Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2018ko irailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4722

2/2018 FORU ARAUA, ekainaren 11koa, Ondarearen gaineko Zergarena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIA naizen honek

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu egin dutela Ondarearen gaineko Zergaren ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek eta agintariek bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2018ko ekainaren 11.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Aurreko agintaldian abenduaren 18ko 10/2012 Foru Araua onartu zen, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarena. Horrek zerga berri bat ezartzea ekarri zuen berekin, aurretik indarrean zegoen ondarearen gaineko zerga ordeztu zuena.

Agintaldi berria hasita zegoela, abenduaren 23ko 6/2015 Foru Araua onartu zen, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren erreformari buruzkoa. Foru-arau horrek zergaren erreforma partziala ekarri zuen, eta haren edukian presazko aldaketak sartu ziren, zergaren sortzapena gertatu aurretik onartzea ahalbidetzeko, hau da, 2015eko abenduaren 31 baino lehen onartzeko.

Foru-arau horrek onarturiko aldaketen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: tratamendu fiskala hobetzen zen jarduera ekonomikoei atxikitako elementuetan eta baldintza jakin batzuk betetzen zituzten entitateetako partaidetzetan, ondasun higiezinen balorazioa sinplifikatzen zen, eta tarifa berrikusten zen.

6/2015 Foru Arauaren hitzaurrean jada aipatu zen beharrezko lanei ekiteko asmoa bazegoela ondarearen gaineko zerga berri bat onartzeko, oraingo garaira egokitua eta, ahal zen neurrian, beste lurralde historikoekin harmonizatua.

Premisa horietatik abiatuta, foru-arau honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoan aplikatuko den ondarearen gaineko zerga berria onartzea, betiere ondare metaketa beste lurralde historikoetan kargatzen duten zergekin parekatua. Alde horretatik, zerga berria oso hurbil dago, bai egituran eta bai edukietan, beste lurralde historikoetan indarrean dagoen zergatik.

Foru-arauak hamaika kapitulu ditu, berrogeita bat artikulu, lau xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Lehenik eta behin, esan behar da ezen, azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzekoak, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergan sartu zuen aldaketarekin –ekainaren 25eko 5/2015 Legeak oinordetzen araubidean sartutako berritasunei erantzutea zuen helburu aldaketa horrek–, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien ondare garbiak ere sartzen direla zergaren aplikazio eremu subjektiboan. Ondorioz, pertsona fisikoak ez ezik beste zergadun batzuk ere egon ahal izango dira zergapetuta.

Salbuespenei dagokienez, zerga berriak beste lurralde historikoetan aplikatzen den eskemari jarraitzen dio, eta bi salbuespen nabarmentzen dira bereziki: zergadunak jarduera ekonomikoa egiteko beharrezkoak dituen ondasun eta eskubideena, eta entitateetako partaidetzei dagokiena, jarduera egiteko beharrezkoak diren aktiboei dagokien proportzioan. Azpimarratzekoa da, halaber, aseguru kolektiboak eta mendetasun aseguruak berriro geratzen direla salbuetsita. Bere aldetik, ohiko etxebizitzak salbuetsita jarraitzen du, 300.000 euroraino gehienez. Eta berrikuntza gisa beste bi salbuespen ezartzen dira: haietako bat atzerrian kokatuta dauden ondasun eta eskubideei dagokie, eta aplikatzen da haien titular diren zergadunek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 56.bis artikuluan langile lekualdatuentzat ezartzen den araubide berezia aukeratu dutenean; zergadunaren ezkontideari edo izatezko bikote-lagunari ere aplikagarri zaio salbuespena, kasua bada; beste salbuespena entitateen kapitalean zergadunak dituen partaidetzei dagokie, eta aplikatzen da zergadunak bere zerbitzuak ematen dizkionean entitateari, zerbitzuongatik jasotzen dituen ordainsariak lan-etekintzat hartu edo jarduera ekonomikoen etekintzat hartu.

Zerga oinarriaren zehaztapenean, ezartzen da ondare elementuak eskuratzeko hartutako zorrak eta obligazioak ez direla kengarriak izango elementu horien baloraziotik gora.

Balorazio erregelei dagokienez, aipatzekoa da ondasun higiezinak orain arte bezala baloratzen direla oro har, haien balio katastralaren arabera, alegia. Kapital propioak hirugarrenei laga izana adierazten duten baloreak, eta, orobat, edozein entitateren funts propioetan parte hartzea adierazten dutenak, merkatu antolatuetan negoziatuak bi kasuetan, beste era batera baloratzen dira orain. Alegia, laugarren hiruhilekoaren batez besteko negoziazio balioa aintzat hartu beharrean, zergaren sortzapenaren unean duten negoziazio balioa hartzen da kontuan.

Zerga oinarriak 700.000 euroko murriztapena jarraitzen du izaten minimo salbuetsi gisa.

Gipuzkoarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak mantentzea ahalbidetuko duen zerga-bilketa ziurtatze aldera, aldaketak sartu dira zergaren eskalan, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergan ezarritakoaren aldean, progresiboagoa egiteko. Horrela, tarifa berriak zortzi tarte ditu, indargabetutako zergan baino hiru gehiago, eta zerga tasak progresiboagoak eta altuagoak dira.

Zergaren tributazioan, berriro ezartzen da ondarearen gaineko zergaren eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren baterako muga, Gipuzkoan lehendik aplikatutako beste ondare zergetan indarrean izan dena, eta gaur egun bai beste lurralde historikoetan, bai Nafarroan eta bai lurralde erkidean indarrean dagoena. Araban eta Bizkaian bezala, muga hori aplikatzen da ondarearen gaineko zergaren eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osoen batura azken zerga horren zerga oinarriaren 100eko 65 baino handiagoa denean, eta, beraz, printzipioz, ondarearen gaineko zergaren kuota osoa murriztuko da muga horretara iritsi arte. Orobat, ezartzen da ondarearen gaineko zergagatik beti ordaindu beharko dela gutxieneko zenbatekoa, eta zenbateko hori 100eko 25ekoa izango da.

Foru-arauak bi azken xedapen ditu amaieran. Lehenengoan, araua noiz jarriko den indarrean arautzen da, eta bigarrenean ahalmena ematen zaie Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari araua erregelamendu bidez garatzeko.

Foru-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

I. KAPITULUA
IZAERA ETA APLIKAZIO-EREMUA

1. artikulua.– Zergaren izaera eta xedea.

Ondarearen gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera pertsonalekoa, eta foru-arau honetan ezarritakoaren arabera zergapetzen du zergadunen ondare garbia.

Zerga honen ondorioetarako, zergadunaren titulartasunpean dauden ondasun eta eskubide ekonomiko guztiek eratzen dute haren ondare garbia, ondasun eta eskubideen balioa murrizten duten zama eta kargekin gutxituta eta zergadunak aurre egin beharreko zorrak eta obligazio pertsonalak kenduta.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Bat.– Foru-arau honetan xedatutakoa zergadun hauei aplikatuko zaie:

a) Obligazio pertsonalarengatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga dela-eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zergadun diren pertsona fisikoei. Haien ondare garbi osoagatik exijituko zaie zerga, zergapetu beharreko ondare elementuak zein lurraldetan dauden kontuan hartu gabe.

b) Obligazio errealagatik, lurralde espainiarrean egoiliar ez diren pertsona fisikoei, lurralde espainiarrean kokatutako ondasun eta eskubideen titular direnean, baldin eta, ondasun eta eskubide horien baliorik handiena euskal lurraldean egonik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutakoen balioa beste lurralde historikoetako bakoitzean kokatutakoena baino handiagoa bada.

Letra honen ondorioetarako, ondasunak eta eskubideak lurralde jakin batean daudela joko da, lurralde horretan kokatuta daudenean, bertan erabili daitezkeenean edo han bete behar direnean.

Lurralde espainiarrean dauden ondasun eta eskubideengatik soilik exijituko zaio zerga zergadunari, foru-arau honen 11. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoa kontuan hartuta.

c) Lurralde espainiarrean egoiliar ez diren pertsona fisikoei, azken egoitza Gipuzkoan izan dutenean, baldin eta Gipuzkoan tributatzea hautatzen badute obligazio pertsonalaren arabera. Gipuzkoako egoiliar izateari uzten zaion lehenengo ekitaldian autolikidazioa aurkeztuz egin beharko da hautua.

d) Espainiako estatuak atzerrian dituen ordezkari eta funtzionarioei zein atzerriko organismo, erakunde edo estatuek Espainian dituztenei. Horiek betebehar pertsonalagatik zein errealagatik geratuko dira zerga honi lotuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak zergadun horientzat xedatutakoari jarraituz.

Bi.– Ohiko bizilekua zein den zehazteko, urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua aplikatuko da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.

Hiru.– Orobat, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien ondare garbiari ere aplikatuko zaio foru-arau hau, betiere azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzekoak, ezartzen dituen aurreikuspenak kontuan hartuta.

3. artikulua.– Nazioarteko itunak eta hitzarmenak.

Foru-arau honetan jasotakoak ez du eragotziko Espainiako barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.

II. KAPITULUA
ZERGA-EGITATEA

4. artikulua.– Zerga-egitatea.

Zergaren sortzapenaren unean zergaduna foru-arau honen 1. artikuluan aipatzen den ondare garbiaren titular izatea, horixe da zerga egitatea tributu honetan.

Aurreko sortzapenaren unean zergadunarenak izandako ondasun eta eskubideak haren ondarekotzat joko dira, salbu eta ondare eta eskubide horiek eskualdatu direla edo ondare galera gertatu dela frogatzen bada.

5. artikulua.– Ondasun eta eskubide salbuetsiak.

Zerga honetatik salbuetsita daude honako hauek:

Bat.– Euskal Kultur Ondareko ondasunak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak aipatutako Kultur Ondasun Kalifikatuen Erregistroan edo Inbentario Orokorrean inskribatuta daudenean.

Bi.– Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak, baldin eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatzen den Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean edo lege horretan aurreikusitako Ondasun Higigarrien Inbentario Orokorrean inskribatuta badaude, eta, orobat, lege horren bigarren xedapen gehigarrian jasotakoak, baldin eta, azken kasu horretan, Kultura Ministerioak Interes Kulturaleko Ondasuntzat kalifikatu baditu eta dagokien Erregistroan inskribaturik badaude.

Guztiarekin ere, gune arkeologikoen eta toki zein multzo historikoen kasuan, salbuespenean ez dira sartuko mugatutako perimetroaren barruan dauden ondasun higiezin guztiak, baizik eta, soil-soilik, baldintza hauek betetzen dituztenak:

– Gune arkeologikoetan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluak aipatzen duen hirigintzako plangintza tresnaren arabera bereziki babestekoak direnak.

– Toki zein multzo historikoetan, berrogeita hamar urte edo gehiago dituztenak eta Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan aurreikusitako Katalogoan erabat babesteko modukoak direnak, ekainaren 25eko 16/1985 Legeak 21. artikuluan ezarritako eran.

Hiru.– Autonomia erkidegoetako ondare historikoa osatzen duten ondasunak, tokian tokiko arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta inskribatu direnean.

Lau.– Arte-gaiak eta zaharkinak, haien balioa Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.3 artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 26.4 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako ezar litezkeen zenbatekoetara iristen ez denean.

Bost.– Foru-arau honen 21. artikuluan aipatzen diren arte-gaiak eta zaharkinak, baldin eta haien jabeek, gutxienez hiru urtez, gordailu iraunkor moduan laga badizkiete museoei edo irabazteko asmorik gabeko kultur erakundeei jendaurrean erakusteko, gordailupean dauden bitartean, eta, orobat, artisten lana bera, autorearen ondarean dagoen artean.

Sei.– Etxeko ostilamendua, halakotzat hartuta efektu pertsonalak zein etxekoak, etxeko tresneria, eta zergadunak erabilera partikularrerako dituen gainerako ondasun higigarriak, foru-arau honen 20. eta 21. artikuluetan aipatzen diren ondasunak izan ezik.

Zazpi.– Tresna hauetako eskubide ekonomikoak:

a) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen kasuan, bazkide osoen edo arrunten eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.

b) Pentsio planen kasuan, partaideen eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak. Plan horien barruan sartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko ekainaren 3ko 2003/41/EE Zuzentarauak, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiraketari buruzkoak, aipatutakoak.

c) Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, aipatzen dituen aurreikuspen plan aseguratuei ordaindutako primengatik sortzen diren eduki ekonomikoko eskubideak.

d) Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, aipatzen dituen enpresen gizarte aurreikuspeneko planei zergadunak egindako ekarpenengatik sortzen diren eskubide ekonomikoak, hartzailearen kontribuzioak barne.

e) Aseguru kolektiboko kontratuei zergadunak ordaindutako primengatik sortzen diren eskubide ekonomikoak, baldin eta kontratu horiek ez badira enpresen gizarte aurreikuspeneko planak, eta haien bidez enpresek pentsio gaietan hartutako konpromisoak bideratzen badira, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta haren garapeneko araudian jasotako eran, bai eta enpresaburuek aseguru kolektiboko kontratu horiei ordaindutako primetatik datozen eskubide ekonomikoak ere.

f) Mendetasuna estaltzen duten aseguru pribatuei (urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 70. artikuluaren 1. apartatuko 7. zenbakian aipatutakoei) ordaindutako primengatik sortzen diren eskubide ekonomikoak.

Zortzi.– Jabetza intelektual edo industrialetik eratorritako eskubideak, egilearen ondarean dauden bitartean, eta jabetza industrialaren kasuan, jarduera ekonomikoei atxikita ez daudenean.

Bederatzi.– Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera etekinak salbuetsita dituzten baloreak.

Hamar.– Pertsona fisikoek beren jarduera ekonomikoa egiteko behar dituzten ondasun eta eskubideak, eta merkatu antolatuetan kotizatutako zein kotizatu gabeko entitateetako kapital edo ondare partaidetzen jabetza osoa, jabetza soila eta haien gaineko biziarteko gozamen eskubidea, foru-arau honen 6. artikuluan jasotako beharkizunak betetzen direnean.

Hamaika.– Zergadunaren ohiko etxebizitza, urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 87.8 artikuluan definitutako eran, 300.000 euroraino gehienez.

Hamabi.– Atzerrian kokatuta dauden eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 56.bis artikuluan aipatutako langile lekualdatuen araubide berezia aukeratu duten zergadunen titulartasunekoak diren ondasun eta eskubideak.

Zenbaki honetan aurreikusitako salbuespena aplikatzen duten zergadunek ezingo dute aplikatu foru-arau honen 34. artikuluan ondasun eta eskubide berdinetarako aurreikusten den kenkaria.

Apartatu honetan ezarritakoa berdin aplikatuko zaie araubide berezi hau aukeratzen duen zergadunaren ezkontideari, 2003ko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteko bikotekideari eta zergadunaren familia unitateko kideei (familia unitatea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 97. artikuluan aipatzen da), baldin eta lekualdatzearen ondorioz Gipuzkoan zerga-egoitza hartzen badute eta lurralde espainiarrerako lekualdaketa gertatzen den zergaldiaren aurreko 5 urteetan Espainiako egoiliarrak izan ez badira.

6. artikulua.– Jarduera ekonomikoei atxikitako ondasunak eta partaidetza jakin batzuk salbuesteko beharkizunak.

Bat.– Salbuetsita egongo dira zerga honetan pertsona fisikoek beren jarduera ekonomikoa egiteko behar dituzten ondasun eta eskubideak, baldin eta jarduera hori zergadunak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten badu eta bere errenta iturri nagusia bada. Halaber, salbuetsita egongo dira senar-emazteek edo izatezko bikoteko kideek komunean dituzten ondasun eta eskubideak, ezkontideetako edo bikote-lagunetako baten jarduera ekonomikoan erabiltzen direnean, baldin eta apartatu honetako beharkizunak betetzen badira.

Jarduera ekonomiko bat zergadunaren errenta iturri nagusitzat hartuko da, baldin eta zergadun horren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarriaren gutxienez 100eko 50 jarduera ekonomikoen etekin garbietatik badator. Ondorio horietarako, ez dira konputatuko ez artikulu honetako bigarren apartatuan aipatutako entitateetan zuzendaritza funtzioak betetzeagatik lortutako ordainsariak, ezta entitate horietan parte hartzeagatik lortu daitekeen beste ezein ordainsari ere.

Zergadun batek bi jarduera ekonomiko edo gehiago egiten baditu ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, haiei atxikitako ondasun eta eskubide guztiak egongo dira salbuetsita, eta aurreko paragrafoan jasotakoaren ondorioetarako, jarduera guztien etekinen batura osoa izango da errenta iturri nagusia.

Bi.– Era berean, zergan salbuetsita egongo dira merkatu antolatuetan kotizatutako zein kotizatu gabeko entitateetako kapital edo ondare partaidetzen jabetza osoa, jabetza soila eta haien gaineko biziarteko gozamen eskubidea, baldintza hauek betetzen badira:

a) Entitatearen jarduera nagusia ez izatea ondare higigarri edo higiezin bat kudeatzea. Ulertuko da entitate batek ez duela ondare higigarri edo higiezin bat kudeatzen eta, beraz, jarduera ekonomiko bat egiten duela, baldin eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 14. artikulua aplikaturik, entitate horrek ez baditu beharrezko baldintzak betetzen bere aktiboaren erdia baino gehiago baloreek osatzen dutela edo jarduera ekonomikoei atxiki gabe dagoela pentsatzeko.

Entitateak beste entitate batzuetan ere parte hartzen duenean, ulertuko da ez duela ondare higigarri bat kudeatzen, baldin eta, entitate horietako bakoitzean gutxienez boto eskubideen 100eko 5 zuzenean edukita, partaidetzak zuzendu eta kudeatzen baditu baliabide pertsonal eta materialak antolatuz. Horretarako, beharrezkoa izango da entitate partaidetuen jarduera nagusia ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa ez izatea, aurreko paragrafoan jasotakoaren arabera.

b) Entitateak sozietate izaera duenean, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 14. artikuluan jasotako kasuak ez gertatzea.

c) Zergadunak entitatearen kapitalean duen partaidetza gutxienez 100eko 5ekoa izatea, banaka konputatua, edo 100eko 20koa, harenarekin batera ezkontidearena, izatezko bikote-lagunarena, aurreko zein ondorengo ahaideena, edo bigarren graduko zeharkako ahaideena konputatua, izan ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotearen eraketa, edo adopzioa.

d) Zergadunak zuzendaritza lanak egitea benetan entitatean, eta horregatik jasotzen duen ordainsaria bere jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekin guztien 100eko 50 baino gehiago izatea.

Aurreko kalkulua egiteko, artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako jarduera ekonomikoaren etekinak ez dira konputatuko jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekinen artean. Zergadunak entitatean duen partaidetza aurreko c) letran aipaturiko pertsonetako batekin edo batzuekin batera duenean, zuzendaritza funtzioak eta hortik datozen ordainsariak gutxienez ahaidetasun taldeko pertsona batek izan behar ditu, salbuespenerako eskubidea denek izatea eragotzi gabe.

Pertsona bera zuzenean hainbat entitatetako partaidetzen titularra denean eta haietan apartatu honetan jasotako baldintzak betetzen direnean, letra honetan aipatutako portzentajearen kalkulua bereizita egingo da entitate horietako bakoitzarentzat. Bada, zehazteko entitate bakoitzean betetako zuzendaritza funtzioengatik jasotako ordainsariak zer portzentaje hartzen duen zergadunak lanagatik eta jarduera ekonomikoengatik izandako etekin guztietan, beste entitateetan egindako zuzendaritza funtzioetatik etorritako etekinak ez dira konputatuko.

Zuzendaritza funtzioak bidezko kontratu edo izendapenaren bidez frogatu beharko dira, eta kargu hauek hartuko dira halakotzat: lehendakaria, zuzendari nagusia, gerentea, administratzailea, departamentuko zuzendaria, kontseilaria eta administrazio kontseiluko edo administrazio organo baliokideko kidea, betiere kargu horietako edozeinetan aritzeak enpresaren erabakietan benetan esku hartzea badakar.

Hurrengo seigarren apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, salbuespenetik kanpo partaidetzen balio hau geratuko da (foru-arau honen 17. eta 18. artikuluetan ezarritako erregelen arabera zehaztua): jarduera ekonomikoa egiteko beharrezkoak ez diren aktiboen balioan, jardueratik ez datozen zorrekin gutxituan, partaidetzei dagokien zatia. Hala entitatearen aktiboen balioa nola haren zorrei dagokiena, bere kontabilitatetik eta foru-arau honetako 17. eta 18. artikuluetan eta 27. artikuluko hirugarren apartatuan jasotako erregelen aplikaziotik ondorioztatuko dira, betiere, baldin eta kontabilitateak entitatearen benetako ondare egoera zehatz islatzen badu. Kontabilitaterik ez dagoenean, edo kontabilitateak entitatearen benetako ondare egoera zehatz islatzen ez duenean, balio guztiak foru-arau honetan jasotakoaren arabera kalkulatuko dira.

Hiru.– Artikulu honetan aipatutako ondare elementuen titularrak adingabeak edo ezinduak badira, exijitutako beharkizunak betetzat hartuko dira haien legezko ordezkariek betetzen dituztenean.

Lau.– Artikulu honetan jasotakoaren ondorioetarako, ulertuko da aktibo bat beharrezkoa dela jarduera ekonomiko bat garatzeko, jarduerari atxikitako elementu bat denean, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, salbu eta artikulu horren 1. apartatuko c) letraren amaierako puntuan jasotako aktiboei dagokienez, horiek jarduera ekonomikoari atxikita egon daitezkeelako.

Foru-arau horrek 27. artikuluko 5. eta 6. erregeletan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 31. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotako aktiboak atxikitzat hartuko dira xedapen horien arabera kengarriak diren gastuen proportzio berdinean.

Bost.– Artikulu honetan aipatutako salbuespena aplikatzeko beharkizun eta baldintzak zerga honen sortzapena gertatzen den unean bete behar dira, salbu eta hurrengo seigarren apartatuko a) eta b) letretan batez besteko plantillari dagokionez xedatutakoan.

Sei.– Honako hauei ez zaie inoiz aplikatuko salbuespena:

a) Aurreko lehen apartatua aplikatuz salbuetsita dauden ondasun higiezinei, horiek hirugarrenei laga bazaizkie edo haien gainean eskubide errealak eratu badira, horren barruan sartuta ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematea eta ondasunok erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eratu edo lagatzea, izena eta izaera edozein dutela ere, salbu eta higiezinen errentamenduko jarduera ekonomiko bati lotuta daudenean eta hura egiten duen zergadunak urteko batez besteko plantillan gutxienez besteren konturako bost langile dituenean soldatapean, lanaldi osoan, eta jarduera horretarako dedikazio esklusiboarekin. Ondorio horietarako, langileak ez dira konputatuko zergadunarekin artikulu honen bigarren apartatuko c) letran aipatutako harremana dutenean edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42. artikuluan jasotakoari jarraituz lotutako pertsonatzat hartzen direnean.

b) Ustiapen ekonomikoei atxiki gabeko ondasun higiezinei dagokien partaidetzen balioaren zatia. Era berean, salbuespena ez zaio aplikatuko aurreko bigarren apartatuan aipatzen diren eta ondasun higiezinei dagokien partaidetzen balioaren zatiari, foru-arau honen 18. artikuluko lehen apartatuaren azken paragrafoan jasotakoaren arabera, higiezin horiek hirugarrenei lagatzen zaizkienean edo haien gainean eskubide errealak eratzen direnean, horren barruan sartuta ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematea edo ondasunok erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eratu edo lagatzea, izena edo izaera edozein dutela ere, salbu eta entitateak urteko batez besteko plantillan gutxienez besteren konturako bost langile dituenean soldatapean, lanaldi osoan, eta jarduera horretarako dedikazio esklusiboarekin. Ondorio horietarako, langileak ez dira konputatuko zergadunarekin artikulu honen bigarren apartatuko c) letran aipatutako harremana dutenean edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42. artikuluan jasotakoari jarraituz lotutako pertsonatzat hartzen direnean.

Batez besteko plantilla zehazteko orduan, langile hauek hartuko dira kontuan: aurreko paragrafoan jasotako beharkizunak bete eta, zuzenean edo zeharka, zergadunaren 100eko 25eko partaidetza edo handiagoa duten entitateetan dihardutenak, baldin eta partaidetza horiek artikulu honetan jarritako beharkizunak betetzen badituzte. Zentzu horretan, batez besteko plantilla zehazteko garaian zer entitate multzo hartu daitezkeen kontuan finkatzearren, bigarren apartatuko a) eta b) letretan ezarritako beharkizunak zergadunaren zuzeneko zein zeharkako partaidetza duten entitate guztietan bete behar dira, eta bigarren apartatuko d) letran ezarritako beharkizuna zergadunaren zuzeneko partaidetza duten entitateetan bakarrik konputatu behar da.

Letra honetan jasotako esklusioa ez da aplikatuko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VII. tituluko VIII. kapituluan jasotako araubide berezia aplikatzen duten entitateetako partaidetzetan, foru-arau horren 115. artikuluaren 1. apartatuan aipatutako kasuetan.

c) Aurreko bigarren apartatuan aipatzen diren eta bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreei, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzei eta foru-arau honen 20. artikuluan jasotako ibilgailu, urontzi eta aireontziei dagozkien partaidetzen balioaren zatia, betiere foru-arau honen 18. artikuluko lehen apartatuaren azken paragrafoan jasotakoaren arabera.

Letra honetan aurreikusitako esklusioa ez da aplikatuko partaidetzen balioaren zatia ondoko hauei dagokienean:

a') Bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreei, baldin eta horiei dagokienez zergadunak gutxienez boto eskubideen 100eko 5 badauka, eta partaidetzak baliabide pertsonal eta materialak egoki antolatuz zuzentzen eta kudeatzen baditu.

b') Ibilgailu, itsasontzi eta aireontziei, betiere, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 31. artikuluaren 3. eta 4. apartatuan jasotakoarengatik, eta, kasua bada, gehieneko eskurapen balio kengarriari erreparatuta, haien errentamendu, lagapen edo balio-galerarekin erlazionatutako gastuak kengarriak diren proportzioan.

d) Inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzak.

Zazpi.– Artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, zerga honetan salbuetsita egongo da, halaber, zergadunaren zerbitzuak jasotzen dituen entitateko kapitalaren edo ondarearen gainen dauden partaidetzen jabetza osoa (entitateok merkatu antolatuetan negoziatuak izan zein ez), zerbitzuongatik jasotzen den ordainsaria, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru-arauan ezarritakoaren arabera, hartzailearentzat lanaren etekina izan zein jarduera ekonomikoen etekina izan.

Ondorio horietarako, entitateak bete egin behar ditu artikulu honen bigarren apartatuko a) eta b) letretan ezarritako betekizunak eta, gainera, ezinbestekoa da zergadunak lanagatik edo jarduera ekonomikoengatik berak partaidetutako entitatetik lortzen dituen etekinak errenta iturri nagusia izatea, gutxienez, lanaren eta jarduera ekonomikoen etekin guztien 100eko 50eko portzentajean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Salbuespen hau aplikatuko zaie bai zergadunaren zerbitzuak jasotzen dituen entitateko kapitalaren edo ondarearen gaineko partaidetzei bai entitate hori parte den sozietate taldeko gainerako entitateetako partaidetzei; horretarako, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan definitutakoa hartuko da sozietate taldetzat.

Entitate partaidetuak ez badu kotizatzen bigarren mailako merkatu antolatu batean, artikulu honen seigarren apartatuan jasotako mugak aplikatuko dira.

Entitate bateko kapital partaidetzen gaineko jabetza osoa salbuetsita egongo da, halaber, entitate horrek betetzen dituenean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 89. artikuluaren 1.c) eta 4. apartatuetan ezarritako beharkizunak, betiere baldin eta 89. artikuluaren 1. apartatu horretako a) eta b) letretan aipatzen diren entitateei egindako zerbitzuengatik zergadunak jasotzen dituen lan etekinak bere errenta iturri nagusi badira apartatu honetako bigarren paragrafoan ezarritako eran.

Baldin eta senar-emazteen edo izatezko bikotearen araubide ekonomikoa aplikatuta, partaidetzak bi ezkontideenak edo izatezko bikoteko bi kideenak badira, apartatu honetan ezarritako salbuespenak biek aplikatu ahal izango dituzte, nahiz eta bietako batek bakarrik bete bigarren paragrafoan edo, kasua bada, aurreko paragrafoan ezartzen diren betekizunak.

III. KAPITULUA
ZERGADUNAK

7. artikulua.– Zergadunak.

Foru-arau honen 2. artikuluko lehen apartatuan aipatzen diren pertsona fisikoak eta, orobat, 2. artikulu horretako hirugarren apartatuan aipatzen diren herentziak dira zerga honen zergadunak.

8. artikulua.– Zergadun ez-egoiliarren ordezkariak.

Bat.– Lurralde espainiarrean egoiliar ez diren zergadunek, aurreko 2. artikuluaren lehen apartatuko b) letran aipatuek, establezimendu iraunkorraren bidez jarduten badute edo, lurralde espainiarrean duten ondarearen tamaina eta ezaugarriengatik, Zerga Administrazioak eskatzen badie, Gipuzkoan helbideratutako pertsona fisiko zein juridiko bat izendatu behar dute zerga hau dela-eta dituzten obligazioetan Administrazioaren aurrean ordezka ditzan. Era berean, izendapen hori jakinarazi behar dute, behar bezala egiaztatuta, zergaren autolikidazioa aurkezteko epea bukatu aurretik.

Bi.– Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako obligazioak ez betetzea zerga arloko arau-haustetzat hartuko da, eta 1.000 euroko isun finkoaz zehatuko da.

Arau-hausteak errepikatzen badira, aurreko paragrafoaren arabera ezarritako zehapena mailakatu egingo da, ateratzen den zenbatekoa 100eko 100 handituz.

Hiru.– Edonola ere, foru-arau honen 2. artikuluko lehen apartatuaren b) letran aipatzen diren zergadun ez-egoiliarren ondasun edo eskubideen gordailuzainak edo kudeatzaileak erantzule solidarioak izango dira gordailutzen edo kudeatzen dituzten ondasun eta eskubideengatik zerga honetan sortzen den zerga-zorra ordaintzeari dagokionez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 42.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua.– Ondare elementuen titulartasuna.

Bat.– Ondasun eta eskubideak titulartasun juridikoari buruz kasu bakoitzean aplikagarri diren arauen arabera egotziko zaizkie zergadunei, haiek aurkeztutako edo Administrazioak aurkitutako frogak kontuan hartuta.

Hala dagokionean, ondasun eta eskubideen titulartasun juridikoari buruzko arau hauek ere aplikatuko dira: senar-emazteen edo izatezko bikoteen araubide ekonomikoaren xedapenetan jasotakoak, eta senar-emazteen edo izatezko bikoteen ondare harremanei kasuan kasu aplikagarri zaien legeria zibilean ezarritakoak.

Senar-emazteen edo izatezko bikoteen araubide ekonomikoa arautzen duten xedapen eta itunen arabera bi ezkontideenak edo izatezko bikoteko bi kideenak diren ondasun eta eskubideen titulartasuna erdibana egotziko zaio bakoitzari, beste partaidetza kuota bat dagoela frogatzen denean izan ezik.

Ondasun eta eskubideen titulartasuna behar bezala frogatuta ez dagoenean, erregistro fiskal batean edo bestelako erregistro publikoetan titular gisa ageri dena hartu ahal izango du titulartzat zerga Administrazioak.

Zamak, kargak, zorrak eta obligazioak aurreko paragrafoetan azaldutako erregela eta irizpideen arabera egotzi zaizkie zergadunei.

Bi.– Onartu gabeko herentzien ondasunak eta eskubideak herentziara deitutakoei eta haien oinordekoei egotziko zaizkie, testamentuko xedapenetan eta legeria zibilean xedatutakoaren arabera.

Hiru.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzietan gozamen eskubiderik badago, aurreko bat apartatuan ezarritako arauak aplikatuko zaizkio gozamendunari.

Jabetza soilaren balioari dagokionez, edo gozamendunik ez dagoen kasuetan, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentziak zergapetuko dira azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzen duenak, II. tituluko I. kapituluan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Prezio geroratuarekin edo jabari-erreserba eginez eskuratutako ondasun edo eskubideak.

Bat.– Ondasun edo eskubideak eskuratu badira kontraprestazioa osorik edo bati batean geroratuta, zergaren arauen arabera ondare elementuak duen balioa eskuratzaileari egotziko zaio osorik, eta eskuratzaileak bere zorren artean sartu beharko du geroratutako kontraprestazioaren zatia.

Eskualdatzaileak, bere aldetik, bere ondareko eskubideen artean sartuko du geroratutako kontraprestazioaren zatiari dagokion kreditua.

Bi.– Ondasunak jabari-erreserbaz saltzen badira, eta ondasunaren jabetza eskuratzaileari eskualdatzen ez zaion bitartean, haren eskubidea zergaren sortzapen egunera arte emandako kopuru guztiengatik konputatuko da. Kopuru horiek eskualdatzailearen zorrak izango dira, eta hari egotziko zaio zergaren arauek ondare elementuari ematen dioten balioa.

IV. KAPITULUA
ZERGA OINARRIA

11. artikulua.– Kontzeptua.

Bat.– Zergadunaren ondare garbiaren balioa, foru-arau honetan aurreikusitako eran baloratua, da zerga honen zerga oinarria.

Bi.– Ondare garbia bi hauen arteko aldea izango da:

a) Zergadunaren titulartasuneko ondasun eta eskubideen balioa, ondorengo artikuluetan jasotako erregelen arabera zehaztua, zama eta karga errealen zenbatekoa kenduta, ondasun eta eskubideen balioa gutxitzen dutenean, eta

b) zergadunak bere gain dituen zorrak eta obligazio pertsonalak.

Hiru.– Ondare garbia zehazteko garaian, ez dira kenduko ondasun salbuetsiei dagozkien zamak eta kargak. Ez dira kengarriak izango:

a) Ondasun edo eskubide salbuetsiak eskuratzeko hartutako zorrak eta obligazioak. Salbuespena partziala denean, zorren eta obligazioen zati proportzionala izango da kengarria, hala badagokio.

b) Abalatutako kopuruak, harik eta, zordun nagusiaren aurkako eskubidea baliatu eta hark huts egiteagatik, abal-emailea zorra ordaintzera behartuta geratu arte. Betebeharra solidarioa bada, abalatutako kopuruak ezin izango dira kendu eskubidea abal-emailearen aurka baliatu arte.

c) Ondasun bat eskuratzean geroratutako prezioa bermatzen duen hipoteka, prezio geroratua edo zor bermatua kengarria izatea eragotzi gabe.

Ondasunak edo eskubideak eskuratzeko hartutako zor eta obligazioengatik aplikatzen den kenkaria ezingo da izan inolaz ere zerga honen arauen arabera haiei dagokien balorazioa baino handiagoa.

Lau.– Zerga ordaintzeko obligazio erreala dagoen kasuetan, bi hauek bakarrik izango dira kengarriak: lurralde espainiarrean kokatuta dauden, bertan erabili daitezkeen edo bertan bete behar diren ondasun eta eskubideei dagozkien zamak eta kargak, eta zerga honi lotutako ondasun eta eskubideetan inbertitutako kapitalengatik sortutako zorrak.

12. artikulua.– Ondasun higiezinak.

Bat.– Hiri edo landa ondasunak balio katastralaren arabera konputatuko dira.

Ondasun higiezinek ez badute balio katastralik zergaren sortzapen egunean, edo atzerrian kokatuta badaude, eskurapen balioaren arabera konputatuko dira. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 45. artikuluko 2. apartatuan jasotako koefizienteekin eguneratuko da eskurapen balioa.

Bi.– Ondasun higiezinak eraikitzen ari direnean, baliotzat hartuko da zergaren sortzapen egunera arte eraikuntza horretan benetan inbertitutako zenbatekoak gehi artikulu honetan ezarritakoaren arabera orubeari dagokion balioa. Jabetza horizontalaren kasuan, tituluan finkatutako portzentajearen arabera zehaztuko da zer zati proportzional duen higiezinak orubearen balioan.

Hiru.– Ondasun higiezinen gaineko eskubideak multijabetza kontratuak, denbora partzialeko jabetza kontratuak edo antzeko formulak erabiliz eskuratu badira, erregela hauen arabera baloratuko dira:

a) Ondasun higiezinaren titulartasun partziala badakarte, aurreko lehen apartatuko erregelen arabera.

b) Ondasun higiezinaren titulartasun partzialik ez badakarte, ziurtagirietan edo bestelako titulu adierazgarrietan ageri den eskurapen prezioaren arabera.

Turismo-ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuei, iraupen luzeko opor-produktuak eskuratzeko kontratuei, birsaltze eta truke kontratuei eta zerga arauei buruzko uztailaren 6ko 4/2012 Legean aurreikusitako eskubideak letra honetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira, haien izaera edozein dela ere.

13. artikulua.– Jarduera ekonomikoak.

Pertsona fisikoek jarduera ekonomikoei atxikita dituzten ondasun eta eskubideak beren kontabilitatetik ondorioztatzen den balioaren arabera konputatuko dira, aktiboaren eta pasiboaren arteko kenketa eginez, baldin eta kontabilitatea Merkataritza Kodean jasotakoarekin bat badator. Aldiz, ondasun higiezinak, ibilgailuak, urontziak eta aireontziak foru-arau honek hurrenez hurren 12. eta 20. artikuluetan jasotakoaren arabera ateratzen den balioari erreparatuta konputatuko dira beti, salbu eta kontabilitate balioa handiagoa bada xedapen horiek aplikatuta ateratzen den balioa baino.

Ondasunak jarduera ekonomikoei atxikita daudela jotzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arauak aplikatuko dira. Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 27. artikuluko 5. eta 6. erregeletan jasotako aktiboak haien gastuak erregela horien arabera kengarriak diren proportzio berdinean joko dira atxikitzat.

Kontabilitaterik ez dagoenean, edo kontabilitatea Merkataritza Kodearekin bat ez datorrenean, zerga honen gainerako arauak aplikatuz egingo da balorazioa.

14. artikulua.– Kontu korronteko gordailuak edo aurrezki kontukoak, agerikoak edo eperakoak.

Kontu korronteetan edo ageriko nahiz eperako aurrezki-kontuetan egindako gordailuak hirugarrengoen konturakoak ez direnean, bai eta diruzaintzako kudeaketa kontuak, finantza kontuak eta antzekoak ere, zergaren sortzapen egunean agertzen duten saldoaren arabera konputatuko dira, salbu eta saldo hori urteko azken hiruhilekoan dagoen batez besteko saldoa baino txikiagoa denean, orduan azken saldo hori aplikatuko baita.

Aipatutako batez besteko saldoa kalkulatzeko garaian, zergadunaren ondarean ageri diren ondasun eta eskubideak eskuratzeko, ondareko beste kontu batzuetara eramateko edo zorrak kitatu edo murrizteko ateratako funtsak ez dira konputatuko.

Mailegu edo kreditu batek sortutako zor baten zenbatekoa lehen paragrafoan aipatutako kontuetako batean ordaindu bada urteko azken hiruhilekoan, ez da konputatuko batez besteko saldoa zehazteko, ez eta zor bezala kenduko ere.

15. artikulua.– Hirugarrengoei kapital propioak laga izana adierazten duten baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak.

Hirugarrengoei kapital propioak laga izanaren balore adierazgarriak, merkatu antolatuetan negoziatuak, urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira, haien izendapena, adierazpena eta lortutako etekinen izaera edozein dela ere.

16. artikulua.– Hirugarrengoei kapital propioak laga izana adierazten duten gainerako baloreak.

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren balore adierazgarriak, aurreko artikuluan aipatutakoak ez direnean, balio nominalaren arabera baloratuko dira, eta, hala badagokio, haren barruan amortizazio edo itzulketa primak sartuko dira, lortutako etekinen izendapena, adierazpena eta izaera edozein dela ere.

17. artikulua.– Edozein motatako entitateen fondo propioetan parte hartzea adierazten duten baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak.

Bat.– Merkatu antolatuetan negoziatutako entitateetako kapital sozialaren edo funts propioen akzio eta partaidetzak, inbertsio kolektiboko erakundeei dagozkienak izan ezik, zergaren sortzapenaren unean duten negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.

Bi.– Merkatu antolatuetan kotizatzen duten entitate juridikoek jaulki bai baina oraindik kotizazio ofizialerako onartu gabe dauden akzio edo partaidetza berriak harpidetu badira, akzio edo partaidetza horien balioa harpidetzaldiaren barruan titulu zaharrek izandako azken negoziazio-balioa izango da.

Hiru.– Ordaintzeko dauden kapital zabalkuntzetan, akzio edo partaidetzen balorazioa aurreko arauei jarraikiz egingo da, erabat ordainduta baleude bezala, eta ordaintzeko dagoen zatia zergadunaren zor moduan sartuko da.

18. artikulua.– Edozein motatako entitateen funts propioetan parte hartzea adierazten duten gainerako baloreak.

Bat.– Akzioak eta partaidetzak aurreko artikuluan aipatutakoak ez bezalakoak badira, onartutako azken balantzean akzio edo partaidetza horiei dagokien ondare garbiaren balioa kontuan hartuta baloratuko dira.

Dena den, zerga honen zerga oinarria zehazteko, ondasun higiezinen, bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreen, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzen eta foru-arau honen 20. artikuluan aipatutako ibilgailu, urontzi eta aireontzien kontabilitate balio garbia aintzat hartu beharrean, kontuan hartuko da foru-arau honek hurrenez hurren 12. artikuluan, 15. artikuluan, 17. artikuluan, artikulu honen bigarren apartatuan, eta 20. artikuluan jasotakoaren arabera dagokien balioa, salbu eta kontabilitate balio garbia handiagoa denean artikulu horiek aplikatuta ateratzen den balioa baino. Era berean, kontuan hartu beharko da zer balio dagokien ondasun higiezinei, bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreei, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzei eta ibilgailu, urontzi eta aireontziei, horiek zeharka edukitzen direnean beste entitate batzuetako partaidetzen bitartez. Horrelakoei ere paragrafo honetan xedatutako aplikatuko zaie, baldin eta partaidetza portzentajea entitate horien kapitalaren 100eko 5 edo handiagoa bada. Horretarako, kontuan hartuko da bai zergadunak duen partaidetza eta bai hauetako edozeinek duena: zergadunaren ezkontideak, izatezko bikote-lagunak, aurreko zein ondorengo ahaideek, edo bigarren graduko zeharkako ahaideek (ahaidetasunaren jatorria izan daiteke odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotea edo adopzioa), edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42. artikuluaren arabera lotuta dagoen pertsona edo entitateak.

Bi.– Inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialari edo ondare funtsari dagozkion akzio eta partaidetzak zergaren sortzapen egunean duten likidazio balioaren arabera konputatuko dira; balantzean sartutako aktiboak erakunde horien berariazko legeriari jarraituz baloratuko dira, eta hirugarrengoekiko obligazioak kengarriak izango dira.

Hiru.– Bazkideek kooperatiben kapital sozialean duten partaidetzaren balioa zehazteko, kontuan hartuko da ordaindutako ekarpen sozialek –nahitaezkoek zein borondatezkoek– onartutako azken balantzean eratzen duten zenbateko osoa, eta egotzitako eta konpentsatu gabeko galera sozialak egonez gero, horiek kendu egingo dira.

Lau.– Artikulu honetan jasotakoaren ondorioetarako, entitateek balorazio egokiak jasotzen dituzten ziurtagiriak eman behar dizkiete bazkide edo partaideei.

19. artikulua.– Bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak.

Bat.– Bizitza aseguruak zergaren sortzapenaren unean duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Dena den, baldin eta, Aseguru Kontratuari buruzko urriaren 8ko 50/1980 Legearen 87. artikulua aplikatuta, beste pertsona bat izendatu bada bizitza aseguruaren onuradun ezeztaezin, orduan aseguru-hartzailearen zerga oinarrian konputatuko da asegurua, zergaren sortzapenaren unean onuradunari jasotzea legokiokeen kapitalaren balioaren arabera.

Bi.– Aldi baterako errentak edo biziartekoak dirua, ondasun higigarriak edo ondasun higiezinak emanez eratu badira, zergaren sortzapen egunean duten kapitalizazio balioaren arabera konputatuko dira, eta, horretarako, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan pentsioak eratzeko ezartzen diren erregela berberak aplikatuko dira.

20. artikulua.– Bitxiak, luxuzko larruak eta ibilgailuak, urontziak eta aireontziak.

Bitxiak, luxuzko larruak, ibilgailuak, 125 zentimetro kubikoko edo gehiagoko zilindrada duten bi edo hiru gurpileko ibilgailuak, aisiarako edo ur kirolerako urontziak, belaontziak, hegazkinak, hegazkin txikiak eta gainerako aireontziak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera konputatuko dira.

Merkatu balioa zehazteko, zergaren sortzapen egunean ibilgailu erabilientzat indarrean dauden balorazio taulak erabili ahal izango dituzte zergadunek, hain zuzen ere Foru Aldundiak ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarako eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergarako onartutakoak.

21. artikulua.– Arte-gaiak eta zaharkinak.

Bat.– Arte-gaiak eta zaharkinak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera konputatuko dira.

Bi.– Foru-arau honen 5. artikuluko lehen bost zenbakietan jasotzen den salbuespena eragotzi gabe, honako hauek hartuko dira arte-gaitzat edo zaharkintzat:

a) Arte-gaiak: pinturak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, litografiak eta antzeko beste batzuk, betiere kasu guztietan jatorrizko lanak badira.

b) Zaharkinak: ehun urte baino gehiago dituzten ondasun higigarriak, izan lanabesak edo izan apaingarriak, arte-gaiak izan ezik, baldin eta haien jatorrizko ezaugarri funtsezkoak ez badira aldatu azken ehun urteetan egindako aldaketa edo konponketak direla medio.

22. artikulua.– Eskubide errealak.

Gozamen eskubide errealak eta jabetza soila ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira, foru-arau honetako erregelen arabera ondasunari esleitutako balioa erreferentzia hartuta, hala behar izanez gero.

23. artikulua.– Administrazio-emakidak.

Jabari edo titulartasun publikoko zerbitzu edo ondasunak ustiatzeko administrazio emakidak, iraupena edozein dutela ere, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan araututako irizpideen arabera baloratuko dira.

24. artikulua.– Jabetza intelektual eta industrialetik eratorritako eskubideak.

Jabetza intelektual eta industrialetik eratorritako eskubideak, hirugarrenei eskuratuak, eskuratzailearen ondarean sartu behar dira eskurapen balioa aintzat hartuta, foru-arau honen 13. artikuluan jasotakoa eragotzi gabe.

25. artikulua.– Kontratuzko aukerak.

Kontratuzko aukerak ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan xedatutakoaren arabera baloratuko dira.

26. artikulua.– Eduki ekonomikoko gainerako ondasunak eta eskubideak.

Zergadunari egotzi ahal zaizkion gainerako ondasunak eta eskubide ekonomikoak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera baloratuko dira.

27. artikulua.– Zorren balorazioa.

Zorrak zergaren sortzapen egunean duten balio nominalaren arabera baloratuko dira, eta behar bezala egiaztatuta daudenean bakarrik izango dira kengarriak.

28. artikulua.– Zerga-oinarriaren zehaztapena.

Oro har, zerga-oinarria zuzeneko zenbatespenaren bidez zehaztuko da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 52. artikuluan aurreikusitako zirkunstantziak gertatzen direnean, zerga oinarriak zehazteko zeharkako zenbatespenaren araubidea aplikatu ahal izango da.

29. artikulua.– Perituen tasazioa.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 129. artikuluan aipatzen duen perituen tasazio kontrajarria foru-arau honen 20., 21. eta 26. artikuluetan adierazitako ondasun eta eskubideei bakarrik izango zaie aplikagarria, salbu eta foru-arau honen 20. artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitakoa baliatzen denean.

V. KAPITULUA
OINARRI LIKIDAGARRIA

30. artikulua.– Oinarri likidagarria.

Oinarri likidagarria kalkulatzeko, 700.000 euroko murrizketa aplikatu behar zaio, minimo salbuetsi gisa, zerga oinarriari.

VI. KAPITULUA
ZERGAREN SORTZAPENA

31. artikulua.– Zergaren sortzapena.

Zerga urte bakoitzeko abenduaren 31n sortuko da, eta zergadunak data horretan bere titulartasunpean duen ondareari eragingo dio.

VII. KAPITULUA
ZERGA-ZORRA

32. artikulua.– Kuota osoa.

Zergaren oinarri likidagarria eskala honetako tasen arabera kargatuko da:

(Ikus .PDF)

33. artikulua.– Kuota osoaren muga.

Bat.– Zergari obligazio pertsonala dela-eta lotuta dauden zergadunen kasuan, zerga honen kuota osoaren eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osoaren batura ezin da izan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarri orokorraren eta aurrezpenaren zerga oinarriaren 100eko 65etik gorakoa. Ondorio horietarako:

a) Ez da kontuan hartuko zerga honen kuota osoaren zer zati dagokien ondare elementuei haien izaera edo xedeagatik Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak zergapetutako etekinak sortzeko gai ez direnean.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarriari gehitu behar zaizkio urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, bosgarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan aipatzen dituen dibidenduak eta mozkin-partaidetzak.

c) Bi kuota horien baturak aurreko muga gainditzen badu, ondarearen gaineko zergaren kuota murriztuko da adierazitako mugaraino. Hala ere, murrizketa ezingo da izan 100eko 75a baino handiagoa.

Bi.– Familia unitate bateko kideek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan batera tributatzea aukeratu badute, zerga horren eta ondarearen gaineko zergaren baterako kuota osoak zer muga duen kalkulatzeko, kide horiek ondarearen gaineko zergan sortutako kuota osoak batu behar dira. Murrizketa aplikatu behar bada, zenbatekoa zergadunen artean hainbanatuko da, zerga honetan bakoitzari dagokion kuota osoaren proportzioan, aurreko apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe.

Hiru.– Artikulu honetan aurreikusitako kalkulua egin ahal izateko, zergadunaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren oinarriari gehitu behar zaio zergadunak jabetza soilean dituen ondasunen etekinen zenbatekoa, haien gozamena hauetako bati esleitu badio:

a) Bere ezkontideari, izatezko bikote-lagunari, aurreko edo ondorengo ahaideei, bigarren graduko zeharkako ahaideei (izan ahaidetasun harremana odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotearen eraketa, edo adopzioa), edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42. artikuluaren arabera lotuta dagoen pertsona edo entitateei.

b) Hirugarren bati, zergaren sortzapena gertatu aurreko bost urteetan.

Kasu batean zein bestean, eta besterik frogatu ezean, ondasun horien gozamenari dagokion urteko etekina hau dela ulertuko da: ondasunon jabetza osoa dela-eta konputatu beharreko balioaren 100eko 5. Balio hori foru arau honen 12tik 26ra bitarteko artikuluetan xedatzen denaren arabera zehaztuko da.

Halaber, zergadunaren ondarean sartuko dira zergadunak zergaren sortzapena gertatu aurreko bost urteetan kosturik gabe eskualdatutako ondasunak, salbu eta egiaztatzen denean dohaintza-hartzaileak ondasun horien balioaren pareko zenbateko batengatik tributatzen duela ondarearen gaineko zergan. Arau hau ez zaie aplikatuko ondasunei, baldin eta apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, 18. artikuluan aipatzen dituen entitateen esku jartzen badira kostu gabe.

34. artikulua.– Atzerrian ordaindutako zergak.

Bat.– Zerga ordaintzeko obligazio pertsonalaren kasuan, eta nazioarteko itun edo hitzarmenetan xedatutakoa eragotzi gabe, zerga honen kuotatik bi kopuru hauetatik txikiena kenduko da atzerrian dauden ondasunak eta bertan erabili daitezkeen edo bete behar diren eskubideak direla-eta:

a) Zergan konputatutako ondare elementuengatik atzerrian aplikatutako karga pertsonala dela-eta benetan ordaindutako zenbatekoa.

b) Atzerrian zergapetutako oinarri likidagarriaren zatiari zergaren batez besteko tasa efektiboa aplikatzearen emaitza.

Bi.– Batez besteko karga tasa efektiboa kalkulatzeko, eskala aplikatuz lortzen den kuota osoa oinarri likidagarriarekin zatitu behar da, eta zatidura 100ekin biderkatu. Batez besteko karga tasa efektiboa bi zifra hamartarrekin adierazi behar da.

35. artikulua.– Ondare erantzukizuna.

Zerga honen ondorioz sortzen diren zerga zorrak eta, halakorik bada, zerga zehapenak, Kode Zibilaren 1365. artikuluan aipatutakoen parekotzat hartuko dira, eta, beraz, ezkontideren batek zorrak edo zehapenak baditu, irabazpidezko ondasunek zuzenean erantzungo dute Foru Aldundiaren aurrean zor eta zehapen horiengatik.

Aurreko paragrafoan jasotakoa izatezko bikoteei aplikatuko zaie, bikoteko kideek ezarritako ondare araubide ekonomikoari Kode Zibilaren artikulu hori aplikagarri bazaio.

VIII. KAPITULUA
ZERGAREN KUDEAKETA

36. artikulua.– Autolikidazioa.

Bat.– Zergadunak behartuta daude autolikidazioa aurkeztera eta, behar den kasuetan, zerga zorra ordaintzera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehazten dituen leku, modu eta epeetan.

Bi.– Autolikidazioa egitean, zergadunek adierazi behar dituzte beren titulartasuneko ondasun eta eskubide guztiak, hartuta dauzkaten zorrak eta obligazioak, eta foru arau honetako IV. kapituluan jasotako erregelen arabera horiek duten balorazioa, kendu gabe ere ondare elementu horiek salbuetsita egon daitezkeela edo zorrak eta obligazioak ez-konputatzekoak izan daitezkeela. Era berean, autolikidazioarekin batera, ezartzen diren agiri eta frogagiriak aurkeztu behar dituzte.

Zehazki, jarduera ekonomikoei dagozkien ondasun, eskubide, zor eta obligazioak, eta haien balioak, jaso behar dituzte autolikidazioan, bai eta foru arau honetako 6. artikuluan xedatutakoaren arabera kasu batean zein bestean salbuetsita geratzen diren partaidetzak eta horien balioaren zatia ere.

Hiru.– Zerga zorra ordaintzeko, ondasun edo eskubideak eman ahal izango dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 59. artikuluaren 2. apartatuan jasotakoari jarraituz.

37. artikulua.– Autolikidazioa aurkeztera behartuta dauden pertsonak.

Zergadunak behartuta daude zerga honen autolikidazioa aurkeztera autolikidazioaren emaitza ordaintzekoa denean edo, zirkunstantzia hori bete gabe ere, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergaren arauen arabera zehaztua, 3.000.000 euro baino handiagoa denean.

38. artikulua.– Zergadunen betebehar formalak.

Preskripzio epeak dirauen bitartean, zergadunen betebeharra da ondasun eta eskubideen eta zor eta obligazioen titulartasun eta balorazioari buruzko frogagiri eta egiaztagiriak gordetzea, baita autolikidazioetan jaso behar diren kenkarienak ere.

IX. KAPITULUA
BEHIN-BEHINEKO LIKIDAZIOAK

39. artikulua.– Behin-behineko likidazioak.

Administrazioak bere esku du behin-behineko likidazioak egitea martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, ezarritakoari jarraituz.

X. KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

40. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, IV. tituluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira, foru arau honetan jasotako berezitasunak eragotzi gabe.

XI. KAPITULUA
JURISDIKZIO ORDENA

41. artikulua.– Jurisdikzio ordena.

Foru arau honetan aipatzen diren gaien inguruan Administrazioaren eta zergadunen artean gertatzen diren egitezko edo zuzenbidezko auziak ebazteko jurisdikzio eskudun bakarra administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da, betiere bide ekonomiko-administratiboa agortu ondoren.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudiari buruzko aipamenak.

Ordenamendu juridikoan pertsona fisikoen ondarearen gaineko aparteko zergari, ondare garbiaren gaineko zergari, Ondarearen gaineko zergaren abenduaren 27ko 14/1991 Foru Arauari, Ondarearen gaineko zerga berrezartzen duen abenduaren 26ko 6/2011 Foru Arauari, eta Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauari egindako aipamenak foru arau honetan arautzen den ondarearen gaineko zergaren xedapenei egindakotzat hartu behar dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, izatezko bikoteei egiten zaizkien aipamenak Izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutakoei egindakotzat joko dira.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 1985eko maiatzaren 9a baino lehenagoko kontratuen indarrez errentan emandako ondasun higiezinen balorazioa.

1985eko maiatzaren 9a baino lehenagoko kontratuen indarrez errentan emandako ondasun higiezinen balioa sortutako errenta 100eko 4an kapitalizatuz zehaztuko da, betiere baldin eta hala kalkulatutako balioa txikiagoa bada foru arau honetan ondasun higiezinak baloratzeko jasotako arauak aplikatuz aterako litzatekeena baino.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontabilitate balioen ordezpena higiezinak eraiki edo sustatzeko jardueretan.

Foru arau honen 13. eta 18.bat artikuluetan xedatutakoa gorabehera, ondasun higiezinak zergadunak edo entitateak egiten dituen jarduera ekonomikoen aktibo korronteko parte badira, higiezin horien kontabilitate balio garbiak ez dira ordeztuko baldin eta jarduera edo entitate horien xede bakarra higiezinen eraikuntza edo sustapena bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, abenduaren 18ko 10/2012 Foru Araua, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– 41. artikuluaren 2. apartatuko c) eta d) letrak honela geratzen dira idatzita:

«c) Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean aipatzen dituen enpresen edo entitateetako akzio edo partaidetzen kostu gabeko eskualdaketetan, ezkontidearen, izatezko bikote-lagunaren, aurreko ahaideen edo adoptatzaileen, edo ondorengo ahaideen edo adoptatuen alde egiten direnean, betiere beharkizun hauek betetzen badira:

Lehenengoa.– Eskualdatzaileak hirurogei urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon behar du, izan absolutua izan baliaezintasun handikoa.

Bigarrena.– Eskualdatzaileak zuzendaritza lanak egin izan baditu, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ezin ditu jaso lan horiei dagozkien ordainsariak.

Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide hutsa izatea ez da zuzendaritza funtzioen barruan sartuko.

Hirugarrena.– Eskuratzaileak dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo bost urteetan mantendu behar du jaso duen enpresa edo akzio zein partaidetzak, non eta epe horren barruan ez den hiltzen edo enpresa edo entitatea ez den likidatzen konkurtso-prozedura baten ondorioz. Halaber, eskuratzaileak ezin izango du egin inolako xedapen egintzarik edo sozietate-eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapen balioa nabarmen murriztu dezakeenean.

Adierazitako mantentze epea betetzen ez bada, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu beharko du epea bete ez den ekitaldiko autolikidazioan. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira.

Eskuratu ondoren zergadunak ondare elementuak atxiki badizkio jarduera ekonomiko bati, ezinbestekoa izango da elementu horiek etenik gabe egotea jarduerari atxikita eskualdaketa egin aurreko bost urteetan gutxienez.

c) letra honetan jasotakoa jasota ere, akzio eta partaidetzen eskualdaketan, ondare irabazia edo galera egongo da bi balio hauen arteko proportzioari dagokion zatian: batetik, jarduera ekonomikoari atxiki gabeko aktiboen balioa –ken jardueratik ez datozen zorren zenbatekoa– eta, bestetik, entitatearen ondare garbiaren balioa. Erregela horiek berak aplikatuko dira, hala badagokio, partaidetutako entitateen akzio eta partaidetzen balorazioan, entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko.

Zergadunak c) letra honetan aipatzen diren eskualdaketetako bat egiten duenean, eragiketari buruzko datuak jaso behar ditu autolikidazioan.

d) Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean aipatzen dituen enpresen edo entitateetako akzio zein partaidetzen eskualdaketetan, eskualdaketa horiek enpresan, entitatean edo taldeko entitateetan jarduten duen langile baten edo gehiagoren alde egiten direnean, baldin eta, aurreko c) letran aurreikusitako baldintzez gain, honako hauek ere betetzen badira:

Lehenengoa.– Langile eskuratzaileek eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan izan behar dute lan egindakoak enpresan edo entitatean edo taldeko entitateetan. Ondorio horietarako, senideen zaintza dela-eta langileak borondatezko eszedentzian egon badira entitate horietako batean, egoera horretan emandako denbora-tarteak lan egindako epealditzat hartuko dira.

Bigarrena.– Aurreko letrako hirugarren baldintzaren lehen paragrafoan aipatutako bost urteko epea enpresa edo entitateko akzio edo partaidetzak eskualdatu diren egunetik aurrera konputatuko da. Eskualdaketa hori eskritura publikoan edo agiri pribatuan jaso beharko da, zerga administrazioari aurkezteko.

Langile eskuratzaileak ekarpenean ematen badizkio eskuratutako akzio edo partaidetzak langileek bakarrik partaidetutako entitate bati –entitate horiek aurrerago arautzen dira–, baldintza hau betetzen dela ulertuko da langile horrek aurreko paragrafoan aipatutako epea osatu arteko denboran mantentzen duenean partaidetza entitate horretan.

Hirugarrena.– Aurreko bigarren baldintzan jasotako epean zehar, eskuratzaileek lanean jarraitu behar dute, langile gisa, entitatean edo taldeko entitateetan, edo, kasua bada, foru arau honen 24.1 artikuluan aipatzen den lan pertsonala jarraitu behar dute egiten entitatearentzat. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.

Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak ez dira bete gabetzat hartuko, bi kasu hauetan: eskualdaketa egin ondoren eta aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu baino lehen eskuratzaileak hiltzen direnean edo haien alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handia aitortzeagatik entitatean lan egiteari uzten diotenean, eta, orobat, enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.

Laugarrena.– Aurreko bigarren baldintzan aurreikusitako epean zehar, eskuratzaile bakoitzak entitatean zuzenean edo zeharka izan dezakeen partaidetza, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena hirugarren graduraino, ezin da izan 100eko 20tik gorakoa. Entitatea talde bateko kide bada, aurreko baldintza taldea osatzen duen entitate bakoitzari dagokionez bete beharko da.

Entitate bateko akzio edo partaidetzen eskualdaketa bertako langileen edo taldeko entitateetako langileen alde egiten dela joko da, eskuratzailea entitate bat denean eta, gainera, entitate horrek baldintza hauek betetzen dituenean:

a’) Entitateko partaide bakarrak izatea akzio edo partaidetzak eskualdatzen diren entitateko langileak edo taldeko entitateetakoak, eta langile horiek d) letra honetan adierazitako lehen beharkizuna betetzea.

Entitateko akziodunen osaerari begira, entitatean langileek bakarrik parte hartzeko beharkizuna, aurreko paragrafoan aipatua, ez da bete gabetzat joko entitatean parte hartzen duten langileek entitate enplegatzailean lan egiteari uzten diotenean ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handikoa aitortu zaielako.

Era berean, entitateko akziodunen osaerari buruzko beharkizuna ez da bete gabetzat joko partaidetza langileek bakarrik partaidetutako entitateko akzio edo partaidetzak eskuratu ondoren hildako langileen oinordekoei dagokienean. Aurreko hori bi urtez aplikatuko da gehienez, langilea hiltzen denetik aurrera.

b’) Aktiboaren gutxienez 100eko 90 entitate horretako edo taldeko entitateetako akzio eta partaidetzek eratzea. Portzentaje hori zehaztearen ondorioetarako, diruzaintza ez da konputatuko aktiboan.

Entitatea eskualdaketa egin aurreko bi hilabeteetan eratu bada, edo epe horren barruan kapitala zabaldu badu diruzko ekarpenen bidez, b’) letrako beharkizuna eragiketa formalizatzen denetik aurrera exijituko da.

Langileek bakarrik partaidetutako entitateak, aurreko paragrafoetan aipatutakoak, bigarren beharkizunean adierazitako epean bete beharko ditu a’) eta b´) letretan ezarritako baldintzak.

Akzioak eta partaidetzak mantentzeko epea, bigarren beharkizunean aipatua, exijituko zaie bai langileek bakarrik partaidetutako entitateari, entitateak berak eskuratutako akzio eta partaidetzei dagokienez, eta bai langileei, entitatean dituzten akzio eta partaidetzei dagokienez. Langileek bakarrik partaidetutako entitatea desegiten bada epe hori bete aurretik, epea osatu beharko da bazkide langileek akzioak eta partaidetzak mantenduta.

Eskurapenak langileek bakarrik partaidetutako entitateek egiten dituztenean, entitatean parte hartzen duten langile horiei dagokie d) letra honetako hirugarren eta laugarren baldintzak betetzea.

Eskualdaketa egin ondorengo edozein unetan, d) letra honetako baldintzak betetzen ez badira, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu behar du baldintzak bete ez diren ekitaldiko autolikidazioan. Alde batera utziko da eskualdaketa bertako langileei egin zaien edo langileek bakarrik partaidetutako entitateei egin zaien. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira.

Aurreko c) letrako azken-aurreko paragrafoan esandakoa d) letra honetan jasotako akzio eta partaidetzen eskualdaketan ere aplikatuko da.

Enpresen edo akzio zein partaidetzen eskualdaketa kostu bidezkoa izan bada, geroko eskualdaketa batean zer ondare irabazia edo galera izan den kalkulatzeko langileak kontuan hartu behar duen eskurapen balioa benetan ordaindutako zenbatekoa izango da. Aurrekoa ez zaio aplikatuko aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren indarrez eskualdatzailearentzat ondare irabazi edo galeratzat hartu den eskurapenaren zatiari; zati horren proportzionala den eskurapen balioa zergaren arau orokorrei jarraituz zehaztuko da.

Letra honetan taldeei egindako erreferentziak sozietate taldeei egindakotzat jo behar dira, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zentzuan.

Zergadunak d) letra honetan aipatzen diren eskualdaketetako bat egiten duenean, eragiketari buruzko datuak jaso behar ditu autolikidazioan.

d) letra honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko akzio eta partaidetzen eskualdaketa akzio edo partaidetza horien gaineko aukerak baliatuta egiten denean.»

Bi.– 50. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Ondare irabaziak justifikatu gabekotzat hartuko dira ondasun eta eskubideen edukitza, aitorpena edo eskurapena zergadunak aitortutako errenta edo ondarearekin bat ez datorrenean, eta, orobat, existitzen ez diren zorrak zerga honen edo ondarearen gaineko zergaren edozein aitorpenetan sartu nahiz liburu zein erregistro ofizialetan adierazten direnean.»

Hiru.– 58. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Zerga Administrazioak dituen datuetatik ondorioztatzen bada zergadunaren titulartasuneko ondasun higiezinak errentan edo azpierrentan emanak daudela, edo ondasun horien gaineko erabilera edo gozamen eskubide edo ahalmenak laga direla, eta autolikidazioan ez badira etekinak konputatzen, kapital higiezinaren etekin garbitzat hartuko da higiezin horrek Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan ezarritakoaren arabera duen balioaren 100eko 5, non eta ondasun higiezinaren edo eskubide errealaren eskuratzailea, lagapen-hartzailea, errentaria edo azpierrentaria ez den zergadunaren ezkontidea, izatezko bikote-laguna, edo hirugarren gradurainoko ahaideren bat, ezkontza bidezkoak barne.»

Lau.– 60. artikuluaren 2. apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Ordaintzailearen etxebizitza erabiltzen den kasuetan, haien balio katastralaren 100eko 4 aplikatuz lortzen den balioa hartuko da.

Zergaren sortzapen egunean ondasun higiezinek ez badute balio katastralik, haren ordez hartuko da ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko balioaren 100eko 50.

Ordaintzailearen etxebizitza erabiltzen den kasuetan, hari dakarkion kostua hartuko da, zergak eta gastuak barne. Halere, balorazioa ezin izango da txikiagoa izan letra honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatuz gero egokituko zena baino.

Halaber, ordaintzaileak etxea erabiltzetik datozen gastuak ordaintzen dituenean (ura, gasa, argindarra eta etxeari loturiko beste edozein gastu), gastuok hari dakarkioten kostua.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– 40.10 artikuluko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Apartatu honetan xedatutakoa aplikatzeko, foru arau honetako 14. artikuluan aipatutako ondare sozietateetan, zenbatu beharreko eskualdatzearen balioak, gutxienez, itxitako azken balantzeko balio teorikoa izan beharko du, behin aktiboen kontabilitate-balioa ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako izango luketenaz ordezkatuta, edota merkatuko balio normalaz ordezkatuta, azken hori txikiagoa izanez gero.»

Bi.– Bosgarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuko azken-aurreko paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Konputatu beharreko eskualdaketa-balioa itxitako azken balantzeko balio teorikoa izango da gutxienez, aktiboen kontabilitate-balioaren ordez ondarearen gaineko zergaren ondoreetarako izango luketena jarrita, edo haien merkatu-balioa, gutxiago izanez gero.»

AZKEN XEDEPENETAKO HIRUGARRENA.– Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Araua aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauan:

Bat.– 11. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Baldin eta interesatuek ondasun eta eskubideak jaraunspen ondasuntzari gehitzea errefusatzen badute artikulu honetan ezarritako presuntzioen arabera, haien balioa oinarri ezargarritik kanpo utziko da, harik eta sortutako auzia administrazio bidean behin betiko ebatzi arte.

Orobat, behar den kasuetan, aplikagarriak izango dira, baita ere, zergen foru arau orokorrean eta ondarearen gaineko zergaren foru arauan titulartasunari edo kotitulartasunari buruz jasotzen diren presuntzioak.»

Bi.– 17. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Egiaztapenetik ateratako balioa aitortutakoa baino handiagoa denean, likidatu beharreko kuotari ez zaio zehapenik jarriko, baldin eta aitorpena egitean subjektu pasiboak ondarearen gaineko zergan ezarritako balorazio erregelak bete baditu.»

Hiru.– 19. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«3.– Hildakoaren ezkontideak, maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikote-lagunak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek, edo hirugarren gradurainoko zeharkako ahaideek mortis causa eskuratzen badituzte banakako enpresa bat, negozio profesional bat, entitateetako partaidetzak edo haien gaineko gozamen eskubideak, eta eskurapen horiei aplikagarri bazaie Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean araututako salbuespena, eskurapenak 100eko 95eko murriztapena izango du zerga oinarrian, betiere eskuratutakoari 5 urtez eusten bazaio, kausatzailea hiltzen denetik aurrera, salbu eta eskuratzailea epe horretan hiltzen denean edo enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.

Eskurapenak eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunen ondorioz egiten badira kausatzailea oraindik bizirik dela, aurreko paragrafoan aipatu den 5 urteko epea eskualdaketa gertatzen den unetik aurrera zenbatuko da.

Testamentu-ahalordeaz baliatuta egiten diren eskurapenetan, aurreko lehen paragrafoan aipatu den 5 urteko epea ahalordea baliatzen den unetik aurrera zenbatuko da.

Aurreko paragrafoetan aipatutako entitateetako partaidetzak eta horien gaineko gozamen eskubideak eskuratzen direnean, murriztapena kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer proportzio duten elkarren artean jarduera ekonomikoari lotutako aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxituta– eta entitatearen ondare garbiaren balioak; hala behar denean, erregela horiek berak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetako lehen hiru paragrafoetan aipatutako eskurapenari eusteko baldintza ez bada betetzen, ordaindu beharko dira murriztapenagatik zergan ordaindu ez den zatia gehi berandutze-interesak.

Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko lehenengo apartatutik seigarrenera bitartean ezarritako beharkizunak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den unean bete behar dira. Zehazki, 6. artikuluaren bigarren apartatuko d) letran aipatzen den baldintza kausatzailearen edo, hala badagokio, bigarren apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsonaren edo pertsonen errenta zergaren autolikidazioan bete beharko da, eta autolikidazio horrek kausatzailea hil den zergaldikoa izan beharko du beti.

4.– Ezkontideak edo izatezko bikote-lagunak (maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratuak), aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, edo ondorengo ahaideek edo adoptatuek inter vivos eskuratzen badute banakako enpresa bat, negozio profesional bat edo entitate-partaidetza bat, eta eskurapenari aplikagarri bazaio Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean araututako salbuespena, orduan eskurapen horrek 100eko 95eko murriztapena izango du zergaren zerga oinarrian, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Dohaintza-emaileak hirurogei urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon, dela absolutua dela baliaezintasun handikoa.

b) Dohaintza-emailea zuzendaritza lanak egiten ari bada, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ez du ordainsaririk jasoko lan horietan jarduteagatik.

Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide izate hutsa ez da hartuko zuzendaritza lantzat.

c) Dohaintza-hartzaileari dagokionez, dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo 5 urteetan bere esku mantendu behar du eskuratutakoa, eta Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean araututako salbuespenerako eskubidea izango du, non eta epe horretan ez den hiltzen edo enpresa edo entitatea ez den likidatzen konkurtso-prozedura baten ondorioz. Halaber, dohaintza-hartzaileak ezin izango du egin erabilpen egintzarik edo sozietate eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapenaren balioa nabarmen murriztu dezaketenean.

Entitateetako partaidetzen eskurapenetan, murriztapena kalkulatuko da kontuan hartuta zer proportzio gordetzen duten elkarren artean jarduera ekonomikoari atxikitako aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxitua– eta entitatearen ondare garbiaren balioak; hala behar denean, erregela horiek berak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez badira, ordaindu beharko dira murriztapenagatik zergan ordaindu ez den zatia gehi bidezkoak diren berandutze-interesak.

Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, dohaintza-emaileak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den unean bete behar ditu Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean aurreikusten dituen beharkizunak. Dena den, 6 artikuluaren bigarren apartatuko d) letrako baldintza bete beharko da dohaintza-emailearen edo, hala badagokio, bigarren apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsonaren edo pertsonen errenta zergaren autolikidazioan, eta autolikidazio horrek eskualdaketa egin aurreko lehen zergaldikoa izan beharko du beti.»

Lau.– 26. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Oinordekoek nahiz legatudunek herentzia tituluari dagokionez egindako esleipenetan, aitortutako balioaren arabera desberdintasunak daudenean esleipen soberakinak likidatuko dira, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritako arauei jarraituta; oinordeko nahiz legatudun bati esleitutakoaren balio frogatua bere tituluaren arabera egokituko zaion balioaren % 50 baino gehiago denean ere esleipen soberakinak likidatuko dira, Salou aitortutako balioak Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren arauak aplikatzetik aterako liratekeenen berdinak edo handiagoak diren kasuan.

Ez dute esleipen soberakinik ekarriko ezkontide alargunaren, maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak jasotako izatezko bikoteko lagunaren edo, bestela, kuota partearen, ohiko etxebizitzaren edo baserriaren eta haien jabetzen eta lur erantsien oinordeko edo legatudun baten edo batzuen alde egiten diren esleipenek, haiek herentzia osoaren aldean duten balioa handiagoa denean esleipendunaren herentzia-kuota baino.»

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aldatzea.

Aldaketak sartzen dira Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 33. artikuluko 2. apartatuan, eta honela geratzen da idatzita:

«2.– Karga bereziaren zerga oinarria ondasun higiezinen balio katastrala izango da. Balio katastralik ez dagoenean, berriz, ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako aplikagarriak diren xedapenen arabera kalkulatutako balioa erabiliko da.»

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua aldatzea.

Aldaketak sartzen dira Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauaren 20. artikuluaren 1. apartatuko b) letran, eta honela berridazten da:

«b) Ondasun edo eskubideen emari eta dohaintzetan, eskualdaketaren unean zuten kontabilitate balioa, eta, haren ezean, ondarearen gaineko zergaren arauen arabera zehaztutako balioa.»

AZKEN XEDEPENETAKO SEIGARRENA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzen duen azaroaren 14ko 4/2016 Foru Araua aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzen duen azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauan:

Bat.– II. tituluko I. kapituluaren izenburua honela berridazten da:

«I. KAPITULUA. PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA ETA ONDAREAREN GAINEKO ZERGA.»

Bi.– 11. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Kapitulu honetan arautzen da zer tributazio araubide berezi aplikatzen den pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan, testamentu-ahalordea erabili gabe duten herentzien kasuan.»

Hiru.– 13. artikulua honela geratzen da idatzita:

«13. artikulua.– Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga.

1.– Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 9.3 artikuluan aipatzen dituen herentzietatik –testamentu-ahalordea erabili gabe dutenetatik– datorren ondare garbiari foru arau horretan jasotako xedapenak aplikatuko zaizkio.

2.– Testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziak zerga ordaintzeko obligazioa du, eta haren betebeharra da, baita ere, foru arau honetan eta Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauan ezartzen diren obligazioak betetzea.»

Lau.– 14. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Orobat, testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentziaren administratzaileak erantzukizun subsidiarioa izango du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, ondarearen gaineko zergan, eta hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan sortzen diren zorrak ordaintzeari dagokionez.»"

AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Foru Aldundiak eta, foru arau honek ezartzen duen kasuetan, Ogasuneko eta Finantzetako Departamentuko foru diputatuak, behar diren xedapen guztiak emango dituzte foru arau hau garatu eta aplikatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO ZORTZIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala