten ikasleen mailaz mailako akta osatuko dute, 7.d) puntuan zehaztutako datuei erreferentzia eginez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 4.7 artikuluan eta eranskin honen 4.5 oinarrian aurreikusitakoen sinadura jasoz, eta HABEra bidaliko dituzte.

8. oinarria.– Bateratze-saioak.

8.1.– Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ageri denari jarraikiz, ebaluatzaileen gaikuntza-maila zabaltzeko eta sendotzeko, eta ebaluazio jarraituaren barruan balio egiaztatzaileaz egingo diren jardueretan irizpide objektiboak eta berdinak erabiltzeko eta ebaluazio-prozesuari zehaztasuna eta bermea emateko, ebaluazio-irizpideen inguruko bateratze-saioak antolatuko ditu HABEk. A1, A2 eta B1 mailetako euskara-irakasleek bateratze-saiook egin beharko dituzte, egiten dituzten ebaluazio-jarduerei balioa eman ahal izateko.

A1, A2, B1 mailetako bateratze-saio hauek mailaz maila antolatuko dira eta aurrez aurre edo/eta on-line teknologiak baliatuz bideratuko.

8.2.– Ebaluazio jarraituaren barruko jardueren bitartez mailak egiaztatzeko prozesuan, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek HABEren laguntza eta aholkularitza jasoko dute, bereziki Programa Berezietarako Atalarena kudeaketa orokorraren aldetik, Ebaluazio Atalarena ebaluazio-jardueren ezaugarri eta ebaluazioaren aldetik, eta Informatika Atalarena, kudeaketa informatikoaren aldetik.

8.3.– Euskaltegiei eta euskararen autoikaskuntzarako zentroei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko, ebaluazio-jarduera eredugarriak lantzeko eta antzemandako praktika onak hedatzeko bide berriei ekiteko, HABEko teknikari eta euskaltegi-sare ezberdinetako euskara-irakaslez osatutako lantaldea osatuko da Ebaluazio-atalburuaren ardurapean.

9. oinarria.– Ziurtagiriak.

9.1.– Lortutako gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak jaulkitzeari begira, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak ebaluazio-garai bakoitzaren amaieran ziurtagiria eskuratu dezaketen ikasleei buruz egindako proposamenari oniritzia eman beharko dio HABEren zuzendariak, ikasturtean zehar, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduan eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduan xedatutakoak eta horiek garatzeko ebazpen honetan ezartzen diren irizpide eta prozedurak bete direla egiaztatu ondoren.

9.2.– Ebaluazio jarraituaren ebaluazio-jardueren bidez mailaren bat egiaztatu duenak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.

9.3.– Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urteetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.

9.4.– Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek egiaztatzen dituzten euskararen gaitasun-mailak HEOCeko gaitasun-mailen ziurtagirien HABEren Erregistroan inskribatuko dira. Erregistro honetan, pertsona bakoitzari buruzko identifikazio-datuekin batera, egiaztatutako euskara-maila eta egiaztapenaren eragin-data jasoko dira. Aipatu datuek izaera pertsonala dutenez, Erregistroa Datuak Babesteko Euskal Bulegoan deklaratutako fitxategi mekanizatu batean gauzatuko da.

9.5.– B1 gaitasun-maila egiaztatu dutenen informazioa Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura bilduko du HABEk, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak xedatutakoaren arabera.

10. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Euskaltegietako irakasle, tutore, zuzendari eta habeko teknikarien betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako eragile orori buruz beren egitekoen jardunean ezagutzen dituzten datu pertsonalak eta bestelako informazioa.

II. ERANSKINA
AZTERKETA-DEIALDIEN OINARRI OROKORRAK

1. oinarria.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak xedatutakoaren arabera, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) zedarritutako B2, C1 eta C2 gaitasun komunikatiboak egiaztatzeko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ikasleek B2 eta C1 maila egiaztatzeko 2019ko azterketa-deialdien zehaztapenak egitea.

2. oinarria.– Deialdietarako oinarrizko esparrua.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira azterketariaren hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko oinarri eta barruti, hurrenez hurren.

Horrela, HEOCean ezarritako gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak lortzera bideratutako gaitasun-probak HEOCean zedarritutako ebaluazio-irizpideetara eta III. eranskineko edukietara bilduko dira.

3. oinarria.– Gaitasun-mailak egiaztatzeko prozesuetan parte hartzeko baldintzak.

Azterketariak ondoren zehazten diren bi baldintzak bete beharko ditu bi deialdi hauetan parte hartu ahal izateko:

a) HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologaturen batean edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian matrikulatuta egotea, 2018ko ekainaren 1etik aurrera hasitako HEOCaren B2, C1 edo C2 mailako ikastaro batean.

b) Azterketariak 2018ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan, lau hizkuntza-trebetasunetan, egiaztatu nahi duen mailari dagokion atalasea iritsia izan beharko du euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan 2019ko martxoaren 25erako, B2, C1 eta C2 gaitasun-mailei dagokienez, lehen deialdian; eta 2019ko irailaren 5erako bigarren deialdian, bietan eranskin honetako 4. oinarrian zehaztutako kodeetan adierazita. Ondorio horretarako, euskaltegiak matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikazioan sartu dituen datuak hartuko ditu kontuan HABEk.

