136. zk., 2018ko uztailaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (242 KB - 8 orri.)
- EPUB (204 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3677
AGINDUA, 2018ko ekainaren 27koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira 2018ko ekitaldirako paisaien ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren helburua da paisaia lurralde-ordenamenduan sartzea, paisaiaren dimentsioa esplizituago eginez lurraldean eragina duen elementu gisa, eta barne hartuz lurraldean eragina duten eta, euren eskumenak betez, Administrazio Publikoei garatzea dagokien ekintzen koordinazioa ziurtatzeko behar diren irizpideak eta prozedurak. Paisaiaren ekintza-planak daude aipatutako dekretuaren 3. artikuluan jasotzen diren paisaia babesteko, kudeatzeko eta ordenatzeko tresnen artean, eta, 6. artikuluaren arabera, aldiz, kudeaketa-tresnak dira planok, eta paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko jardueren arloan egin beharreko ekintzak zehazten dituzte, paisaiaren katalogoetan eta paisaiaren zehaztapenetan oinarrituta.
Abenduaren 22ko 5/2017 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena), ikusita aurreko ekitaldietako esperientzia balio handikoa izan dela paisaia udal-ekintzaren arloetan sar zedin, lurraldea antolatzeko programaren helburuen artean berriz jaso du paisaiari balioa ematea. Hori lortze aldera, aurreko ekitaldietan emandako diru-laguntzak adjudikatu ondoren udalek jada aurkeztutako paisaiaren ekintza-planen jarraipena ez ezik, diru-laguntzen beste agindu baten izapideak ere biltzen ditu, zenbait paisaiari balioa emateko eta biztanleek paisaia horietaz duten pertzepzioa zaintzeko. Aurreikuspen hori gauzatzeko, aurrekontuko partida hau jaso da: «Udalentzako diru-laguntzak, paisaiaren arloko jarduerak, Europako Paisaiaren Hitzarmenaren arabera, garatzeko». Berritasun gisa, deialdi honek, esku hartzeko irizpideei dagokienez, antolatu beharra duten eremu narriatu eta degradatuak are gehiago nabarmentzen ditu, eta antropizatutako tokietan egin litezkeen jarduerak zehazten ditu, bereziki XX. mendeko bizitegi- eta industria-garapenen eremuetan.
Bestetik, aipatzekoa da diru-laguntza hauek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen 2018-2020 aldiko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daudela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Zehazki, 2. helburu estrategiko honetan jasotzen dira: Paisaiari balioa ematea, «Sozialki kohesionatua, orekatua eta jasangarria den lurraldea sustatzea» ardatz estrategikoarena.
Azkenik, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 13.2 artikuluaren b) letraren arabera, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari dagokio paisaiaren antolamendua eta babesa sustatzea, lurralde-antolamenduaren tresnen alorrean. Horretaz gainera, honako lege-xedapen hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenak; honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da paisaiaren ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak ezartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia iragartzea. Lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira diru-laguntzok.
2. artikulua.– Paisaiaren ekintza-plan diruz lagungarrien betekizunak.
1.– Paisaiaren ekintza-planak paisaia kudeatzeko eta antolatzeko esku-hartze tresna modura eratzen dira. Lurralde-eremu jakin batera mugatuko dute jarduera, eta lurralde-arloko helburu eta ekintza zehatzak izango dituzte.
2.– Paisaiarako Ekintza Planek eduki hauek izango dituzte, gutxienez:
a) Paisaiaren arazo eta gatazka zehatzen identifikazioa.
b) Planaren eremuaren mugapen grafikoa.
c) Diagnostikoa. Paisaiaren eta paisaia-dinamiken analisia.
d) Lortu nahi diren paisaia-kalitatearen helburuak eta espero diren onurak (sozialak, kulturalak, paisaia-arlokoak, etab.).
e) Jardun-programa. Jarritako helburuak eta onurak bermatzeko behar diren ekintza zehatzen deskribapen literario eta grafikoa. Jarduketen kronograma globala eta haien kostu aurreikusia.
3.– Irizpide hauetakoren baten edo batzuen arabera esku hartu beharko dute paisaiaren ekintza-planek:
a) Antolatu beharra duten narriadura- edo degradazio-egoeragatik:
a.1) XX. mendeko bizitegi-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).
a.2) XX. mendeko industria-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).
a.3) Hiri-landaren trantsizioko aldirietako lurraldeak, hiri-ertz, ibai eta itsasbazterreko lurraldeak (hiri-, ibai- eta itsas fatxadak).
a.4) Azpiegiturek eragindako eremuak (komunikazio-bideak, telekomunikazioak, antenak, haize-parkeak...).
b) Babestu beharra duten paisaia-balio zehatzengatik.
b.1) Hirikoa-Naturala. Paisaia arraro edo mehatxatu gisa duen berezitasun, hauskortasun edo adierazgarritasunagatik (hiri-silueta, mendien gailur-lerroa, begiratoki diskordanteak...).
b.2) Ikusizkoa. Herritarren begien bistan dauden guneak izateagatik (lurraldearen goialdeak, atzeko planoak, begiratokiak, mugikortasuna eta interesguneen interkonexioa).
b.3) Kultura. Eremu funtzionalaren ezaugarri funtsezkoak (sinboloak, irudi adierazgarriak, berariazko nortasun-elementuak).
