Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2018ko urriaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5050

EBAZPENA, 2018ko irailaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako Udalak sustatutako «IN.03.1 Clínica del Pilar» HEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko martxoaren 28an, Donostiako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Donostiako udal-mugarteko «IN.03.1 Clínica del Pilar» HEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (hemendik aurrera, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat aurkeztu ziren. Gainera, ingurumen-dokumentuan, agiri hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, 2018ko apirilaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Parkeen Lagunak Haritzalde Elkarte Naturalistari egin zitzaien eskaera.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Horrenbestez, lege horrek ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluan, zehazten da, besteak beste, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 1. artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko direla, zeinaren prozedura 29. artikulutik 32. artikulura arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna berau, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-ondoreetarako.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako udal-mugarteko «IN.03.1 Clínica del Pilar» HEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

«IN.03.1 Clínica del Pilar» hirigintza-azpieremua «IN.03 Intxaurrondo» AUI hirigintza-eremuaren zati da, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean zehaztuta. Haren testu bategina behin betiko onetsi zen 2010eko ekainaren 25ean, 4.545 m2-ko azalera du eta hiri-lurzoru ez-finkatuari dagokio.

Planaren xede den azpieremua «El Pilar» klinikaren jabetzako bi lurzatiz eta bi lurzati horiek banantzen dituen bide publikoaren zati txiki batez osatuta dago. Hegoaldeko lurzatian «El Pilar» klinika dago, gaur egun jarduerarik ez duena, eta bertan aurreikusita dago bizileku-eraikin berriak egitea. Beste lurzatian, iparraldean, klinikaren aparkalekuaz gain, eremua Lamourous egoitzatik beheragoko eremu batekin lotzen duen oinezkoentzako igarobidea dago.

«IN.03.1 Clínica del Pilar» HEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (hemendik aurrera, plana) xedea hau da: hirigintza-azpieremu horren antolamendu xehatua zehaztea, Donostiako HAPOk azpieremu horretarako adierazten dituen irizpide, helburu, erabilera eta eraikigarritasunari jarraikiz.

Antolamendu xehatuak antolamenduaren xede diren eraikin berrien hirigintza-parametroak, kokapena eta tipologia zehazten ditu, eta horrez gain, lagapenak ezarri eta kokatzen ditu honako hauei dagokienez: espazio libreak (680 m2 inguru, eremuaren iparraldean), komunitate-ekipamendua (899 m2 inguru, iparraldean), bideak eta aparkalekuak (827 m2 inguru).

Aurreikusitako eraikin berriak bi etxebizitza-bloke dira (babestutako etxebizitza eta etxebizitza librea); 2.127 m2 inguru hartuko dituzte, eta, ondorioz, hirigintza-eraikigarritasun haztatua handituko da aurretik gauzatutakoaren aldean.

Eremu hori guztiz antropizaturik dago, eta ez du jarduerarik egun; ez da natura-elementu garrantzitsurik antzeman, eta ez dago ingurumen-arrisku nabarmenik.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Planak urbanizazioko eta eraikuntzako proiektuentzat irizpideak ematen ditu, Udalak onartu beharko dituenak. Ez da inola ere aurreikusten Planaren garapenaren ondoriozko proiektuek legez bete beharko dutela ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura.

b) Beste plan edo programa batzuekin duen zerikusia: Planak hiri-lurzoru finkatugabe bat xehetasunez antolatzen du, eta bateragarria da lurraldeko eta sektoreko beste plan konkurrente batzuekin.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Ingurumen-dokumentuak HAPOren irizpideak eta helburu orokorrak ez ezik, eremuaren errealitate fisikoa eta berezitasunak ere hartu ditu kontuan, baita hirigunearen gainerakoarekin zer lotura formal zein bisual eta paisajistiko duen ere. Halaber, planaren garapenari aplika dakizkioke Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren «1.2 Ingurumen-jasangarritasun Txostena» izeneko agirian zehaztutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriak. Hori dela eta, plana egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk:

Planaren xede-eremuak ez du ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez eta bere kultura-balioengatiko edo ingurumen-arriskuengatiko elementu nabarmenik ere.

Zaratari dagokionez, planaren eremua «Urumea» izeneko babes akustiko bereziko gunean dago. Donostiako Udalak deklaratu zuen, eta dagokion zonako plana du. Igorritako inpaktu akustikoari buruzko azterlanean adierazitakoarekin bat etorriz, eraikitzea aurreikusita dagoen lurzatian Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan, etorkizuneko hirigintza-garapenetarako, ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gaindituko dira (KAH), zehazki iparraldeen dauden fatxadetan eta altuera jakin batzuetan; komunitate-ekipamendu eta espazio libreetarako beste lurzatian, aldiz, ez dira gaindituko araudi horretan ezarritako mugak.

Ez da antzeman, bestalde, plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunari, ingurumenari eta paisaiari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2) Eraginen eta eraginda gertatuko den arearen ezaugarriei dagokienez, eragin daitekeen eremuaren ingurumen-balioa eta haren urrakortasuna urria da. Antropizatutako hiri-lurzorua da, eta klinika bat eta horri lotutako aparkalekua hartu ditu iraganean. Ez dago natura-balioengatik edota ingurumen-arriskuengatik adierazgarri iritzitako eremurik, eta ez du Historia Ondareko katalogoetan jasotako kultur elementu garrantzitsurik.

Planaren ondoriozko eragin nagusiak urbanizazio-proiektuen ohiko eraginak izango dira (dagoen landaretza garbitzea; eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea; lur-soberakinak, eta giza habitataren kalitatea gutxitzea lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondoriozko zarata, hauts eta abarrek eragindako eragozpenengatik). Ondoren, etxebizitza kopuruaren areagotzeak mugikortasunaren hazkundea eragingo du, eta ondorioz, airearen kalitatea okertuko da, zarata mailak areagotuko dira, hiri-hondakin solido gehiago sortuko dira, baliabideen kontsumoa bultzatuko da (ura, energia...) eta paisaiaren gaineko eraginak sortuko dira.

Atal honetan, aurretik ere adierazi bezala, nabarmendu behar da eremua «Urumea» izeneko babes akustiko bereziko gunean dagoela, eta aurreikusten dela kanpoaldean aplikatu beharreko kalitate akustikoaren helburuak, araudian aurreikusitakoak, altuera jakin batzuetan, ez betetzea. Are gehiago, egiaztatu da ezen, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartuta ere, zenbait fatxada-hargailuk gainditzen dituztela fatxadako zarata mailak kanpo-inguruneko kalitate akustikoaren helburuen gainetik. Betiere, ziurtatu beharra dago kalitate akustikorako helburuak betetzen direla proiektatutako eraikinen barnean.

Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-agiri estrategikoan planteatutako neurriak eta ebazpen honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten planak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.

3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Lanak egin bitartean airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari dagokionez:

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 27/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Ihinztatze edo aspertsio bidez ureztatzeko orduan, legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko araudia bete beharko da (legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezartzen dituen uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua), bai esplotazio-fasean eta baita eraikinaren diseinu-fasean ere. Gainera, erradiazioetatik babesteko araudia ere bete beharko da (irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretua, jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoetarako murriztapenak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onartzen duena).

– Baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat etorriz.

– Lanak egin bitarteko hondakin-sorrera eta -kudeaketa:

• Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

• Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

• Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

• Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Garatzeko planeamenduak bermatu beharko du jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen direla. Honako arlo hauek hartu beharko dira kontuan: obrak egin bitartean kale-lasaitasunari eragin negatiboak txikiagotzea, babestu beharreko landaretza, eta hauts zein hondakin gutxiago sortzea.

– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria: IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko dagokion gidan jasotako gomendioak.

Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

• Energia. Iturri ez-berriztagarrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

• Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

– Zolatu gabeko eremuetan, obrek kalte egindakoetan, lorategiak jartzeko eta landareztatzeko jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen. Behar diren landareztatzeak gorabehera, neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk deskribatzen dira landarediaren gaineko eragina minimizatzeko; esaterako, honako hauek:

– Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da erasandako azaleran honako hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.

– Ahal dela baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, eta herbiziden erabilera minimizatuko da.

– Zaratari dagokionez, kontuan harturik plana babes akustiko bereziko gunea dela («Urumea» BABG), urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako, eta aurkeztutako azterlan akustikoarekin bat etorriz, ekonomiko eta teknikoki bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartu ondoren, fatxadetako hargailu batzuek kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuen gainetiko zarata-mailak oraindik badituztela aintzat hartuta, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40.3 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, neurri osagarriak hartu beharko dira, eraikinen barnean gutxienez kalitate-helburuak betetzeko; hala bada, fatxaden isolamenduak etxebizitzen barneko maila akustikoak bertan ezarritako mugetaraino gutxitu beharko ditu maila akustikoak.

Era berean, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluarekin bat etorriz, Donostiako Udalak barne-espaziorako kalitate-helburuak betetzen direla egiaztatzen duen txostena egin beharko du, dagokion lizentziaren aurretik, eta kanpoko ingurumena babesteko neurri zuzentzaileak ezarriko ditu.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Donostiako udal-mugarteko «IN.03.1 Clínica del Pilar» HEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako udal-mugarteko «IN.03.1 Clínica del Pilar» HEren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 25a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala