185. zk., 2018ko irailaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (247 KB - 7 orri.)
- EPUB (206 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4665
EBAZPENA, 2018ko irailaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «A-7 Michelín 2» HIE (Lasarte-Oria, Gipuzkoa) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2018ko martxoaren 9an, Lasarte-Oriako Udalak «A-7 Michelín 2» HIE eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2018ko maiatzaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egokitzat jotako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horietan oinarrituta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezaten. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendaritzari, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari (Uraren Euskal Agentziaren bidez egin zen kontsulta), IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari eta «Eguzkizaleak» elkarteari ere.
Era berean, Donostiako Udalari ere eman zitzaion prozeduraren hasieraren berri.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun guztiek egokitzat jotako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, IHOBEk eta URAk (espedientean daude horien emaitzak).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Horrenbestez, lege horrek ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. «A-7 Michelín 2» HIE eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.
Aztertuta geratu dira Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «A-7 Michelín 2» HIE eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, HAPB) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Lasarte-Oriako Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
HAPBa da Lasarte-Oriako «A-7 – Michelín 2» HIE eremua berrantolatu eta urbanizatzeko lehen urratsa. Helburua da jarduera industrial eta tertziario desberdinak ezartzeko aukera ematen duen eremua zehaztea, jarduerok lagundu dezaten orain udalerrian hutsik dagoen alde hori balioan jartzen, bai eta Lasarte-Oriako hiri-konplexutasuna eta erabileren dibertsitatea areagotzen.
HAPBren helburuak:
– Helburu nagusia da «A-7 Michelín 2» HIE eremuaren antolamendu xehatua aldatzea, eraikigarritasunaren eta indarrean dagoen plangintzan ezarritako erabilera bateragarrien barruan, izaera industrial eta tertziarioko erabilerak ezartzea ahalbidetzeko.
– Proiektuak, halaber, ia 6 urtez hutsik egon diren lurzoruak balioan jartzea du helburu, jarduera ekonomiko berriak ezartzeko eta, hala, jarduera eta lana sortzeko eta erabileren dibertsitatea eta hiri-konplexutasuna areagotzeko, lurzorua baliabide urria den eta lehen jasangarritasun-faktorea bere erabilera efizientea den inguruan.
– Proposatu den antolamendu berrian, bide-egitura aldatuko da, bere funtzionaltasuna eta kiroldegiko eta futbol-zelaiko lurzatiekin duen lotura hobetzeko, bai eta oinezkoen zirkuitu berriak sortu eta finkatutako hiri-bilbearekin integratzea indartzeko ere.
Hauek dira jarduketa nagusiak:
– Biribilgune bat eraikitzea, eremuko eta hiriguneko sarbideak antolatzeko.
– Ibilgailuen zirkulazioa legeztatu eta bideratzea.
– Gasolindegi bat jartzea b.07.04 lurzatian, HAPBren xede-eremuari dagokiona.
– Industria-erabilerarako eraikuntza berriak. Aurreikusita dauden eraikuntzetarako aparkalekuak egitea.
Eremuaren ezaugarri nagusiak.
HAPB honen eremuaren azalera 22.917 m2-koa da, eta Lasarte-Oriako udal-mugartearen ipar-mendebaldean kokatuta dago, Usurbilgo udal-mugartearen mugan. Hauek dira eremuaren mugak: iparraldean, Geltoki kalea dago (Michelin enpresaren industria-plantaren eremua banatzen du, zeina horri lotuta egon den hamarkadetan zehar); hegoaldean, Oria ibaia; mendebaldean, Usurbilgo udal-mugartearen muga, eta ekialdean, udalaren kirol-instalazioak (futbol-zelaia eta kiroldegia), Michelin enpresaren plantarenak ziren lursailetan egin zirenak.
Planaren eremu osoa sartzen da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (20073-00037 kodea). Lurzatiak lurzoruaren kalitatearen arloko adierazpena dauka.
Eraginak: espero diren eragin nagusiak lurzoru eraldatuen lur-mugimenduekin loturikoak dira, bai eta, urbanizazio-kota jaistearen ondorioz, eremuaren uholde-arriskuaren inguruko efektu posibleekin loturikoak ere.
Halaber, beste eragin batzuk izango ditu; esaterako, giza habitataren kalitatea murriztuko da, behin-behinean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondorioz zarata eta hautsa areagotuko direlako. Horrez gain, Oria ibaira isurketak egiteko arriskua dago, obrak hortik gertu baitaude.
B.– Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. HAPBk ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. HAPB bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da antzeman bateraezintasunik hierarkikoki goragoko planeamenduarekin. Lasarte-Oriako udal-plangintzako egungo arau subsidiarioen arabera, leku hori erabilera industrialerako hiri-lurzorua da. Era berean, Donostiako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak (LPP) arabera ere, erabilera industrialerako lurzorua da. Gainera, HAPBk beste plan batzuekin dituen bateragarritasunak aztertu dira IAEn, hala nola EAEko Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialarekin (LPS); eta HAPB garatu ahal izateko, LPS horretan jasotako erabakiak hartu dira kontuan.
c) Planaren egokitasuna, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: HAPBren proposamenen artean aurkitzen da zenbait urtez hutsik egon diren lurzoru batzuk balioan jartzekoa, lurzoru berririk kontsumitu gabe eta jasangarritasun-faktorea eta baliabideen erabilera efizientea sartuta. Asmoa da eremua finkatutako hiri-bilbearekin integratzea indartzea, horri lotuta ekipamendu komertzialetarako eta tertziarioetarako erabilerak eta horiei loturiko aisia. Horrela, eskaintza erabiltzaileari hurbiltzea lortu nahi da, ibilgailu pribatua erabili behar ez izanda eta industria-ehun zaharkitua birmoldatzearen ondorioz sortutako hiri-hutsuneak baliatuta.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu den bezala, espero diren eragin nagusiak lurzoru eraldatuen lur-mugimenduekin loturikoak dira, bai eta, urbanizazio-kota jaistearen ondorioz, eremuaren uholde-arriskuaren inguruko efektu posibleekin loturikoak ere.
Halaber, beste eragin batzuk izango ditu; esaterako, giza habitataren kalitatea murriztuko da, behin-behinean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondorioz zarata eta hautsa areagotuko direlako. Horrez gain, Oria ibaira isurketak egiteko arriskua dago, obrak hortik gertu baitaude.
Dena den, ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketa eta jarduerak.
e) HAPB egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, HAPBren zehaztapenak kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio adierazgarririk izango denik HAPB gauzatzearen ondorioz, eta, bereziki, uholde-arriskuaren aurreko babesari dagokionez. Gainera, kontuan izan behar da HAPBren eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen dela; lurraren kalitatearen adierazpenaren izapidea egin zenez (Ebazpena, 2012ko apirilaren 19koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Michelin España Portugal SA enpresak Lasarte-Oriako [Gipuzkoa] udal-mugartean duen lantegiko lurzoruaren kalitatea 1. eremuari dagokiona dela adierazten duena, otsailaren 4ko 1/2005 Legearen arabera [lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa]), kontuan hartu beharko da prozedura horretan ezarritakoa.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak: neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoarekin bat etorriz.
Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
● Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
● Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira:
○ Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragin diezaion.
○ Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.
○ Gomendatzen da landareztatzeko plan bat egitea, barne hartzen duena haltzadi kantauriarreko espezieak erabiltzea eremua lehengoratzeko.
○ Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, HAPBren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.
● Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da:
○ Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretuak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen du).
○ Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
○ Olio erabiliak kudeatuko dira industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
○ Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
○ Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: espedientean dagoen dokumentazioarekin bat etorriz, kanpo-materialak eman eta materialak ateratzea behar ez duen lur-mugimendu orekatua aurreikusi da. Dena den, hori ez bada aurreikusitakoaren arabera gauzatzen, Lasarte-Oriako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
● Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
○ Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
○ Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
● Urak babestea:
○ HAPB garatu ostean aurreikusitako jarduketa batzuk (hotel bat egiteko lurzatia, erabilera industrialeko lurzatiak, bide berriak...) Oria ibaiaren ibilguak zaintzeko eremuan kokatzen dira. Hori dela eta, mugatu egin beharko dira uholde-erregimenean oztopoak eragiten dituzten erabilera edo jarduerak ez direnak, edo ur-masaren, ekosistema urtarraren edo jabari publiko hidraulikoaren egoera degradatzen edo narriatzen ez dutenak. Arro-erakundearen nahitaezko baimenak lortu beharko dira.
○ Ibai-ekosistemaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesari begira, zortasun-eremuari dagokion 5 metroko tartea libre geratu beharko da, eta ezingo du oztoporik izan; eta, ahal dela, ez da lursail naturala aldatzen duen esku-hartzerik egingo. Oinezkoen pasealekua atzera eman beharko da berriz, zortasun-eremua libre utzi arte.
○ Uholde-arriskua: erabilera industrial eta tertziariorako eta aparkalekuetarako proposatutako jarduketak 500 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskuko eremuan kokatuko dira; eremuaren mendebaldean jartzea proposatutako biribilgunea, berriz, 100 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskuko eremuan. Hiri-garapen berrietarako aurreikusitako eraikuntzek arroetako drainatzean alterazioak eragin baditzakete, drainatze jasangarriko sistemak sartu beharko dituzte (zoladura iragazkorrak erabiltzea, ekaitz-andel edo gailuak, etab.).
○ HAPBk aurreikusitako ur-eskakizun berrien zenbaketa sartu beharko du, bai eta dauden sistemek behar berriei zerbitzua emateko duten gaitasuna justifikatu ere.
○ Gainera, ziurtatu beharko da saneamendu-sistema orokorrarekin proposatutako lotura bateragarria dela.
○ Kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
● Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, praktikan jarri bitartean jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, hala, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen (http://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=EC1F62B8-A941-4C9A-9280-E4202E656A69&Idioma=eu-ES).
● Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
○ Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
○ Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
○ Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
○ Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
○ Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
○ Barruko kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten A.I.U. «A-7 Michelín 2» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Lasarte-Oriako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, A.I.U. «A-7 Michelín 2» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 5a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.