199. zk., 2018ko urriaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (275 KB - 8 orri.)
- EPUB (214 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5046
142/2018 DEKRETUA, urriaren 9koa, honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko «Landarre», «Lore» eta «Sustraia» izeneko baimenak ematen dira, eta hidrokarburoak ikertzeko «Lurra» izeneko baimena atzera botatzea onartzen da.
Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeak (urriaren 7ko 34/1998 Legeak) 15. artikuluan ezartzen duenez, Gobernuak edo autonomia erkidegoetako gobernu-organoek emango dituzte ikerketa-baimenak, baldin eta euren lurralde-eremuari eragiten diotenak badira. Baimen horiek eskumen esklusiboa emango dute zehazten diren eremuak ikertzeko, sei urteko epean. Era berean, 18. artikuluan ezartzen denez, kasu honetan, ikerketa-baimenak emateko ebazpena dekretu bidez ezarriko da.
Horretaz gain, aipatu legeko xedapen iragankorretako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriaz, garapen-xedapenik ematen ez den bitartean –haren aurka ez dagoenaren gainean–, indarrean jarraituko dute lege horren arloan aplikatzeko diren arauzko xedapenek; bereziki, Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuak.
«Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi, SA» eta «Petrichor Euskadi Coöperatief, UA, sucursal en España» sozietateek hidrokarburoak ikertzeko baimenak esleitzeko eskariak aurkeztu zituzten. Baimenen izenak, zehazki, «Landarre», «Lore», «Sustraia» eta «Lurra» ziren, guztiak ere Autonomia Erkidegoan kokatuak.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak aztertu egin zituen aipatu eskabideak, eta Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko ekainaren 15eko Ebazpenean eman ziren argitara (2011-07-27ko BOE, 179. zk.; 2011-08-09ko EHAA, 150. zk.), zeinaren bitartez argitara ematen baita hura, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 17. artikuluan xedatutakoa betetzearren; betiere, bi hilabeteko epearen barruan, eskabide harekin lehian diren eskaintzak aurkezteko, eta, halaber, honako honetarako eskabideak aurkezteko: indarrean edo izapidetzen izanik, hidrokarburoak ustiatzeko emakidaren baten edo beste ikerketa-baimen batzuetan (eskatutako baimena) sartzearen aurka egiteko direnak, alegia.
Legezko epean ez da eskabide haren aurkako objekziorik aurkeztu, eta arlo berean –harekin lehian– ikerketa-lanak egiteko eskaintzarik ere ez da aurkeztu.
Kontsideratzen da konpainia eskatzaileek egiaztatu dituztela Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeak (urriaren 7ko 34/1998 Legeak) 16.2 apartatuan jasotako alderdi hauek: urriaren 7ko 34/1998 Legearen 21. artikuluan aipatzen den fidantza sartu izana egiaztatzeko agiria, ikerketa-proiektua, ikerketa-baimenerako azalera, legezko gaitasuna eta gaitasun ekonomiko eta finantzarioa. Hortaz, egokitzat jotzen da hidrokarburoak ikertzeko baimen horiek ematea.
Defentsa Ministerioaren berariazko baimena behar duten intereseko instalazio eta zonen gaineko informazioa eman du Defentsa Ministerioak, 2018ko uztailaren 18ko txostenaz eman ere, eta hori egin da bat etorriaz, hain justu ere, martxoaren 12ko 8/1975 Legean (Defentsa Nazionalerako intereseko zona eta instalazioei buruzkoan) xedatutakoarekin.
Eskatzaileak txosten osagarria aurkeztu du, zehazki, hidrokarburoak ikertzeko proiektuari dagozkion ingurumena babesteko neurriei buruzkoa. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeak (urriaren 7ko 34/1998 Legeak) 16.2. artikuluan ezarritakoa kontuan izanik, eskatutako dokumentazioa aurkeztu da Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzan. Agiriok, hain zuzen ere, espedientean jaso dira, eta prebentzio- eta zuzenketa-neurrien proposamen eta jarduera hauetan zehazten dira:
PREBENTZIO- ETA ZUZENKETA-NEURRIEN PROPOSAMENA
LANDAN LAGINAK HARTZEA
Prebentzio-neurriak. Laginak hartzean, ingurumena errespetatzen duten lan-jarrerak hartuko dira beti.
Zuzenketa-neurriak. Ez da halakorik behar.
ESPLORAZIO-PUTZU BAT ZULATZEA
Prebentzio-neurriak
Honako hauek dira:
1.– Zuloa egiteko behar diren instalazio eta ekipamendu guztiak lursailak ahalik eta gutxien okupatuta jarriko dira.
2.– Zulaketa-lanetan zehar sortutako hondakin guztiak era egokian kudeatuko dira.
3.– Zulaketaren inguruan dagoen fauna babestuan eta ur-ibilguetan eragin nabarmenik ez egiteko ahalegina egingo da.
4.– Ondare geologiko eta geomorfologikoa babestuko dira, eta, paisaiari dagokionez, interes geologikoko arloak aitortzeko kontuan hartu diren balioak ez dira erasango.
5.– Landaretzaren gaineko jardueren (sasi eta sastrakak kentzearen, zuhaitzak moztearen) ziozko hondakinak era egokian erretiratu eta kudeatuko dira.
6.– Jarduera-gunea behar bezala mugatu eta balizatuko da, eta inguruko landaretzan beharrezkoak ez diren eraginak saihestuko dira. Gainera, Erkidegoaren Intereseko Lekuen barruan, inoiz ere ezingo da jardun lehentasunezko habitaten gainean, eta 43/92/EEE Zuzentarauaren barruan katalogatutako beste habitat batzuen gainean jardunez gero, bidezkoak diren konpentsazio-neurriak hartuko dira, aipatu Zuzentarauaren 6. artikuluaren arabera.
7.– Zuloan erabilitako urak jatorri eta isuri kontrolatua edukiko ditu; hala, uraren erabilerak ez du ingurumenean eraginik izango.
8.– Guneko ondare kulturalean ez da eraginik sortuko.
9.– Gaitasun aski duten putzuak eraikiko dira; horietatik bat zaborrak eta lokatzak batzeko izango da, eta, beste bat, berriz, ura batzeko. Soberan dagoen ura dekantatu eta atera ondoren putzuan geratzen den hondakin minerala era egokian kudeatuko du horretarako baimena duen kudeatzaileak.
10.– Zulo-eremu osoaren inguruan areka perimetral bat egingo da, jariatze-urekin inolako kontakturik egon ez dadin. Zuloan erabilitako jariakor eta gehigarrien osaera aztertuko da, eta beti saihestu beharko da lurpeko urekin kontaktuan egotea. Horretarako, hoditeriarako eta zementaziorako programa egokia ezarriko da, putzuaren osotasuna bermatzeko eta hark mugatu ahal izan dituen unitate akuiferoak modu eraginkorrean isolatu direla ziurtatzeko asmoz.
11.– Zulatutako putzutik isuri ahal izan den gas naturala zuzian erreko da, eta instalazioaren barruan detektagailuak egongo dira, isur daitezkeen beste gas toxiko batzuk antzemateko. Gainera, hala badagokio, dagokion arazketa- edo ezabaketa-sistema jarriko da.
12.– Putzuak moztutako hidrokarburo likidoen fluxuak badaude, zulaketa-fasean edo testen fasean horiek bereizi egingo dira, finketa eta erretze baimenduen instalazioetara edo kudeatzaile baimendu batera garraiatzeko.
13.– Beti hartuko dira ingurumena errespetatzen duten lan-jarrerak.
Zuzenketa-neurriak
Zulaketa-lanak amaitutakoan, ikerketa positiboa ez bada eta putzua ustiapenerako erabiltzen ez bada, putzua bertan behera utziko da. Hori horrela, dagokion plana diseinatuko da, zeharkatutako materialen ezaugarriak zein diren eta akuiferorik eta hidrokarburorik bat ote den kontuan hartuta. Ondoren, zulaketa-ekipamendu guztiak erretiratuko dira, eta okupatuta egon de eremua era egokian garbituko da.
Lursailaren orografia berrezarriko da, eta guneko espezieen haziak erein eta landatuko dira, landaretza berrezartzeko, proposatutako Berrezartze Planean aurreikusitako eran.
INGURUMENEKO GORABEHEREN PLANA
Ikerketa-lanak egiten diren bitartean, ingurumenean sor daitezkeen arriskuak prebenitu eta zuzentzeko neurriak hartzea proposatzen da; batez ere, honako arlo hauetan:
1.– Suteen aurkako neurriak. Suteen aurkako plan zehatza egingo da, ikerketa-lanen ezaugarrien arabera. Plan horretan, honako helburu hauek bete beharko dira:
● Ikerketa-lanetan zehar sor daitezkeen arrisku-egoerak prebenitzea, urteko garaiaren arabera eta gune bakoitzeko landaretzaren arabera inguru horretan sor daitezkeen aldaketak kontuan hartuta.
● Ezarri beharreko prebentzio-neurriak zehaztea: jardueretan surik ez egitea, su-itzalgailuak era egokian jartzea, erregaiak behar bezala gordetzea, instalazio elektriko egokia, lur-hartuneak...
● Beharrezko larrialdi-prozedurak ezartzea, azkar eta eraginkortasunez jardun dadin sua itzaltzean, eta, beharrezkoa bada, suhiltzaileei, babes zibilari edo anbulantziei ohartaraz dakien.
2.– Ihesen eta isurketen aurkako neurriak. Neurri horiek kontuan hartuko dira, urak, lurrak edo atmosfera kutsatzeko arriskua, eta, oso zehazki, putzuko erupzio-arriskua eragiten duten lanetan. Horretarako, putzuaren buruan beharrezko prebentzio-ekipamenduak egongo dira, eta aldian-aldian horien iragazgaiztasuna neurtzeko probak egingo dira, sektoreko jardunbideen arabera.
● Putzuaren bertikalean lurpeko urak badaude hartu beharreko kautela-neurriak (lehen aipatutakoak) gorabehera, urmael eta areka perimetralak eraikiko dira, eta horietara bideratuko dira gainazalean sor daitezkeen isurketak.
● Induskatutako putzutik atmosferara isur daitezkeen gasak tratatzeko, detektagailuak jarriko dira, gas toxikorik dagoen ohartarazteko. Halaber, beharrezkoa bada, arazketa-sistemak ere jarriko dira. Gas naturalaren isuria kontrolatzeko, zuzian erreko da.
● Putzua zulatzean edo ekoizpen-probetan sor daitezkeen hidrokarburo likidoak tratatzean, likidook bereizi egingo dira, eta, ondoren, findegira, erretze-instalazio baimendura edo kudeatzaile baimendura bidaliko dira.
BERREZARTZE-PLANA
Aztertutako ikerketa-lanetarako, ukitu ahal izan diren guneak berrezartzeko plan bat planteatu da (ikertu den putzuaren okupazio-gunea eta sarbide berriak). Plan horretan, kontuan hartuko dira instalazioek okupatu dituzten lursailak, bai eta, hala badagokio, egin beharko diren behin-behineko pisten lursailak ere, honako alderdi hauek tartean:
● Berrezartze edafikoa eta geomorfologikoa. Instalazio guztiak desmuntatu eta hondakin guztiak ezabatutakoan, ukitutako lursailak berrezarri egingo dira, hau da, beren itxura morfologikoa eta osaera edafikoa berrezarri egingo dira, ahalik eta leialen, lehen bezala geratu daitezen. Ondorioz, landaretza-lurra hedatu ondoren, landaretza naturala edo artifiziala berrezartzeko baldintza egokietan egon beharko dira lursailak. Kasu honetan, landaretza-lurra metatuko da, aurreikusitako lur-mugimenduen eta indusketen aurretik.
● Landaretza berrezartzea. Egungo landaretza-estalkia bere jatorrizko egoerara berrezarriko da. Horretarako, haziak erein eta landaketak egin beharko dira, ikerketa-lanetan zehar ukitu diren guneetako bakoitzean dauden espezie autoktonoen antzekoak erabilita.
Landaretza berrezartzeko erabiliko diren espezieen osaera floristikoa ahalik eta gehien egokituko da gaur egun dagoen horretara, edo egungo habitatetan dauden espezieak ezartzeko erraztasunak jarriko dira.
Landaretza, zehazki, lanak amaitu eta berehala berrezarriko da, haziak erein edo landatzeko egokiena den aldian, hau da: udaberrian edo udazkenean ereingo dira haziak, eta izerdia geldi dagoenean, berriz, jarriko landareak.
Landaretza berrezartzeko lanak era egokian aplikatu eta garatzen direla egiaztatuko da, eta, beraz, haziek edo/eta landareek huts egiten badute, berriz jarri beharko dira. Halaber, beharrezkoak diren ureztatze-lanak egingo dira.
● Ukitutako azpiegiturak berrezartzea. Lanetan ukitzen diren azpiegitura eta elementu sozioekonomiko guztiak beren jatorrizko egoerara berrezarriko dira: bideak, itxiturak, ureztatze-elementuak, hesiak eta abar.
Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Ematen diren ikerketa-baimenen definizioa:
Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko baimen hauek ematea, sei urteko eperako, «Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi, SA» eta «Petrichor Euskadi Coöperatief, UA, sucursal en España» sozietateei, titularrak diren aldetik –operadorea Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi SA izango da–. ED50 koordenada geografikoen erpinek mugarritzen dituzte baimen horien eremuak, Greenwich meridianoari dagozkion longitudeekin. Hona hemen baimen horien deskribapenak:
«Lore» baimena, 37.314 hektareakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua eta honako muga hauek dituena:
(Ikus .PDF)
«Landarre» baimena, 37.314 hektareakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua eta honako muga hauek dituena:
(Ikus .PDF)
«Sustraia» baimena, 55.971 hektareakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua eta honako muga hauek dituena:
(Ikus .PDF)
2. artikulua.– Konpromisoak eta ikerketa-programa.
Baimen hau ematearen ondoriozko arriskuak bere gain hartu beharko ditu interesdunak, eta honako hauei loturik egongo da: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean xedatutakoari, eta uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren bidez onartutako Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Araudian xedatutakoari.
Indarrean den bitartean, titularrek,«Lore», «Landarre» eta «Sustraia» baimenen baterako gunean, hitz emandako lan eta inbertsioen programa hau jorratuko dute:
Indarraldiko 1. urtea:
Baimenak indarrean diren lehen urtean, honako lan hauek egingo dira:
EAE-Kantaurialdea Isurialdeko sektore zentralaren gainean dagoen informazio geologikoa biltzea.
Arroketako laginak hartzea, eta, gero, analisi geokimikoak egitea, honako hauek zehaztuaz: (Ro) Vitrinitaren Erreflektantzia balioak Leco edo Rock Eval aparailuaren bidez; (TOC) Karbono Organikoaren Guztizko edukia; (Tmax) tenperatura maximoa; S1, S2 eta S3 pikoen balioa; (HI) Hidrogenoaren Indizea; eta (OI) Oxigeno Indizea. Azken parametro horiek, Rock Eval-en bidez.
Lurretako ihesen geokimikaren kanpaina. Lurrean dauden gasen laginak hartuko dira, Bizkaiko sinklinal-multzo osoa zeharkatzen duten hainbat profiletan zehar. Lagin bakoitzak dituen hidrokarburo arinak aztertuko dira: metanoa, etanoa, etilenoa, propanoa, propilenoa, isobutanoa eta n-butanoa. Halaber, hidrokarburo horien kontzentrazioetan dauden anomaliak zehaztu ahalko dira.
Indarraldiaren lehen urtean egindako inbertsioa hirurogeita zazpi mila berrehun eta hirurogeita hemeretzi (67.279) eurokoa izango da «Lore» eta Landarre» izeneko baimenetako bakoitzerako, eta ehun mila bederatziehun eta hamazortzi (100.918) eurokoa «Sustraia» izeneko baimenerako.
Lortutako emaitzen arabera, indarraldiaren hurrengo urterako aurreikusitako lanak egingo dira, edo baimenei uko egiteko eskatuko da.
Indarraldiko 2. urtea:
Indarraldiko bigarren urtean, honako lan hauek egingo dira:
Zehazten diren ustezko biltegi-arroken (arroka porotsu eta iragazgaitzen) ezaugarri petrofisikoak zehaztea.
Eskura den informazio sismikoa aztertu eta intereseko lineak birprozesatzea, landa-zintak eskura izanez gero.
Eskura den interpretazio sismikoa gaurkotzea, birprozesatze berriak interpretatzea, eta lan biok lehendiko beste batzuetan integratzea, objektibo-formazioen sabaiko isobaten planoak prestatuaz.
Bigarren urtean egingo den inbertsioa ez da izango 1,81 euro-tik beherakoa baimenetako bakoitzean atxikitako hektarea bakoitzeko.
Lortutako emaitzen arabera, indarraldiaren hurrengo urterako aurreikusitako lanak egingo dira, edo baimenei uko egiteko eskatuko da.
Indarraldiko 3. eta 4. urteak:
Baimenen indarraldiko hirugarren eta laugarren urteetan honako lan hauek egingo dira:
Backstripping teknikak erabiliaz, zonako sedimentazioaren eta iraupen eta bilakaera termikoaren historia-modeloa prestatzea eta analizatzea.
Abiadura-anomaliak zehaztera bideratutako birprozesatzeak gauzatzeko lineak hautatzea. Beharrezko diren birprozesatze bereziak gauzatzea, eta ateratzen diren anomaliak analizatzea.
Lehendik diren eta aurretiaz sortu diren datuen bidez, abiadura-anomalien gaineko saiakuntzako emaitzak integratzea. Izan litekeen/litezkeen intereseko zonako/zonetako mugaren kokapena/definizioa zehaztea. Erreserba-lekuko formazio potentzialen sabaiko isobaten planoak prestatzea, edo formazio horien barruko maila espezifikoak zehaztea, baldin eta uste bada objektibo potentzialak izan litezkeela.
Biltegi potentzial gisa definitutako arroken mailei eraginda, zona hautsiak zehaztera bideratutako analisi sismikoak egitea.
Urte horietako bakoitzean egindako inbertsioa ez da izango baimenetako bakoitzean atxikitako azalerako hektarea bakoitzeko hiru euro eta hirurogeita bat zentimo (3,61) aplikatuta aterako litzatekeena baino gutxiago.
Urteetako bakoitzean lortutako emaitzen arabera, indarraldiaren hurrengo urterako aurreikusitako lanak egingo dira, edo baimenei uko egiteko eskatuko da.
Indarraldiko 5. eta 6. urteak:
Indarraldiko urte horietan, honako lan hauek egingo dira:
Indarraldiko bosgarren urtean zehar, honako hauek egin beharko dira: esplorazio-putzu baten diseinua, bideragarritasun teknikoari eta ekonomikoari buruzko azterlana, eta proiektatutako obrari buruzko ingurumen-memoria. Betiere, baimenetan egin diren aurretiazko lanetan lortutako emaitzen arabera.
Indarraldiko seigarren urtean eta indarreko baimeneko edozeinetan, esplorazio-putzu bat zulatzea, eta hori burutzea honako hauen araberakoa izango da; baimenean gauzatuko diren lan aurreikusietan lortutako emaitzen eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruzko azterlanen araberakoa, hain justu ere.
Halaber, indarraldiko seigarren urtean, zundaketa bururatzea eta ekoizpen-saiakuntzak egitea. Betiere, zulatutako putzuaren emaitzen arabera.
Indarraldiko bosgarren eta seigarren urte horietako bakoitzean egin beharreko inbertsioa ez da izango baimenetako bakoitzean atxikitako azalerako hektarea bakoitzeko bederatzi euro eta zentimo bat (9,1) aplikatuta aterako litzatekeena baino gutxiago. Indarraldiko bosgarren urtean lortutako emaitzen arabera, indarraldiaren hurrengo urterako aurreikusitako lanak egingo dira, edo baimenei uko egiteko eskatuko da.
Beharrezko duten lanetan ingurumen-inpaktuaren deklarazioa egiteari dagokionez, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aplikatu beharreko arautegian xedatutakoa hartuko da kontuan.
3. artikulua.– Uko-egiteen araubidea.
Baimen guztiei edo batzuei uko egiten bazaie, osorik edo partzialki, honako hauen arabera jardun beharko da: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 34. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretu bidez onartutako Erregelamenduaren 73. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Baimen guztiei edo batzuei osorik uko eginez gero, 2. artikuluan zehaztutako inbertsioak eta lanak egin izana justifikatu beharko du operadoreak, Administrazioak onartzeko moduan justifikatu ere.
4. artikulua.– Preskripzioa eta iraungitzea.
Indarrean den legerian ezarritako kausengatik edo dekretu honen bigarren artikulua ez betetzegatik bakarrik deklaratuko da ikerketa-baimena iraungi eta amaitu dela, betiere uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretu bidez onartutako Erregelamenduaren 26. artikuluarekin bat etorriaz; eta, bestalde, aipatu Erregelamenduaren 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriaz jardun beharko da.
5. artikulua.– Beste baimen batzuk.
Instalazio eta eremu militarretan eta horien segurtasun-zonetan, Defentsa Nazionalak dituen interesei kalte egin gabe ematen da baimen hau, betiere martxoaren 12ko 8/1975 Legean (Defentsa Nazionalerako intereseko zona eta instalazioei buruzkoan) xedatutakoarekin bat etorriaz. Jarduera bat burutzeko, aldez aurretik beharrezkoa bada ikerketa-zonan egotea edo plataforma finkoak edo antzeko eraikuntzak instalatzea, Defentsa Ministerioari baimena eskatu beharko zaio, zeina eman egingo baita aipatu jarduerek ez badiete kalterik egiten zona hartarako programatutako jarduketa militarrei.
Halaber, baimen honek ez du eragozten legez exijitu daitezkeen beste baimen-emakida batzuk; batez ere, ingurumen-inpaktua ebaluatzeari buruz indarrean den legerian ezarritakoak.
6. artikulua.– «Lurra» izeneko ikerketa-baimena atzera botatzea.
«Lurra» izeneko ikerketa-baimenaren eskaria atzera botatzea onartu da, sustatzaileek eskatuta, 2018ko maiatzaren 24ko idazkian. Baimen horrek 12.438 hektarea ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzen da, eta honako muga hauek dauzka (ED50 koordenadak):
(Ikus .PDF)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gaikuntza.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari baimena ematen zaio, Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau EHAAn argitaratuko da, eta bertan argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.