Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2018ko urriaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5158

EBAZPENA, 2018ko urriaren 8koa, Lurralde Plangintzaren sailburuordearena, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko ekainaren 27ko Aginduan ezarritako laguntzen deialdia ebatzi eta argitara ematen duena. Agindu horren bidez ezartzen dira paisaiaren 2018ko ekitaldirako ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta iragartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia.

2018ko uztailaren 16ko EHAAn (136. zk.) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko ekainaren 27ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez ezartzen baitira paisaiaren 2018ko ekitaldirako ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 10ean amaitu zen, aipatutako aginduaren 7.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Horrela izanik, bost eskabide sartu dira, eta zerrenda honetan jasota daude:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntza hauek arautzen dituen 2018ko ekainaren 27ko Aginduaren 9.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, irailaren 19an horretarako balorazio-epaimahaia eratu zen, hartutako eskabideak aztertu eta egiaztatzeko xedeaz, kontuan hartuta artikulu horren 2. apartatuan xedatutakoa, hau da, esleipenerako irizpideak eta gehieneko puntuazioa.

2018ko ekainaren 27ko Aginduaren 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, guztira 300.000 euro bideratuko dira diru-laguntzak emateko. Bestalde, 15. artikuluak zehazten du diruz lagunduko dela paisaiarako ekintza-planak idazteko ordainsarien % 90, plan bakoitzerako 30.000 euroko gehieneko muga jarrita, aurrekontuko kreditua amaitu arte, eta ezin izango direla diruz lagundu ez BEZa ez bestelako zergak.

Epaimahaiak, proposamenak aztertu eta egiaztatu ostean, 9.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, sailburuordeari aurkeztu zion esleipenerako proposamena, non adierazten duen zein den diruz laguntzeko diren eskabideen lehentasuna, kontuan hartuta I. eranskinean adierazitako puntuazioa, barnean hartuta zein udal edo kontzeju den onuraduna, zein den diruz lagun daitekeen proiektua eta zenbatean laguntzea proposatu den.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko ekainaren 27ko Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat (agindu horren bidez ezartzen dira paisaiaren 2018ko ekitaldirako ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta iragartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia), eta horretarako eratutako balorazio-epaimahaiak proposatutakoa ikusita, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Paisaiaren ekintza-planak idazteko diru-laguntzak ematea ondoren zerrendatutako udalei eta kontzejuei, adierazitako zenbatekoekin:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eskatzaile guztiei jakinarazteko.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 8a.

Lurralde Plangintzaren sailburuordea,

MARIA ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


Azterketa dokumentala