Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2018ko irailaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4402

AGINDUA, 2018ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez diru-laguntzak iragartzen baitira gailu digitalak eskuratzeko, 2018-2019 ikasturterako. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleak baliatu ahal izango dira gailu horietaz (L4 Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak).

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikuluan eta bera gara dezaten lege organikoetan xedatutakoa, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritza».

Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.

Hezkuntza Saila berriztatze-prozesuak bultzatzen ari da unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan, bai deialdi espezifikoen bidez eta bai zuzenean aldaketak sartzeko jarduerak, proiektuak eta esperientziak proposatuz, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.

Gizartean izandako aldaketek eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Zenbait programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan, eta, une honetan, xedea da sare eta gailu digitalak erabiltzeak eragin beharko lukeen aldaketa pedagogikoa zein metodologikoa sustatzea. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen, eta gelaren espazio fisikoa eta denborazkoa zabaltzen, ikasketa-ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan ditzakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, beharrezkoa da irakasteko eta ikasteko prozesuan baliabide digitalen (baliabide metodologikoak eta tresnak) erabilera eta ezaguera pixkanaka hartzen joatea.

Horregatik, zenbait deialdi egin dira ikastetxe publikoei eta itunduei zuzenduta, baliabide digitalen bidezko ikaskuntza-irakaskuntza berritze-proiektuan parte har dezaten, hau da, «sare_hezkuntza gelan» proiektuan; helburua da Sare_Hezkuntza izeneko ikastetxe-sare bat sortzea, zeinaren garapenak bideak erakutsiko baitizkie beste ikastetxe batzuei joera bat markatu eta hobetzeko.

Deialdi horietan ezarritakoaren arabera, hautatutako ikastetxeetako ikasleek gailu digitalak erosteko laguntzak jaso ahalko dituzte, baldin eta beka baten onuradun izan badira unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzen ebatzitako azken deialdian, eskola-materialaren atalean.

Kontuan harturik zer dioten xedapen hauek: Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Diru-laguntzak iragartzen dira gailu digitalak eskuratzeko, 2018-2019ko ikasturterako, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek erabil ditzaten.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, 1.505.800,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kontura finantzatuak.

3. artikulua.– Eskakizun orokorrak.

1.– Deialdi honetaz balia daitezke Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 2018-2019 ikasturteko ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetakoak zein itunduetakoak, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Ikastetxea «sare_hezkuntza gelan» izeneko sarean egotea 2014-2015 ikasturtetik aurrera.

b) Ikasle unibertsitateaz kanpoko mailarako beketarako edo ikasketa-laguntzetarako deialdiko beka bat jaso izana 2017-2018 ikasturtean, eskola-materialaren atalean.

Deialditik kanpo gelditzen dira Hezkuntzako sailburuaren 2015eko irailaren 30eko Aginduaren, 2016ko irailaren 26ko Aginduaren eta 2017ko irailaren 28ko Aginduaren bidez araututako aurreko deialdietan diru-laguntza hau bera jaso zuten ikasle bekadunak.

c) Berdinak izatea laguntza-eskabideko gailu digitala eta ikastetxeak eskatzailearen talde osorako aukeratutakoa, eta gailu digitala 2017ko azaroaren 1etik aurrera erosi izana.

2.– Ezingo dute laguntzarik jaso honako egoera hauetan dauden ikasleek:

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenek.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zehapen administratiborik edo penalik dutenek, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenek ere, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren xedatutakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Gailu digitalen ezaugarriak.

Gailu digitalak deialdi honetako laguntzaz erosi ahal izateko, V. eranskineko ezaugarri teknikoak edo hortik gorakoak bete beharko ditu gailuak.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Eskatzaile bakoitzarentzako laguntza 200 (berrehun) eurokoa izango da gehienez, eta muga izango da gailu bakoitzaren fakturaren bidez justifikatutako diru-kopurua.

Baldin eta 2. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada irizpide horiek aplikatu ondoren eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua, proportzioan murriztuko dira onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.

6. artikulua.– Parte hartzeko eskabidea.

1.– Eskabidea nahitaezkoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera egingo da: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu/ Agindu honen I. eranskinean jasota dago eskabide-eredu hori.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu behar dute eskatzaileek honako eskakizun hauek betetzen dituztela:

a) Unibertsitateaz kanpoko mailarako beketarako nahiz ikasketa-laguntzetarako deialdiaren onuradun izatea 2017-2018 ikasturtean, eskola-materialaren atalean.

b) Diru-laguntza hau bera jaso ez izana aurreko deialdietan (2015-2016, 2017-2018 eta 2017-2018 ikasturteak).

c) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zehapen administratiborik edo penalik, eta ez izatea diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik.

d) Adieraztea egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera aurkeztutako agirietako datuak, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

e) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ordezkaritza ematen baitzaio eskabidea izapidetu dezan, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.

f) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeretako batean.

3.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala xedatuta baitago Diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

4.– Behin eskabidea beteta, inprimatu egin behar da, eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskatzaileak eta haren aitak, amak edo legezko tutoreak izenpetu behar dute.

5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6.– Eskabidea inprimatu eta sinatu ondoren, ikaslearen ikastetxeko zuzendariari aurkeztuko zaio, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako bulegoetan, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

7.– Ikastetxeak epean izapidetuko ditu ikastetxean matrikulatutako ikasleen eskabideak, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.

Ikastetxeek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

7. artikulua.– Ikastetxe itunduak. Eskabideak aurkeztea.

1.– Ikastetxe itunduek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

2.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu/

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira eskabidea egin osteko izapideak: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Eskabideak aurkezteko, hamar egun naturaleko epea izango da, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

4.– Eskabidearekin batera, ikasle eskatzaileen zerrenda aurkeztu behar da, eta gailuak zenbat balio lezakeen adierazi; horretarako, II. eranskineko inprimakia bete behar da.

5.– Ikastetxeak konpromisoa hartzen du, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileen eskabideak eta fakturak. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, laginketa-tekniken bidez, beharrezko ikusten dituen agiriak eskatu ahal izango dizkio ikastetxeari.

8. artikulua.– Ikastetxe publikoak. Eskabideak aurkeztea.

1.– Ikastetxe publikoek eurentzat jarritako atariaren bidez egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta gainerako izapideak, emate- edo ukatze-ebazpena izan arte. Hau da ikastetxe publikoetarako ataria: Herri-ikastetxeak/Deialdiak (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).

2.– Eskabideak aurkezteko, hamar egun naturaleko epea izango da, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

3.– Eskabidearekin batera, ikasle eskatzaileen zerrenda aurkeztu behar da, eta gailuak zenbat balio lezakeen adierazi; horretarako, II. eranskineko inprimakia bete behar da.

4.– Ikastetxeak konpromisoa hartzen du, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileen eskabideak eta fakturak. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, laginketa-tekniken bidez, beharrezko ikusten dituen agiriak eskatu ahal izango dizkio ikastetxeari.

9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, ikasleek, agindu honetan xedatutakoaren arabera eskabidea epean eta behar bezala aurkeztuta, egiaztatu beharko dute betetzen dituztela 3. eta 4. artikuluetako eskakizun subjektiboak eta objektiboak. Eskabide bakoitzari zenbateko diru-laguntza dagokion zehazteko, kalkulua egingo da: 5. artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko diru-laguntzaren zenbatekoa esleituko da, eta, deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada gisa horretan kalkulatutako banakako kopuru guztiak ordaintzeko, horrela kalkulatutako zenbatekoei dagozkien diru-laguntzak zehaztuko dira. Osterantzean, 5. artikuluan xedatutakoaren arabera murriztuko dira zenbateko horiek.

2.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banan-banan egiaztatuko ditu eskabide guztiak, eta, horretarako, behar beste txosten tekniko eska diezaieke laguntza-zerbitzuei.

3.– Eskabideak egiaztatu ostean, eskuratutako diru-laguntzei buruzko ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, eta, hor, diru-laguntzak ikastetxeen arabera taldekatu, eta ikasleen identifikazio-datuak eta emandako zenbatekoak adieraziko ditu. Horretaz gain, ukatutako diru-laguntzen zerrenda ere sartuko du, ukatzeko arrazoia adierazita. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena, eta hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, aurreko zenbakian adierazitako argitalpen-egunetik aurrera.

5.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta argitarako da ebazpena, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

6.– Ikastetxeari ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, ikasle eskatzaileen zerrenda berri bat emango du (ebazpenekoekin bat egiten duena); horretarako, III. eranskineko inprimakia beteko du. Ikasleek eskuratutako gailuen fakturak erantsiko zaizkio inprimaki horri, eta horietan agertu beharko da gailuaren modeloa zehaztuta.

Ikastetxeak konpromisoa hartzen du, eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileen eskabideak eta fakturak. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, laginketa-tekniken bidez, beharrezko ikusten dituen agiriak eskatu ahal izango dizkio ikastetxeari.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko eskakizunak bete behar dituzte agindu honetako diru-laguntzen onuradunek.

12. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako diru-laguntzen aldi batean ordainduko dira, deialdia ebatzi eta gailuak erosi direla egiaztatu ondoren (III. eranskinaren bidez). Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Apirilaren 1a baino lehenago, zentroak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko du laguntza horien ordainketa; horretarako, IV. eranskineko inprimakia bete beharko du, zeina Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan baitago: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu/

2.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

13. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.

1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ondorengo kasu hauetan itzuli egin beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Diru-laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.

– Diru-laguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta ezartzen horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak, hargatik eragotzi gabe bideratu beharreko beste ekintza guztiak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira eskatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak ez badu gainditzen laguntza jasoko duen gailu digitalaren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatuz gero, betiere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta 3. artikuluko betebeharrak konplitzen badira, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, han, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

16. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «Gailu digitalak eskuratzeko laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dutenean datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

17. artikulua.– Ikuskatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak datuak benetakoak direla egiaztatzeko egintzak abiarazteko eta abiaraztea eskatzeko ahala izango du, bai eta agindu honetan araututakoa betearaztekoa ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan araututa ez dagoen guztian, honako xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 887/2006 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala