Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2018ko azaroaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5691

AGINDUA, 2018ko azaroaren 7koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2019. urtean gazteria arloan egitarauak eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria esparruan jarduerak sustatzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, deialdi honetan ezarritako arloren bateko jarduerak burutzen dituzten pertsona juridiko publiko zein pribatuei laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu honen bitartez.

Era berean, agindu honekin Euskal Autonomia Erkidegoan gazteria esparrua garatzea eta indartzea lortu nahi da eta, horrenbestez, gazteak integra daitezen laguntzeko xedez banatuko ditu Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak laguntzok, bitarteko modura. Laguntza horien bitartez, Autonomia Erkidegoko erakundeei, beren kabuz egindako diseinuaren arabera, gazteentzako egitarauak burutzeko aukera emango zaie eta, aldi berean, ez zaie muga estuegirik ezarriko, arlo horretan lanean diharduten agenteen ekimen berritzaileak ez oztopatzeko.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, aldez aurretiko izapideen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez, gazterian diharduten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoentzako, publiko eta pribatuentzako, laguntza esparrua finkatu da; hain zuzen ere, jarduera edo urteko egitarau bat, zorroztasunez, edozein ikuspuntutatik burutu nahi duten erakunde guztiak diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala.

Horregatik, aintzat hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. Kapitulua, eta kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea eta lege hori garatzen duen araudian xedatutakoa, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Gazteriaren esparruan, 2019. urtean egiten diren urteko egitarauak eta jarduera zehatzak burutzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea eta horretarako deialdia egitea da agindu honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Xede horretarako 536.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura. horietatik, 268.000 euro 2019ko ekitaldiko ordainketa-kredituarekin ordainduko dira, eta 268.000 euro 2020ko ekitaldiko konpromiso-kredituarekin.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta 5. artikuluan zehazten diren eremuetan sustapen eta zabalkunde jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek.

2.– Agindu honetako 1. artikuluan jasotako jarduketak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta jarduketa horiek Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean sartu baino lehen, hau da, 2016ko apirilaren 15a baino lehen egin ez dituztenek, bertan esku hartu ahal izango dute, berezkoak eta eskuordetutakoak ez diren eskumenen ariketatik. Horretarako, bikoiztasunik ez dagoela dioen Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko txostena beharko da, bikoiztasunik eza adierazteko (alkateak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari eskatu beharko dio). Halaber, eskumen berriaren jasangarritasun finantzarioari buruzko foru-aldundiaren txostena beharko da, Euskadiko Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluan eta Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

1.– Entitate eskatzailea dagokion erregistroan legez eratuta eta inskribatuta egon behar da.

2.– Entitate eskatzaileak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, indarrean dagoen legediak agindu bezala, onuradun izateko eta izaera hori diru-laguntzaren likidaziora arte mantentzeko.

3.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4.– Edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Ezingo dira izan onuradun diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordaintzeke dituztenak.

5.– Era berean, entitate eskatzaileak orokorrean Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko ditu.

5. artikulua.– Diruz lagunduko diren programak edo jarduerak.

1.– Honako eremu hauetan egiten diren urteko programak eta jarduera zehatzak lagundu ahal izango dira:

a) Betiere jarduera esparrua lurraldez gaindikoa delarik, urteko jarduera-programak, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta sustatzeko xedea dutenak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan aintzatetsita dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeen titulartasuneko animazio soziokulturalerako eskolek antolatzen dituzten dinamizatzaile soziokulturalentzako ikastaroak. Atal honetako diru-laguntzak 420 eurokoak izango dira ikasle bakoitzeko, gehienez.

c) Urteko programaziotik kanpoko jarduerak, euskal gazteriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta sustatzeko helburua dutenak. Jarduera horien guztien helburu eta edukiak berritzaileak izango dira edo gizartean eragina izango dute.

2.– Programa eta jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izan beharko dira, artikulu honen 1.b ataleko ikastaroetan izan ezik.

3.– Deialdi honen ondorioetarako, lurraldez gaindikotzat joko dira argi eta garbi Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko hartzaileak dituztenak. Gorabehera hori jardueraren fase guztietan adierazi beharko da: bai planifikazioan eta prestakuntzan, inplementazioan eta, azkenik, ebaluazioan eta jarraipenean. Ustekabe hutsez Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko parte hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.

4.– Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartzen bada, eta horiek izaera ezberdinetakoak badira, banaka azaldu behar da jarduera bakoitzari dagokionez zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu izango dituen. Hori dela eta, izaera ezberdinak direla ulertuko da, helburu edo hartzaile ezberdinak dituztenez gainera, finantza-bide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak.

6. artikulua.– Bazterketak.

Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

a) Jarduera artistikoak, kiroletakoak edo berariazko laguntza-deialdiak dituztenak.

b) Web inguruneko produktuak, datu-baseak edo programa eta aplikazio informatikoak diseinatzea, garatzea, hobetzea, aldatzea edo mantentzea soilik helburu dutenak.

c) Patrimonializa daitezkeen elementuetan inbertsioak edo gastuak egitea xede bakartzat duten jarduerak.

d) Autofinantzaketa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten diru-sarrerak, erakunde pribatuek egindakoak.

e) Funtsezko ezaugarriak zehaztugabe dituzten jarduerak. Hau da, helburuak, jarduera-programa, non egingo diren, exekuzio-egutegia, hartzaileak edo aurrekontua zehaztugabe dituzten jarduerak.

f) Toki erakundeak egindako jarduerak, lurraldez gaindikoak ez direnak.

g) Eskola-programen jarduera osagarriak.

h) Baldin eta gainfinantzaketa deuseztatzeko asmoz eskatutako kopuruaren gainean egindako zuzenketaren ondorioz diru kopurua hutseraino murrizten bada. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarrerak (eskatutako diru-laguntza guztiak barne).

7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta aurrekontua.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa izan ahal izango. Diruz laguntzeko moduko gastuak bi multzotan banatzen dira: zuzenak eta zeharkakoak.

2.– Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak dira, aurreko baldintzak aintzat hartuta, dena delako programa edo jarduera gauzatzearekin zuzenki loturiko kostu berariazkoak eta, beraz, programa edo jarduerari zuzenean kargatu dakizkiokeenak. Gastu zuzenen barruan, jarduera zabaltzeko gastuen diru-kopuruak ez du gaindituko, programa edo jarduerari emango zaion diru-laguntza zehazterakoan, programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20.

3.– Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Diruz lagundutako zeharkako gastuen barruan programa edo jardueraren aurrekontuaren % 10erainoko kopurua sartu ahal izango da, betiere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat, behar bezala justifikatuta, programari edo jarduerari eslei dakiokeenean.

4.– Inbertsio-gastuak ez dira inola ere diruz lagunduko. Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, eskatzaileak berak benetan ordaintzen dituenean eta berreskuratu edo konpentsatu ezin badira.

5.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko zereginaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez, beti ere ere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa jarraituz..

6.– Erakunde onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioari dagokionez, lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

7.– Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

8. artikulua.– Diru-laguntzen izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

2.– Izapideak elektronikoki egiteko argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazteria_egitarauak/y22-izapide/eu

3.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, 10. artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barnean direla, euskadi.eus gune elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan beteko da. Eskabidearen edukia I. Eranskinean dago jasota.

2.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuari buruzko memoria zehatza, programa edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daiteke, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazteria_egitarauak/y22-izapide/eu. Memoriaren edukia II. eranskinean dago jasota.

b) Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.

c) Erakundearen inskripzioari buruzko ziurtagiri eguneratua, eta, izaera juridikoaren arabera, dagokion erregistroan inskribatutako azken estatutuen kopia.

Entitate eskatzaileak dokumentu horiek aurretik aurkeztu baditu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz berretsiko ditu. Horretarako nahikoa izango da dokumentu horiek zein Zuzendaritza edo Sailetan aurkeztu ziren adieraztea.

3.– Gainera, Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean sartu aurretik, hau da, 2016ko apirilaren 15aren aurretik, agindu honetako 1. artikuluan jasotako jarduerak egiten ez dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, dagokien foru-aldundiak emandako eskumen berriaren egonkortasun finantzarioari buruzko txostena erantsi beharko dute, bai eta alkateak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari eskatu behar dion bikoiztasunik ezaren inguruko txostenaren eskaera ere, 3.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Halaber, proiektua hobeto baloratzeko entitate eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentu ere aurkeztu ahalko da.

5.– Espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahal izango dizkio Gazteria Zuzendaritzak entitate eskatzaileari, eta entitateak aurkeztutako datuak egiaztatzeko behar diren frogak egin ahalko ditu.

10. artikulua.– Entitate eskatzaileen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskaera aurkezteak organo kudeatzaileri baimena ematea ekartzen du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen automatikoki egiaztatzeko, eskatzaileak baimen hori emateari berariaz uko egiten badio salbu. Kasu horretan, onuradunak Ogasun administrazio-erakundeek eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da diru-laguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

2.– Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

– Diru-laguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak ordainduta edukitzea.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak aparte utzi gabe. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

4.– Administrazioak diru-laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota egon beharko da.

Erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, honako helbidean https://www.euskadi.eus/y22-tresnak/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.

12. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eta zenbatekoa zehazteko prozedura.

1.– Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Diru-laguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu egingo dira eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, 14. artikuluan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:

100 x (puntu kopurua-40) / 30

Lortutako puntu-kopurua 70 baino gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Dena den, beti bete beharko da 15. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoari eta mugei buruz ezarritakoa.

Lortutako emaitza zenbaki hamartarra bada, hurbilen duen zenbaki osoarekin biribilduko da.

2.– 2. artikuluan deialdiari esleitutako hornidura ekonomikoa ez bada nahikoa artikulu honen aurreko puntuan aurreikusitakoaren arabera hasieran kalkulatutako laguntzak osorik ordaintzeko, laguntza horiek murriztu egingo dira. Hala egiten bada, azkenean ezartzen diren zenbatekoek, aipatu hornidurarekin lotuta, bete egin beharko dute horiek aurrera eraman ahal izateko hasieran kalkulatutako zenbatekoan kopuru orokorrarekiko zuten proportzioa.

3.– Diru-laguntzak emateko egiten duen proposamenean, Balorazio Batzordeak laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak aipatuko ditu, banaturik. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, orduan, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztu diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteriako arduraduna.

– Bokala: Silvia Torre Goikoetxea, gazteriako teknikaria. Ordezkoa: Agurtzane Iriondo Goti, gazteriako teknikaria.

– Bokala: Lourdes Ramirez de Ocáriz Sorolla, gazteriako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: F. Javier Gutiérrez Páramo, gazteriako teknikaria.

2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 14. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteriako zuzendariari.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Aurkeztu diren eskabideei emango zaien puntuazioa, 12.1 artikuluan aipatzen dena, honako irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen duten araberakoa izango da:

1.– Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, % 30 gainditzen duen diru-sarrera propioen ehunekorik handiena baloratuz. Gehienez ere 10 puntu.

2.– Proposatutako egitarau edo jarduerak hartzen duen hedapen esparrua. Puntu gehiago emango zaie hedapena Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan duten jarduerei. Gehienez ere 10 puntu.

3.– Programa edo jardueraren egokitasuna. Programa edo jardueraren xedeak argi zehaztuta dauden eta gazte onuradunen beharren azterketan oinarrituta dauden hartuko da kontuan. Gehienez ere 15 puntu.

4.– Proiektuaren diseinuaren eta ezarpenaren kalitatea. Proposatzen den proiektuaren fase guztien (prestakuntzaren, jardueren eta ebaluazioaren) argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea hartuko dira aintzat, bai eta nahi diren emaitzak lortzeko metodologia egokia erabil dadila ere, edota proiektuaren xedeen, proposatzen diren jardueren eta jarduerak egiteko aurrekontuaren artean koherentzia egotea ere. Era berean, gazte parte-hartzaileen babesa eta segurtasuna ziurtatuko dituzten neurri zehatzak egotea ere kontuan hartuko da, eta proiektua bera zein proiektuaren emaitzak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen azken ebaluazio-prozesua egotea. Gehienez ere 25 puntu.

5.– Jarduera edo egitaraua garatzerakoan bai giza baliabideei dagokienez bai baliabide materialei dagokienez, euskara erabiltzea. Gehienez ere 12,50 puntu.

6.– Genero-ikuspegia, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan aintzat hartzea proiektua garatzerakoan eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzea. Gehienez ere 12,50 puntu.

7.– Proiektuaren inpaktua eta hedapena. Programa edo jardueraren ondorioz onuradun gerta daitezkeen pertsonen kopurua baloratuko da, bai eta proiektuak parte-hartzaileengan, erakundeetan eta garatuko den inguruan eduki dezakeen inpaktua ere, edota emaitzak hedatzeko nahiz ustiatzeko aurreikusten diren neurriak. Gehienez ere 15 puntu.

15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Onartutako aurrekontuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 70era artekoak izan ahalko dira deialdi honen babespean ematen diren diru-laguntzak, baina inola ere ezingo dute ehuneko hori gainditu.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean entitate eskatzaile bakoitzari emandako diru-laguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.

16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako laguntza edo diru-sarrerak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere 6.d) artikuluan aurreikusitako autofinantzaketa errespetatuz eta gainfinantzatzea ez badakar. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekotik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

17. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzea.

Gazteriako zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

18. artikulua.– Ebazpena.

1.– Gazteria-arloan eskumena duen zuzendariak deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi eta gero.

2.– Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik. Ebazpen horrek administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete gazteria-arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita. Era berean, emandako diru-laguntzen eta erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako sei hilabeteko epe hori amaituta erakunde interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako diru-laguntza ezetsitzat jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

19. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten entitateek, orokorrean, honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak, batez ere honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, Gazteria Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

d) Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko gazteria-arloan eskumena duen Zuzendaritzaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta diru-laguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera egiten dituzten programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan, eta horiek Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatuak izan beharko dute. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

e) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari.

f) Diruz lagundutako jarduketa, programa edo zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, emandako diru-laguntzaren ehuneko berrogeita hamar, 19.a) artikuluan ezarritako epea igaro ostean, baldin eta onuradunak diru-laguntzari berariaz uko egiten ez badio epe horretan.

b) Bigarren ordainketa, likidazioaren ondorio den zenbatekoa, 2020an, emandako diru-laguntzaren erabilera gazteria-arloan eskumena duen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu ostean, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere 2020ko martxoaren 1a baino lehen, diru-laguntzen entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Justifikazio-kontu erraztua, honako informazioa jasoko duena: buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontua eta diruz lagundutako jarduerari dagokion gastuen zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontuan zehaztuta jasoko dira diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntzak. Era berean, gastuen zerrenda sailkatuan hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, zenbatekoa eta igorpen- eta ordainketa-data jasoko dira. Justifikazio-kontu erraztuaren eredua euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daiteke, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazteria_egitarauak/y22-izapide/eu. Justifikazio-kontu erraztuaren edukia III. eranskinean dago jasota.

b) Egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, diru-laguntzaren zuriketarako inprimaki-eredua erabilita. Inprimakia eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazteria_egitarauak/y22-izapide/eu

3.– Diru-laguntza eman den xederako erabili dela egiaztatze aldera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ausaz begiratuko ditu bere ustez beharrezkoak diren gastu-ziurtagiriak, bai eta onuradunei eskatu ere.

22. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo bestelako entitate publiko zein pribatutatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, gazteria-arloan eskumena duen zuzendariak bidezko likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako ez-betetze kasuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina).

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta onuradunak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez. Honela, helburu partzialen edo proiektuaren jarduera zehatzak ez betetzeak, beraiei zuzendutako diru-laguntzaren zatia itzultzea ekarriko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honen izapidetzan bere kudeaketarako jasoko diren datu pertsonalak fitxategi batean sartuko dira, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraituz. Gazteria- Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna eta interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailera zuzendu ahal izango dira, honako helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetan azaltzen diren laguntzak ebazteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko aurrekontu orokorretan aurretik kreditu egokiak eta nahikoak daudela egiaztatu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 7a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
MEMORIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-KONTU ERRAZTUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala