204. zk., 2018ko urriaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (419 KB - 31 orri.)
- EPUB (395 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5182
EBAZPENA, 2018ko irailaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen eta berrikusten baita Papel Aralar SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, papera fabrikatzeko jarduerarako, Amezketako udal-mugartean (Gipuzkoa).
Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez eman zitzaion Papel Aralar SAri ingurumen-baimen integratua, papera fabrikatzeko jarduerarako, Amezketako udal-mugartean (Gipuzkoa).
2008ko azaroaren 12an, ingurumen-organoak agindua eman zuen Papel Aralar SAk 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazteko. Agindu horretan, partez onesten da gora jotzeko errekurtsoa, eta ebazpen horren bigarren ataleko B.1.2.3, B.1.2.4 eta C.2 azpiatalak aldatzen dira.
Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko martxoaren 9ko Ebazpenaren bidez aldatu egin zen Papel Aralar SAri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, Amezketako udal-mugartean (Gipuzkoa) papera fabrikatzeko jarduerarako.
Papel Aralar SAk 2010eko irailaren 9ko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak, 2010eko martxoaren 9an. Agindu horretan, partez onartzen da gora jotzeko errekurtsoa, eta ebazpen horren bigarren ataleko B.1.2.3 eta B.1.2.4 azpiatalak aldatzen dira.
Ingurumeneko sailburuordearen 2014ko maiatzaren 8ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Papel Aralar SAri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, papera fabrikatzeko jarduerarako, Amezketako udal-mugartean (Gipuzkoa).
2014ko irailaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Isurketa Industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia).
2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluak zehazten ditu baimena berrikusteko baldintzak; horrela, instalazio baten jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak argitaratu eta lau urteko epean, organo eskudunak bermatuko du berrikusi direla eta, hala behar bada, egokitu direla instalazioa baimentzeko baldintza guztiak, eta instalazio horrek betetzen dituela TEO aplikagarrien erreferentzia-dokumentuei buruzko ondorioak.
2017ko azaroaren 29an, baimena berrikusi ahal izateko, ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenekin instalazioak izandako funtzionamenduaren konparatiboa bidaltzeko eskatu zion ingurumen-organoak Papel Aralar Sari, baita isuriei buruzko dokumentazioa ere.
2017ko abenduaren 12an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Papel Aralar SAk.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko abenduaren 19ko Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea Papel Aralar SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikusketa, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2017ko abenduaren 28an.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2017ko abenduaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Amezketako Udalari, URAri eta Osasun Sailari.
2018ko urtarrilaren 8an eta 2018ko maiatzaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta URAk txostena bidali zuten, hurrenez hurren, eta espedientean jaso da txosten horien emaitza.
Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 23ko Ebazpenaren bidez aldatu zen Papel Aralar SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, papera fabrikatzeko jarduerarako, Amezketako udal-mugartean (Gipuzkoa).
2018ko irailaren 14an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Papel Aralar SAren esku utzi zen espedientea.
Ingurumen-baimen integratuaren berrikusketari dagokion jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, ez da alegaziorik aurkeztu.
Ingurumen-organo honek du ebazpen hau emateko eskumena, xedapen hauetan xedatutakoaren arabera: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babestekoa, eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Honako xedapen hauek ikusi dira:3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berrikustea Papel Aralar SAri emandako ingurumen-baimen integratua, eta orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenen gaineko ondorioen dokumentuari egokitzea baimenaren baldintzak.
Bigarrena.– Aldatzea Papel Aralar SAri Amezketako udal-mugartean papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, zeina 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez eman baitzen. Ondorioz, 2008ko apirilaren 25eko Ebazpen horren lehenengo eta bigarren apartatuak aldatzen dira, eta honela idatziak gelditzen:
«Lehenengoa.– Ingurumen-baimen integratua ematea Papel Aralar SAri (helbide soziala: San Bartolome 40, Amezketako udal-mugartea, Gipuzkoa; IFK: A-20613253), paketatzeko paper malgua eta kolore anitzeko papera fabrikatzeko (iztukadurarekin edo gabe), Amezketako udal-mugartean, ebazpen honen bigarren apartatuan xedatutako baldintzetan. Kategoria honetan sartuta dago jarduera: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 6.1.b) kategoria, Parera eta kartoia fabrikatzeko industria-instalazioak, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena dutena.»
Amezketako udal-mugartean kokatuta dago Papel Aralar SA, eta udal-mugartearen izen bereko ibaiak banatzen dituen bi lursail okupatzen ditu.
Hainbat etapatan banatzen da instalazioetan burutzen den ekoizpen-prozesua. Prozesuaren lehen etapan, orea prestatzen da. Horretarako hainbat urrats ematen dira:
– Orea desegin eta diluzitzea pulperretan.
– Birrinketa bidez fintzea, zuntzen neurria eta lodiera txikitzen da horrela.
– Zentrifugazio eta filtrazio bidez araztea, ezpurutasunak bereizten dira hor.
Gero, paper-makinetan sartzen da orea. Hiru makina daude, eta horietako bik (1. eta 3. makinak, zehazki) paper iztukatua fabrika dezakete, iztukadura-saltsarekin inpregnatuz hala eskatzen duen paperaren aldea. Paper-makinetan ura kentzen da, berotzeko eta prentsatzeko barne-prozesuen bitartez, harik eta % 95-eko materia idorrera heldu arte.
Zabalera finkoa eta luzera aldakorreko biribilki moduan sortzen da papera makinetan, eta horien amaieran dauden bobinatzeko makinetara bideratzen. Horietan, bezeroak eskatutako zabalera eta luzeraren arabera mozten eta bobinatzen da papera. Prozesu hori amaituta, hiru makinentzat berdina den paketatze-prozesura bideratzen dira biribilkiak. Plastikoarekin paketatzen dira, biribilkia arrabol-sistema batean bira araziz.
Urtean 110.000 t ekoizteko ahalmena du, gutxi gorabehera.
Energia elektrikoa, gas naturala, gasolioa eta petrolio-gas likidotuak dira ekoizte-prozesurako erabilitako energia-baliabideak. Gas naturala erabiltzen da kogenerazio-instalazioan elektrizitatea sortzeko, lurruna sortzeko nahiz I. eta III. makinen infragorri bidezko lehorketan, IV. makinaren erregailuetan eta instalazio guztiko olio termikoko galdaretan, eta gasolioa eta PGL, aldiz, orga jasotzaileetan. 380.000 MWh gas natural eta 50.000 kg PGL kontsumitzen da urtean.
Instalazioetan behar den energia elektrikoa horretarako diren kogenerazio-instalazioetan sortzen da. Kogenerazio-instalazioak 12,5 MW-ko potentziako galdara bat eta 1,4 MW-ko potentziako bapore-turbina bat ditu. Turbinatik ateratzen diren keak galdara batera bideratzen dira, zeinak bi presio-mailatan sor baitezake lurruna: 20,2 t/h lurrun 40 bar-ean eta 2,5 t/h lurrun 7 bar-ean. 2 MW potentziako errekuntza-ostea dakar berarekin galdarak. Instalazioa gas-konpresore batek eta erregulazio- eta kontrol-tresnek osatzen dute.
Fabrikan behar den ura udal-saretik nahiz Amezketa ibaitik hartzen da. Udalerriko saretik hartzen den ura langileen kontsumorako eta higiene-zerbitzuetarako erabiltzen da; Amezketa ibaiko urak, berriz, ekoizpen-prozesura bideratzen dira. 2017an, 1.457.238 m3 ur bildu zen –ez kontsumitu–, orotara.
Halaber, enpresan sortutako efluenteak bitan banatzen dira: industria-urak eta erabilera sanitarioko urak. Industria-urak tratatzeko instalazioan tratatzen dira industria-urak, eta erabilera sanitarioko urak, aldiz, iragazki biologikoko bi hodi septikotan. Urak tratatu ondoren, bi fluxuak Amezketa ibaira isurtzen dira isuri-puntu independenteetatik.
Atmosferara egindako isurketak kogenerazio-prozesuko galdaretatik, olio termikoko galdaretatik eta paper-makinetako infragorri bidezko lehorgailuetatik eta IV. makinaren kanpaiaren erregailuetatik egiten dira.
Bestalde, hauek dira instalazioan sortutako hondakin arriskutsu nagusienak: olio erabilia, disolbatzaileak, kutsatutako ontziak, fluoreszenteak eta zapiak eta xurgatzaileak.
Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakian, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira; bada, erabaki horretan jasotzen diren teknika erabilgarri onenen artean, uraren kontsumoa gutxitzera bideratuak azpimarra daitezke: ur zurien zirkuituen bereizketa eta ur horiek birziklatzea; ur zurien andel-sistemak; ur klarifikatuak eta hauste-orea; hozte-urak orekatu, bildu eta berriz erabiltzea, eta ur-zirkuituak ixtearen ondoriozko eragozpenen kontrola. Gainera, hondakin-uren isuriak eragindako inpaktua minimizatzeko, homogeneizazio-tanga bat, tratamendu fisiko-kimiko baten osteko 900 m3-ko tratamendu biologiko bat, eta industria-urentzako tratamendu fisiko-kimiko bat ditu Papel Aralar SAk, baita erabilera sanitarioko urentzako iragazki biologikoko bi hodi ere. Airera egindako isurketak minimizatzera bideratutako teknika erabilgarri onenei dagokienez, azpimarratu behar dira energetikoki eraginkorrak diren teknologiak erabiltzea, galdara laguntzaileen errekuntza-baldintzak kontrolatzea eta NOx gasen isurketak gutxitzeko erregailu bereziak instalatzea bezalako lehen mailako neurriak.
Halaber, Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia betetzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta antolaketakoak daude. Erabaki horren bidez, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, eta ondorio horietatik honako hauek aplikatu behar dira: TEO1, TEO2, TEO5, TEO6, TEO7, TEO8, TEO9, TEO10, TEO12, TEO14, TEO17, TEO47, TEO48, TEO49, TEO50, TEO52, TEO53.
«Bigarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea, Papel Aralar SAk, Amezketako udal-mugartean sustatzen duen papera fabrikatzeko jarduera ustiatzeko:
A) Papel Aralar SAk Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gaineko datuen aldaketa oro.
B) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu duen dokumentazioan aurreikusi bezala burutuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta atal hauetan xedatutakoari jarraituz:
Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak:
B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
B.1.1.- Baldintza orokorrak:
Papel Aralar SAren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferarako isuriek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isurketa ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurketarik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, modu eraginkorrean aurre egiteko efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.
Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotzen diren betebeharrak.
Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako Administrazioko Lankidetza Erakunde (ALE) txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
B.1.2.- Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzeko eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan bildutako 03 jarduerari (errekuntzarekin egiten diren prozesu industrialak) lotutako foku konfinatu hauek ditu papera fabrikatzeko Papel Aralar SAren instalazioak:
(Ikus .PDF)
FE15 «Aitesa galdara» isurtze-fokuak by-pass sistema bat du segurtasun-elementu gisa. By-pass hori batez beste urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, isurtzeen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, isurtze-foku gisa araupetu beharko da.
Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, igorpenen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.
Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.
B.1.3.– Isurketaren muga-balioak.
Atmosferarako isurketek muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da instalazioa:
(Ikus .PDF)
Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
Isurketa-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. Ikusten bada isurtzeko muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.
B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.
Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko C.1.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
B.2.– Ibilgura isurtzeko baldintzak.
B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.
Isuria sortzen duen jarduera-mota nagusia: Papera fabrikatzea.
Jarduera-taldea: Paper-orearen eta papergintzaren industria.
Mota-taldea-EJSN: 2-14-1712.
(Ikus .PDF)
B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.
– 1. isuria: NO2000258 Prozesua-Papergintza-Amezketa
(Ikus .PDF)
– 2. isuria: NO2000259 Komunak-Papergintza-Amezketa
(Ikus .PDF)
Etenik gabeko ekoizpen-jarduera denez, emaria erregulatzeko sistemak erabili behar ditu titularrak, eguneko batez besteko bolumenaren egonkortasuna ahalbidetzen dutenak.
B.2.3.– Isurketen muga-balioak.
Ondorengo zerrenda honetan ageri dira isurien kutsadura-parametroen ezaugarri nagusiak, bakoitzarentzat ezarritako muga-balioekin:
– 1. isuria: NO2000258 Prozesua-Papergintza-Amezketa.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Tenperatura: ibilguan 1,5 ºC baino gutxiago areagotzea.
OEK balioak berrikusi ahal izango dira, baldin eta gutxitu badaitezke teknologia-aurrerapen aplikagarriei esker edo ekoizpen-prozesuan gehigarri biodegradableagoak edo OEK karga gutxiago eragiten dutenak izateari esker.
Gainera, Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia betez, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, urteko batezbesteko hauek bete beharko ditu:
20 m3/t baino gutxiagokoa izango da hondakin-uraren emaria, urteko batezbesteko gisa adierazia, eta parametro hauekin beteko da:
(Ikus .PDF)
(*) Urtebetez erdietsitako eguneko batez besteko guztien batezbestekoa izango da urteko batezbestekoa, eguneko ekoizpenaren arabera haztatuak, eta sortutako ekoizpen-masen unitateko isuritako substantzien masa gisa adierazia.
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak lortzeko.
Ez da baimentzen 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinetan barne hartutako inongo substantzia arriskutsurik isurtzerik kuantifikazio analitikoaren mugarena baino kontzentrazio handigoan, zeina parametro bakoitzerako ezarritako IKA baino % 30 baino gutxiagokoa izan behar baita.
Isuriek hondakin-ur mota bakoitzak berezkoak dituen kutsadura-parametroak izan ahal izango dituzte kontzentrazio batzuetan zeinak ez baitira ingurune hartzailearen ingurumen-kalitateko arauak ez betetzeko arrazoi izango, arau horiek parametro guztietarako bete beharko dira eta. Bestela, titularra behartuta egongo da arazketa-instalazioak osatzera, isuria izan ez dadin arau horiek ez betetzearen kausa.
– 2. isuria: NO2000259 Komunak-Papergintza-Amezketa.
(Ikus .PDF)
B.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.
Enpresa eskatzaileak aurkeztutako agirietan araberakoak izango dira industria-instalazio guztietarako arazteko instalazioak edo hondakin-uren neurri zuzentzaileak, eta elementu eta prozesu hauek izango dituzte funtsean:
NO2000258 Prozesua-Papergintza-Amezketa:
Ezarritako neurriak.
