Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2018ko uztailaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3697

AGINDUA, 2018ko ekainaren 28koa, Lan eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako 2018 urterako diru-laguntzak emateko prozedurari, hala ezarrita baitago azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak; haren II. xedapen gehigarrian, zehaztu ziren sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei diru-laguntzak emateko prozedurak.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko II. xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Abenduaren 22ko 5/2017 Legeak, 2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 3112 Programan 520.000,00 euroko diru-laguntza ezartzen du sindikatuentzat, Sindikatu Hauteskundeen Batzorde Zentralean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, hasiera ematen zaio, horrenbestez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta lurralde-batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako partaide diren sindikatuentzako 2018ko diru laguntzak emateko prozedurari, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen batzorde horietan parte hartzeagatik dagozkienak.

2. artikulua.– Aurrekontu dotazioa.

2018 urterako aurrekontu dotazioa 520.000,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien pentsutan.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2018ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela konprobatzen badu, bigarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak:

1.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean eduki beharko dituzte.

b) Ezingo dute eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo diru-laguntzak eskuratzeko aukera galarazten dienik, eta, halaber, ezingo dira egon horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren batean, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Ezingo dira egon Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak) 13. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aurreikusten dituen egoeretan ere.

2.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak) 50.4. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak betetzeke dituztenak ezingo dira onuradun izan.

3.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.

4.– Laguntza hauek jasoko dituzten erakunde sindikalek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du, beharrezkoa den adina aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du erakundeen baimena beharko.

Hala ere, erakunde sindikal horiek berariaz ukatu ahal izango diote baimena. Kasu horretan, arauz ezarritako eran aurkeztu beharko dituzte ziurtagiriok.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Nolanahi ere, laguntza hauen onuradun gertatzen diren erakunde sindikalek bete egin beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. 18. eta 46. artikuluetan ezarritakoa, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak 50. artikuluan ezarritako betebeharrak ere (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du 1/1997 Legegintza Dekretuak); bereziki, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza eman ahal izateko moduko egoera batean egotea.

b) Jasotako finantziazioaren izaera publikoa agerraraztea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beharrezko informazio oro ematea, jasotako laguntzen xedea fiskalizatzeko eta jatorrizko helburuak betetzen direla egiaztatzeko funtzioak betez.

d) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari xede bererako beste diru-laguntzarik edo laguntzarik jaso den edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik.

e) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatu den, baldin eta egoera hori diru-laguntza emateko orduan erabakigarria bada, bai eta Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea ere, datuak egiaztatu, jarraipena egin eta kontrolatzeko prozeduretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018eko ekainaren 28a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala