Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2018ko urriaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5153

141/2018 EBAZPENA, irailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Galdakaoko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Galdakaoko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko dena.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 14KO 141/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMEN MARKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA GALDAKAOKO UDALAREN ARTEKOA, ERTZAINTZA ETA UDALTZAINGOA ELKARLANEAN ARITZEKO DENA

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 9a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.1 artikuluari jarraikiz esku hartzen duena.

Bestetik, Ibon Uribe Elorrieta Galdakaoko Udaleko alkate jauna.

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta esleitu dizkieten ahalmenak egikarituz, hitzarmen hau gauzatzeko zilegitasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri eta, horretarako,

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Euskal polizia-eredua Euskadiko Poliziak osatzen du, eta hori Ertzaintzak –Eusko Jaurlaritzaren menpe– eta Euskadiko udalerrietako udaltzaingoek –Euskadiko udalerrien menpe– osatzen dute.

Talde bakoitzari esleitu zaizkion funtzioei dagokienez, ereduaren koherentzia sustatzeko, beharrezkoa da polizia-kidegoak elkarren osagarri izateko formulak bilatzea, elkarrekiko harremana eta lankidetza erraztuko duten mekanismoak ezarriz.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 42. artikuluaren eta ondorengoen arabera, betebehar hauek dituzte bi polizia-kidego horiek: elkarri laguntza eta informazioa ematea; biek erabiltzeko komunikazio-sare bat sortu eta mantentzea eta komunikazio-zentralen interkonexioa erraztea; Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzeko neurriak hartzea; polizia-instalazioen erabilera partekatuari eta zerbitzu komunak sortzeari bidea ematea; eta dokumentu, inprimaki eta formulario komunen erabilera sustatzea.

Lankidetza hori errazteko tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen figura sortu zuen lege horrek, eta polizia-lankidetzako hitzarmena sinatzea aurreikusi zuen.

Bigarrena.– Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren arteko lankidetza-tresnen beharra hainbat faktoreren ondorio da:

a) Batak zein besteak egin beharreko funtzioak edo funtzio partekatuak egotea. Horren ondorioz, polizia-kidegoak koordinatu egin behar dira, bitarteko eta baliabideen erabilera arrazionala egiteko eta emaitza eraginkor eta efizienteagoak lortzeko edo baterako ekintza edo operatiboak planifikatu eta egiteko.

b) Lurraldean eginiko funtzio batzuk elkarren osagarri izatea. Horrela, berezko eskumen batzuk gauzatzerakoan kontuan hartu behar dira horrek besteen eskumenetan izango dituen ondorioak, eta horretarako ezinbestekoa da intereseko informazioa trukatzea.

c) Berezko eskumenak gauzatzeak lurraldetik kanpo ere eragina izan ahal izatea; horren ondorioz, lankidetza zentzu horretan itundu beharra dago.

d) Lurraldean dauden polizia-baliabideak optimizatzeko eta beste polizia kidego batzuek bakarrik dituzten bitarteko tekniko edo zientifikoak partekatzeko aukera.

Hirugarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 44. artikuluak polizia-lankidetzarako hitzarmenak sistematizatzen ditu, haien eduki posibleak ezarriz: polizia-kidegoen artean zerbitzuak mugatzea eta esleitzea legez ezarritako eginkizunen arabera; presentzia polizialaren estandar orokorrak definitzea; batera jarduteko edo baterako kudeaketako zerbitzuak eskaintzeko protokoloak edo planak egitea; salaketak jasotzeko lanetan eta zehaztutako legez kontrako egintzei eta arloei buruzko ekintzen ikertze-lanetan udaltzaingoek polizia judizialeko zereginetan ere laguntzea erabakitzeko aukera ematea; eta emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezartzea.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek ahal denik eta lankidetza eta elkarlanik handiena lortu nahi dute bi administrazioen mendeko polizia-kidegoei dagozkien funtzioak egiterakoan, eta, horretarako, lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute jarraian azaltzen diren klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Esparru-hitzarmen honen xedea da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza eta elkarlaneko moduak eta prozedurak arautzea, lurraldean erabil daitezkeen polizia-baliabideak optimizatzeko eta herritarren segurtasun publikoaren beharrei zerbitzu hobea emateko.

Bigarrena.– Printzipioak.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzaren, elkarlanaren eta koordinazioaren printzipioak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3. artikuluan zehaztutakoak izango dira, batik bat irizpide hauei dagokienez:

a) Herritarrei bermatzea poliziak sentsibilitate goreneko erantzun azkar, bizkor eta eraginkorra emango diela.

b) Kalitatea eta efizientzia delituaren biktimei arreta ematerakoan eta horiek babesterakoan.

c) Leialtasun instituzionala izatea eta elkarrekin elkarlanean aritzea. Hori gauzatzeko bi kidegoek elkarri laguntza eta babesa emango diote talde bakoitzari legez esleitu zaizkion funtzioak eta baterako ohiko funtzioak egiten direla bermatzeko.

d) Gertuen dagoen edo baliabideak mobiliza ditzakeen polizia-kidegoak esku hartuko du aurrena, ekintza horren gaineko eskumenik izan ez arren, eskumena duen indarra iritsi eta horren ardura hartzen duen arte, hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera.

e) Herritarren segurtasuna eta bizikidetza normala bermatzeko beharrezkoa den informazio guztia elkarri transmititzea.

f) Herritarren segurtasunean zuzeneko eragina duten arazoen aurrean arreta eskaintzen duten gainerako baliabide publikoekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.

Hirugarrena.– Zerbitzuak zehaztea.

1.– Legez ezarritako funtzio-banaketaren titulartasun-esleipenaren arabera zehaztuko dira Ertzaintzari eta Udaltzaingoari dagozkien polizia-zerbitzuak. Hori bateragarria da hasiera batean premiazko arrazoiengatik esku hartzea bi polizia kidegoentzat nahitaezkoa izatearekin eta baterako jarduketak egiteko protokoloak ezartzeko beharrarekin.

2.– Ertzaintzak polizia integral gisa lege-ordenamenduak esleitzen dizkion funtzioak egingo ditu.

3.– Udaltzaingoak bere udalerrian egingo ditu Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 27. artikuluan jasotako funtzioak.

4.– Badira funtzio partekatuak:

a) Hurbileko poliziaren zereginak eta herritarrei laguntzea.

b) Aurrea hartzeko eginbideak eta lege-hauste diren egintzak eragoztera zuzendutako jarduketa oro burutzea.

c) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzeko esku hartzea, eskatzen bazaie.

d) Espazio publikoak eta konkurrentzia publikoko leku eta establezimenduak zaintzea, hitzarmen honetan edo horretarako sinatzen diren berariazko funtzioetan ezartzen diren funtzio zehatzekin.

e) Istripu, hondamen eta zorigaitz publikoetan laguntza ematea, legean ezarritakoaren arabera eta babes zibileko planekin bat etorriz.

Laugarrena.– Dispositiboak, operazioak eta intzidentziak.

1.– Herritarren segurtasunaren arloko polizia-jarduketek polizia-kidego bateko zein besteko titular bat izango dute. Horrek esku-hartzearen aginte- eta zuzendaritza funtzioak beteko ditu, bai eta eginbideak egin ere, beste polizia kidego baten lankidetza eragotzi gabe, beharrezkoa denean.

2.– Titulartasuna erabakitzeari dagokionez, poliziaren operatiboak eta esku-hartzeak honela sailkatuko dira:

a) Aurreikusteko gaitasunaren arabera:

– Dispositiboak: polizia-baliabideak prebentzio-lanetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifikoarekin.

– Operazioak: polizia-baliabideak lan betearazleetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifikoarekin.

– Intzidentzia: aurreikuspenik gabe sortzen diren gertaerak, zerbitzu publikorako esanguratsuak direnak.

b) Titulartasunaren arabera:

– Esklusiboak: bere eskumenak betez erakunde bakar batek kudea ditzakeenak.

– Partekatuak: bi erakundeek kudea ditzaketenak.

– Konplexuak: bere eskumenak betez gutxienez erakunde batek partzialki kudea ditzakeenak.

3.– Bi polizia-kidegoen arteko koordinazio operatiboko mahaiak adostutako eta jarraipen batzorde mistoak berretsitako aldebiko protokoloetan, intzidentzien zerrendak jasoko dira eta titulartasunak esleituko dira, hitzarmen honetan adierazitako irizpideen arabera.

4.– Programatutako edozein polizia-dispositibok edo -operaziok behin-behineko titulartasuna edo aldez aurretik zehaztutakoa izango du irizpide hauen arabera, beheranzko hurrenkeran:

a) Administrazio baten eskumen esklusiboak, horiek gorde eta bermatzerakoan.

b) Administrazio batek bestearen gainean duen lehentasunezko interesa.

c) Zuzenean eragina izan dezaketen bitartekoak.

d) Gertakari bateko ekimena.

Dispositibo bat antolatu aurretik sor litezkeen intzidentziek dispositibo horren behin-behineko titulartasunari eutsiko diote.

5.– Herritarren segurtasunaren arloan programatu gabeko intzidentziak gertatzen badira, titulartasuna esleitzeko lehentasunezko irizpide hauek erabiliko dira, hurrenkera honetan:

1.– Gertakari horren gaineko Administrazio baten eskumen esklusiboak.

2.– Gertakariaren kokalekua.

3.– Esleitutako baliabidearen gertakariarekiko gertutasuna.

4.– Komunikazioaren hartzailea.

Intzidentzia baten hasierako faseetan (aurrekariak, prestakuntza edo jatorria) behin behineko titulartasun bat esleituko zaie intzidentziei sinatutako protokoloaren arabera. Titulartasun hori berretsi egingo da intzidentziaren kontrola lortzen den garapen-fasean. Intzidentzia baten behin-behineko titulartasuna beste polizia-kidego bati eskualdatu ahal izango zaio egoerarengatik egokia denean.

(Ikus .PDF)

Titulartasun esklusiboko intzidentzien kasuan, irizpide hauen arabera jokatuko da:

– 1., 2. eta 3. faseak (aurrekariak/prestakuntza/jatorria): Gertakaria 3. irizpidearen arabera esleituko da (bi polizia-kidegoetako edozeinen gertueneko baliabidearen gertutasuna). Gertuen dagoen baliabidea zein den argi ezartzea posible ez bada, premiazko arrazoiengatik, 4. irizpidea aplikatuko da (deia jaso duen bi zerbitzuetako edozein).

– 4. fasea (bilakaera): Fase horretan gertakaria egiaztatzen da eta behin behineko titulartasun bat esleitzen du polizia-kidego jardulearen zerbitzuburuak 1. eta 2. irizpideen arabera (eskumen esklusiboak eta/edo lurralde-eremua).

– 5. fasea (kontrola): fase horretan lekua babesten da, ebidentziak segurtatzen dira, lekukoak egiaztatzen dira eta atariko informazioa jasotzen da polizia kidego jardulearen zerbitzuburuak titulartasuna ebatzi arte, behin behinekoa berretsiz edo 1. eta 2. irizpideen arabera hura transferitzeko aginduz (eskumen esklusiboak eta/edo lurralde-eremua). Titulartasuna esleitzeko irizpideari buruzko gatazkarik badago, zerbitzuburuak aginduak eskatuko dizkio bere goragoko hurrenari.

Titulartasuna ebazten denean, titularra ez den polizia-kidegoak jarduketak lagako dizkio kidego titularrari eta laguntza eskainiko dio zerbitzuburuak amaitzeko agindu arte.

– 6. fasea (ebazpena): dagokionean, gertakaria zuzenean ezagutzen duen lehen unitatea ordezkatua izango da titularra ez denean, polizia-kidego titularraren polizia-etxean berehala haren adierazpenak jasotzeko.

– 7. fasea (dokumentazioa). Atxiloturik balego, atxiloketa egin duten agenteak titularraren polizia-etxera joango dira, eta bertan atxilotuak eta objektuak aurkeztuko dituzte, atxiloketaren eginbidea egingo dute eta horretarako hasitako atestatuan adierazpenak egingo dituzte.

6.– Hainbat motatako gertakariak dituzten intzidentzietan, garrantzi juridikoari dagokionez, banako administrazio bakoitzaren eskumen esklusibo bakoitzari tratamendu hau emango zaio:

a) Gertakaria hainbat intzidentziatan banatuko da, eta bakoitzaren titulartasuna administrazio eskudunari esleituko zaio ezarritako irizpideen arabera.

b) Gertakarien artean harreman estua balego, hau da, banaka erreparatuz gero gertatu izan ez balira, titulartasuna ezarritako irizpideen arabera gertakaririk larriena ezagutzen duen polizia-kidegoari egokituko zaio, lotutako gertakarien eskumena duen polizia-kidegoaren azpititulartasunaren kalterik gabe. Hartara, elkarrekin kooordinatu beharko dute bakoitzaren polizia jarduna.

Bosgarrena.– Batera jarduteko protokoloak edo planak.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu ahal izango dituzte polizia-dispositibo eta -operazioak egiteko, poliziaren eraginkortasun handiagoa lortzeko bi polizia-kidegoetako agenteen lankidetza beharrezkoa denean.

Batera jarduteko protokoloek edo planek helburu hauek izan ditzakete:

a).Polizia-kidego baten edo bestearen titulartasun esklusiboa duten dispositibo edo operazioei laguntza ematea, agenteekin edo baliabide material zein teknikoekin poliziaren jarduna indartuz.

b) Titulartasun partekatua edo polizia-kidego baten zein bestearen titulartasuna duten dispositibo edo operazioetako jarduketako erantzukizunak banatzea, edo horiek sektorizatzea. Egokia denean, baterako jarduketak egiteko aukera planteatu ahal izango da.

c) Dispositibo edo operazio konplexuen koordinazioa planifikatzea, bere eskumenak gauzatzeko polizia-kidego bakoitza bestearekin koordinatu beharko den kasuetan.

Seigarrena.– Presentzia polizialaren estandar orokorrak.

1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak koordinaziorako irizpideak zehaztuko dituzte, eskura dauden baliabideak era egokian erabiltzen direla segurtatzeaz gain, udalerri guztian poliziaren presentzia jarraitu eta nabaria bermatzeko.

2.– Udaltzaingoak patruila jarraituak antolatu beharko ditu legez esleituta dituen funtzioen eta hitzarmen honetan zehaztutako egitekoen arabera.

Bere gaitasunen eta erabilgarri dituen baliabideen arabera, trafiko-jarduerak, zirkulazio-jarduerak eta bide segurtasuneko jarduerak lehenetsiko ditu, eta arreta berezia emango die istripuen ondoriozko premiazko laguntza-eskaerei, polizia administratiboari, udal-ordenantzak betetzeari, eta bizikidetza-arauak betetzen laguntzeari, esleituta dituzten segurtasun-poliziaren funtzioez gain.

3.– Ertzaintzak, laguntzeko dituen betebehar eta funtzioak eragotzi gabe, patruila jarraituak mantenduko ditu, delituek, herritarren segurtasunaren kontrako arriskuek eta desordena publikoek eragindako premiazko eskariei berehalako erantzun egokia emango zaiela bermatzeko, bai eta eskumen horien alorreko prebentzioa udalerri guztian egiteko ere.

Era berean, Ertzaintzak Udaltzaingoari lagunduko dio herritarren lasaitasuna eta ongizatea kaltetzen dituzten gizalegearen kontrako jarrerak zaintzeko.

Zazpigarrena.– Informazio-trukea.

1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delituak prebenitzeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko informazio erabilgarria emango diote elkarri erregulartasunez.

Horretarako, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan polizia- eta delitu-jardueren hileko laburpenak, informazioa eta datu estatistikoak trukatzeko prozedurak eta eduki zehatzak ezarriko dira, udalerri bakoitzean udalerriko segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak zehaztuz.

2.– Bi polizia-kidegoek berehala jakinaraziko dizkiote honako hauek elkarri:

a) Manifestaldiak eta elkarretaratzeak.

b) Gizartean alerta eragiten duten edo norbanakoei zein ondasunei arrisku larria eragiten dieten gertakariak; esate baterako, lehergaiak jarri izanaren jakinarazpenak edo mehatxu terroristak, sexu askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako bestelako delituak, eta alarma sozial larria eragin lezaketen delitu larriak.

c) Larderiaz eta indarkeriaz eginiko lapurretak, batez ere su armak edo bereziki arriskutsuak diren bestelako objektuak erabiliz eginikoak.

d) Ibilgailu motordunak/ziklomotorrak erabiltzeko lapurretak edo ebasketak, eta horien agertzea.

e) Atxiloketa aginduak, errekisitoriak, pertsonen desagertzeak eta agertzeak.

f) Legearen aurkako atxiloketak eta bahiketak. Adingabeak ostea.

g) Ezbeharrak: leherketak, etxebizitzetako eta eraikin industrialetako sute larriak, etxebizitzen lur-jotzeak.

h) Istripu larriak: garraio publikoak, biktima ugariko istripuak, NRBQ edo salgai arriskutsuak.

i) Itxuraz, jatorri naturaleko heriotzaz hil ez diren pertsonak: hilketak, trafiko istripuak, lan istripuak.

j) Mugikortasunari eta larrialdietako arretari modu larrian eragin diezaioketen ikuskizunak, kirol ekitaldiak, txirrindulari ibilbideak, bide publikoaren okupazioak, zirkulazio mozketak edo segurtasun kontrolak.

k) Koordinazio operatiboko mahaiak egokitzat jotzen dituen beste egoera batzuk.

3.– Informazioa trukatzeko polizia-komunikazioen protokolo bat ezarriko da. Era berean, beste polizia-kidegoaren lankidetza beharrezkoa den egoeretan, hasierako gertakariaren ondoren gertatutako intzidentzien berri eman beharko da, eta horretarako zuzeneko harremanak ezarriko dira.

4.– Pertsona askoren presentzia edo parte-hartzea duten ekitaldi, ikuskizun, egoera edo intzidentzietan, bi polizia-kidegoetako arduradunak denbora errealean koordinatu beharko dira, egokiak diren sareko lotura-sistemak erabiliz. Horretarako, baterako komunikazio kanala ezarri ahal izango dute, behin betiko izaerarekin.

5.– Bi erakundeek instalatutako bideozaintza-zirkuituak batera erabiltzeko aukera aztertuko da.

6.– Egokien jotzen den maiztasunarekin, Segurtasun Sailak udalerriari herrian erregistratutako delinkuentziaren bilakaeraren laburpen bat emango dio, dela berak jasotako datuekin dela batera eskuratutako datuekin. Bertan, datu hauen xehetasunak emango dira, besteak beste: ezagutzen diren delituen guztizko kopurua; mila biztanleko arau-hauste penalen indize ofiziala; delitu mota bakoitzaren bilakaera, etab. Horrela, egoeraren egiazko diagnostikoa egin ahal izango da eta beharrezkotzat jotzen diren politikak eta segurtasun-operatiboak abiarazi ahal izango dira.

Zortzigarrena.– Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan parte hartzea.

1.– Hitzarmen honetako helburuak betetzeko, eta poliziaren datu-baseen sistema integratu bat artikulatzeko, bi aldeek neurri zehatzak hartuko dituzte Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integra dadin, dagozkion protokoloak sinatuta.

2.– Integrazio horren helburua izango da Udaltzaingoari sistemak duen informaziorako sarbidea ematea, ezartzen diren segurtasun-mailekin eta mugekin, eta Udaltzaingoak herritarren segurtasuneko lanak eta polizia judizialaren funtzioak betetzen ari denean sortzen duen polizia-informazio guztia aipatutako Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzea.

3.– Datu-baseetarako sarbidea eta kontsulta protokolo baten arabera egingo da (Hitzarmen honi eranskin gisa atxikiko zaio). Bertan zehaztuko dira ekipo eta programen ezaugarri teknikoak, sarbide-mailak, datuen konfidentzialtasunaren segurtasun-mailak, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudia betetzeko modua eta datuak legez hirugarrenei lagatzeko baldintzak, beharrezkoa denean. Guzti hori datu pertsonalak babesteko araudiak ezarritako baldintzak betez egingo da.

4.– Herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloan udaltzaingoek egiten dituzten jarduerekin lotutako arau-hauste penalen, pertsonen eta ibilgailuen gaineko datuak, Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren bidez partekatuko dituzte udaltzaingoek, Segurtasun Sailak ezartzen dituen prozedura eta irizpideen arabera.

Bederatzigarrena.– Koordinazio operatiboa.

1.– Intzidentzia-tipologia askotarikoak sailkatzeko eta dispositibo eta operazioen titulartasuna esleitzeko koordinazio operatiboko mahai bat antolatuko da, bi erakundeetako ordezkariek osatutakoa.

2.– Organo hori hilero bilduko da, deialdia alde batek zein besteak egin eta gero.

3.– Hauek dira bere zereginak:

a) Baterako dispositiboak eta operazioak planifikatzea, horien titulartasuna esleitzea, aginte-lanak egitea eta polizia-kidegoen arteko koordinazio eta laguntza antolatzea.

b) Intzidentzien tipologia zehaztea, eguneratzea eta berrikustea eta titulartasunak esleitzea.

c) Titulartasunak eskualdatzeko protokoloak ezartzea.

d) Aurreikusitako koordinazio-mekanismoen jarraipena eta bilakaera egitea, eta praktikan jartzea.

e) Koordinazio-sistemetako gabeziak zuzentzea eta hobekuntzak ezartzea.

f) Sistema operatiboak analizatzea, ikertzea eta homogeneizatzea.

g) Baliabideen kudeaketa garatzea eta bateratzea.

h) Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak koordinazioaren alorrean hartutako akordioak gauzatzea.

Hamargarrena.– Interkomunikazioa / aginte eta kontroleko zentroen integrazioa.

1.– Beharrezko neurri teknikoak hartuko dira Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komunikazio-zentralen (CMC) arteko interkomunikazioa bermatzeko. Era berean, kanal edo frekuentzia bateratuak antolatuko dira baterako segurtasun-dispositibo espezifikoak eta ohiz kanpokoak garatzeko.

2.– Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren CMCek interkomunikazioa izango dute honako jarduera hauek egiteko:

a) Baliabide operatiboen kokapen geografikoari eta erabilgarritasunari buruzko informazioa trukatzea, ahal izanez gero denbora errealean.

b) Patruila bakoitzaren zerbitzu-unitateei, horien kideei, esleitutako baliabideei, adierazleari eta patruilatzeko zonaldeari buruzko informazioa ematea, txanda bakoitzaren hasieran.

c) Polizia-intereseko mezuen hedapen orokor eta selektiboa erraztea.

d) Herritarrek egindako deiak azaldutako gertakariaren titulartasuna duen zerbitzuari bideratzea, hitzarmen honetan adierazitako irizpideei eta egingo diren protokoloetan zehaztuko direnei jarraikiz.

3.– Udaltzaingoa SOS-Deien Zentroan eta horren taktika operatiboetan integratzea sustatuko da.

4.– Udaltzaingoa dagokion lurralde eremuko Ertzaintzaren aginte- eta kontrol zentroan (Ardatz) integratzea erraztuko da, egokia denean. Horrek polizia komunikazioko baterako zentral baten bidez egingo du lan.

Hamaikagerrena.– Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioetan parte hartzea.

1.– Segurtasun Sailak eta hitzarmen hau sinatzen duen udalerriak adostu dute Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioetan parte hartzea, hitzarmen honetan zehazten diren baldintzetan, eta honako helburu hauekin:

a) Udal mugartean ematen den polizia-erantzuna hobetzea, arau-hauste penalak ikertzearen arloan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa handituz, herritarren segurtasuna indartze aldera.

b) Udalerrian egiten diren edo poliziak ezagutzen dituen delituak ahalik eta hobekien argitzea.

c) Biktima eta lekukoei lehentasunezko arreta ematea eta salaketak egiteko aukera ematea.

d) Polizia-atestatuak kalitate gorenekoak direla bermatzea, prozedura penaletan eraginkorrak izan daitezen, batik bat azkar epaitzeko delitu eta falten kasuan.

2.– Udaltzaingoak bere gain hartuko dituen gaien zerrenda eta horietako bakoitzari buruz hartuko dituen ardura zehatzak, hala salaketak jasotzeari dagokionez nola gertakariak ikertzeari dagokionez, alde biek adostuko dute hitzarmen honen jarraipen-batzordean.

3.– Polizia judizialaren funtzioetan poliziek duten lankidetza-maila zehatza ebazteko honako alderdi hauek izango dira kontuan:

a) Udaltzainen kopurua, herriko biztanle-kopuruaren arabera.

b) Alor horretan ardura gehiago hartzeko nahikoa gaitasun operatibo duten.

c) Udaltzainen prestakuntza-maila eta esperientzia polizia judizialaren funtzioak egiten.

d) Polizia judizialaren funtzioetan espezializatutako taldeak edo unitateak antolatzeko gaitasun teknikoa eta operatiboa.

e) Polizia judizialaren funtzioak egiten laguntzeko beharrezkoak diren baliabide material eta teknikoen erabilgarritasuna.

4.– Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioak egiteko jarduera-eremua udal mugartea izango da, eta, hala salaketak jasotzeari nola arau-hauste penal bat edo bat baino gehiago era lezaketen gertakariak ikertzeari dagokionez, hitzarmen honen jarraipen batzordeak zehaztutako funtzioetara mugatuko da.

5.– Ikerketa bat egiterakoan udalerritik kanpoko jarduketak egiteko beharra sortzen duten elementu edo zantzuak aurkituko balira, egoeraren berri emango zaie berehala Ertzaintzaren ikerketa kriminal eta polizia judizialeko arduradunei.

6.– Poliziaren jarduketa guztiak Ertzaintzari eskualdatuko dizkio Udaltzaingoak berehala, jarduketak egiterakoan honako egoera hauetako bat gertatzen ari dela ikusiko balitz: Ertzaintza gertakari bera dagoeneko ikertzen ari dela, gertakariak udalerritik kanpoko inplikazio garrantzitsuak dituela, Udaltzaingoaren eskumeneko lurralde-eremutik edo funtzioetatik kanpoko beste arau-hauste penal batzuk ere egin direla edo gertakariak horrelakoekin lotura duela, edo egileak antolatutako gaizkile taldeak izan litezkeela.

7.– Ikerketa baterako egokia edo beharrezkoa balitz, bi polizia kidegoetako kideez osatutako ikerketa-talde koordinatuak eratu ahal izango dira.

8.– Salaketak egitea.

a) Herritarrei salaketak egiteko erraztasunak emateko eta eskaintzen zaien polizia-arreta hobetzeko, Bulego Mugikorrak martxan jartzea komenigarria den aztertu eta erabakiko da. Horiek ertzainek edo udaltzainek osatuko lituzkete, edo bestela, bi polizia kidegoetako udaltzainek eta ertzainek, modu bateratuan.

b) Gainera, salaketak telefonoz edo internet bidez jasotzeko beharrezko neurriak ere erabakiko dira, betiere teknikoki posible bada, eta horiek behar bezala formulatzen direla bermatuz, betiere.

c) Era berean, salaketa-mota jakin batzuk gertakarien lekuan bertan egiteko aukera emateko neurriak ere aztertuko dira, salatzaileari dagokion formularioa eskainiz.

9.– Atestatuak egitea eta horiek telematikoki transmititzea.

a) Atestatuak eta eginbideak egiteko, indarreko legeria prozesal eta penalean ezarritako irizpideei jarraituko diete.

b) Hori egiteko, Segurtasun Sailak Ertzaintzaren dokumentazio euskarri normalizatu eta informatizatuak jarri ahal izango ditu Udaltzaingoaren esku, Udaltzaingoak hala eskatuz gero.

c) Protokolo batean jasoko dira polizia kidegoetako arduradunek egunero informazioa elkarri eman ahal izateko prozedurak, dela zuzenean eskuratutakoa dela polizia judizialaren alorrean koordinazio operatiboko zentroaren bidez eskuratutakoa, baita ikerketen dokumentazioa telematikoki transmititzeko prozedurak ere.

d) Udaltzainak egindako atestatuen kopia bat bidaliko zaio Ertzaintzari, ezartzen diren protokoloen arabera, zehaztuko den edukiarekin eta maiztasunarekin.

e) Ikerketak eta atestatuak egiterakoan erabiltzen diren datuen tratamendu informatikoa egiterakoan datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako xedapenak kontuan hartuko dira.

f) Atestatuen, salaketen eta ikerketen dokumentazioa transmititzeko protokoloak hitzarmen honi atxikiko zaizkio eranskin gisa, eta hitzarmenaren zati banaezina eratuko dute.

10.– Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroko integrazioa.

Udaltzaingoaren polizia judizialaren funtzioak indartu eta optimizatzeko, polizia judizialaren ikerketak eta jarduketak egiteko beharrezkoak diren Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroko datu-baseekin interkonektatuko da Udaltzaingoa, hitzarmen honetan ezarritako arau-hausteen alorrean.

Horretarako, Ertzaintzaren informatika-sistemekin integratzeko eta konektatzeko informatika-aplikazioak instalatuko dira Udaltzaingoaren bulegoetan, batik bat polizia-atestatuak egiteari dagokionez, horrela Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioak betez egindako jarduketetako lankidetza eta koordinazioa erraztuz. Horretarako, datu pertsonalak babesteko arloan indarrean dagoen araudia kontuan izango da.

Sarbide horren bidez, datu-baseetara sartu eta horiek erabiltzeko protokoloan zehazten diren datu-baseetako datu administratibo, polizial eta judizialak kontsultatu ahal izango dira, eta modu mugatuan tratatu.

Udaltzaingoak delituak ikertzeko egiten dituen jarduera guztiak, bai agintaritza judizialarentzako atestatuarekin amaitzen direnak bai artxibatzen direnak, Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan sartuko dira beharrezkoak diren jarraibide teknikoen arabera, eta segurtasun-baldintzekin gaituta dauden udaltzainek kontsultatu ahal izango dituzte, datu pertsonalak babesteko araudia errespetatuz.

11.– Polizia judizialaren oinarrizko prozedura operatiboak:

a) Atxiloketa, identifikazioa eta datuak hartzea.

Udaltzaingoak egindako jarduketen ondorioz pertsona bat atxilotuko balitz, atxiloketa Udaltzaingoak berak kudeatuko du pertsona hori epailearen eskuetan jarri arte, beharrezkoa balitz.

Atxilotua identifikatzeko eta haren datuak hartzeko, Udaltzaingoak baliabide propiorik ez balu, atxilotua ertzain-etxera eraman beharko da.

b) Atestatuak egitea eta atxilotua epailearen esku uztea.

Udaltzaingoak, polizia judizialaren funtzioak betez, beharrezkoak diren ikerketak eta atxiloketak egingo ditu, Konstituzioan eta ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera.

Pertsona bat atxilotzerakoan, atestatuaren instruktoreak izango du atxilotua epailearen esku uzteko ardura edo, dagokionean, hura aske uzteko edo legez dagokion egoerara pasatzeko ardura, bai eta atestatua agintaritza judizialari bidaltzekoa ere.

Atxilotua epaitegira eramateko, gai horren inguruan epaitegietako gobernu organoek emandako arauak errespetatuko dira.

Era berean, delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedurako atestatu bat tramitatzen denean, epaitegietako gobernu-organo horrek erabakitakoa beteko da.

Atestatuaren instruktorearen ardura izango da eginbideak Fiskaltzari eta legean ezarritako gainerako organismo publikoei bidaltzea.

c) Polizia zientifikoa, kriminala eta peritutza teknikoa.

Hitzarmen honen arabera egiazta eta iker ditzakeen delituen ikerketa egiteko, Udaltzaingoak gertakariaren lekuan bertan egingo du begi-ikuskapen teknikoa, eta gertakariak argitzen lagundu dezaketen zantzu edo froga-elementu oro jasoko du. Begi-ikuskapen teknikoa egiten duten udaltzainek akta bat idatziko dute, eta horri krokisak, argazkiak eta/edo bideoak erantsiko dizkiote. Hori polizia-atestatuari gehituko zaio, eta arreta berezia emango zaio zaintza-katea bermatzeari.

Udaltzaingoak polizia zientifikoaren eta peritutzaren lanak egiteko nahikoa baliabide ez duenean, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitatearen lankidetza eta laguntza eskatu ahal izango du. Agintaritza judizial eskudunari intzidentzia horren berri emango dio.

12.– Koordinazio operatiboa.

Esku hartzen duten bi aldeen adostasunez, polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentro bat sortu ahal izango da. Horren buru izango dira bi polizia kidegoetako alor horretako arduradunak, eta helburua polizia-jardun koordinatua une oro bermatzea izango da.

Zentro horrek etenik gabe funtzionatu beharko du egunean 24 orduz eta bilerak antolatuko dira aldian behin ikerketa kriminal guztietan polizia eraginkorra dela bermatzeko eta hitzarmen honetan jasotako alor operatibo guztiak betetzen direla ziurtatzeko.

Udaltzaingoak polizia judizialaren alorrean egiten dituen jarduketa guztien berri emango dio egunero polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentroari, ezarriko diren protokoloetan zehaztutako irizpideei jarraikiz, dokumentu normalizatu baten bidez.

13.– Prestakuntza.

Polizia judizialeko talde edo unitateen parte diren udaltzainek gai horretan espezializatzeko ikastaro bat egin beharko dute, salbu eta egiaztatutako esperientzia badute.

Udaltzainei zuzendutako polizia judizialaren alorreko prestakuntza-ekintzak sustatuko dira. Horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira. Prestakuntza-ekintza horiek aurrera eramateko, agintaritza judizialaren eta Fiskaltzaren lankidetza lortzeko ahaleginak egingo dira.

«Polizia judizialaren» lanetan espezializatzeko sarrerako ikastaroetan parte hartzeko, Udaltzaingoko funtzionarioen kasuan, ez da ezinbestekoa izango hitzarmen hau sinatzen den egunean funtzio horietan hiru urteko esperientzia dutela egiaztatzea. Irizpide hori balioestea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren esku geratzen da.

Hamabigarrena.– Komunikazio instituzionala.

1.– Bi polizia-kidegoek batera egiten dituzten esku-hartzeei buruzko prentsa-oharrak elkarri pasako dizkiote bi polizia-kidegoetako prentsa arduradunek, argitaratu aurretik. Horrela, laguntza eman zuen polizia-kidegoak prentsa-oharra osatu ahal izango du intzidentziaren titulartasuna duen polizia-kidegoak oharra publiko egin aurretik, eta une oro bermatua geratuko da bi kidegoek egindako lanaren aitortza.

2.– Egokia dela erabakitzen denean, prentsa-ohar bateratuak eman ahal izango dira.

3.– Edonola ere, komunikabideei informazioa eman behar dien polizia-kidegoa kontuz ibiliko da gertakarien ikerketan eragina izan lezaketen datuak publiko ez egiteko.

4.– Zerbitzuei buruz egiten diren estatistika eta ebaluazioen aurreko azterketa bat egin beharko da tokiko polizia-koordinaziorako batzordean, eta horiek argitaratu eta komunikabideei zabaltzeko batzorde horren adostasuna lortu beharko da aldez aurretik.

Hamahirugarrena.– Emaitzak ebaluatzeko adierazleak.

1.– Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan edo, bestela, koordinazio operatiboko mahaietan, polizia-lankidetzaren emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezarriko dira, hainbat irizpide erabilita: krimenaren eta indarkeriaren indizeak, segurtasun-faltaren pertzepzioa, poliziaren eta komunitatearen arteko harremanak, poliziaren jarduna eta horren kudeaketa instituzionala, besteak beste.

2.– Adierazle horien helburuak ere askotarikoak izan ahalko dira, hala nola abiarazi diren baterako programen eragina neurtzea, estrategia baten esparruko emaitzak edo helburu espezifikoak bete diren neurtzea edo aurreikusitako helburu estrategikoak betetzeko beharrezko jarduera espezifikoen ezarpen- edo aurrerapen maila ezagutzea.

Hamalaugarrena.– Jarraipeneko batzorde mistoa.

Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde Mistoa eratuko da. Lau kidek osatuko dute; bi Segurtasun Sailaren ordezkariak, eta, beste bi, Udalarenak. Segurtasun Saileko ordezkari bat izango da batzordeko presidentea.

Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, eta aldeetako batek horrela eskatzen duenean, eta adostasunez hartu beharko dituzte erabakiak.

Hamabostgarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi alderdiek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa erantsiko zaizkio dokumentu honi.

Hamaseigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auziak.

Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

Hamalaugarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari esleitutako funtzioak eragotzi gabe, hitzarmen hau garatu eta gauzatzerakoan bi aldeen artean sortzen diren auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren esku utziko dira.

Hamazazpigarrena.– Indarraldia eta azkentzea.

Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2020ko abenduaren 31n bukatuko da.

Aurreko paragrafoan adierazitako amaiera-epea heldu aurretik, hitzarmena izenpetzen duten alderdiek edozein momentutan adostu dezakete, aho batez, hitzarmenaren indarraldia luzatzea, gehienez ere beste lau urtez, edo, bestela, hitzarmena azkentzea.

Hitzarmena azkendu ahal izango da, alderdiek edozein momentutan hala adosten badute.

Lankidetza-hitzarmen hau irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat datozela adierazteko, alderdiek bina kopia sinatu dituzte, testuaren idazpuruan aipatutako tokian eta egunean, eta ezarritako estipulazioekin bat.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

Galdakaoko Udaleko alkatea,

IBON URIBE ELORRIETA.


Azterketa dokumentala