Barne-neurriak, emariak eta isuritako kargak minimizatzeko ekoizpen-prozesuan:
– Erabilitako ura berreskuratzea bere zirkuituan bertan eta beste ekoizpen-lerroetan erabiltzeko paper-zapi bustien euskarri den IV. makina berrian, zuntzen bi berreskuratzaile, iragazki lodigarri bat, flotazio-zelula bat eta harea-iragazki bat ezarrita.
– Zirkuitu itxi independenteak papera egiteko hiru makinetako huts-ponpetako eraztun likidoetako urentzat.
– SIMEONI iragazki autogarbitzailea, 2K 2.000 W-ekoa eta Trenner motakoa, urak berreskuratu eta paper-makinen ore-lerroetako fintzeetako estropadolareetan berrerabili ahal izateko.
– 3. makinaren barne-zirkuituan dunbal lodigarria, hondakinen hobiko zuntzak berreskuratuko dituena, kolektorera isurtzea ekiditeko.
– Kolektorera isuri aurretik 3 makinetako ur iragazietatik datozen zuntzak berreskuratuko dituen flotazio-zelula bat, berriz zatien zirkuitura itzultzeko.
– Arazketa ziklonikoko instalazioak I., II. eta III. makinetan, zuntzen errefusa gutxitzeko prozesuan.
– VOITH disko-iragazkiak instalatzea I. makinan eta III. makinan, zuntzak berreskuratzeko eta urak klarifikatzeko.
– Produktu kimikoak prestatzeko eta dosifikatzeko ekipoak, zuntzak, karga mineralak eta produktu lagungarriak paperean atxikitzen laguntzeko orria egiteko prozesuan fabrikazio-mahaian; horrela, solido-kontzentrazio txikiagoa duen ur xukatua lortzen da.
Iztukadura-instalaziotik datozen uren aurretratamendua:
– Ponpatze-ekipamenduak I. eta III. makinetan eta «sukalde» berrian, jario posibleak eta garbiketako urak biltzeko, eta horiek «sukalde» zaharraren peko tarteko andel batera bidaltzea.
– Gordailu erregulatzaile batera ponpatzen duen bitarteko andela, eta 24 m3-ko edukierako biltegia duena.
– Lohiak mekanikoki erauzteko gailua duen kono-enbor formako dekantagailua, eta erreaktiboak gehitzen zaizkien koagulazio- eta malutapen-upelak. Ur klarifikatua gainezkabidetik bidaltzen da industria-ura tratatzeko kanaletara, eta dekantatutako lohiak, aldiz, lohien andelera bidaltzen dira, tratatuak izan daitezen.
Industria-isurien tratamendu orokorra:
– 400 m3-ko edukierako andela eta IV. makinako isurien erregulazioa fabrikaren barneko kanaletara gehitu baino lehen.
– Jario posibleak eta prozesuko soberakinak biltzeko barne-kanalizazioak, ponpatze-putzu batera eramateko.
– Sare autogarbitzaile baten bidez arbastatzea, ponpaketa baino lehen.
– 12 m3-ko edukierako ponpatze-andela, bi ponpa zentrifugo dituena, bakoitza 175 l/s-ko gaitasunekoa, frekuentzia-erregulagailuen bidez maila erregulatzen duena. Homogeneizazio-tangara bideratzen dute isurietako ur gordina ponpa hauek.
– 900 m3-ko bolumena du larrialdien homogeneizazio- eta erretentzio-tangak.
– Aire disolbatuzko flotagailu bidezko ur-klarifikagailua, KROFFTA etxeko «Megacell» modeloa: 122 l/s-ko emaria tratatzeko gaitasuna du (130 l/s-ko puntako emariekin); erreaktibo koagulatzaile eta malutatzaileen adizioarekin hornituta dago, eta pH-a doitzen du soda kaustikoa automatikoki dosifikatuz.
– Ur klarifikatuaren hauspo-andela eta ponpatze-ekipamenduak, fabrikan berrerabiltzeko eta soberakina prozesu biologikora bidaltzeko.
– Ohantze mugikorreko erreaktore biologikoa (MBBR), 900 m3-ko bolumena eta banaketa-parrilla murgildudun aireztatze-sistema eta frekuentzia erregulatzailedun haizatzailea, oxigeno disolbatuko sentsoredun lakio-kontrol bidez erregulatua.
– Flotazio-zelulan sartu aurreko mailako kutxa desaireztagailua.
– Akaberako tratamendu fisiko-kimikoa flotazio-zelulan.
Lohien tratamendua:
– Megacell eta Isofloat flotazio-ekipamenduetatik eta iztukadura-uren arazketatik datozen lohien deshidratazioa, FAN SEPARATOR torlojuzko prentsa baten eta FOURNIER markako disko-prentsa birakari baten bidez. Edukiontzietan uzten dira lohi lehorrak, kudeatuak izateko.
Aurreikusitako neurri gehigarriak.
Araztegiaren funtzionamenduaren fidagarritasuna handitzea eta azken isuriari eragin diezaioketen gertakari posibleak ezabatzea, neurri gehigarri hauek ezarriz:
– Larrialdi-tanga bat ezartzea, efluenteen bilketa- eta ponpatze-sisteman gertakariak jazoz gero, isuri gordina gelditu, erregulatu eta dosifikatzeko gaitasuna duena.
– Akaberako azken tratamendu fisiko-kimikoko ekipamendu berria, lehendik dagoenarekin seriean.
Urtebeteko epea ipintzen da neurri hauek ezartzeko.
NO2000259 Komunak-Papergintza-Amezketa.
Tratamendu-sistemak «Salsher Ibérica» etxeko bi gailu ditu, bakoitza 25 eta 20 biztanleri dagokion ahalmenarekin, hurrenez hurren. Unitate bakoitzean elementu hauek daude:
– Dekantazio/digestioko eremu anaerobikoa.
– Bakterio-ohantzearen iragazkia/deskarga ganbera.
– Bigarren mailako dekantagailua.
Ikusiz gero hartutako neurri zuzentzaileak ez direla nahikoak, Papel Aralar SAk behar beste aldaketa egingo ditu arazketako instalazioetan, isuriak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.
B.2.5.– Isuria kontrolatu eta husteko elementuak.
Baimendutako isuri bakoitzeko, kontrol-puntu bat izango da, arazketa-instalazioen ostean kokatua, eta Uraren Euskal Agentziak, egoki iritzitakoan, hori ikuskatu eta laginak hartu ahal izango ditu. Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 252., 333. eta 334. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ahalbidetu egin beharko da, inolako atzerapenik gabe, Administrazioko langileak kontrol-puntu horretara sartzea, baita jabetza pribatuetatik pasatzea ere, baldin eta pertsonen bizileku ez badira.
Isuriak neurtzeko gailua izango du industria-uren kontrol-puntu horrek, bere ezaugarrien arabera aplikatu beharrekoa, ARM/1312/2009 Aginduaren 7. artikuluan jasotakoaren arabera. Bestalde, aipatutako aginduaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu horren funtzionamenduak.
Huste-sare bat baino ez da egon behar kontrol-puntuaren eta jabari publiko hidraulikoaren zuzeneko isuri-puntuaren artean, efluente araztua inolaz ere aldatu gabe, efluentearen ezaugarriei aldaketarik gabe eusteko moduan bi puntuen artean.
Kasu honetan, industria-efluentea kontrolatzeko nahitaezkoa da elementu hauek izatea (NO2000258):
– Emari-neurgailua, pHmetroa, turbidimetroa eta tenperatura-neurgailua, azken hori neurketaren tokiko adierazlearekin eta neurrien biltegiratze digitalizatuarekin.
– Eguneko lagin konposatuak hartzeko gailu automatikoa.
B.2.6.– Isurien kontrol-kanona.
Uraren Legearen 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren araudiaren 291. artikulua eta IV. eranskina aplikatuz, isurien kontrol-kanonaren urteko zenbatekoa izango da baimendutako isuriaren bolumena bider isuri-kontrolaren prezio unitarioa, formula honekin bat etorriz:
(Ikus .PDF)
NO2000258 – Ekoizpen-prozesua edo fabrikaziokoa.
V = 1.360.800 m³ urtean
C2 = 1,09 – Industriala, 2. mota.
C3 = 0,50 –Tratamendu egokiarekin
C4 = 1,00 – III. kategoriako eremua.
Cm = 1,09 x 0,50 x 1,00 = 0,545000
Pb = 0,04207 euro/m³ – Hondakin-ura: Industriala.
22/2013 Legeak ezarritako oinarrizko prezioa (abenduaren 26ko BOE), 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean.
Pu = 0,04207 x 0,545000 = 0,022928 euro/m³.
Urteko CCV: 1.360.800 x 0,022928 = 31.200,42 euro urtean.
NO2000259 – Instalazioetako komunak eta dutxak
V = 213 m³ urtean
C2 = 1,00 – Hirikoak, 1.999 biztanle arte -baliokideak.
C3 = 0,50 – Tratamendu egokiarekin
C4 = 1,00 – III. kategoriako eremua.
Cm = 1,00 x 0,50 x 1,00= 0,500000.
Pb = 0,01683 euro/m³ – Hondakin-ura: Hirikoa edo antzekoa.
22/2013 Legeak ezarritako oinarrizko prezioa (abenduaren 26ko BOE), 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean.
Pu = 0,01683 x 0,500000 = 0,008415 euro/m³.
Isurien kontrol-kanona, urtekoa: 1.327 x 0,008415 = 11,17 euro urtean.
Urteko CCV-ren zenbatekoa = 31.200,42 + 11,17 = 31.211,59 euro urtean.
Uraren Legearen 113.4 artikuluak xedatzen duenez, urte natural bakoitzarekin dator bat Isurketen Kontrolaren Kanonaren zergaldia. Ebazpen honetan ezarritakoa da titularrari likidatzen zaion isurien urteko kontrol-kanonaren zenbatekoa, kalkulu honetako faktoreei eragiten dieten isuria baimentzeko baldintzak aldatzeko ebazpenik ematen ez den artean.
Hori dela eta, urtero bidaliko zaio titularrari aurreko ekitaldiari dagokion tasa, lehenago ezarritako zenbateko eta guzti, baldin eta ez badira kitatutako aldian oinarrizko prezio eguneratuak aplikatu behar aurrekoen ordez –BOEn argitaratutakoak–. Tasa horretan adieraziko dira kitatu den kanonaren zenbatekoa, epea, lekua eta ordaintzeko modua.
Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, ekitaldiko egun-kopuru osoa kontuan hartuta, baimena indarrean dagoen egun-kopuruarekiko proportzionalki kalkulatuko da urtealdiari dagokion isurien kontrol-kanonaren likidazioa.
Isurien kontrol-kanonak ez du zerikusirik izango autonomia-erkidegoek edo udal-korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekin (Uren Legearen 113.7 artikulua).
B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira instalazioetan sortutako hondakin guztiak, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Baldin eta aurreikusten bada zabortegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen akaberako helmuga, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako jarraibideen arabera.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) xedatutakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea, baldin eta aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar sortutako hondakinen kantitatea handitzeak.
Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Baladin eta, goera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isuriak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, justifikatu beharko da behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
Baldin eta hondakinak desagertu, galdu edo eskapatuko balira, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Amezketako Udalari.
Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzeko 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.
Nahitaez aurretik jakinarazi behar den kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.
Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarria bete beharko da, hondakinen lekualdaketei buruzkoa.
B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.
Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:
(Ikus .PDF)
a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute kodeok. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 Ingurumeneko IV. Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan.
b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, hondakin horien jarioren bat gertatuz gero, eta duten tipologia tarteko, nahasten badira arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan.
c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespenetan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta bermatzen bada gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela.
e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko eskakizuna izango da dokumentu baten bidez egiaztatzea hondakinak onartu dituela kudeatzaile baimendu horrek. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatuko da administrazio-baimenarekin bat datozela tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Behar bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, justifikatu beharko da ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela proposatutako kudeaketa-modua.
f) Hondakin arriskutsuak lekualdatu aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz arauz zehaztutako moduan eginda, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Papel Aralar SAk onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.
g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.
h) Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzeko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du Papel Aralar SAk bere enpresan erabilitako olioa.
i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, Pilei eta Metagailuei eta Haien Hondakinen Ingurumen Kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu, betiere. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.
j) Poliklorobifeniloa duten edo eduki dezaketen gailuak dituen heinean Papel Aralar SAk, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu Poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak, eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan xedatzen direnak.
k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamendua ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoa da. Bada, xedapen horretan adierazitako substantziak erabiltzen baditu Papel Aralar SAk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
l) Papel Aralar SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.
m) Erregistro bat izango da, eta han adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.
n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat da mota horretako hondakin ahalik eta gutxien ekoiztea. Bada, hori betetzeko, hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Papel Aralar SAk Ingurumen Sailburuordetzari, lau urtetik behin gutxienez, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Papel Aralar SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.
o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Papel Aralar SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta l) eta m) apartatuetan aipatutakoak, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz; dekretu horren bidez ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautu zen, eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortu eta arautu.
Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Amiantoak Ingurumenean Sortzen duen Kutsadura Saihestu eta Gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuan (3. art.) xedatutako eskakizunak bete beharko ditu Papel Aralar SAk. Horrez gain, 396/2006 Errege Dekretuan xedatutako eskakizunen arabera egingo dira amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.
Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak:
(Ikus .PDF)
a) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei buruz bigarren apartatuko C.3 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, frogatu beharko da balorizatzeari uko egiten diotela delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek.
b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati, ontzien hondakinen kasuan.
c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.
d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela proposatutako kudeaketa-modua. Papel Aralar SAk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.
e) Hondakina hondakindegian biltegiratuz gero, jarraipen- eta kontrol-dokumentua bete beharko da hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.
f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.
g) Papel Aralar SA baldin bada Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea, Papel Aralar SA izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion ingurumena zaintzeko programa –dagokion urtekoa– bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.
i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira atal honetako d), e) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) apartatuan aipatutakoak, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.
B.4.– Ontziak merkaturatzea.
Papel Aralar SAk, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.
Era berean, Papel Aralar SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko, biltegiratzeko eta itzultzeko sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Papel Aralar SAk, bere produktuak merkaturatzeko industria- edo merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian arautakoari atxikiz; atxikimendu horren bidez, produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra.
Baldin eta Papel Aralar SAk, urte natural batean zehar, ontziratutako produktuak merkaturatzen baditu edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu kantitate hauetan baino handiagoetan:
– 250 tona, beira bakarrik bada.
– 50 tona, altzairua bakarrik bada.
– 30 tona, aluminioa bakarrik bada.
– 21 tona, plastikoa bakarrik bada.
– 16 tona, egurra bakarrik bada.
– 14 tona, kartoia edo material konposatuak bakarrik badira.
– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu gainditzen lehen aipatutako kantitateak.
Prebentziozko enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta prebentziorako enpresa-planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Ingurumena zaintzeko dagokion urteko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.
B.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzoruaren kutsadura prebenitu eta hari aurre hartzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrak betez, lurzoruaren egoerari buruz aurkeztu duten atariko txostenaren arabera, eta txisten horretan jasotako gomendioen arabera, hauek egin beharko ditu Papel Aralar SAk: jario posibleak geldiarazteko neurriak ezarri; gasolioaren horniketarako eremuan bilketa-erretilua ezarri orga jasotzaileei, eta gasolioaren andelean estankotasun-probak egin.
Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, ingurumen-organoak 2016ko azaroaren 17an bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/
Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde akreditatu batek egina. Dokumentu horretan hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.
Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez baldintza hauek bete beharko ditu, sustatzaileak:
1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:
a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.
b) 500 m³ material-kantitate baino gehiago hondeatzen bada hondeaketa horretan, gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du sustatzaileak; 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko da plan horretan, eta, betetzen hasi aurretik, ingurumen-organoak onartu egin beharko du plan hori.
c) 500 m³ baino bolumen txikiagoa hondeatzen bada, informazio hau eman beharko da aldaketaren jakinarazpenean: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipena egin eta kudeatzeaz arduratuko den erakunde akreditatua.
d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.
e) Oro har, irizpide hauek beteko dira:
– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta, aldiz, 500 m3 baino txikiagoa, afekzio heterogeneoaren kasuan.
– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten.
– Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.
– Murrizketarik gabe kudeatu ahalko da substratu harritsu osasuntsua. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du sustatzaileak, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.
Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuari jarraikiz betiere.
B.6.- Zaratari buruzko baldintzak.
a) Beharrezko neurri guztiak ezarriko dira honako indize akustiko hauek gaindi ez daitezen:
a.1.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.
a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.
a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko baita), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.
(Ikus .PDF)
1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.
Funtzionamenduan den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.
Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti), non Ti baita jardun-modu horren iraupen-denbora. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-tan gaindituko.
b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.
C) Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:
C.1.– Atmosferako isurketak kontrolatzea.
C.1.1.– Kanpoko kontrolak.
a) Papel Aralar SAk isurketen kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:
(Ikus .PDF)
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez zehaztu ziren jarraibide teknikoak Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko.
b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Administrazioko Lankidetza Erakunde (ALE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren eskakizun guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.
c) Halaber, a) apartatuan azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagokotan funtzionatzen badu batez beste, bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.
C.1.2.– Erdietsitako emaitzen erregistroa.
Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua, eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.
C.2.- Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
a) Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, honako analisi hauek egingo dira:
(Ikus .PDF)
Gainera, analitika hauek egin beharko ditu Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia betez, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak:
(Ikus .PDF)
– Metodo analitiko lasterrak ere erabil daitezke. Erregularki egiaztatu behar dira proba lasterren emaitzak (adibidez, hilean behin) EN arauekiko, edo, ez bada EN araurik, Espainiako edo nazioarteko ISO arauekiko, zeinek kalitate zientifiko baliokidea erdiestea bermatzen baitute.
b) Kanpo-kontrol bakoitza, dela laginak hartzea, dela ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren 255. artikulua) eta aurreko puntuetan aipatutako parametroen gainean egingo da. Isuri-puntu bakoitzeko, gutxienez lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du sustatzaileak; 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da lagin hori, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.
Hauei bidaliko zaizkie isurien kontrolen emaitzak:
– Uraren Euskal Agentziari, laginak hartzen direnetik hilabeteko (1) epean.
– Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko C.6 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.
Gainera, sustatzaileak parametro orokorren eguneroko autokontrol-orriak bidaliko ditu hilero, kalkulu-orriaren formatuan.
Posta elektronikoz bidaliko da informazio analitiko oro, helbide honetara: dkt-gipuzkoa@uragentzia.eus
c) Parametroen analisia egiteko, «Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater» txostenean (APHA, AWWA, WPCF, azken argitalpena) edo «ASTM Water and Environmental Technology» txostenaren azken argitalpeneko 11. sekzioan jasotako metodo normalizatuetako bat erabiliko da. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera egokiena dena hautatuko da. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.
d) Titularrak urtero aurkeztu beharko du lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak barne hartutako substantzia arriskutsuak dituzten isuriak daudela aitortzen duen agiria. Agiri horretan ekoizte-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurietan ez detektatu.
e) Gutxienez urtebeteri dagozkien kontrolen emaitzen eta Administrazioak egin ditzakeenen arabera, horien maiztasuna berrikusi ahal izango da, isuria egin duen entitate titularrak berariaz eta arrazoituta hala eskatuz gero.
f) Uraren Euskal Agentziak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, egiaztatzeko isurien emariek eta parametroek ez dituztela gainditzen muga baimenduak. Era berean, arazketa-instalazioak ustiatzeko titulazio egokia duen arduradun bat izendatzeko eskatu ahal izango dio titularrari.
g) Kutsatzaile gehien ekoizten den aldietan egingo dira laginketak beti.
h) Biomasaren P eta N edukiaren, lohi-bolumenaren indizearen eta efluenteko amoniako- eta ortofosfato-soberakinaren urteko analitika bat egingo da, eta lohi biologikoaren azterketa mikroskopiko bat. Ingurumena Zaintzeko Programa ematean erantsiko da informazioa.
i) Isuriak baimenaren eskakizun guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko B.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.
Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.
C.3.– Instalazioaren inguruneak ingurune urtarrean duen eraginaren kontrola
Urtean behin neurtuko da adierazle biologiko hori. Horrenbestez, agorraldia iristean, komunitate bentonikoen osaera, ugaritasuna eta dibertsitatea zehaztuko dira, IBMWP eta IASPT adierazle biotikoen bitartez.
Isuriak ingurune hartzailean izan duen eraginaren inguruko ondorioen txostena egingo da, isuriaren uretan gora eta uretan behera, aipatu adierazleen datu konparatiboetan oinarrituta.
C.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.
Jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero sustatzaileak, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.
(Ikus .PDF)
C.5.– Zarataren kontrola.
a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundu. Erdietsitako emaitzen arabera, neurketak egiteko beste maiztasun bat erabaki ahal izango da.
b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte. Nolanahi ere, ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen-organoak.
c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
C.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:
https://www.euskadi.eus/y22-izapide/es/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/es_def/electronic_partial.shtml
Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik egin beharko da hari dagokion jakinarazpena, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egin ere. Era berean, kontrolak urtean behin baino gehiagotan egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.
Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.
C.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du sustatzaileak, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.
Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.
D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurketen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta, hala dagokionean, haiek kudeatu eta tratatzekoa ere bai.
Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.
D.2.– Jarduera etetea.
Jarduerari xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (21.1 Paper-orea, papera eta kartoia fabrikatzea), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Papel Aralar SAk jarduera-etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.
Jarduera eten baino lehen, Papel Aralar SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.
D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.
Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Papel Aralar SAk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak eta eskakizunak nola beteko dituen adierazteko.
Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isuri edo isurketa saihesteko.
D.4.- Ohiz kanpoko funtzionamenduko prebentzio-neurriak eta jarduketak.
Aurkeztutako dokumentazioan proposatutako ohiko egoerez bestekoetan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzez gain, atal hauetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:
a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), ihes posibleak antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen- eta kontrol-programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.
Era berean, atmosfera eta ingurune urtarra kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.
Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.
Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solidoak eta lohiak, iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.
Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Programatutako mantentze-lanetan «by-pass» bidez isuriak egin behar badira nahitaez, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isuriak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horretatik ustekabeko isuri bat sortuko balitz, segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko luke titularrak, Ingurumen Sailburuordetzara 48 orduko epean bidali behar duen txostenaren bidez (apartatu honetako i letran adierazitakoaren arabera).
b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.
c) Behar diren bitartekoak izango ditu eskura titularrak, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.
d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzakete. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur-zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.
e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.
f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.
g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakain batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarreko araudian xedatutakoak.
h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko, behar diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.
i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen jazoera edo anomalia baten aurrean, sustatzaileak jazoera edo anomalia horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gertatu dena zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
– Gorabehera-mota.
– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).
– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
– Eragindako ondorioak.
– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.
Jazoera edo anomalia larriren bat edo ustekabeko isurketaren bat jazoz gero, berehala jakinaren gainean jarri behar dira SOS DEIAK eta Amezketako Udala. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
– Gorabehera-mota.
– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Gorabeheraren iraupena.
– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.
– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen balioespena.
– Hartutako neurri zuzentzaileak.
– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.
k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, jazoera edo anomalia posibleei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.
j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari atxikiko zaio, eta han ezarritako eskakizun guzti-guztiak bete beharko dira.
E) Baldin eta hala egitea gomendatzen badute araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
F) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, atmosferara eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko aurreko urteko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Papel Aralar SAk Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.
Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakunde-bertsioaren bidez emango da (www.eper-euskadi.net webgunean dago eskueran), hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.
Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta transakzio-basea izango da erregistro hori, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).
Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen aurreikuspenetara doituz, zeinaren bidez arautzen baitira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horretaz gainera, une oro bermatu beharko da Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen dela.
G) Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/contenidos/faq/aai/es_faq/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc
eta erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluan ezartzen dira aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak.
Nolanahi ere, aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzeko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
Baldin eta lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu aldaketak, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da aldaketa gauzatu aurretik, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.»
Hirugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako arauaren 32. artikuluan xedatutako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Papel Aralar SAri, Amezketako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Bosgarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 28a.
Ingurumeneko sailburuordea,
MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.