Dena dela, euskaltegian C1 gaitasun-maila eskuratzeko matrikulatuta egon eta, ezarritako datarako, dagokion maila gainditu ez duen azterketariak B2 mailako azterketara aurkezteko aukera izango du, baldin eta, aurreko puntuan ezarritako epean, gutxienez, azpimaila bat gainditu izan, eta euskaltegiak matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikaziora emaitza hori sartua badu.

4. oinarria.– Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen egitekoak.

a) Azterketa-deialdietan euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek matrikulaturik dituzten ikasleen datuak eta horien gaitasun-mailen gutxienekoak adieraziko dizkiote HABEri, matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikazio informatikoaren bidez, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ardurapeko adierazpenaren bitartez, akademia horretako ikasleenak, ikasleon izen-abizenak eta NAN zenbakiak zerrendaratuz, deialdien egutegietan adierazitako egunetarako eta ezarritako prozedurei jarraikiz, mailaz mailako kodeetan:

– B2 mailan: B2B2 kodea.

– C1 mailan: C1C1 kodea.

– C2 mailan: C2C2 kodea.

b) B2, C1 eta C2 mailetako azterketa-deialdi hauetako entzumen- eta irakurmen-probak jarri, zuzendu eta kalifikatzeko orduan, euskaltegiak II. eranskin honetako 9.3 eta 10.3 oinarrietan xedatutakoa betetzeko orduan, ebazpen honetako I. eranskinaren 7. oinarrian xedatutakoa beteko du, baita maila hauetako entzumen- eta irakurmen-probei dagokienetan ere.

5. oinarria.– Deialdien egutegia.

5.1.– 2019an bi azterketa-deialdi antolatuko dira HEOCaren B2, C1 eta C2 mailetako gaitasuna egiaztatu ahal izateko.

5.2.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean emango ditu argitara HABEk, www.habe.euskadi.eus atariaren bidez, 2019. urteko egiaztatze-prozesuetarako aurreikusitako egutegiak: deialdi bakoitzeko matrikula-epea, egiaztatze-prozesu bakoitzerako onartutakoen zerrenda argitaratzeko data, probak egiteko egunak eta lekuak, eta proben emaitzak jakitera emateko datak.

5.3.– HABEk egutegietan aurreikusitako egunak alda ditzake deialdion kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.

5.4.– Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako azterketa-data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira, eta adierazitako egunean azterketariari proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan. Halaber, azaldutako karia dagokion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko da, ezinbestez. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko eguna aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez.

5.5.– Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da www.habe.euskadi.eus atarian finkatutako prozedurei jarraikiz: eskari hori egiteko arrazoiak azalduz eta, betiere, deialdiaren egutegian ezarritako epeetan.

6. oinarria.– Matrikula egiteko izen-ematea, ordaina eta ordainketa.

6.1.– B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko gaitasun-proba egiteko izen-ematea www.habe.euskadi.eus atarian egingo da, matrikula-orria betez, horretarako ezarritako epearen barruan. C2 mailaren kasuan, azterketariak norberaren espezialitate akademiko edo teknikoa zehaztuko du matrikulazioan, azterketa egiteko.

6.2.– Matrikularen ordainketa ere epe horretan egin beharko da, Interneten bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erakundeetan (Kutxabank, Sabadell, Laboral Kutxa, Bankoa, BBVA, Banco Santander, CaixaBank, Banco Popular), izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.

6.3.– Matrikulatze-prozesua osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa emandako epearen barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.

6.4.– Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko. Salbuespen gisa, hiru kasu hauetan itzuliko da: a) oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan ordaindu bada; b) okerreko maila baterako burutu bada matrikula, baina, betiere, itzulketarako eskaria matrikula-epearen barruan egin baldin bada eta c) gora jotzeko errekurtsoa dela-eta, HABEren zuzendariaren ebazpena garaiz jaso ez eta, ondorioz, baliorik ez badu bigarren azterketa deialdian parte hartzeko matrikulak.

6.5.– Matrikularen ordainari dagokionez, deialdi bakoitzaren matrikula-epealdia irekitzen denean, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak aplikatuko dira, eta horiek finkatzeko aldi bakoitzean indarrean dagoen araudia baliatuko. Unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez emango ditu ezagutzera HABEk.

6.6.– Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagotara aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi bakar baterako izango da. Halaber, 9.3 oinarriaren arabera, bigarren deialdian trebetasun-proba guztiak egin behar ez dituenak ere ezarritako diru-kopurua ordaindu beharko du matrikula gisa.

6.7.– Matrikula egitearekin batera, oinarri hauetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.

7. oinarria.– Onartuen zerrenda.

Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak argitaratuko du B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko probetan parte hartzeko onartuen zerrenda eta azterketari bakoitzak www.habe.euskadi.eus atarian ikusi ahal izango du norberari dagokion matrikula zertan den.

8. oinarria.– Berariazko egoerak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egiaztatze-probetan parte hartu nahi duten eta egokitzapen jakinak behar dituzten ikasleen kasuan, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu HABEk, desgaitasunen bat duten azterketari horien aukera-berdintasuna bermatzeko; betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.

Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, HABEren lurralde-arduradunari egin beharko dio eskaera, eta, duen desgaitasuna agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.

Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko ORDEN/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.

9. oinarria.– Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.

9.1.– Gaitasun-mailak ebaluatzeko prestatutako probek ikaslearen euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: ikasleak zein azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen testuak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.

9.2.– Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio Atalak prestatuko ditu idazmena eta mintzamena neurtzeko probak, III. eranskinean zehaztutakoa oinarri hartuz.

9.3.– Proben aplikazioari dagokionez, HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak aplikatuko ditu idazmena eta mintzamena neurtzeko probak, lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan. Entzumen- eta irakurmen-probak euskaltegiko irakasleak jarri, zuzendu eta kalifikatuko ditu. Ondoren, matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikazioan gordeko ditu sistematikoki I. eranskineko 7. oinarrian emandako kodeketa erabiliz; betiere, ikastaroa itxi baino lehen gordeko dira. Lehen deialdian entzumen- eta irakurmen-probak bakarrik gainditu dituen B2, C1 eta C2 mailetako ikasleari trebetasun-proba horietako emaitzak gordeko zaizkio bigarren deialdirako, eta, honenbestez, idazmen- eta mintzamen-probak bakarrik egin beharko ditu. Halaber, entzumen- eta irakurmen-probak ez ezik, idazmeneko proba ere gaindituko balu, soilik mintzamen-proba egin beharko luke bigarren deialdian.

9.4.– Maila bateko probak gainditzeko, 100 puntutik gutxienez 50 lortu beharko ditu azterketariak, III. eranskineko puntuazio-sistemari jarraikiz. HEOCaren «Ebaluazio-irizpideak eta eskalak» atalean, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun zehazten diren ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalako bigarren deskriptoreak adierazten du azterketariak maila gainditzeko azaldu beharreko hizkuntza-gaitasuna. Maila bat gainditzeko, ikasleak lau trebetasunetako probak gainditu beharko ditu, aipatutako eranskinean jarritako irizpideak betez.

Nolanahi ere, B2 eta C1 mailetako idazmen-probako emaitzan 15 puntura iritsi ez, baina gutxienez 13 lortzen dituen ikasleak mintzamen-proban ateratako puntuekin konpentsatu ahal izango du puntu-gabezia hori, baldin eta mintzamen-proba gainditzeko gutxienekoa lortu eta idazmen-proba gainditzeko eskatzen den gutxienekora iristen bada mintzamen-proban lortutako soberakinarekin. Edozelan ere, ezinbesteko baldintza izango da gutxienez 13 puntu ateratzea idazmen-proban, mintzamen-probara aurkeztu ahal izateko.

9.5.– Egiaztatze-prozesua bideratzeko jardunak, gailu elektronikoek (telefono, ordenagailu, argazki-kamera, MP3 grabagailu, haririk gabeko entzungailu, irakur-tresnadun ordulariak eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoek...) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik izan gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.

9.6.– Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Mintzamenekoetan, berriz, argi ahoskatuko da eta zuzen ebakiko dira hitzak.

9.7.– Idazmen- zein mintzamen-proba egiterakoan, azterketariak ematen zaizkion jarraibideak zuzen eta egoki bete behar ditu.

10. oinarria.– Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.

10.1.– Hizkuntza-arauak eta euskalkiak.

Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.

Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azken emaitza jartzean.

10.2.– Izengabetasuna.

Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatzeko. Irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak laga beharko du zeregin hori azterketaldiaren antolaketa-garaian. Mintzamena neurtzeko saioetan, ahalegina egingo da azterketaria bere irakasle ez diren beste aztertzaile batzuekin jartzeko, eta, irakaslea epaimahaian aztertzaile moduan aritzea saihestezina den kasuetan, azterketariei jakinaraziko zaie aztertzaile horrek ez duela jardun hori kalifikatuko eta ondoren beste aztertzaile batek kalifikatuko duela proba hori.

10.3.– Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa eta kalifikazioa.

Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bakoitzak, baita Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak ere, dagokion Epaimahaiari bidaliko dizkio azterketariak euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan trebetasun bi hauetan taldeko irakasleak jarritako kalifikazioak, matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikazioan, ikasleen emaitzen akta bete eta euskaltegiko zuzendariak sinatuta, deialdien egutegian horretarako jarritako epearen barruan.

10.4.– Idazmen-probaren zuzenketa.

a) Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute, eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

b) Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak baloratzerakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den azterketariari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

Halaber, % 10 hitz baino gehiago falta zaizkion idazmen-proba horrela kalifikatuko da:

(Ikus .PDF)

c) Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:

– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoak baino handiagoak direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoetara iristen ez direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

– Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz edo tutorea ohartzen bada kalifikazio-proposamena ez dela egokitzen mailako irizpideetara, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu probak, aztertzaileei emango die horren berri, eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio Epaimahaiari.

d) Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoaren bidez banatuko zaie aztertzaile zein tutoreei euskarri digitalean.

10.5.– Mintzamen-probaren zuzenketa.

a) Mintzamen-proba bina aztertzailek bideratu eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

b) Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena Epaimahaiaren eskura jarriko du.

c) Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.

10.6.– Bateratze-saioak.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ageri denari jarraikiz, ebaluatzaileen gaikuntza-maila zabaltzeko eta sendotzeko, irizpide objektiboak eta berdinak erabiltzeko eta ebaluazio-prozesuari zehaztasuna eta bermea emateko, ebaluazio-irizpideen inguruko bateratze-saioak antolatuko ditu HABEk. Aztertzaileek bateratze-saiook egin beharko dituzte HABEren 2019ko egiaztatze-deialdietan jarduteko.

B2, C1 eta C2 mailetako bateratze-saioak mailaz maila antolatuko dira eta aurrez aurre edo/eta on-line teknologiak baliatuz bideratuko.

11. oinarria.– Egiaztatze-prozesuaren emaitzak onartzea.

Mailaz mailako Epaimahaiek aztertzaile eta tutoreek egindako balorazioak aztertuko dituzte eta probei dagozkien emaitzak onartu eta Azterketa Batzordeari igorriko dizkiote.

Jarraian, Azterketa Batzordeak emaitza guztiak HABEren zuzendari nagusiari aurkeztuko dizkio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

12. oinarria.– Egiaztatze-prozesuen emaitzak argitaratzea.

HABEk egiaztatze-prozesuen emaitzak argitaratuko ditu www.habe.euskadi.eus atarian, mailaz maila, egutegian zehaztutako datetan, emaitzok trebetasunez trebetasun adieraziz.

13. oinarria.– Ziurtagiriak.

Gaitasun-probak gaindituz mailaren bat egiaztatu duenak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.

Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urteetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.

14. oinarria.– Erreklamazioak eta gora jotzeak.

Deialdi hauetako egiaztatze-prozesuko interesdunak B2, C1 eta C2 mailetan egin dituen entzumen- eta irakurmen-proben prozeduran edo puntuazioen zenbatzean edota emaitzetan nolabaiteko errakuntzarik gertatu dela uste badu, euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentroaren aurrean, erreklamazioa aurkezteko eskubidea izango du.

Horretarako, probak burutu eta gehienez ere hurrengo bost lanegunetan euskaltegiak azterketariari kalifikazioak emango dizkio, eta hark hala eskatuko balu, probak ikusteko aukera ere bai. Azterketariak hurrengo hiru egun baliodun izango ditu erreklamazioa aurkezteko, eta euskaltegiak, jarraian, beste hiru erantzuteko. Edozein modutara ere, erantzuna deialdien egutegian idazmeneko proba egiteko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago eman beharko du euskaltegiak, erreklamazioa ontzat eman eta hala balegokio HABEk azterketariari idazmeneko probara aurkezteko bidea egin diezaion.

Halaber, deialdi hauetako egiaztatze-prozesuko interesdunak erreklamazioa jar dezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean onartuen zerrendaren aurka aurkezten denean, eta dagokion Epaimahaiaren aurrean, baldin eta ados ez badago euskaltegiak entzumen- edota irakurmen-proben gaineko erreklamazioei emandako erantzunarekin edota, idazmen- eta mintzamen-probei dagokienez, prozeduran edo puntuazioen zenbatzean edota emaitzetan nolabaiteko errakuntzarik gertatu dela uste badu; betiere, jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkezten baditu:

– Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.

– Nortasun-agiriaren zenbakia.

– Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.

– Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.

– Lurraldea, lekua, data eta egiaztatze-maila.

– Erreklamaziogilearen izenpea.

Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, onartuei buruzko erabakia hartu edota proben emaitzak ezagutzera eman eta biharamunetik kontatzen hasita.

Interesdunek, halaber, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo, horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Behin betiko emaitzak azken proba egin ondorengoak izango dira. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-arduradunari, mailaz mailako Epaimahaiaren buruari edota Azterketa Batzordeko buruari eska liezaieke errekurtsoaren mamiari buruzko txostena; txosten hori, gehienez ere, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi hauetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.

Erreklamazioak zein gora jotzeko errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea 3, 6.a, 20018 Donostia. Horretarako, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 16. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.

Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi hauetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.

15. oinarria.– Informazioa eta tramitazioa on-line.

Deialdi hauetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez egingo dira, azterketen gaineko erreklamazioei eta Administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.

Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.eus ataria erabiliz gauzatuko ditu oinarri hauetan horrela xedatutako izapideak.

16. oinarria.– Espedienteak ikusteaz.

Idazmen eta mintzamen-ataletako kalifikazio-orriak eta azterketariak egindako idazmen-proba ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.

17. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Egiaztatze-deialdi hauen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. HABEren Zuzendaritza Nagusia bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea Zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horretan jasotako datuen erabilera ondoren zehazten dena izango da:

– Deialdi hauetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

– HABEren Euskararen ezagutza egiaztatzeko agirien erregistroan gordetzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduaren 19. artikuluak dioenari jarraikiz.

– Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan, deialdi honetan gaitasun-maila egiaztatzen dutenen datuak.

– Maila egiaztatu duten ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egiteko, horretarako deialdia onartzen bada.

Egiaztatze-prozesuan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orriak datu pertsonalen babesaren gaineko aribideei buruzko klausula jasoko du.

Egiaztatze-deialdian parte hartuko duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek deialdiaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.

Prozesuko argitaratze-faseek publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango dituzte, eta erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko dituzte. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du, alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan, adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri, eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.

Egiaztatze-prozesua amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egin probak prestakuntzarako eta ikerketarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.

18. oinarria.– Jarduerak isilpean gorde beharra.

Aztertzaile, tutore, maila bakoitzeko epaimahaikide, Lurralde Batzordeetako kide, zein Azterketa Batzordeko kideen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, kalifikazio-proposamen, izandako eztabaida eta emandako egoerak.

III. ERANSKINA
2018-2019 IKASTURTEAN A1, A2 ETA B1 MAILAK EGIAZTATZEKO AMAIERAKO EBALUAZIO-JARDUEREN ETA 2019 URTEAN B2, C1 ETA C2 MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETEN EZAUGARRIAK, ANTOLAMENDU-MODUA ETA ATALEZ ATALEKO KALIFIKAZIOAK

1.– Ebaluazio-irizpideak.

A1, A2 eta B1 gaitasun-mailak egiaztatzeko ebaluazio jarraituaren hariko amaierako ebaluazio-jardueretan eta B2, C1 eta C2 gaitasun-mailak egiaztatzeko azterketetan oinarri hartuko dira A1, A2, B1, B2, C1 zein C2 mailetako ebaluazio-irizpideak eta eskalak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren Aginduz 2015eko uztailaren 22an indarrean jarritako HEOCaren «Ebaluazioa» atalean jasotakoaren arabera.

2.– Maila bakoitzaren ezaugarriak, antolamendu-modua eta atalez ataleko kalifikazioak.

2.1.– A1 maila: hasierako erabiltzailea.

A1 gaitasun-mailako agiria lortzeko, ikasleak lau trebetasunetan egindako ebaluazio-jarduerak hartuko ditu aintzat irakasleak, baita jarduera horietan ikasleak erakutsitako arrakasta- eta eraginkortasun-maila ere.

Ebaluazio-jarduera honen emaitzak agerian utziko du ikasleak bereganaturik dituela A1 mailarako HEOCean zehaztutako helburuak, orokorrak zein trebetasunez trebetasun emandakoak. Maila hau gainditzeko, beraz, helburuotan adierazitako gaitasun komunikatiboaren adierazle diren ekintza komunikatiboak gauzatzeko gai dela erakutsi beharko du ikasleak. Hasierako erabiltzailearen maila honetan, mintzameneko ekintza komunikatiboak erabat galde-erantzun motz eta zehatzen bidez osatutako elkarrizketak izango dira.

Ikasleak ikastaroaren amaieran A1 mailako ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalan bigarren deskripzioan zehaztutakora iritsi beharko du, lau trebetasunetarako zehaztutakora iritsi ere. Arian-arian egindako ikaslearen ekoizpenak jaso eta gorde egingo ditu irakasleak; eta euskaltegiak edota autoikaskuntzarako zentroak emaitzak, akta batera bildu ondoren, HABEren matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikaziora bilduko ditu, horretarako zehaztutako atalean.

Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzak bere Euskaltegiaren curriculum-proiektuan ebaluazio jarraitua gauzatzeko irizpideak eta ebaluazio-sistema zehaztu bitartean, honako gutxieneko ezaugarri hauek biltzen dituen amaierako ebaluazio-jarduera burutuko du ikasleak:

Entzumen-jarduera:

Ikasleak eguneroko harremanetan oinarrituriko A1 mailako testu bat jasotzen duen audio-grabazio bat entzungo du ebaluazio-jarduera honetan. Ikasleak, audio-grabazio horretan entzundakoari buruzko itemei egoki erantzunez, entzundakoa ulertu duela frogatu beharko du.

Irakurmen-jarduera:

Ikasleari A1 mailako testu bat(zuk) emango zai(zki)o irakurtzeko. Jarraian, ikasleak, jarritako item batzuei erantzunez, testu hori(ek) ulertu d(it)uela frogatu beharko du.

Idazmen-jarduera:

Ikasleari A1 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako testu bat(zuk) idaztea eskatuko zaio, ekintza komunikatibo bat gauzatzeko.

Ikasleak, gutxienez 30 hitzeko testu bat idatziko du, eskatutako ekintza komunikatiboa gauzatzeko.

Mintzamen-jarduera:

Ikasleak binaka elkarreraginean jarriz burutuko da jarduera hau, irakaslearen edo irakasleen gidaritzapean.

Probak hiru atal izango ditu:

a) Sarreran, ikasleak bere buruaren aurkezpen laburra egingo du irakaslearen aurrean. Ikasleak informazio lagungarria izango du.

b) Ondoren, ikasleak aurrez prestatutako eta A1 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du elkarreraginean beste ikasle batekin. Ikasleak informazio lagungarria izango du.

c) Amaitzeko, aurrez prestatutako eta A1 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako beste gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du elkarreraginean beste ikasle batekin. Ikasleak informazio lagungarria izango du.

Ikasle bakoitzak bost minutuko solasaldia burutu beharko du, gutxienez, jarduera hau gainditzeko.

2.2.– A2 maila: oinarrizko erabiltzailea.

A2 gaitasun-mailako agiria lortzeko, ikasleak lau trebetasunetan egindako ebaluazio-jarduerak hartuko ditu aintzat irakasleak, baita jarduera horietan ikasleak erakutsitako arrakasta- eta eraginkortasun-maila ere.

Ebaluazio-jarduera honen emaitzak agerian utziko du ikasleak bereganaturik dituela A2 mailarako HEOCean zehaztutako helburuak, orokorrak zein trebetasunez trebetasun emandakoak. Maila hau gainditzeko, beraz, helburuotan adierazitako gaitasun komunikatiboaren adierazle diren ekintza komunikatiboak gauzatzeko gai dela erakutsi beharko du ikasleak. Oinarrizko erabiltzailearen maila honetan, mintzameneko ekintza komunikatiboak galde-erantzunen bidez osatutako elkarrizketak izango dira.

Ikasleak ikastaroaren amaieran A2 mailako ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalan bigarren deskripzioan zehaztutakora iritsi beharko du, lau trebetasunetarako zehaztutakora iritsi ere. Arian-arian egindako ikaslearen ekoizpenak jaso eta gorde egingo ditu irakasleak; eta euskaltegiak edota autoikaskuntzarako zentroak emaitzak, akta batera bildu ondoren, HABEren matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikaziora bilduko ditu, horretarako zehaztutako atalean.

Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzak bere Euskaltegiaren curriculum-proiektuan ebaluazio jarraitua gauzatzeko irizpideak eta ebaluazio-sistema zehaztu bitartean, honako gutxieneko ezaugarri hauek biltzen dituen amaierako ebaluazio-jarduera burutuko du ikasleak:

Entzumen-jarduera:

Ikasleak eguneroko egoera ezagunetan oinarrituriko A2 mailako testu bat jasotzen duen audio-grabazio bat entzungo du ebaluazio-jarduera honetan. Ikasleak, audio-grabazio horretan entzundakoari buruzko itemei egoki erantzunez, entzundakoa ulertu duela frogatu beharko du.

Irakurmen-jarduera:

Ikasleari A2 mailako testu bat(zuk) emango zai(zki)o irakurtzeko. Jarraian, ikasleak, jarritako item batzuei erantzunez, testu hori(ek) ulertu d(it)uela frogatu beharko du.

Idazmen-jarduera:

Ikasleari A2 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako testu bat(zuk) idaztea eskatuko zaio, ekintza komunikatibo bat gauzatzeko.

Ikasleak, gutxienez 60 hitzeko testu bat idatziko du, eskatutako ekintza komunikatiboa gauzatzeko.

Mintzamen-jarduera:

Ikasleak binaka elkarreraginean jarriz burutuko da jarduera hau, irakaslearen edo irakasleen gidaritzapean.

Probak hiru atal izango ditu:

a) Sarreran, ikasleak bere buruaren aurkezpen laburra egingo du irakaslearen aurrean. Ikasleak informazio lagungarria izango du.

b) Ondoren, ikasleak aurrez prestatutako eta A2 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du elkarreraginean beste ikasle batekin. Ikasleak informazio lagungarria izango du.

c) Amaitzeko, aurrez prestatutako eta A2 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako beste gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du elkarreraginean beste ikasle batekin. Ikasleak informazio lagungarria izango du.

Ikasle bakoitzak sei minutuko solasaldia burutu beharko du, gutxienez, jarduera hau gainditzeko.

2.3.– B1 maila: erabiltzaile independentea.

B1 gaitasun-mailaren agiria lortzeko, ikasleak lau trebetasunetan egindako ebaluazio-jarduerak hartuko ditu kontuan irakasleak, baita jarduera horretan ikasleak erakutsitako arrakasta- eta eraginkortasun-maila ere.

Ebaluazio-jardueren emaitzek agerian utziko dute ikasleak bereganaturik dituela B1 mailarako HEOCean zehaztutako helburuak, orokorrak zein trebetasunez trebetasun emandakoak. Maila hau gainditzeko, beraz, ikasleak erakutsi beharko du gai dela helburuotan adierazitako gaitasun komunikatiboaren adierazle diren ekintza komunikatiboak gauzatzeko, betiere trebetasun hauen zuzenketa-prozesuak 2016ko azaroaren 23ko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoa betez.

Ikasleak B1 mailako ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalan bigarren deskriptorean zehaztutakora iritsi beharko du ikastaroaren amaierako ebaluazio-jardueran, lau trebetasunetarako zehaztutakora iritsi ere. Arian-arian egindako ikaslearen ekoizpenak jaso eta gorde egingo ditu irakasleak; eta euskaltegiak edota autoikaskuntzarako zentroak emaitzak, akta batera bildu ondoren, HABEren matrikulazioaren jarraipenerako Q87 aplikaziora bilduko ditu, horretarako zehaztutako atalean.

Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro bakoitzak bere Euskaltegiaren curriculum-proiektuan ebaluazio jarraitua gauzatzeko irizpideak eta ebaluazio-sistema zehaztu bitartean, honako gutxieneko ezaugarri hauek biltzen dituen amaierako ebaluazio-jarduera burutuko du ikasleak:

Entzumen-jarduera:

Ikasleei B1 mailako testu bat jasotzen duen audio-grabazio bat(zuk) eskainiz bideratuko da ebaluazio-jarduera hau. Ikasleek, audio-grabazio horretan entzundakoari buruzko itemei egoki erantzunez, entzundakoa ulertu dutela frogatu beharko dute.

Irakurmen-jarduera:

Ikasleei B1 mailari egokitutako testu bat(zuk) emango zai(zki)e irakurtzeko. Jarraian, ikasle bakoitzak, jarritako item batzuei erantzunez, testu hori(ek) ulertu d(it)uela frogatu beharko du.

Idazmen-jarduera:

Ikasleei B1 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako testu bat edo bi idaztea eskatuko zaie.

Ikasle bakoitzak, gutxienez 140 hitzeko testu bat edo 100 inguruko bi testu idatziko ditu, eskatutako ekintza komunikatiboa gauzatzeko.

Mintzamen-jarduera:

Ikasleak binaka elkarreraginean jarriz burutuko da jarduera hau, irakaslearen edo irakasleen gidaritzapean.

Ikasleei B1 mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bati egokitutako gai bat jarriko zaie, horretaz mintza daitezen.

Jarduera honen helburua ere bada ikasleen arteko elkarreraginerako gaitasuna neurtzea. Horretarako, irakasleek hasierako gaiaz jardutea eska dezakete, edota, berariaz, beste bat aurkeztu.

Ikasle bakoitzak hamar minutuko solasaldia burutu beharko du, gutxienez, jarduera hau gainditzeko.

2.4.– B2 maila: erabiltzaile aurreratua.

Entzumen-proba:

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatu entzungo ditu, eta ulertu duela frogatzeko zenbait egiteko burutu beharko ditu: ideia nagusia jaso, informazio garrantzitsua bereizi, xehetasun batzuk nabarmendu... Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Entzun aurretik, azterketariak galderak irakurtzeko denbora jakin bat izango du eta, entzungai-motaren arabera, grabazioak behin edo bitan entzuteko aukera izango du.

Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira, izan aurrez aurreko solasaldietatik jasotakoak (gertaerak, kronikak, azalpen didaktikoak, prozesuen deskribapenak), izan komunikabideetatik jasotakoak (albisteak, elkarrizketak, dokumentalak, kantak, bertsoak) eta HEOCean B2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira.

Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.

Mintzamen-proba:

Probak hiru atal izango ditu:

a) Sarreran, azterketariak aztertzailearekin elkarrizketa motz bat izango du eta hainbat gairi buruzko galderei erantzungo die (norberaren ezaugarriak, familia, zaletasunak, lana, bidaiak, osasuna...).

b) Aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpena, argudiozko adierazpena, kexa edo erreklamazioa, gertaeren kontaketak, pasadizo barregarriak...) eta B2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

c) Bukatzeko, elkarrizketa izango du aztertzailearekin edo beste azterketari batekin elkarreraginean, emandako argazki bat oinarri hartuta.

Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen.

Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira.

Azterketariak 10 minutu izango ditu bigarren atala prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Irakurmen-proba:

Azterketariak, emandako testua edo testuak irakurri ondoren, zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra eta xehea eskatuko zaio eta betiere, emandako testutik informazioa ateratzea. Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (toki publikoetako instrukzio edo argibideak, hitzaldi baten laburpena, katalogoak, prospektuak eta agiri ofizialak, administrazioko idazkiak, bilera-aktak, egunkariko erreportajeak, lan-egitasmoak...), eta HEOCean B2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 45 minutu ingurukoa.

Idazmen-proba:

Azterketariak, gutxienez, 200 hitzeko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatziko ditu, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (administrazioko idazkiak, jakinarazpen-gutunak, erreportaje edo albiste baten laburpena, argudio-testu laburrak, biografiak...), eta B2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak balioesterakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den azterketariari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

Halaber, % 10 hitz baino gehiago falta zaizkion idazmen-proba horrela kalifikatuko da:

(Ikus .PDF)

Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna.

Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira.

Probaren iraupena 75 minutukoa izango da.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Antolaketa:

Azterketak bi eremu ezberdinetan egingo dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetan, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka eta lurralde bakoitzean barruti bateratuan.

Kalifikazioak, ponderazioa eta emaitzak:

a) B2 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmen-probari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 26.

Mintzamen-probari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

c) Emaitzak:

Irakurmena: Gai/Ez gai.

Idazmena: Gai/Ez gai.

Entzumena: Gai/Ez gai.

Mintzamena: Gai/Ez gai.

Guztira: Gai/Ez gai.

2.5.– C1 maila: erabiltzaile gaitua.

Entzumen-proba:

Azterketariak lagunarteko, lan-esparruko edota komunikabideetako gaien inguruko hainbat testu grabatu entzungo ditu, eta ulertu duela frogatzeko zenbait egiteko burutu beharko ditu: ideia nagusia jaso, informazio garrantzitsua eta xehetasunak bereizi eta nabarmendu... Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu. Egiteko horiek jarduera-mota hauek erabiliz egingo dira: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak. Entzun aurretik, azterketariak galderak irakurtzeko denbora jakin bat izango du eta, entzungai-motaren arabera, grabazioak behin edo bitan entzuteko aukera izango du.

Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (lan-prozedurak, iragarkiak, kantak eta bertsoak, erreportajeak, hedabideetako iruzkinak, eztabaidak, esketxak, antzezlanak...) eta HEOCean C1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Proba honek 20 puntu izango ditu, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira.

Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.

Mintzamen-proba:

Probak bi atal izango ditu:

a) Aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (egoera psikologikoen, izaeren eta sentipenen deskribapenak, iruzkinak, jendaurreko adierazpenak, laburpenak, aholkuak, argibideak eta jarraibideak, balioespen eta kexuak, eztabaidak, galdeketak...) eta C1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa). Egiteko hau prestatzeko testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari.

Azterketariak 20 minutu izango ditu gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Azterketaria gaia garatzeko eskemaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Aztertzaileek, tarteka, gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.

b) Bat-bateko elkarrizketa izango du aztertzailearekin edo beste azterketari batekin argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz. Bat-bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).

Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen.

Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira.

Irakurmen-proba:

Azterketariak, emandako testuak irakurri ondoren, zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia antzematea eskatuko zaio, besteak beste. Egiteko horiek jarduera-mota hauek erabiliz egingo dira: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu. Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (azalpen-artikuluak, alegiak eta kondairak, editorialak, lan-egitasmoak, lan-hitzarmenak, iritzi-artikuluak...), eta HEOCean C1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.

Bestalde, zenbait testu baliatuko dira azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko. Horretarako, honako jarduerei erantzutea eskatuko da: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien baliokideak eman edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.

Proba honek 20 puntu izango ditu, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 60 minutu ingurukoa.

Idazmen-proba:

Azterketariak, gutxienez, 300 hitzeko testu bat edo 180 inguruko bi testu idatziko ditu, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpen-artikuluak, bilera-aktak, erabilera-gidak, iritzi-artikuluak, kontaketak eta ipuinak, lan-proposamenak, erreportaje edo albiste baten laburpena... ), eta C1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).

Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak balioesterakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den azterketariari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

Halaber, % 10 hitz baino gehiago falta zaizkion idazmen-proba horrela kalifikatuko da:

(Ikus .PDF)

Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna.

Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira.

Probaren iraupena 90 minutukoa izango da.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Antolaketa:

Azterketak bi eremu ezberdinetan egingo dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetan, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka eta lurralde bakoitzean barruti bateratuan.

Kalifikazioak, ponderazioa eta emaitzak:

a) C1 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmen-probari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 26.

Mintzamen-probari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

c) Emaitzak:

Irakurmen-proba: Gai/Ez gai.

Idazmen-proba: Gai/Ez gai.

Entzumen-proba: Gai/Ez gai.

Mintzamen-proba: Gai/Ez gai.

Guztira: Gai/Ez gai.

2.6.– C2 maila: erabiltzaile aditua.

Entzumen-proba:

Azterketariak, euskara batuan nahiz euskalkietan, gai orokorreko testu grabatua bitan entzungo du, eta ulertu duela frogatzeko 50-70 hitzetan laburbilduko du entzundakoa, aldagai nagusiak adieraziz: zer esaten duen nork, zertarako, norentzat... Testua maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokia izango da (hedabideetako iruzkina, ahozko iritzia, azalpena, mahai-ingurua, hitzaldia, komunikazioa, lan-egitasmoa...) eta HEOCean C2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoa.

Entzumena ebaluatzerakoan, kontuan hartuko da: a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta b) zuzen eta egoki egin duen.

Proba honek 20 puntu izango ditu, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira.

Iraupena, aldiz, eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 40 minutu ingurukoa.

Mintzamen-proba:

Azterketariak, aztertzaileen aurrean, ordu-erdi lehenago adieraziko zaion ekintza komunikatiboa gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (hitzaldia, komunikazioa, ahozko iruzkina, kronika, historia-kontakizuna...) eta C2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa). Azterketariak matrikulatzean zehazturiko espezialitate akademiko edo teknikoaren ikuspegitik jorratuko du egokitu zaion ekintza komunikatiboa.

Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen.

Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Ezinbestekoa izango da irizpide guztietan nahikoa izatea.

Azterketariak 30 minutu izango ditu egitekoa prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Irakurmen-proba:

Azterketariak, emandako testua irakurriko du eta ulertu duela frogatzeko 50-70 hitzetan laburbilduko du irakurritakoa, aldagai nagusiak adieraziz: zer esaten duen nork, zertarako, norentzat... Testua maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokia izango da (iritzi-artikulua, txostena, lan-egitasmoa, testu juridikoa, saiakera, editoriala, azalpen-artikulua...) eta HEOCean C2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoa.

Irakurmena ebaluatzerakoan, kontuan hartuko da: 1) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta 2) zuzen eta egoki egin duen.

Proba honek 20 puntu izango ditu, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira.

Iraupena, aldiz, eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 50 minutu ingurukoa.

Idazmen-proba:

Azterketariak, gutxienez, 400 hitzeko testu bat idatziko du, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpen- edo iritzi-artikulua, komunikazioa, txostena, lan-proposamena, erreportajea, editoriala, hitzaurrea...), eta C2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa). Azterketariak matrikulatzean zehazturiko espezialitate akademiko edo teknikoaren ikuspegitik jorratuko du egokitu zaion ekintza komunikatiboa.

Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

– Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak balioesterakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den azterketariari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

(Ikus .PDF)

Halaber, % 10 baino hitz gehiago falta zaizkion idazmen-proba horrela kalifikatuko da:

(Ikus .PDF)

Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna.

Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Ezinbestekoa izango da irizpide guztietan nahikoa izatea.

Probaren iraupena 2 ordu eta 40 minutukoa izango da.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Antolaketa:

Azterketak bi eremu ezberdinetan egingo dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetan, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka eta lurralde bakoitzean barruti bateratuan.

Kalifikazioak eta emaitzak:

a) C2 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Emaitzak:

Irakurmen-proba: Gai/Ez gai.

Idazmen-proba: Gai/Ez gai.

Entzumen-proba: Gai/Ez gai.

Mintzamen-proba: Gai/Ez gai.

Guztira: Gai/Ez gai.


Azterketa dokumentala