223. zk., 2018ko azaroaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (201 KB - 2 orri.)
- EPUB (191 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5688
AGINDUA, 2018ko azaroaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez ontzitik eginiko angula-harrapaketak murrizten baitira Euskal Autonomia Erkidegoan.
Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeren 10. eta 11. artikuluetan xedatutakoarekin bat, arrantza-agintaritzak edozein neurri har dezake baliabideak babesteko eta kontserbatzeko. Hori dela eta, itsas jarduna antolatu eta arautzeko finkatzen diren neurriek, jasangarritasuna oinarri dutela, itsas baliabideak babestera eta kontserbatzera joko dute, bai eta itsasaldeko komunitateak garatzera ere.
Ibai-aingira Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Batzordeak ezarritako segurtasun-muga biologikoen mugetatik kanpo dago, eta arrisku kritikoan Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren arabera. Egoera horren aurrean, 2007ko irailaren 18ko Kontseiluaren 1100/2007 (EE) Erregelamenduak –horren bidez, ibai-aingiraren populazioa lehengoratzeko neurriak ezartzen dira– aingira kudeatzeko planak egitera behartu zituen estatu kideak. Hala ere, data hartatik hona, populazioa ez da lehengoratu.
Euskal Autonomia Erkidegoan, aingira kudeatzeko plana onartu zen 2009-2010 denboraldian. Plan horrek hainbat neurri jasotzen zituen, honako hauekin lotuta: habitata hobetzea, oztopoak kentzea eta arrantza arautzea. Izan ere, arautze horrek angularen kirol-arrantza baimentzen du, eta hori kasu bakarra da Europan. Halere, gaur egungo harrapaketak handiagoak dira kudeaketa-planaren aurrekoak baino. Espeziearen egoera delikatua kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da ontzitik eginiko angula-arrantzaren aldia mugatzea. Izan ere, ontzitik eginiko arrantzak presio handiagoa eragiten dio espezieari lurretik eginiko arrantzak baino.
Otsailaren 18ko 41/2003 Dekretuaren 6. artikuluak hau xedatzen du: angula urriko ilargi berria baino astebete lehenagotik hurrengo urteko martxoko ilargi berriaren ondoren astebete pasa arte harrapa daiteke. Data horietatik kanpo debekatuta dago angula arrantzatzea. Txosten teknikoen eta zientifikoen ondorioz ikusten bada aurreneurri gisa beharrezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan angularen arrantza aldi baterako debekatzea, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak dagokion debeku-agindua emango du.
Beraz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Angularen arrantza-denboraldia abenduaren 3tik 11ra mugatzea ontzitik angula arrantzatzeko lizentziaren titular direnentzat.
Bigarrena.– Nahitaezkotzat ezartzea angula arrantzatzen ari diren bitartean harrapaketen koadernoa eramatea.
Hirugarrena.– Agindu honek argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 8a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.