Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2018ko urriaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4837

AGINDUA, 2018ko abuztuaren 17koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Fundación Zain Fundazioa» fundazioaren azkentzea eta likidazioa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko maiatzaren 7an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu, eta, han, eskatzen zen «Fundación Zain Fundazioa» fundazioarren azkentze eta likidatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. 2018ko ekainaren 12an, Euskal Herriko Unibertsitateko Lurraldeari, Paisaiari eta Ondareari buruzko Katedrak helarazi zuen fundazioaren geldikina behar bezala eman izanaren egiaztagiria. Halaber, eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 41. eta 42. artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 46. artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. eta 36. artikuluetan, eta fundazioaren estatutuetan.

Aipatutako manuak eta oro har aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berresten da Vitoria-Gasteizko Fundación Zain Fundazioaren Patronatuak 2013ko azaroaren 18ko bileran hartutako erabakia, zeinaren bidez azkendu eta likidatzen baita Fundación Zain Fundazioa, amaitzen baita likidazio-prozedura eta zehazten baita fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoaren destinoa. Erabaki hori 2015eko maiatzaren 6an Alfredo Pérez Ávila notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez gauzatu zen (protokolo-zenbakia: 1005).

Bigarrena.– Agindua ematen da fundazioa azkendu eta likidatzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

Hirugarrena.– Amaitutzat jotzea fundazioaren likidazioa, aipatutako eskritura publikoan aurreikusitako eran, eta agintzea Fundación Zain Fundazioaren erregistro-orria ezerezteko.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 17a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala