135. zk., 2018ko uztailaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 5 orri.)
- EPUB (200 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3648
116/2018 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan Ospitaleetako Erikortasunari buruzko Inkesta egitekoa.
Euskal Estatistika Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Lankidetza-hitzarmena, Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen artekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Ospitaleetako Erikortasunari buruzko Inkesta egitekoa. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 28a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 28KO 116/2018 EBAZPENARENA
ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKO HITZARMENA, OSPITALEETAKO ERIKORTASUN-INKESTA EGITEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN
Batetik, Gregorio Izquierdo Llanes jaunak, Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, EIN) presidenteak, erakunde haren izenean eta hura ordezkatuz, Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuaren (maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onetsia) 5.2 artikuluak emandako eskuduntzak baliatuz.
Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jaunak, Euskal Estatistika Erakundearen (aurrerantzean Eustat) zuzendari nagusiak, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legeak (apirilaren 23ko 4/1986) eta Euskal Estatistika Erakundearen egitura organikoa ezartzen duen Dekretuak (urtarrilaren 25eko 12/2000) ematen dizkioten eskumenak baliatuta eta Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren bostean egindako bilkuran emandako baimenarekin bat.
ADIERAZTEN DUTE:
EIN eta Eustat egokiro ari direla elkarlanean estatistiken esparruan.
Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hobeto ezagutu nahi dituztela ospitaleetako erikortasunaren ezaugarriak, egitura eta bilakaera. Horrenbestez, kontuan hartuta Konstituzioko 149.1.31 artikuluaren arabera Estatuak duela estatu-xedeko estatistiketan eskumen esklusiboa eta, abenduaren 18ko 3/1979 Legeak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.37 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak duela bere xedeetarako estatistiketan eskumen esklusiboa, komenigarria da ikerketa horren gaineko jarduera publikoa koordinatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, bikoiztasunik ez gertatzeko.
Arestian azaldu diren helburuak lortzeko, honako bi eragiketa hauek baliatuko direla: ospitaleetako erikortasun-inkesta –2017-2020 aldirako Estatistika Plan Nazionalean jasoa (urriaren 31ko 410/2016 Errege Dekretuaren bidez onartua)– eta Ospitaleetako erikortasun-estatistika –2014-2017 aldirako Euskal Estatistika Planean jasoa (azaroaren 13ko 3/2014 Legearen bidez onartua)–.
Hitzarmen honen bitartez, eta bertako klausuletan zehazten diren erabakiak oinarritzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa bakar bat egin nahi da; hots, estatistika-plan bietan aurreikusi diren helburuak betetzeko informazioa lortu nahi da, baina estatistika-eragiketan bikoiztasunik egin gabe. Hala, baliabide publikoak aurreztuko dira.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean (urriaren 1eko 40/2015) ezartzen denez, hitzarmenak sinatu ahal izango dira administrazio publiko biren edo gehiagoren artean, eta, hitzarmen horien arabera, bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabili ahal izango dira, eskumen propioak edo eskuordetuak baliatzeko.
Ondorioz, alderdiek gaitasuna daukate hitzarmen hau sinatzeko, zeina Sektore Publikoko Kontratuen Legearen (azaroaren 8ko 9/2017) aplikazio-eremutik kanpo geratuko baita, sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta hutsuneak betetzeko izan ezik; izan ere, kasu horretan, lege-testu horretako printzipioak aplikatuko dira.
Hori guztia dela-eta, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, klausula hauek aintzat harturik
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua da EINen eta Eustaten arteko lankidetza zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoan ospitaleetako erikortasun-inkesta egiteko.
Eragiketaren esparruak honako hauek hartzen ditu barnean: akutuen ospitaleak, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleak eta ospitale psikiatrikoak. Ospitaleratzea behar duten altetara mugatzen da. Hauek dira eragiketa honen helburu nagusiak: ospitaleetan artatutakoen erikortasun orokorra ezagutzea, diagnostiko nagusiaren eta alta kopuruaren arabera; ospitaleko batezbesteko egonaldia zehaztea, ospitale-altarekin lotutako diagnostiko nagusiaren arabera; ospitaleratutako pazienteen ezaugarri soziodemografikoak eta bizilekua ezagutzea; eta azterketa epidemiologikoetarako oinarri izatea.
Inkesta beste esparruren batera zabaldu ahal izateko, bi erakundeek egon beharko dute ados.
Bigarrena.– Metodologia eta jarduketak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, inkestarako informazioa eskuratzeko iturri nagusia Pazientearen Ospitale Altako Datuen Oinarrizko Multzo Txikiena izango da.
Ospitaleetako erikortasun-estatistika egiteko, EINek eta Eustatek adostutako espezifikazio metodologikoak jarraituko dira: datuak jasotzeko, baliozkotzeko, arazteko eta egozteko prozedurak barnean hartuta, bi erakundeen helburuak betetze aldera.
Eustat arduratuko da informazioa biltzeaz, baliozkotzeaz, arazteaz eta egozteaz, Euskal Autonomia Erkidegoan.
Eustatek Estatistikako Institutu Nazionalari azken fitxategi araztua bidaliko dio ustia dezan, betiere Estatistikako Institutu Nazionalak aurretiaz ezarritako erregistro-diseinuari egokituta eta informazioaren erreferentziaren hurrengo urteko urriaren 15a baino lehen.
Estatistikako Institutu Nazionalak urriaren 31 baino lehen emango dio Eustati detektatutako funsgabetasunen berri; ondoren, bien adostasunarekin, Eustatek behin betiko fitxategia egiteko beharrezkoak diren erregistroak aldatuko ditu. Behin betiko fitxategi hori informazioaren erreferentziaren hurrengo urteko azaroaren 15a baino lehen helarazi beharko zaio Estatistikako Institutu Nazionalari.
EINek beste autonomia-erkidego batzuetako ospitaleetan tratatu dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleei buruzko informazioa emango dio Eustati informazioaren erreferentziaren hurrengo urteko azaroaren 15a baino lehen, adostutako erregistro-diseinutik abiatuta, eta, posible denean, identifikadoreak bilduko ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko behin betiko fitxategia, ondorio guztietarako, inkestaren emaitza gisa jasoko da.
Hirugarrena.– Informazioa zabaltzea.
Bai Estatistikako Institutu Nazionalak, bai Eustatek, bakoitzak bere helburu eta eskumenen esparruan, beharrezkotzat jotzen dituzten taulak eta emaitzak argitaratu ahal izango dituzte, betiere klausula honetan ezartzen diren zehaztapenekin.
Estatistikako Institutu Nazionalaren behin betiko fitxategietan oinarrituta zabaltzen diren produktu guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: Estatistikako Institutu Nazionala (EIN), Euskal Estatistika Erakunderen (Eustat) lankidetzarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan».
Era berean, Eustaten behin betiko fitxategietan oinarrituta zabaltzen diren produktu guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: Euskal Estatistika Erakundea (Eustat), Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) lankidetzarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan».
Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau eraginkorra izango da sektore publikoko Lankidetza Organoen eta Erreminten Estatuko Erregistro Elektronikoan izena emandakoan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzean, eta lau urtez egongo da indarrean, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin, baldin eta aldeek hala adosten badute.
Zortzi urte horiek igaro ostean, lankidetzarekin jarraitzea komenigarri irudituz gero, beste hitzarmen bat sinatu beharko da, betiere agiri honetan araututako estatistika-eragiketak jasota baldin badaude dagozkien Estatistika Planetan.
Bosgarrena.– Aurrekontua eta finantzaketa.
Hitzarmen honek ez du kontraprestazio ekonomikorik sortuko.
Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.
Jarraipen Batzorde bat sortuko da hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko. Batzorde horrek ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen arazoak.
Alderdi bakoitzak hiru kide izango ditu batzordean, eta behar den guztietan elkartuko dira.
Honako hauek osatuko dute hitzarmenaren Jarraipen Batzordea.
– Estatistikako Institutu Nazionalaren aldetik:
– Gizarte eta Sektore Estatistiken zuzendariorde nagusiak.
– Estatistika Sozial Sektorialen zuzendariordetzako pertsona batek.
– Estatistiken eta Lan Estatistiken eta Prezio Estatistiken Zuzendaritza Nagusiko pertsona batek.
– Eustaten aldetik:
– Estatistika Produkzio eta Analisiko zuzendariordeak.
– Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduradunak.
– Arlo Juridiko eta Administratiboko arduradunak.
Batzordeari organo kidetuen osaerari eta jarduerari buruzko arauak aplikatuko zaizkio, hain zuzen ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015) 15etik eta 18ra bitarteko artikuluetan ezarritakoak. Batzordearen erabakiak aho batez hartuko dira.
Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea eta etete-araubidea.
Lankidetza-hitzarmen hau bi alderdiak ados jarrita aldatu ahal izango da, aldeetako edozeinek proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-gehigarria sinatu beharko dute, hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik formalizatuta.
Hitzarmen hau eteteko arrazoi izango da haren xede diren jarduketak betetzea.
Halaber, hauek izango dira hitzarmena eteteko arrazoiak:
a) Indarraldia igarotzea.
b) Sinatzaile guztien ahobatezko erabakia.
c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea. Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat helarazi ahalko dio konpromisoak edo betebeharrak bete ez dituen alderdiari, epe jakin baten barruan bete ditzan. Errekerimendu hori Jarraipen Batzordeko kideei ere helaraziko zaie.
Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez-betetzeak jarraitzen badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die badela arrazoirik hitzarmena eteteko, eta amaitutzat joko da hitzarmena.
d) Hitzarmena deuseztatzeko epaile-erabakia.
e) Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.
Hitzarmena ez bada elkarren adostasunez eteten, beste alderdiari gutxienez hilabete lehenago eskatu beharko zaio modu fede-emailean.
Hitzarmena etenez gero hitzarmenean bertan edo legeetan jasotako edozer arrazoi dela medio, abian diren jarduketak erabat amaitu arte egingo dira, baina ez da berririk abiaraziko.
Zortzigarrena.– Aplikatzekoak diren araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen (azaroaren 8ko 9/2017) aplikazio-esparrutik kanpo geratzen da, haren 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen (urriaren 1eko 40/2015) 47tik 53ra bitarteko artikuluek arautzen dute.
Hitzarmen hau interpretatzean edo gauzatzean planteatu daitezkeen eztabaidak, baldin eta jarraipen-batzordeak ezin izan baditu ebatzi, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren menpe ipiniko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearekin (uztailaren 13ko 29/1998) bat etorriz.
Eta horrekin guztiarekin ados daudela agertzeko, alderdiek hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte 2018ko ekainaren 9an.
Estatistikako Institutu Nazionalaren lehendakaria,
GREGORIO IZQUIERDO LLANES.
Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.