204. zk., 2018ko urriaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (360 KB - 17 orri.)
- EPUB (225 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5183
AGINDUA, 2018ko urriaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko 2018ko ekitaldiko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16. artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta.
Eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, zeinaren bidez ezartzen baita zer prozedura bete behar den Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak kultura interesekoak direla deklaratzeko eta nola kudeatu behar den euskal kultura-ondarea sustapen-, kontserbazio- eta babes-arloei dagokienez.
Gizartean, zabalagoa da ondarearen kontzeptua gaur egun, eta, testuinguru horretan, zenbait eremu berri agertu dira, orain arte gutxitan aztertu direnak; areago, aipatutako legeak ere ez ditu eremu horiek sakontasunez jorratzen. Hala gertatu da ondare immaterialarekin: egun ez da gehiago ikerlarien aztergai propioa, ez eta komunitate atxikitzaileen elementu esklusiboa ere; aitzitik, kultura-ondarearen eskumena duten ikerlari eta administrazioen kezka eta arreta-gune bihurtu da.
Era berean, kultura-ondarean badago beste arlo bat, oraindik orain bazterrean egon dena, eta garrantzi handia hartzen ari dena: itsas ondarea. Hamarkadetan, arrantza-sektorea gainbehera etorri da nabarmen, eta, oro har, hala gertatu da itsasoarekin lotutako jarduera tradizional guztiekin ere. Gainbehera horrek berekin ekarri du kultura materialaren eta immaterialaren elementuen galera. Izan ere, oso gutxi dira ondare horretan egun mantentzen diren laginak, eta, are gutxiago, bizirik daudenak, eta, horregatik, beharrezkoa da erakundeen laguntza, maila guztietan, itsas kultura-ondarea babeste aldera.
Hutsune hori eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen agindua betetzeko, agindu hau onartzen da, helburu hartuta diru-laguntza hauetarako deialdia egitea eta haiek eskatzeko eta ebazteko modua eta baldintzak arautzea, betiere horretara bideratutako diru-zenbatekoa kontuan hartuta. Izan ere, hala ezarrita dago sailak 2018-2022 aldirako duen Diru-laguntzen Plan Estrategikoan. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian argitaratuta dago, helbide honetan http://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2018-2020/web01-s2kultur/eu/
Horretarako aurrekontu-kreditua abenduaren 22ko 5/2017 Legean jasota dago, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Agindu honen helburua da diru-laguntzak emateko deialdi bat egitea, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko itsas kultura-ondarearen ondasun higikor, higiezin eta immaterialak babesteko jarduerak sustatzeko, aintzat hartuta haien balio historikoa, etnografikoa, arkeologikoa edo soziala; agindu honen bidez, orobat, diru-laguntza horiek emateko araubidea ezartzen da.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Agindu honen babespean, laguntzak emango dira itsas-ondarearen arloan kultura-balioa duten elementuak sustatzeko, sendotzeko, konpontzeko eta egokitzeko; jarduera horiek, betiere, bateragarriak izan behar dira elementu horien kultura-balioekin.
2.– Bi diru-laguntza lerrotan emango dira laguntzak, jarraian adierazten den bezala:
1. lerroa:
a) Egurrezko ontzietan obrak egitea, musealizazioa helburu: honako hauek lagunduko dira diruz:
1.– Esku hartzeko edo berritzeko lana egin aurretik irizpideak finkatzeko beharrezko diren azterlan edo analisiak.
2.– Segurtasunerako eta sarbideetarako obrak edo elementuak, bai ontzi barrukoak bai sarbideetakoak.
3.– Kartelak, panelak eta beste edozein informazio-mekanismo, interpretazioa egiteko beharrezkoa dena, baina ontziaren izaerarekin loturarik ez duena.
Ez dira diruz lagunduko ontzia berritzeko lanak edo haren ekipamendu estrukturala (motorrak, belak, mastak...) berritzekoak.
b) Egurrezko ontziak tresnatzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.
1.– Barne dira segurtasun- eta nabigazio-ekipamenduaren gastuak, bai eta ontziaren garrantzia azpimarratzeko egindakoak ere, halakorik balego.
2.– Egiturazko lanak, nabigaziorako beharrezkoak direnak.
c) Lehorreko instalazioen garrantzia nabarmentzea: ontziolak, lonjak, portuko beste elementu batzuk eta egurrezko egitura txikiak, hala nola ontziralekuak. Jasota eta halakotzat balioetsita egon behar dute Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultura-ondarearen katalogoetan.
1.– Hauek sartzen dira atal honetan:
i) Aurretiazko azterlanak: historikoak, arkeologikoak edo ondarezkoak, esku-hartzerako irizpideak finkatzeko beharrezkoak direnak.
ii) Elementua balioestearekin bateragarriak ez diren elementu eta atalak kentzea:
iii) Zenbait eraikin erabiltzeko moduan jartzea. Proiektu teknikoak, obra-zuzendaritza eta instalazio orokorrak.
iv) Kartelak, panelak eta azpiegiturak, egin beharreko balioespenari edo musealizazioari berez dagozkionak.
2.– Ez dira diruz lagunduko berritze- edo urbanizatze-lanak.
d) Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak, barne hartuta ontziaren nabigaziorako beharrezkoak diren lizentzia eta baimenak izapidetzeko gastuak, baldin eta esku-hartzea ontziaren ezaugarrietara egokitzen bada eta kalterik egiten ez badie ondare-balioei. Gainera, ontziek erregistratuta egon behar dute euskal portuetan, eta uretaratuta egon, edo 2018an uretaratzeko aurreikusita.
2. lerroa:
Ekitaldiak, egurrezko itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko eginak: Diruz lagunduko dira zenbait jarduera edo ekitaldi-atal, baldin eta zuzeneko lotura badute itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko lanarekin (ontzi tradizionalen kontzentrazioak, erakusketak, hitzaldiak...).
3.– Ez dira diruz lagunduko ikus-entzunezko ekipamenduaren erosketa, kurtsoak, biltzarrak, lehiaketak, programa informatikoak eta webgune eta argitalpenak (liburuak, monografiak...). Argitalpenen kasuan, ordea, salbuespena izango dira diruz lagundutako jarduera ulertzeko beharrezkoak direnak (flyers formatukoak, triptikoak...).
4.– Ezin da ontzi bat aurkeztu 1. lerroko a) eta b) apartatuen laguntzetara, apartatu horiek bateraezinak baitira haien artean ontzi bererako. Ontzi baterako bi eskabide aurkeztuz gero, a) apartatukoa izango lehentasunezkoa, eta bazter utziko da b)-koa, balioetsi gabe.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde hartzaileak.
1.– Diru-laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte pertsona fisikoek, edo haiek osatutako elkarteek, eta pertsona juridikoek, baldin eta helbidea EAEn badute, edo EAEn garatzen badituzte deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduerak, betiere hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz.
Onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak (publikoak zein pribatuak), ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, diruz lagundutako jarduerak garatu ditzaketenak, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, hala ezarrita baitago Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan.
Elkarteak badira (pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, nortasun gabeak), berariaz jaso beharko dute, eskabidean nahiz laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak exekuzioan zer konpromiso hartu duen bere gain eta haietako bakoitzari zenbateko diru-laguntza aplikatu behar zaion, onuraduntzat joko baitira. Betiere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu behar da, nahiko ahalorde duena elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkarteak ezingo dira desegin, harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igaro arte.
2.– Agindu honetako 2.2. artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan deskribatutako jarduerei dagozkien diru-laguntzak pertsona juridiko pribatu zein publikoek eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta artikulu horretan aipatu jarduerak burutzen badituzte.
3.– Agindu honetako 2.2 artikuluko e) apartatuan deskribatzen diren jarduerei dagozkien diru-laguntzak, berriz, pertsona fisiko edo juridikoek eskuratu ahal izango dituzte, publiko nahiz pribatu, baldin eta apartatu horretan aipatu jarduerak burutzen badituzte eta ontziaren jabeak badira, edo, ontziaren errentari edo ontzien gaineko beste eskubide erreal batzuen titular izaki, jabetza-baimena badute agiri bidez justifikatua.
4.– Deialdi honetan, gehienez hiru diru-laguntza emango zaizkio eskatzaile bakoitzari. Hiru eskaera baino gehiago eskatuz gero, puntuaziorik handiena lortzen duten hirurak baino ez dira aintzat hartuko, eta, berdinketa gertatuz gero, diru-laguntza handiena jasotzen duten hirurak.
4. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako debekuetako bat ezarria duenak ezingo ditu deialdi honetako diru-laguntzak jaso.
2.– Halaber, eskatzaileek ergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar dituzte, eta ordainduta eduki diru-laguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak, deialdi honetako diru-laguntzak jasoko badituzte. 3.1 artikuluan aipatzen diren elkarte eta erkidegoak osatzen dituzten kide guztiek bete beharko dute baldintza hori.
Baldintza hori bete beharko dute hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, baldintza betetzen dela egiaztatuko da bai diru-laguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
3.– Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, erregistro egokian inskribatuta egotea.
4.– Pertsona fisiko eta juridikoek egunean eduki behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere, onuradun diren unetik diru-laguntzaren likidazioa egin arte.
5.– Ezin izango dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskuratu diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa barne.
6.– Helburu bererako, beste edozein erakunde edo administraziotatik –publikotik zein pribatutik– beste diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu badu edo, kasua bada, lortu badu erakunde edo pertsona fisiko eskatzaileak, horren berri jakinarazi beharko du.
5. artikulua.– Diru-baliabideak.
Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira 1. artikuluan adierazitako xedea lortzeko: berrehun mila (200.000) euro. Horietatik, 1. lerrorako, 170.000 euro erabiliko dira; zenbateko horretatik, gehienez 20.000 euro bideratuko dira lerro horretako d) apartatura. 2. lerrora, berriz, 30.000 euro bideratuko dira.
6. artikulua.– Diru-laguntzen gehieneko kopurua edo muga.
2.2 artikuluko 1. lerroaren a), b) eta c) apartatuetan, diruz lagundu daitekeen aurrekontu-zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar (% 50) emango da gehienez, BEZa barne, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen bidez, betiere 30.000 euroko zenbatekoa gainditu gabe; % 50 emango da gehienez, BEZa barne, aginduko 2.2 artikuluko 1. lerroko d) apartatuan eta 2. lerroan, betiere 2.000 euroko zenbatekoa gainditu gabe.
7. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.
Diruz lagundutako proiektuek hasita egon beharko dute, edo 2018ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, beranduenik ere, 2018ko abenduaren 31 baino lehenago amaitu beharko dira.
8. artikulua.– Bateragarritasuna.
Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko eta pribatu batzuek xede bererako emandakoekin, bai eta onuradunak finantzaziorako lor litzakeen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere, betiere batera eskuratutako diru-zenbatekoek gainditzen ez badute diruz lagundutako jardueraren kostu efektiboa. Kostu gainditzen bada, deialdi honen babespean emandako diru-laguntza murriztuko da gehiegizkoa den partea kenduta.
9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak nahiz presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan. Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratiboaren edozein izapide egiteko.
3.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko den (aipatu erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan).
Eskabideak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-en egoitza elektronikoan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.
– Erdaraz: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/ayuda_subvencion/2018/patrimonio-cultural-maritimo/
– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza/2018/itsas-kultura-ondarea/
4.– Pertsona fisikoek, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
– Erdaraz: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/ayuda_subvencion/2018/patrimonio-cultural-maritimo/
– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza/2018/itsas-kultura-ondarea/
6.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.
10. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.
1.– Eskatzaileak baimena eman dezake berariaz, organo emaileak ziurtagiri telematikoen bidez zuzenean egiazta dezan diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hartara, eskatzaileak ez du halako ziurtagiririk aurkeztu beharko. Baimen hori eman ezean, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Pertsona juridikoen kasuan, Kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du haiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien baimenik eskuratu beharko.
Interesdunek, Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
2.– Eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz:
– Adierazi beharko da helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik. Helburu bererako, beste diru-laguntzarik edo diru-sarrerarik lortu ez bada, ez eta eskatu ere, horren berri ematen duen zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
– Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).
– Halaber, erakunde edo pertsona eskatzaileak adierazi behar du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
– Erantzukizunpeko adierazpenean, halaber, aditzera emango da eskatzaileak ez daukala ezarria Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako debekurik.
3.– Eskabideetan jasoko da laguntza eskatzen duen pertsonak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.
11. artikulua.– Proiektuari buruzko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, betiere, eskabidearekin batera:
a) Jarduera edo proiektuaren gaineko txosten zehatza, non berariaz jasoko baita zer epetan gauzatuko den diruz lagundutako jarduera; epe hori, betiere, ez da izango 2018ko abenduaren 31 geroztikoa. 2.2 artikuluko 1. lerroaren d) apartatuan aurkeztutako proiektuen kasuan, memoriaren ordez 1. eranskineko galdera-sorta aurkeztu ahal izango da.
b) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, egoitza elektronikoan eta Kultura Ondarearen Zerbitzuan eskuragarri dagoen «Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.
– Erdaraz: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/ayuda_subvencion/2018/patrimonio-cultural-maritimo/
– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza/2018/itsas-kultura-ondarea/
c) 2.2 artikuluko c) apartatuko elementuen kasuan, edo 2.2 artikuluko 1. lerroaren a), b) eta d) apartatuetako elementuen kasuan, lehorrean baldin badaude eta nabigaziorako balio ez badute, esku-hartzearen xede den elementuaren gaineko jabetza egiaztatu beharko da; elementuen errentariek edo haien gaineko beste eskubide erreal batzuen titularrek, berriz, jabeen baimena aurkeztu beharko dute, agiri bidez justifikatua. Museoek edo antzeko erakundeek egiaztatu beharko dute dagokion elementua erakundean gordailututako funtsen artean dagoela.
d) 2.2. artikuluko 2. lerroaren a), b) eta d) apartatuetan diruz lagundutako elementuen kasuan, dagokion itsas-kapitaintzaren erregistroaren kopia autentikoa edo ziurtagiria.
e) Oro har, eskatutako diru-laguntzaren berme izango den beste edozein agiri, betiere dagokion kalifikazioa eta balorazioa egiteko balio badu.
12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
13. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.
2.– Eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege horren 14.2 eta 14.3 artikuluetan aipatzen diren pertsona juridikoetako batzuek modu presentzialean aurkezten badute eskabidea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak interesdunei eskatuko die akatsen zuzenketa bitarteko elektronikoz aurkez ditzaten. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
14. artikulua.– Balioespen Batzordea.
1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak balioesteko, Balioespen Batzorde bat eratuko da, 2.2 artikuluan adierazitako diru-laguntza lerroei dagozkien prozeduretako bakoitzean (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa errespetatuz). Behin eskaerak aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren eratuko da batzorde hori, zeinak, ezarritako esleipen-irizpideak oinarri hartuta, dagokion proposamena igorriko baitio Kulturako sailburuordeari, hark ebatz dezan. Honako hauek osatuko dute batzordea:
– Kultura Ondarearen zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona, batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.
– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari bat, Kulturako sailburuordeak izendatua. Batzordeko idazkaria izango da. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.
– Itsas kultur-ondarearen arloan entzute handia duten bi pertsona.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Baliospen Batzorderen osaera, hala ezarritako baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.
