192. zk., 2018ko urriaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (227 KB - 7 orri.)
- EPUB (202 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4841
EBAZPENA, 2018ko irailaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez formulatzen baita ingurumen-inpaktuaren txosten bat, Deydesa 2000 SL enpresak sustatua, Deydesaren zabortegian (Igorre-Bizkaia) prozesu termikoetako zepak balorizatzeko proiekturako.
EGITATEZKO AURREKARIAK
2018ko urtarrilaren 17an, jardueraren sustatzaile Deydesa 2000 SL enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskabide bat bete zuen eskatzeko has dadila egiten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua (aurrerantzean, IIES), baimena lortzearren Deydesa 2000 SLren zabortegian (Igorreko zabortegia) prozesu termikoetan sortutako hondakin arriskugabe ez-organikoak balorizatzeko jarduerarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoarekin bat (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea).
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko otsailaren 28an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, eta proiektuaren ingurumen-dokumentua euren esku jarri zuen, interesekotzat jotzen den informazioa jasotzearren, erreferentziako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.
Alde horretatik, kontsulta hauei egin zaie: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Bizkaiko Ekologistak Martxan taldeari, Igorreko Udalari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari.
Kontsulten izapidea amaituta, erantzunak jaso dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendaritzatik eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik; horien emaitza espedientean dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko ondorioen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikuluan xedatutakoa aplikatuta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. multzoaren b) apartatuan dago jasota: hondakinak ezabatzeko edo balorizatzeko diren eta I. eranskinean sartu ez diren instalazioak baldin eta ez bada egiten industrialderen bateko naberen baten barruan, edo edozein ahalmenekoak baldin eta industrialdeetatik kanpo edo kanpoaldean egiten bada. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloko indarreko legeria aplikatuta, Deydesaren zabortegian (Igorre-Bizkaia) prozesu termikoetako zepak balorizatzeko proiektuari (Deydesa 2000 SL enpresak sustatua) ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio; haren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik duen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Deydesaren zabortegian (Igorre-Bizkaia) prozesu termikoetako zepak balorizatzeko proiekturako, honako baldintza hauetan:
A) Proiektuaren xedea da galdaketako edo errausketako zepetatik sortzen diren hondakin arriskugabeak balorizatzeko instalazio bat egitea, Deydesa 2000 SL enpresak hondakin arriskugabeetarako daukan zabortegian, Igorreko udal-mugartean; zabortegi horrek badauzka ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta ingurumen-baimen integratua hondakin arriskugabeetako zabortegiaren proiekturako, 2007ko martxoaren 1eko Ebazpenaren bidez emana.
B) Balorizateko instalazioa jartzeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia dago aztertuta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Ebaluazioaren xede den jarduera da hondakin arriskugabe ez-organikoak balorizatzea, zehatzago esanda, galdaketako edo errausketako zepetatik sortzen diren hondakin arriskugabeak, sarrerako materialen artean identifikatuak.
– R4 eta R11 kudeaketa-eragiketak: R4 (metalak edo konposatu metalikoak birziklatzea edo berreskuratzea) eta R11 (R1etik R10era bitartean zenbakitutako eragiketetako edozeinetatik lortutako hondakinak erabiltzea), 100202, 100501, 100903, 101003, 190112 EHZ kodeak dauzkaten hondakinetarako (altzairugintzako zepak, zink-termometalurgikako zepak, burdinazko piezen eta ez-burdinazkoen galdeketako zepak, eta labe-hondoko errautsak eta zepak).
– R13 kudeaketa-eragiketa (R1etik R12ra bitartean zenbakitutako eragiketetako edozeinen zain dauden hondakinak biltegiratzea –kanpoan utzita aldi baterako biltegiratzea, jasotzeko zain, hondakina sortu zen tokian–) 070213, 120105, 150102, 150105, 160119, 170203, 191204, 200139 EHZ kodeak dauzkaten hondakinetarako.
Kudeatu beharreko hondakinen EHZ eta kantitateak ez dira aldatuko, hau da, baimendutako eta deklaratutakoei eutsiko zaie, eta bakarrik aldatuko da ingurumen-baimen integratuan aurreikusitako tratamendua.
Jarduera Deydesak Igorreko (Bizkaia) udal-mugartean dauzkan instalazioen barruan garatuko da, hau da, zabortegiaren goiko plataforman. Zabortegi horrek 3.9 milioi m3-ko edukiera erabilgarria eta 14 h-ko azalera operatiboa dauka.
Hor egingo du enpresak hondakin arriskugabe ez-organikoak modu kontrolatuan ezabatzeko jarduera, otsailaren 24ko 49/2009 Errege Dekretuarekin bat; dekretu horretan dago araututa nola ezabatu hondakinak zabortegian biltegiratuta eta nola egin betelanak.
Jariatze-ur garbiak bildu eta drainatzeko sistema du zabortegiak, bai eta ontziaren hondoa drainatzetik eta aldeak drainatzetik datozen lixibiatuetarako drainatze-sare bat ere. Lixibiatu horiek 5000 m3-ko putzu batean jasotzen dira, gerora Bediako HUAn tratatzeko, Arratiako saneamendu-sare nagusian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera ponpatuta. 2016az geroztik funtzionatzen du isuri aurretik lixibiatuak tratatzeko instalazioa.
Tratamendua prozesu hau da:
– Balorizatu beharreko materiala metatzea: zabortegian hautatutako eremu batean, gainazal iragazgaitz baten gainean eta aire zabalean zepa-bolumen handiak metatzea.
– Xehatzeko fasea: aldez aurretik, baraila-xehagailu mugikor batez birrintzeko fasea.
– Bahetzeko fasea: materiala granulometriaz banatzen da, dardaragailuz eta lehorrean bahetuta.
– Sailkapen magnetikoaren fasea: bahetutako materiala uhal garraiatzaile batean garraiatzen da bereizgailu magnetikoetara eta ez-magnetikoetara (elektroiman mugikorrak), eta bertan sailkatzen da. Material magnetizagarriak aparteko edukiontzi batean jarriko dira uhal garraiatzaileaz, komertzializaziorako.
– Sailkapen ez-magnetikoaren fasea: gainerako material ez-ferrikoak «eddy-current» batera bideratuko dira, eta hor, Foucault-en korronteen bidez, elementu metaliko ez-ferrikoak baztertuko dira (aluminioa, letoia, kobrea, etab.), eta saski handi batzuetan bilduko dira garraiorako eta komertzializaziorako. Material horiek Deydesak Legution (Araba) daukan instalaziora eramango dira, bertan sailkatu eta hautatzeko.
Zapak tratatzeko instalazioak 3.000 m2-ko azalera du, urtean 20.000 Tn-ko bolumena tratatuko da, baina horrek ez du eragingo kamioien egungo zirkulazioa areagotzea: 5.000 kamioi urteko.
Zepak urtean zehar aldizka balorizatuko dira, txandakatuta biltegiratze-aldiak (8 hil) eta materialen prozesatze-aldiak (hil lehorrenetan).
Biltegiratzeko gehieneko kantitatea eskatutako ahalmenaren bi herenekoa (2/3) izango da, hau da, 13.000 Tn-koa, 8 hiletan biltegiratutakoari dagokiona.
Azken baztertzea: balorizatu ezin den minerala (jatorrizko hondakinaren EHZ berekoa) zabortegian ezabatuko da.
Ekipo osagarriek honako hauek dauzkate: tobera dosifikagailuduna, uhal garraiatzaileak, hornidura elektrikoko ekipoa eta pala kargatzailea.
Ur-kontsumoak (205 m3) ez du aldaketarik izango, kontuan hartuta balorizazioa lehorrean egingo dela; energia-kontsumoak (76,467 MW/h) ere ez; sorgailu bidez hornituko da eta; ezta isurketaren emaria ere (36.833,17 m3 urteko).
Balorizazio-proposamen honi beste bi aukera hauek gehitu zaizkio: batetik, zepen isuriari eustea baina aldez aurretiko balorizazio-tratamendurik gabe; bestetik, zepa guztiak Legutioko balorizazio-instalaziora (Araba) eramatea, horiek gehienak Alonsotegiko Zabalgarbi erraustegitik etortzen dira eta, gerora, baztertutako frakzioa –guztiaren % 90– Igorreko zabortegira eramaten da (Bizkaia).
Hala ere, azkenik, proposamen hau hartzeko, oinarritzat hartu da horrela eginez gero zepen elementu metalikoak balorizatzen direla (hondakinen % 10), gordailutu barik, eta ezabatu; eta horrela zepen garraioa murrizten dela ekoizpen-lekutik hurbilago dagoen puntu bateraino.
Hondakin arriskugabeak balorizatzeko proposamen honen ingurumen-ondorioak aurreikusi eta honen inguruan sortzen dira: hauts-, zarata- eta dardara-emisioen areagotze arina, eragiketetako parte diren ekipoek sortutakoak –prozesatutako materiala birrintzeko, bahetzeko eta metatzeko makinak–.
2.– Proiektuaren kokapena:
Deydesaren zabortegia Aratxola mendiaren ipar-ekialdeko hegalaren eta Ikutza mendiaren Aparioko-Atzako hegoaldearen arteko ibarbidean dago, leheneratze-prozesuan dagoen hiri-hondakinen zabortegi zaharraren eta jardunean dagoen kare-harrobi baten alboan. Ibarbidea Apario arroan amaitzen da (Arratia ibaiaren adarra da Apario).
Iragazkortasun txikia du eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da, higadura-prozesu aipagarririk gabe.
Kutsagarriak izan zitezkeen jarduera edo instalazioak izan dituen lurzoru inbentariatuak Igorreko hiri-hondakinen zabortegi zaharra ukitzen du, bai eta hondakin arriskugabeetarako haize-tokia ere.
Ibai-ibilgu bakarra da Apario errekaren adarra, Ibaizabalen adar Arratiako arro hidrografikokoa, eta desbideratua izan da zabortegiaren perimetroa dela eta.
Ingurumen-intereseko gunerik ere ez dago, ez naturari begira ez kulturari begira, ezta eremu babesturik ere.
Ikusgarritasun txikiko tokia da, oso sartuta eta biztanleguneetatik urrun dagoelako; paisaiaren kalitatea ere txikia da, harrobia, hiri-hondakinen zabortegi zaharra eta bestelako jarduera industrialak egoteak eremuari eragin dion artifizialtasunaren ondorioz; beraz, ez da aurreikusi jarduera zapen balorizazioaren bidez zabaltzeak ikusizko eragina handituko duenik.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:
Eremu eta inguru hurbilenean egiten diren jarduerak kontuan hartuta, aurreikusita dago inpaktuak egun daudenen antzekoak izatea, hauts-, zarata- eta dardara-emisioen areagotze txiki batekin.
Zepak aire zabalean deskargatzeko, bereizteko eta behatzeko faseetan zehar eragindako partikula- eta hauts-emisioak garrantzitsuak izan daitezke; hala ere, kontuan hartzen bada zer eremutan garatuko den proiektua, ezin da aurreikusi egungoa bezainbesteko inpaktua izango ez duenik.
Alde horretatik, kamioi gehiago ibiliko denik ere ez da aurreikusi, kontuan hartuta balorizatu beharreko zepak (hondakinen gehieneko % 10) izango direla zabortegian gordailutzeko jasotakoak, eta balorizazio-prozesuan lortutako frakzio metalikoa Legutioko instalaziora eramango dela, zepak ekartzen dituzten kamioi berberetan, deskarga egin ostean.
Zarataren ebaluazio zuzena egin da, bertan zarata-iturriak eta -maila zenbatetsiak identifikatuta. Gauzak horrela, ez da aurreikusi inpaktu garrantzitsurik, kontuan hartzen bada zein den abiapuntua eta ez dagoela biztanlegune hurbilik.
Eremuaren ikusgarritasun txikia eta paisaiaren kalitate txikia kontuan hartuta, ez da aurreikusi jarduera zapen balorizazioaren bidez zabaltzeak ikusizko eragina handituko duenik.
Azkenik, aurreikusita dago zapak biltegiratu bitartean lixibiatuak sortzea, baina lixibiatu horiek lixibiatuetarako putzuan jasoko dira, gerora Bediako HUAko kolektorera pasatzeko, zabortegiko tratamendua egin ostean.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak adierazitako neurriez gain –ingurumen-organoari aurkeztutako dokumentazioan–, eta behar diren baimen sektorialetan adierazitakoez gain, baldintza hauek ere izan behar ditu kontuan sustatzaileak:
– Airearen kutsadurari dagokionez, ingurumen-baimen integratua eguneratzeko orduan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarduera garatzeko, arreta berezia jarriko da hondakinak balorizatzeko eragiketetan ahalik eta hauts gutxiena sor dadin; horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.
– Materialak biltegiratzea: babestuen dauden tokietan bilduko dira, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; bilketen altuera ere kontrolatuko da.
– Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
– Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
– Plantaren instalazioak aldi-aldian berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen.
– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Kutsadura akustikoa.
– Zarata prebenitzeko behar diren neurriak hartuko dira, eragin akustiko txikiena duten teknologiak erabiliz, kontuan izanik eskuragarri dauden teknikarik onenak –halakotzat hartuko dira gutxien kutsatzen duten teknologiak baldintza tekniko eta ekonomiko bideragarrien barnean– eta kasuan kasuko igorgailu akustikoaren ezaugarriak aintzat hartuz. Betiere, foku igorle berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
– Jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
– Urak.
– Zepak dauden azalera irazgazgaitzean dabiltzan urak bideratuko dira hondakin arriskugabeen zabortegiak dauzkan lixibiatuen putzuetara eta aurretratamendu-sistemara, Bediako HUAko kolektorera pasatu aurretik.
– Hondakinak: jardueran sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria beteta.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea.
– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea (arriskutsuak izan ala ez), haien artean nahiz beste hondakin edo efluente batzuekin. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jasotzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak edukiko dira erabilgarri, nahasketak saihesteko eta kudeatzaile baimenduaren esku uzteko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.
– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitzaren gainean, eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistemekin; halaber, biltegiratze mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez da inolaz ere efluente kontrolatu gaberik sortuko.
– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.
– Gainera, hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira, gutxienez: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta errefusa.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte bilketa-sistemek, eta hondakin arriskutsuak dituzten ontziek itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, hondakinok isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
Hirugarrena.– Adieraztea ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik izango denik, betiere lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan hartuta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Deydesaren zabortegian (Igorre-Bizkaia) prozesu termikoetako zepak balorizatzeko Deydesa 2000 SL enpresak sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia planaren Deydesa 2000 SL enpresari eta Igorreko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Seigarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 5a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.