203. zk., 2018ko urriaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (281 KB - 8 orri.)
- EPUB (198 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
5151
148/2018 DEKRETUA, urriaren 16koa, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen antolaketan esku hartuko duten norbanakoen haborokinak eta hauteskunde-administrazioarekin lotutako bestelako funtzionamendu-gastuak arautzen dituena.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak antolatzeko, eginbehar ezberdinak aurreikusi, planifikatu eta betearazi behar dira, eta horretarako, bitarteko materialak eta giza baliabideak jarri behar dira hauteskunde-administrazioaren zerbitzura.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 16.2 b) artikuluak xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari dagokio, hauteskunde-arloan organo eskuduna den aldetik, "Hauteskunde batzordeen egitekoa betetzeko behar ditzaten bitarteko materialak eta giza baliabideak haien esku jartzea" Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Lege bereko azken xedapenetatik laugarrenak, berriz, ahalmena ematen dio Eusko Jaurlaritzari "lege hau garatzeko egoki iritzi dituen xedapenak emateko". Ahalmen hori garatzeko, hauteskunde-prozesuan erabilli beharreko bitarteko materialen zenbait ezaugarri zehazteko araudia onetsi zen 2008ko abenduaren 23ko 220/2008 Dekretuaren bidez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan erabiltzeko kutxa, kabina, boto-txartel, kartazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori eskura emateko prozedura zehazteari buruzkoa. Ondoren, Dekretu hori beste bi dekretu hauek aldatu zuten: 136/2012 Dekretua, uztailaren 17koa; eta 90/2016 Dekretua, ekainaren 7koa.
Hauteskunde-prozesuan esku hartzen duten giza baliabideei eta haiei ordaintzen zaizkien haborokinei dagokienez, edo horien arrisku-estaldurari dagokionez, orain arte honela jokatu izan dugu: hauteskunde-prozesu bakoitzaren hasieran, Gobernu Kontseiluak erabaki bat hartzen zuen, eta erabaki horren bidez, hauteskunde-administrazioaren eta horren organo eskuordetuen zerbitzura lan egingo zuten giza baliabideek eragindako gastuei eta hauteskunde-administrazioaren eta horren organo eskuordetuen funtzionamenduari egotzitako gastuei aplikagarri izango zitzaien araubidea onesten zuen.
Xedapen honen bidez, ordea, izaera egonkorreko xedapen orokor batean jaso nahi dugu giza baliabideei ordaindu beharreko gastuei eta funtzionamendu-gastuei dagozkien ordainsarien eta haborokinen araubidea, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen Legea araudi bidez zehatzago garatu ahal izateko eta hartutako erabakiei zabalkunde handiagoa emateko, hain zuzen ere.
Ekainaren 15eko 5/1990 Legearen azken xedapenetatik laugarrenak esleitzen dion habilitazio orokorraz ez ezik Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen 5/1990 Legearen 16.2 c) artikuluak Segurtasun Sailari esleitzen dio, hauteskunde-arloan autonomia-erkidegoko organo eskuduna den aldetik, besteak beste, honako eginkizun hau: hauteskunde-batzordeetako kideen eta horien zerbitzupeko langileen dietak eta haborokinak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, bai eta hautesmahaietako buruei eta kideei dagozkien dietak ere, hala badagokio, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Arauketa horretatik salbuetsita geratzen da EAEko hauteskunde-batzordea; izan ere, araudi horren 20.3 artikuluan zehazten denez, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen eta haren zerbitzupeko langileen dietak eta haborokinak Eusko Jaurlaritzak finkatuko ditu, Legebiltzarreko Mahaiak proposatuta.
Bestalde, hauteskundeetan zerbitzu ematen duten langileen artean, kontuan hartu behar ditugu baita udal-idazkariak, eskualdeko hauteskunde-batzordearen ordezkariak diren aldetik (Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko Legearen 22.4 artikulua), edo Lehen Auzialdiko epaileek zein bake-epaileek betetzen dituzten hauteskunde-eginkizunak (Legearen 122 eta 123.2, 123.5 eta 123.6 artikuluak).
Hortaz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 16an egindako bileran eztabaidatu eta onartuta, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen antolaketan esku hartuko duten norbanakoei ordainduko zaizkien haborokinak eta hauteskunde-administrazioarekin lotutako bestelako funtzionamendu-gastuak arautzea.
2.– Dekretu honek ez ditu honako hauek arautuko:
a) Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari ordaintzen zaizkion haborokinak eta haren zerbitzupeko langileek eragindako gastuak. Horiei Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 20.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.
b) Hauteskunde-prozesuan erabilli beharreko bitarteko materialak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean eta 2008ko abenduaren 23ko 220/2008 Dekretuan araututakoak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan erabiltzeko kutxa, kabina, boto-txartel, kartazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori eskura emateko prozedura zehazteari buruzkoak, hain zuzen.
c) Segurtasun Sailak hauteskunde-administrazioaren organo laguntzaile legez zuzenean gauzatzen dituen gainerako gastuak
d) Aurretik zehaztutako gastuez besteko gastuak, bestelako lege-arau zehatzetan jada araututakoak
2. artikulua.– Hautesmahaietako kideen dietak.
1.– Bozketa-egunean hautesmahaietako lehendakari eta bokal dihardutenek 85 euroko dieta kobratuko dute, bakoitzak.
2.– Dietaren zenbateko osoa jasotzeko eskubidea izango dute, bozketa-egunean karguaren egikaritzan emandako denbora edozein dela.
3. artikulua.– Hautesmahaietako kideen arrisku-estaldura.
Hautesmahaietako lehendakari, bokal eta horien ordezko izendatutakoek Gizarte Segurantzaren estaldura izango dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen antolaketan esku hartzeagatik erator lekizkiekeen gertakizun eta egoerengatik, hauteskunde-prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 7. artikuluak ezarritako baldintzetan.
4. artikulua.– Hauteskunde-batzordeen haborokinak.
1.– Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetako eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetako kideek ondorengo artikuluetan zehaztutako haborokinak jasotzeko eskubidea izango dute hauteskunde-prozesuan beteriko eginkizunengatik.
2.– Eskubide hori karguaz jabetzen direnetik aurrera izango dute, hauteskunde-batzordeek haien eginkizunak bete bitartean; hau da, eratzen direnetik agintaldia legezko epea betetzeagatik amaitzen zaien arte.
3.– Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetako eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetako kide guztiei dagozkien zenbateko osoak ordaintzeko, ezinbesteko baldintza dute deituak izan diren bilkuren lau bostenera bertaratzea, baita, karguan iraun bitartean, erabateko prestutasuna izatea ere. Adierazitako bilkuretara baino gutxiagoetara bertaratuz gero, haborokina proportzionalki jasoko dute, bertaratu diren bilkuren arabera. Hartara, hauteskunde-batzordeko idazkariak bilkuretara joaten direnen bertaratze-egiaztagiriak igorriko ditu.
4.– Hauteskunde-batzordeetako kideren batek karguan legezko epea baino gutxiago ematen badu, karguan benetan emandako denboraren pareko kopuru proportzionala jasotzeko eskubidea baino ez du izango.
5.– Haborokin horiek hauteskunde-batzordeen agintaldia amaitu eta gero ordainduko dira.
5. artikulua.– Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeen haborokinak.
1.– Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetako kideek eskubidea dute hauteskunde-batzorde bakoitzaren hautesmahai-kopuruaren arabera zehaztutako haborokin hauek jasotzeko.
2.– 1-500 hautesmahai dituzten Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan:
a) Lehendakaria: 3.015 euro.
b) Idazkaria: 2.815 euro.
c) Bokal judizialak edo Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo Hautesle Erroldaren Bulegoko ordezkariak: 1.855 euro.
d) Bokal ez judizialak: 1.115 euro.
3.– 501-1.000 hautesmahai dituzten Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan:
a) Lehendakaria: 3.215 euro.
b) Idazkaria: 3.005 euro.
c) Bokal judizialak edo Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo Hautesle Erroldaren Bulegoko ordezkariak: 1.980 euro.
d) Bokal ez judizialak: 1.190 euro.
4.– 1.001-2.000 hautesmahai dituzten Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan:
a) Lehendakaria: 3.415 euro.
b) Idazkaria: 3.190 euro.
c) Bokal judizialak edo Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo Hautesle Erroldaren Bulegoko ordezkariak: 2.100 euro.
d) Bokal ez judizialak: 1.265 euro.
6. artikulua.– Eskualdeko Hauteskunde Batzordeen haborokinak.
1.– Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetako kideek eskubidea dute hauteskunde-batzorde bakoitzaren hautesmahai-kopuruaren arabera zehaztutako haborokin hauek jasotzeko.
2.– 1-90 hautesmahai dituzten Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetan:
a) Lehendakaria: 2.700 euro.
b) Idazkaria: 2.450 euro.
c) Bokal judizialak: 1.685 euro.
d) Bokal ez judizialak: 825 euro.
3.– 91-250 hautesmahai dituzten Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetan:
a) Lehendakaria: 2.800 euro.
b) Idazkaria: 2.540 euro.
c) Bokal judizialak: 1.750 euro.
d) Bokal ez judizialak: 855 euro.
4.– 251-500 hautesmahai dituzten Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetan:
a) Lehendakaria: 2.995 euro.
b) Idazkaria: 2.715 euro.
c) Bokal judizialak: 1.870 euro.
d) Bokal ez judizialak: 915 euro.
5.– 501-2.000 hautesmahai dituzten Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetan:
a) Lehendakaria: 3.090 euro.
b) Idazkaria: 2.805 euro.
c) Bokal judizialak: 1.930 euro.
d) Bokal ez judizialak: 945 euro.
7. artikulua.– Hauteskunde-batzordeetako laguntzaileen ezohiko zerbitzuak.
1.– Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetako laguntzaileek hauteskunde-prozesuan emandako ezohiko zerbitzuak ordaintzeko zenbatekoa hauteskunde-batzorde bakoitzaren hautesmahai-kopuruaren arabera kalkulatuko da, baremo honi jarraituz:
a) 500 hautesmahai arte: 14.265 euro.
b) 501-1.000 hautesmahai: 15.210 euro.
c) 1.001-2.000 hautesmahai: 16.150 euro.
2.– Eskualdeko Hauteskunde Batzorde bakoitzeko laguntzaileek hauteskunde-prozesuan emandako ezohiko zerbitzuak ordaintzeko zenbatekoa hauteskunde-batzorde bakoitzaren hautesmahai-kopuruaren arabera kalkulatuko da, baremo honi jarraituz:
a) 90 hautesmahai arte: 14.000 euro.
b) 91-250 hautesmahai: 18.620 euro.
c) 251-500 hautesmahai: 23.240 euro.
d) 501-2.000 hautesmahai: 28.000 euro.
3.– Zenbateko horiek izango dira muga. Hauteskunde-batzordeko idazkariak laguntzaile bakoitzak betetako eginkizunen arabera banatuko dizkie dagozkien zenbatekoak.
4.– Zenbateko horrekin, laguntzaileek emandako zerbitzuak ordainduko dira. Edonola ere, bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoak ezingo du 5.000 eurotik gorakoa izan, erantzukizun-maila, eginbeharrak, eginkizunak edo emandako ezohiko zerbitzuak edozein direlarik ere.
5.– Ezohiko zerbitzu horietan laguntzaile moduan esku hartzeko, edozein administrazio publikoko funtzionarioak edo lan-legepeko langileak izan beharko dute.
8. artikulua.– Hauteskunde-batzordeen gastu arruntak.
Hauteskunde-prozesuaren gastu arruntei aurre egiteko, hala nola, posta- eta mezularitza-gastuei, idazmahaiko eta papertegiko materiala erosteko gastuei, ostatu-zerbitzuko gastuei, joan-etorri gastuei, ostalaritza-gastuei eta abarrei, hauteskunde-batzordeek honako kopuru hauek izango dituzte:
a) Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzorde bakoitzak 1.500 euro izango du.
b) Eskualdeko Hauteskunde Batzorde bakoitzak 800 euro izango du.
9 artikulua.– Lehen auzialdiko epaileen eta bake-epaileen haborokinak.
1.– Lehen auzialdiko epaileek edo bake-epaileek 97 euroko zenbateko globaleko haborokina jasotzeko eskubidea dut, zaintzan duten hautesmahai-kopuruaren arabera, bozketa-egunean hautesmahaiko dokumentazioa jasotzeagatik eta hurrengo egunetan dokumentazio hori jagoteagatik eta entregatzeagatik.
2.– Zenbateko global hori baremo honetan zehaztutakoaren arabera igo ahal izango da:
a) Hautesmahai-kopurua 6ren eta 20ren artean badago, 2,70 euroko osagarria jasoko dute zaintzan duten hautesmahai bakoitzeko.
b) Zaintzan duten hautesmahai-kopurua 20tik gorakoa bada, gainera 3,25 euroko osagarria jasoko dute zaindutako duten hautesmahai bakoitzeko. Kasu horretan, epaileak Segurtasun Sailari eskatu ahal izango dio berari dagokion haborokin guztia hauteskunde-prozesuan haren zerbitzura lan egin dutenen artean banatzeko. Zenbateko horiek epaileak berak banatuko dizkie, laguntzaile bakoitzak beteriko eginkizunak kontuan hartuta.
3.– Aurreko 1. eta 2. paragrafoen kasuan, epaileak Segurtasun Sailari eskatu ahal izango dio, aurretiaz behar bezala justifikatuta, berari dagokion haborokin guztia berak hautatutako laguntzaileari emateko.
10. artikulua.– Udal-idazkarien haborokinak.
1.– Udal-idazkariei, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetako ordezkari diren aldetik, hauteskunde-prozesuan betetzen dituzten eginkizunak ordaintzeko zenbateko batzuk emango zaizkie, udalerri bakoitzeko hautesmahai-kopuruaren arabera zehaztuko direnak artikulu honetan xedatutakoarekin bat:
a) Bere ardurapean 3 hautesmahai baino gehiago ez dituen idazkaria: 975 euro.
b) Bere ardurapean 4-6 hautesmahai dituen idazkaria: 1.030 euro.
c) Bere ardurapean 7-20 hautesmahai dituen idazkaria: 1.080 euro.
d) Bere ardurapean 21-50 hautesmahai dituen idazkaria: 1.190 euro.
e) Bere ardurapean 51 hautesmahai baino gehiago dituen idazkaria: 1.405 euro.
f) 21 hautesmahai baino gutxiagoko idazkaritza bateratuak: 1.230 euro guztira.
g) 21 hautesmahai edo gehiagoko idazkaritza bateratuak: 1.320 euro guztira.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako haborokinak jasotzeko eskubidea hauteskunde-prozesu guztiari hedatzen zaio. Karguan legezko epea baino gutxiago ematen bada, ordea, haborokinaren zati proportzionala jasotzeko eskubidea baino ez da izango, karguan emandako denboraren heinekoa.
3.– Hauteskunde-prozesuan idazkaria beste Udal batera atxikia bada, kasu horretan, gainera, dirutan dagokion aldea jasoko du, beti ere beste Udal hori jatorrizkoenaren hautesmahai-kopuru ezberdineko tartean badago eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuaren barruan badago.
11. artikulua.– Udaletako langileen ezohiko zerbitzuak eta gastu arrunta.
1.– Udaletako langileen ezohiko zerbitzuak ordaintzeko, udal-idazkarienak izan ezik, 205 euroko zenbateko globala ezarriko da udalerriko hautesmahai bakoitzeko, lortutako emaitza izango delarik muga. dazkariak laguntzaileen artean banatuko ditu zenbatekook, laguntzaile bakoitzak beteriko eginkizunen arabera.
2.– Kopuru hori hauteskunde-prozesuko gastuak ordaintzeko ere erabili ahal izango dute idazkariek. Adibidez, hauteslekuak atontzeko eta garbitzeko gastuetarako; hautesmahaietako idazmahaiko materialerako gastuetarako; eta boto-kutxak, kabinak eta gainerako materiala muntatzeko, desmuntatzeko eta garraiatzeko.
3.– Jasotzaile bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoak ezingo du 5.000 euroko muga gainditu, eginkizun bat edo gehiago, edo ezohiko zerbitzu bat edo gehiago betetzen dutelarik ere.
12. artikulua.– Administrazioak izendatutako ordezkariek hautesmahaietan ematen dituzten zerbitzuak.
1.– Hautesmahai bakoitzeko, 175 euro finkatzen dira administrazioaren ordezkariek egiten dituzten Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 109 eta 119.2 artikuluetako eginkizunak ordaintzeko. Hautesmahaietan izango dituzten eginkizunak, besteak beste, honako hauek izango dira: hauteskunde-informazioa jasotzea eta komunikatzea, eta, hala dagokionean, dietak ordaintzea eta ordezkarien beharrizanak asetzea. Udal-idazkariak hautatuko ditu ordezkariak, bere irizpideari jarraiki, eta berak banatuko du ere zenbateko hori ordezkarien artean.
2.– Inola ere ezingo da 350 euro baino gehiago jaso administrazioaren ordezkari legez hautesmahaietan betetako eginkizunengatik.
13. artikulua.– Langile- eta funtzionamendu-gastuen kudeaketa.
1.– Dekretu honetan adierazitako antolaketa- eta funtzionamendu-gastuen kudeaketa Segurtasun Sailaren hauteskundeak kudeatzeko sistema informatizatuaren bidez gauzatuko da. Hori da Euskadiko Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorraren, hauteskunde-batzordeen idazkarien eta hauteskunde-prozesuarekin lotutako udaletako idazkarien arteko informazio- eta komunikazio-tresna.
2.– Hauteskundeak kudeatzeko sistemaren bidez, hauteskunde-prozesuaren gastuei aurre egiteko aurrekontua zehazten duten zirkular ekonomikoak komunikatuko zaizkie hauteskunde-batzordeetako idazkariei eta udaletako idazkariei.
3.– Hauteskunde-batzordeetako idazkariak arduratuko dira hauteskunde-batzordeetako kideen eta laguntzaileen datuak hauteskundeak kudeatzeko sisteman jasotzeaz, baita langileek egindako lana justifikatzeaz eta horien gaineko egiaztagiriak igortzeaz, Dekretu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
4.– Halaber, datuak kudeatzeko sisteman jasoko dira lehen auzialdiko epaileen eta bake-epaileen datuak, baita horiei laguntzen dieten laguntzaileenak ere, hala dagokionean.
5.– Udal-idazkariei dagokie ere beraien datuak, jasotzaile moduan, hauteskundeak kudeatzeko sisteman sartzea; baita laguntzaileenak eta administrazioak hautesmahaietarako izendatutako ordezkarienak ere. Horrez gain, udal-idazkariei dagokie langileek egindako lanaren justifikazioa eta horien gainean igorritako egiaztagiriak sistemara igotzea, baita udal-esparruan izandako gastu arruntak igotzea ere, zerbitzu-enpresena barne, halakorik baleude.
6.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, aurkezten zaion informazioa aztertuta, dagozkion ordainketak egingo ditu, gastu-motari erreparatuta, kasu bakoitzerako aurreikusitako prozedura eta izapideei jarraiki.
7.– Hautesmahaietako kideei ordaindu beharreko dietak honela ordaindu ahal izango dira: eskudirutan, txeke bidez, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren Diruzaintza Nagusiaren transferentziaren bidez.
8.– Segurtasun Sailak diru-kopuru zehatza gorde dezake ezusteko beharrizanei eta munta txikiagoko gastuei aurre egiteko.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hauteskunde-batzordeen agintaldia luzatzea.
Hauteskunde-batzordeen agintaldia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deia dela-eta luzatu egiten bada, Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetako eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeetako bokal ez judizialek hauteskunde-batzorde horietako bokal judizialek jasotzen dituzten haborokinen munta bera jasoko dute.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hauteskunde-konkurrentzia.
1.– Data berean gauzatuko balira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Diputatuen Kongresu eta Senaturakoak, edo Eusko Legebiltzarrerakoak eta estatu- edo foru-mailako hauteskunde-prozesu bi edo gehiago, Dekretu honetan hauteskunde-batzordeetarako eta udal-idazkarientzat zehaztutako haborokinen zenbatekoa eta hauteskunde-batzordeetako eta udaletako laguntzaileei ezohiko zerbitzuengatik ordaindu beharreko zenbatekoa % 50 murriztuko da, baita hautesmahaietako kideei ordainduko zaizkien dietena ere.
2.– Data berean gauzatuko balira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Europako Parlamenturakoak, Dekretu honen aurreko paragrafoan zehaztutako haborokinen eta dieten zenbatekoa % 60 murriztuko da.
3.– Aurreko paragrafoetako kasuetan, administrazioak hautesmahaietan izendatutako ordezkariek jasoko dituzten zenbatekoak Dekretu honetan aurreikusitakoak izango dira, salbu eta, Estatuko administrazioarekin izenpetutako alde biko hitzarmenak medio, izendatutako pertsonak partekatu egingo balituzte. Kasu horretan, dagokion hitzarmenean xedatutakoari men egingo zaio. Halako kasuetan, ordezkarientzako haborokinen zenbatekoa zehaztu ahal izango da, onesten diren jarraibide ekonomiko-administratiboetan islatuko dena, hala badagokio.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretu honetan aurreikusitako munten indarraldia.
Hauteskunde bakoitzerako, Gobernu Kontseiluak, egokitzat jotzen badu, akordio bidez, Dekretu honetan aurreikusten diren zenbatekoak eguneratu ahal izango ditu. Akordio hori Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.