2.– Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
3.– Balioespen Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, eta kideen erdiek parte hartzea, hara bertaratuta edo urrunetik.
4.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
5.– Prozedura bakoitzean, Balioespen Batzordeak, esleipen-irizpideak oinarri hartuta, ebazpen-proposamenak egingo dizkio Kulturako sailburuordeari, eta, haietan jasoko du zer diru-laguntza ematea proposatzen duen, honako hauek zehaztuta: onuradunen izenak, proiektuenak eta diru-laguntzen zenbatekoak. Onuraduna nortasun juridikorik gabeko elkarte bat baldin bada, adierazi beharko da, orobat, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartu duen konpromisoa, bai eta kide bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren zenbatekoa ere. Horretaz gainera, adierazi beharko du zer diru-laguntza ukatzea proposatzen duen eta zein diren horretarako arrazoiak.
15. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
Norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da agindu honetan jasotako diru-laguntzak emateko:
– Behin eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 13. artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutakoan, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatuko ditu Balioespen Batzordeak, hurrengo artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriz.
– 2.2. artikuluko 1. lerroaren a), b) eta c) apartatuetan, ebaluazio fasean gutxienez hirurogei (60) puntu lortu dituzten jarduketek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte laguntzak.
– 2. lerroko proiektuekin hasiko da diru-laguntzen esleipena. Diru guztia banatzen ez bada, 1. lerroko a), b) eta c) apartatuetako proiektuei gehituko zaie soberakina. Gauza bera gertatuko da 2.2 artikuluko 1. lerroaren d) puntuarekin: diru guztia banatzen ez bada, soberakina gehituko zaie a), b) eta c) apartatuetako proiektuei. Halaber, 1. lerroko d) apartatuan, eman beharreko laguntzen batura 20.000 eurotik gorakoa baldin bada, zati proportzionala emango zaie, zenbateko horretara heldu arte.
– Aurretik, hala ere, 1. lerroko a), b) eta d) apartatuetan diru-laguntzak jasotzen dituzten ontzi guztiek gutxienez 14 puntu lortu beharko dituzte, Balioespen Batzordeak emanak 1. eranskineko galdera-sortaren arabera, eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakusketa-zentroetan edo zentro publikoetan jarrita egon beharko dute, edo EAEko portuetan erregistratuta.
– c) apartatuan diruz lagundu daitezkeen elementu guztiek Euskal Kultura Ondarearen katalogoetan jasota egon beharko dute, ondare horren parte diren aldetik.
16. artikulua.– Ebaluazio- eta hautaketa-irizpideak.
Honako irizpide hauek erabiliko dira jarduketak ebaluatzeko eta hautatzeko.
1. lerroan diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
1.– 2.2 artikuluko a) apartatuan.
a) Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik. Gehienez ere 50 puntu emango dira.
Jarraian zehazten den eran balioetsiko da jardueraren interesa: museoetako ontzietan egindako jarduerak: gehienez ere 50 puntu. Museoetan ez dauden ontzietan egindakoak: gehienez ere 40 puntu.
b) Ontziaren balioespena, 1. eranskineko galdera-sortaren arabera egina.
c) Ontzia uretaratzekoa baldin bada: 10 puntu.
2.– 2.2 artikuluko b) apartatuan: ontzitik edo ontzian egitekoa den jardueraren interesa: gehienez ere 40 puntu. Jarraian zehazten den eran balioetsiko da jardueraren interesa: ondare hutseko jarduerak, hau da, ontzia erakustekoak edo bisita egin eta kultura-ondareari buruzko diskurtsoa egitekoak: 40 puntu. Bestelako lanetarako: 30 puntu.
b) Ontziaren balioespena, 1. eranskineko galdera-sortaren arabera egina.
c) Zenbatetan nabigatzen den. Urtero, astean egun batean baino gehiagotan nabigatuz gero batez beste: 20 puntu. Gutxiagotan nabigatuz gero: 5 puntu.
3.– 2.2 artikuluko c) apartatuan:
a) Jardueraren interesa eta kalitatea, kulturaren ikuspegitik. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 45 puntu emango zaizkio gehienez.
Kalitatea handia: 45 puntu.
Kalitate ertaina: 30 puntu.
Kalitate txikia: 15 puntu.
b) Eskabideko helburu den proiektuaren edo ekimenaren ezaugarri teknikoak. Gehienez ere 40 puntu emango zaizkie proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehazten dituzten proiektuei eta proiektuaren garapen zehatza aurkezten dutenei, finkatutako helburuak erdiesteko egin behar diren obra-motak adierazten badituzte, betiere.
c) Jarduerak nolako zabalkundea eta hedapena duen kanpoan. Gehienez ere 15 puntu emango zaizkie EAEn oihartzun handia duten ekimenei; lurralde-mailako edo tokiko oihartzuna dutenei, berriz, 10 puntu gehienez.
4.– 2.2 artikuluko d) apartatuan:
Diruz lagunduko dira laguntza hauen xede diren ontzietan egindako esku-hartze guztiak, baldin eta ondasunaren ondare-balioen aurkakoak ez badira eta gutxienez 14 puntu lortzen badituzte 1. eranskineko galdera-sortan.
2. lerroan diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
a) 40 puntu emango dira, aintzat hartuta zenbat ontzik parte hartuko duten ekitaldian; erantzukizunpeko adierazpen baten bidez jakinaraziko da ontzi-kopurua, edo, ekitaldia dagoeneko eginda badago, dokumentazioa aurkeztu beharko da, zenbat ontzik parte hartu duten zehaztuko duena:
– 1 ontzitik 5 ontzira bitartean: 10 puntu.
– 6 ontzitik 10 ontzira bitartean: 25 puntu.
– 10 ontzi baino gehiago: 40 puntu.
b) 10 puntu emango zaizkie egun bat baino gehiago irauten duten ekitaldiei.
c) Gehienez ere 25 puntu emango zaizkie zenbait ekitaldiri, baldin eta barnean hartzen badituzte itsas-ondarearen defentsarekin eta sustapenarekin zuzenean lotutako beste jarduera batzuk (erakusketak, hitzaldiak...).
d) Jarduerak nolako oihartzuna eta hedapena duen kanpoan. Gehienez ere 25 puntu emango zaizkie EAEn oihartzun handia duten ekimenei; lurralde-mailako edo tokiko oihartzuna dutenei, berriz, 15 puntu gehienez.
17. artikulua.– Balorazio eta kuantifikazio irizpideak.
1.– Ebaluazio- eta hautaketa-fasea bukatu ondoren esleituko zaizkie deialdi honetako diru-laguntzak hautatutako proiektuei, 2. artikuluan ezarritako lerroetako bakoitzean.
2.– Erakunde bakoitzari eman beharreko zenbatekoa zehazte aldera, diru-laguntza lerro bakoitzean kalkulatuko da hasiera batean eman beharreko zenbatekoa, 6. artikuluan adierazitako gehieneko muga errespetatuta, eta balioespen-fasean lortutako puntuazioaren proportzioan.
Diru-laguntza lerro bakoitzari esleitutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa baldin bada hasiera batean kalkulatutako zenbateko estaltzeko, zenbateko horiei jarraituz emango dira diru-laguntzak, eta prozedura ebatziko da. 2. lerroan eta 1. lerroko d) apartatuan izan litekeen soberazko saldoa 1. lerroko a), b) eta c) apartatuetako hasierako zuzkidura handitzeko erabil liteke, baldin eta apartatu horien zuzkidurak defizitarioak baldin badira hasieran kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko.
Ondoren, 1. lerroko d) apartatuaren banaketa egingo da. Diru-laguntzen zenbatekoek apartatu horretara bideratutako 20.000 euroko muga gainditzen badute, hiruko erregela bidez hainbanatuko dira, azken zenbatekoak zehazteko. Apartatu honetara bideratutako zenbatekoa osorik erabiltzen ez bada, gainerako apartatuen proiektuei esleituko zaie soberakina.
1. lerroko d) apartatuaren azken dotazioa nahikoa ez bada hasieran kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, zenbatekoak linealki murriztuko dira, harik eta dotazio hori nahikoa izan arte.
1. lerroko a), b) eta c) apartatuetan eta 2. lerroan diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, Epaimahai Kalifikatzaileak deialdiari zuzendutako gehieneko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du 15. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean, betiere jarraian zehazten diren formulak aplikatuz:
a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta kasu bakoitzean hasieran proposatutako zenbatekoa. Formula hau erabiliko da horretarako:
(Ikus .PDF)
non,
Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako diru-kopurua.
Ei = kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren zenbatekoa.
Pi = programa edo jarduera bakoitzari Batzordeak esleitutako puntuazioa.
b) Baldin eta aurreko apartatuan ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, formula honen bidez zehaztuko da kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa:
(Ikus .PDF)
non,
Si’ = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko zenbatekoa.
D = Diru-laguntzaren helburu diren programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.
Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren hasierako zenbatekoa.
18. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balioespen Batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du lerro bakoitzean, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dizkio, ebazpenak eman ditzan.
2.– Gutxienez honako hau jasoko du ebazpen bakoitzak:
a) Onartu gabeko proiektuak, arrazoia zehaztuta.
b) Diruz lagunduko diren proiektuak, honako hauek adierazita: proiektuaren zer partida lagunduko diren diruz (proiektu osoa diruz laguntzen ez baldin bada) eta esleitutako laguntzen zenbatekoa.
c) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.
d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu arautzailearen 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
e) Behin proiektua amaituta, emandako diru-laguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 24.2 artikuluak dioenari jarraituz.
f) Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.
3.– Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta artean izapidetzen ari direnak. Diru-laguntza horiek emateko, eta, bidezkoa denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.
4.– Ebazpenak, gehienez, hilabeteko epean jakinaraziko dira, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.
Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekitzen bada, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo entitate interesdunari bidalitako jakinarazpena jasotzen denetik eta hark jakinarazpen horri erantzuten dion arte.
5.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideak isiltasun administratiboaren bidez ukatu direla ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudiari jarraituz (39/2015 Legearen 25.1 a) artikulua).
6.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaizkie ebazpenak, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, herritar oro jakitun izan dadin. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
7.– Jakinarazitako ebazpenen aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz.
19. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek bete beharko dituzte agindu honetan zehaztu eta arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Helburua betetzea, proiektua exekutatzea edo jarduera gauzatzea, diru-laguntzaren oinarri diren aldetik.
3.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
4.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emanak, hala gertatuz gero.
5.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu dela, hala gertatzen denean. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak –baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.
6.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egiten ari direla eskatzen duten informazioa ematea, jasotako diru-laguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.
7.– Diruz lagundutako jarduerarekin lotuta sor litezkeen karteletan, testuetan edo inprimatutako beste edozein bitarteko erreal edo birtualetan, adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso dela, eta, gainera, sailaren logotipo ofiziala jaso beharko da haietan.
8.– Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (bereziki, 14. eta 46. artikuluetan) jasotako beste edozein betebehar.
20. artikulua.– Azpikontratazioa.
Onuradunak diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.
21. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik.
Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki jotzen dituen ikuskatze eta egiaztapenak egitea.
22. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Ordainketa bakar batean ordainduko dira agindu honen kargura emandako diru-laguntzak. Aurretik, betiere, justifikatu beharko da diruz lagundutako jarduera gauzatu dela, bai eta zer kostu izan duen ere, 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Ez da inolako ordainketarik egingo, onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
2.– Erregistratu gabe egonez gero Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota erregistro horretan dauden bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, herritarrei arreta emateko bulegoetan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez erregistratu daiteke edo datuak aldatu, edo, bestela, era hauetako batean:
– bide presentzialean: honako helbide honetan dagoen inprimaki-eredua aurkeztuta:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/y22-izapide2/eu/
– bide elektronikoa erabilita https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml
23. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, baldintza hauek betetzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz: diruz lagundutako jardueraren izaerarekin nabarmen lotuta egotea, erabat beharrezkoak izatea eta 7. artikuluan ezarritako epean gauzatzea, betiere agindu honetako 2. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta.
2.– Betiere, honako hauek aplikatuko dira: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa.
24. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean (aipatu erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, diru-laguntza justifikatzeko.
Justifikazio-agiriak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunearen bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.
2.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:
a) Egindako jarduera justifikatzen duten agiriak: egindako jarduerari buruzko memoria, ahalik eta zehatzena; ziurtagiri teknikoa, egindako obra edo jarduera zehaztuta.
b) Gastu guztiak justifikatzeko agiriak, jarraian zehazten denarekin bat datozenak:
– Izandako gastuen fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan baliozkoak direnak edo administrazio-efikazia dutenak. Denak ere diruz lagundutako jarduera burutzeko sortu diren gastuei dagozkienak izango dira, eta haien zenbatekoak gastu-aurrekontuaren bestekoa izan beharko du.
c) Zinpeko adierazpen bidez, diru-laguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena, espresuki adieraziz erakunde publiko nahi pribatuetatik jasotako laguntzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntza barne dela. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntzaz gainera ez bada bestelako laguntzarik jaso, hori adierazten duen ziurtagiri bat atxikiko da.
d) Onuraduna beste administrazio publiko bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du, emandako diru-laguntzaren helburua bete dela adierazteko eta hartarako erabilitako zenbatekoak zehazteko.
e) Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.
3.– Diruz lagundutako proiektuak 2019ko urtarrilaren 15a baino lehen justifikatu beharko dira.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
25. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.
1.– Helburua eta irizpideak.
Behin betiko likidazio-ebazpena emango da, hain zuzen ere emandako diru-laguntza egokitzeko benetan garatutako proiektuaren dimentsiora. Justifikatutako diru-zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino handiagoa izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzeko.
2.– Prozedura.
a) Behin aztertuta diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak, egokitzat jotzen badira, murrizketa egin beharra dagoenean ordaindu beharreko zenbatekoa ordainduko da.
b) Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta diru-laguntzaren xedea bete dela ikusten denean, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan dena baino txikiagoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso dituztelako ezarri diren mugak gaindituz.
Ebazpena aldatuko da, halaber, baldin eta diru-laguntza osorik ezeztatzea bidezkoa bada edo agindu honetako 26. artikuluan zehaztutako kasuetan.
Halako kasuetan, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, bi hilabeteko epean, frogagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak aldatu edo egokituko dira.
26. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat, EONALTBren 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoari jarraituz:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diru-laguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutako ez-betetzeak.
2.– Artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako zure datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako «Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko ditugula (agindu horren bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira), hala xedatzen baita xedapen hauetan: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, zeinaren bidez ezartzen baitira pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak guztiz seguru egongo direla bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datuak ez zaizkie hirugarrenei emango, legez baimendutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea dute interesdunek, halaxe onartzen baitu berariaz Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ulertzen da deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek Administrazioari baimena ematen diotela emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta dezan –Administrazio honen esku zein beste administrazio publiko batzuen esku egon– hain zuzen ere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko, betiere prozeduran ez bada berariazko kontrakotasunik adierazten.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 17a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
1. ERANSKINA
1.– Eraikuntza urtea:
(Ikus .PDF)
2.– Kontserbazio-egoera:
(Ikus .PDF)
3.– Biltegiratzea:
(Ikus .PDF)
4.– Jatorrizko egoera:
(Ikus .PDF)
5.– Tipologia:
(Ikus .PDF)
Guztira, gehienez: 40 puntu.