4.– Nolanahi ere, eragile publiko zein pribatuen eta eraginpeko herritarren parte-hartzea ziurtatu beharko da paisaiaren ekintza-planak lantzeko prozesuan.
3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak euskadi.eus-en egoitza elektronikoan daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/paisaiaren-ekintza-planak-prestatzeko-diru-laguntzak-2018/y22-izapide/eu).
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta Arabako udalerrien kontzejuek, baina udal eta kontzeju bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du, eta paisaiaren ekintza-plan bakarrari egin beharko diote erreferentzia; plan hori kanpoko ekipo batek prestatu ahal izango du. Udal edo kontzeju batek bi eskabide edo gehiago aurkezten baditu, sarrera-erregistroaren arabera lehenik aurkezten duena baino ez da kontuan hartuko, eta baztertu egingo dira gainerakoak.
2.– Arabako udalei eta kontzejuei dagokienez, paisaiaren ekintza-planaren xedea ezingo da bat etorri; horrenbestez, hori gertatzen bada, puntu gehien lortzen dituen proiektuak baino ez du diru-laguntzarik jasoko, betiere agindu honen 9. artikuluan aurreikusitako balorazioari jarraikiz.
3.– Ezin dira onuradun izan aurreko ekitaldietan diru-laguntza jaso duten erakunde onuradunak, ez badiote berariaz uko egin.
5. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo diru-laguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.
2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko, entitate eskatzaileek ezin izango dute izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion ez zehapen penalik ez administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.
3.– Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik eskuratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.
6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: tokia eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko irailaren 10ean bukatuko da.
2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, URL honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/paisaiaren-ekintza-planak-prestatzeko-diru-laguntzak-2018/y22-izapide/eu
3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Era berean, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
4.– Agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskaerari:
a) Ekintza-planaren proiektua:
● Proiektuaren azalpen-memoria, eremuaren arazoa argi eta garbi azalduta, eta proposamena 2.3 artikuluan zehaztutako irizpideetara egokitzen dela dioen justifikazioa barne dela, eta adieraziko da horietako zeini eragiten zaion.
● Ekintza-planaren bidezko esku-hartzearekin lortu nahi den paisaia-kalitatearen onura eta helburu orokor eta espezifikoen gaineko memoria, baita egin beharreko ekintza zehatzak eta lehentasunezkoak ere.
● Paisaiaren planaren prestaketa-prozesuko parte-hartze eta genero-metodologia.
b) Ekintza-plana idazteko egutegia.
c) Ekintza-plana idazteko ordainsarien aurrekontua.
d) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar eta baldintza hauek betetzen direla frogatu beharko da, erantzukizunpeko adierazpen bidez:
● Jakinaraztea beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu izana.
● Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.
● Eskaerak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela.
● Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituen, organo eskudunek jaulkitako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako eskabidean, akatsen bat edo zehaztasun-eza atzemanez gero, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzentzeko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Dena den, aldez aurretik, behar den ebazpena emango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Akatsak zuzentzea bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da.
Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.
Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.
9. artikulua.– Balioespen-epaimahaia eta esleipen-irizpideak.
1.– Kide anitzeko balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta egiaztatzeko, honela osatuko dena:
a) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendaria; mahaiburua izango da.
b) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko buruzagitzaren titularra.
c) Zuzendaritza horretako arlo teknikoko arkitekto bat; idazkari jardungo du.
2.– Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren sailburuordeari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du ondorengo artikuluan ezarritako esleipen-irizpideen arabera. Gehieneko puntuazio hau izango dute:
a) Aurkeztutako ekintza-plana 2.3 artikuluan ezarritako irizpideei egokitzea – 6 puntu.
Horretarako, lehentasuna izango dute aipatutako artikuluan zehazten diren ordena berean:
● Gehienez 6 puntu a.1) irizpidearentzat.
● Gehienez 6 puntu a.2) irizpidearentzat.
● Gehienez 3 puntu a.3) irizpidearentzat.
● Gehienez 2 puntu a.4) irizpidearentzat.
● Gehienez 2 puntu b.1) irizpidearentzat.
● Gehienez 2 puntu b.2) irizpidearentzat.
● Gehienez 2 puntu b.3) irizpidearentzat.
b) Ekintza-planaren bidez lortu beharreko helburuak eta adierazitako arazoak konpontzeko proposatutako ekintzak. Inpaktua eta izan daitekeen paisaia-hobekuntza – 2 puntu.
c) Eragile publiko zein pribatuen eta herritarren parte-hartze prozesua diseinatzea. Proposatutako metodologiaren kalitatea eta jardun-eremura egokitzen den – 2 puntu.
3.– Aipatu proposamenak lehentasunak ezarriko ditu diruz lagundu nahi diren eskabideen artean, zehaztutako irizpideetarako aurreko atalean ezarritako puntuazioaren arabera ezarri ere. Honako hauek adieraziko ditu: onuradun proposatutako udal edo kontzejua; diruz lagunduko den proiektua, eta proposatutako zenbatekoa –aurrekontu-kreditua amaitu arte–. Halaber, ezetsiko dituen eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere jasoko ditu.
4.– Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 2. artikuluko 3. apartatuan ezarritako ordenaren arabera puntu gehien lortu dituenaren alde hautsiko da.
5.– Ez dira diruz lagunduko balioespen orokorrean 5 puntu baino gutxiago jaso duten eskabideak.
10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzako sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu diru-laguntzak ebazpen horrek, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta diru-laguntza jasoko duten udal edo kontzejuak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatze horren zergatikoak ere adieraziko ditu. Ebazpen hori EHAAn argitaratuz jakinaraziko da; halaber, horren berri emateko, iragarki-taula elektronikoan ere argitaratuko da.
2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
3.– Gehieneko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
11. artikulua.– Erakundearen betebeharrak.
Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, laguntza onartzen dutela ulertuko da, baldin eta ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, laguntza eman izanaren jakinarazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunera.
b) Diru-laguntza eman den xede horretarako erabiltzea.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako diru-laguntzei buruz.
d) Egindako paisaiaren ekintza-planak publikotasuna adierazi beharko du; hau da, dokumentuan bertan berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta jasota izan behar du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza daukala; jarduerarako karteletan eta testuetan sail horren logo ofiziala agertu behar da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat.
e) 2.2 artikuluan aipatzen den diagnostiko-agiria aurkeztea, ezarritako data baino lehen.
12. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira aldi berean, eta, hala balegokio, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu badira, laguntza ematea ekarri duen ebazpena aldatu beharra gerta daiteke, betiere, diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzei bere horretan eutsita.
13. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
Baldin eta zerbitzu-sarien behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, proportzioan murriztuko da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta, orduan, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.
14. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzeko prozedura.
Baldin eta eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu diru-laguntza erakunde onuradunak, diru-laguntza eman zitzaion jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jaso duen diru kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.
15. artikulua.– Diruz lagun daitekeen gehieneko aurrekontua.
Paisaiaren ekintza-planak idazteko zerbitzu-sarien % 90 lagunduko da diruz, planeko 30.000 euro gehienez, dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere. Baina BEZa edo bestelako zergak ez dira inola ere diruz lagunduko.
16. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honen bidezko deialdiko diru-laguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako diru-laguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin; baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.
17. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Orotara, 300.000 euro bideratuko dira diru-laguntzak emateko, 18.0.1.05.12.0000.4.722.01.43130.004 aurrekontu-partidaren kontura: horietatik 100.000 euro 2018. urteari dagozkio, eta 200.000 euro 2019. urteari.
18. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Udal eta kontzeju onuradunek justifikatu egin beharko dute jasotako diru-laguntza, ezartzen diren datak baino lehen, dokumentazio hau aurkeztuta egoitza elektronikoaren «nire karpeta» atalean.
a) 2018ko azaroaren 15a baino lehen:
● Diagnostiko-dokumentua, agindu honen 2.2 artikuluan aipatzen dena.
b) 2019ko azaroaren 15a baino lehen:
● Paisaiaren ekintza-plana, agindu honen 2. artikuluan aipatzen dena.
● Ordaindutako ordainsarien ziurtagiria, udal-idazkariak emana.
19. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Emandako diru-laguntza bitan ordainduko da Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzaren titularraren ebazpen bidez, zuzendaritza horretako zerbitzu teknikoek agiriak agindu honen 2. artikuluan eskatutako edukira egokitzen direla egiaztatu ondoren. Honako hau izango da ordainketaren egutegia:
● Lehen ordainketa, emandako diru-laguntzaren % 30, 18.1.a) artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren.
● Bigarren ordainketa, azkena, emandako diru-laguntzatik jasotzeko dagoen zenbatekoari dagokiona, diru-laguntza justifikatu ondoren; horretarako, 18.1.b) artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.
2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
20. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 27a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.