Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2018ko uztailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3417

AGINDUA, 2018ko ekainaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez, diru-laguntzen deialdia iragartzen baita 2018an irakasleak etengabe prestatzeko eta pedagogia eta didaktika eguneratzeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu zuen 2020rako Europako esparruak ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuteko, hezkuntza eta prestakuntzari dagokienez eta gure testuinguru eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkak kontuan hartuta. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen baita. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria da eskuratutako ikaskuntzak transferitu, bideratu eta konbinatzea egoera funtzional konplexuak konpontzeko.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren arabera, hauek garatu behar ditu Oinarrizko Hezkuntzak era integralean: pertsonaren gaitasunak, eta norberaren errealizazio eta garapenerako bizi osoan zehar beharko dituen oinarrizko eskumenen lorpena, herritar aktiboak, gizarteratzea eta enplegua. Era berean, zehazten du ikasleek, Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako, hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzen jakiteko oinarrizko konpetentziak berenganatu behar dituztela. Eta, hori lortzeko, konpetentzien profil egokia eduki behar dute euskal hezkuntza-sistemako irakasleek, baldintza onenetan bete ahal izateko beren egitekoak eta lanak. Ildo horretan, irakasleen prestakuntzaren helburua da behar den konpetentzia-profila erdiestea, ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten, eta hezkuntza-arloan eskumena duen sailak bultzatutako prestakuntza-jarduerak ezaugarrituko dira, besteak beste, hezkuntza berriztatzeko proiektuak bultzatuz bikaintasuna sustatzeagatik eta profesionalen arteko eta hezkuntza-komunitatearekiko lankidetza-prozesuak laguntzeagatik (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).

Helburu horiek lortzeko, jarduketa-programa sistematiko, koordinatu eta jasangarri bat garatu behar da egon dauden baliabideak optimizatzeko eta unibertsitateaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzen diharduten eragileen artean behar diren sinergiak sortzeko.

Hori dela eta, Hezkuntza Sailak diru-laguntzen deialdia egiten du hezkuntza-komunitatea eta irakasleak etengabe prestatzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeen jarduerak diruz laguntzeko.

Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuan xedatuarekin bat; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa– xedatuaren arabera; aplikatu daitezkeen gainerako xedapen arabera; eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean onartutako kredituen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeei, zeinek jarduerak burutuko baitituzte hezkuntza-komunitatea eta, batez ere, unibertsitateaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzeko 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30erako aldian, artikulu hauetan adierazten diren baldintzetan.

Agindu honen xedetik kanpo geratzen dira Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egindako beste deialdi batzuen babesean diruz lagundutako jarduera guztiak.

2.– Helburu hori lortzeko, guztira 100.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Itzulgarriak ez diren diru-laguntzen bidez gauzatuko dira ebazpen honetako laguntzak, eta lehiaketa-prozeduraz emango dira.

2.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, baloraziorik handiena lortzen dutenak baietsiko dira, harik eta horretarako jasotzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetako diru-laguntzak.

4. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute erakundeek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 7. artikuluan xedatuarekin bat.

2.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

● Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

● Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

5.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

– Ez duela eskuratu helburu bererako diru-laguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo bestelako baliabiderik Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diruz lagundutako deialdi edo programetatik.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik, eta, halaber, ez duela debekurik diru-laguntzak itzultzeko obligazioak egunean ez izateagatik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Ekintza hauek egingo dituzte diruz lagundutako jarduerek:

a) Irakasleak etengabe prestatzeko ekintzak burutzea, prestakuntza-ikastaroak edo ikastaro zientifiko eta teknikoak antolatuz eta kudeatuz. Ikastaro horiek zerikusia izan beharko dute hezkuntza-eremuarekin, gai didaktikoak eta pedagogikoak eguneratzearekin, eta bat etorri beharko dute Sailak bultzatzen dituen jarduketa-ildoekin, Plan Prest_Gara planean jasoak (Sailaren web-orrian kontsultagai). Aurrez aurreko ekintzen bidez gauzatu behar da apartatu honetan adierazitakoaren barruan egindako ekintza oro. Era berean, diru-laguntzari heltzeko, gutxienez 15 partaide izan beharko dira ekintzako.

Diruz laguntzeko aurrekontuaren % 75 emango zaie gehienez a) apartatu honetan jasotzen diren ekintzei, eta, gehienez ere, 2.000 euro emango da ekintzako. Gainera, kontuan izango da gehienez eman daitekeen diru-laguntzaren muga: 100 euro emandako ordubeteko ikastaro presentzialeko (gastu guztiak barne).

b) Irakasleak etengabe prestatzen izandako esperientziak zabaltzeko eta trukatzeko ekintzak burutzea, esaterako, topaketak, kongresuak, jardunaldiak, aldizkako argitalpenak edo jardunbide onen eskuliburuak edo gidak, zeinek zerikusia izan beharko baitute hezkuntza-eremuko ikerketarekin, gai didaktikoak eta pedagogikoak eguneratzearekin eta Sailaren lehentasunezko jarduketa-ildoak bultzatzearekin, Plan Prest_Gara planean jasoak (Sailaren web-orrian kontsultagai).

Diruz laguntzeko aurrekontuaren % 75 arte lagundu ahal izango dira diruz gastuak, eta, gehienez ere, 10.000 euro emango da ekintzako. Ekintzak justifikatzeko, hauek onartuko dira b) apartatu honetan, 1.000 euroko gehieneko mugarekin: argitalpenen diseinua, maketazioa, inprimaketa eta banaketarekin, publizitatearekin, lokala alokatzearekin eta topaketa, mintegia edo kongresua koordinatzearekin zerikusia duten gastuak. Koordinazio-gastuek ezingo dute aurrekontu horren % 10 gainditu, eta, gehienez ere, 500 euroko muga izango dute.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

3.– Erakunde onuradunak diruz lagundu daitekeen jarduera gauzatzeko azpikontratatu ahal izango du, baina, % 75 gehienez ere, eta, edonola ere, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan horri buruz ezarritakoa errespetatu beharko du.

4.– Kanpoan geratuko dira Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diruz lagundutako prestakuntza- edo zabaltze-ekintzak, edo hark bultzatutako deialdien babesean eginak; era berean, kanpoan geratuko dira jarduera profesionala betetzeko eskatzen den legezko titulua/ziurtagiria ematea dakarten ekintzak edo beste titulazio batzuen parte direnak (ofizialak, ez ofizialak), baita gradu-, graduondo- eta master-tituluak eta antzekoak ere.

Halaber, kanpoan geratuko dira: erakunde antolatzailearen langileei berariaz zuzentzen zaizkien ekintzak, erakunde antolatzailearekin lotutako erakundeetako langileei zuzentzen zaizkienak edo kontratu- edo azpikontratu-harremanak edo antzekoak dituzten erakundeko langileei zuzentzen zaizkienak.

5.– Ez dira diruz lagunduko ekintza hauen gastuak:

a) Aldizkarietan edo beste hedabide batzuetan artikuluak argitaratzeko gastuak, aurretik argitaratutakoak berriro editatzeko gastuak; beste ekitaldi batzuetan diru-laguntzak jaso zein ez.

b) Izan badiren tresna informatikoak egokitu edo moldatzeko gastuak.

c) Lehiaketak, sariketak edo antzekoak.

6.– Erakunde bati bere jarduerak egiteagatik ematen zaizkion diru-laguntzek ezin izango dute deialdi honetako aurrekontuaren % 20 gainditu.

7.– Diruz lagunduko diren jarduerak, bestalde, 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30a bitartean egin beharko dira.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira 2018ko irailaren 14ra arte, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri eskabide-eredua, 5.3 artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/prest_gara-asal/y22-izapide/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak.

4.– Eskabide-orriari, bestalde, Elkarteen Erroldako edo dagokion errolda publikoko inskripzioaren ziurtagiriaren kopia erantsi beharko zaio, baita honako dokumentazio tekniko hau ere:

a) 2018. urtean egindako jardueren edo egin nahi diren eta diru-laguntzen deialdi honen xede direnen jardueren deskribapen zehatza, ekintzak bereizita (I. eranskina). Ekintza bakoitzari dagokionez, hauek adierazi beharko dira: ekintza-mota (6.1 artikuluaren a) edo b) apartatuan jasotzen diren ekintzak), helburuak, metodologia, ebaluatzeko sistema eta adierazleen definizioa, baita ere pertsona hartzaile potentzialak zein diren eta zenbat, ekintzak zenbat iraungo duen eta noiz eta non burutuko den.

b) Ekintza guztien aurrekontu xehatuan hauek jasoko dira: gastuak, eta, hala badagokio, matrikulak egiteak, sarrerak dokumentazioa edo material informatikoa saltzeak dakartzan sarrerak, baita jarduerarekin lotuta dagoen beste edozerk dakartzanak ere.

5.– Aurkeztutako eskabidean akatsen bat, datu ez-zuzenen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa zuzen dezan. Egindako hutsa zuzendu ezean, eskaeran atzera egin dela uste izango da; eskaeran atzera egiteko, lehenago, ebazpen bat eman beharko da, 21. artikuluan aurreikusitako moduan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren babespean.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko du agindu honetan aurreikusten diru-laguntzak emateko prozedura.

8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburua izango da.

b) Bi teknikari, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuak; haietako batek idazkari jardungo du.

9. artikulua.– Esleitzeko irizpideak eta hautaketako prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak eskabide-orri guztiak ebaluatuko ditu, honako irizpide hauek kontuan hartuz:

a) Proposatutako jardueraren kalitatea: gehienezko balorazioa: 20 puntu. Ez da onartuko gutxienez 10 puntu lortzen ez duen proposamenik.

a.1.– Proposatutako ekintzen koherentzia, argitasuna eta zehaztasuna: jarduteko premiari buruzko atariko diagnostikoa; helburuak eta espero diren emaitzak; aurreikusitako ekintzak zehatz-mehatz; helburuko publikoa; zer esperientzia duen erakundeak eduki edo garrantzi bereko jardueretan; genero-ikuspegia sartzea (0 - 8 puntu).

a.2.– Aurkeztutako aurrekontuaren argitasuna eta egokitasuna: eskatutako diru-laguntza, guztira; ea aurrekontua egokia den proposatutako ekintzetarako, honelako aldagaiak jasota: zenbat pertsonari zuzentzen zaion ekintza, zenbat ale, zer espezializazio maila behar den ekintza aurrera ateratzeko (0 puntutik 7ra).

a.3.– Jarduera kalitate onekoa izango dela eta emaitzak baloratuko direla ziurtatzeko sistema baten definizioa, ebaluazio-adierazleak barne (0 - 5 puntu).

b) Garatu beharreko jardueraren potentzial estrategikoa eta egokitasuna: ea egokia den Hezkuntza Saileko unibertsiteaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzeko Prest_Gara Planaren markoko helburuak ildo estrategikoak eta ekintzak erraztu eta bultzatzeko (0 - 10 puntu).

c) Jardueraren eragina: proposatutako ekintza zein lurralde-eremutan proiektatuko den eta zenbat pertsonari zuzenduko zaien, eta zer ahalmen duen hezkuntza-komunitateko taldeetako bakoitzean eragiteko; borondaterik dagoen ala ez proposatutako ekintzarekin jarraitzeko, eta zein den egituran esku hartzeko potentziala, egoera hutsezkoaz aparte; aukerarik egoeran ekintza egokitu edo transferitzeko (0 - 10 puntu).

2.– Eskabideen balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du zer ekintza hautatu diren eta zer diru-laguntza proposatzen den ekintza bakoitzerako. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, baztertzeko arrazoiak aipatuta.

10. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Publikoaren Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ohartemandako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntza-sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi, eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egiten dituen beste deialdi batzuetatik lor daitezkeen diru-laguntza guztiekin. Hala ere, bat etorri daitezke beste diru-laguntza batzuekin, baldin eta, helburu bera izanik, beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu.

2.– Nolanahi ere, emandako laguntzek eta diru-laguntzek eta finantzatutako ekintzaren bidez lortutako diru-sarrerek, denek batera, ezin izango dute gainditu burututako ekintzak guztira sortzen duen gastuaren % 100.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Helburua bete, proiektua gauzatu, ekintza burutu edo diru-laguntzan oinarritzen den jokabidea jarraitu.

b) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

c) Beren eginkizunak betetzeko, Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

d) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea laguntzarik, diru-laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den helburu bererako beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartu duen egoerarik aldatuz gero, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea.

13. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Diru-laguntza ordaintzeko, diruz lagundu daitekeen ekintza gauzatu beharko da aurretik, hura emateko ebazpenean ezartzen diren baldintza eta modu beretan, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatuarekin bat, eta honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da 2017ko azaroaren 3a baino lehenago:

a) Burututako jardueren azalpen-memoria. Aurreikusitako plana bete dela erakusteko eta ziurtatzeko behar diren xehetasun guztiak izan beharko ditu.

b) Prestakuntza-ekintzak ikastaroak, kongresuak edo jardunaldiak direnean, txosten bat aurkeztu beharko da, partaideek betetzen duten ebaluazio-galdeketatik ateratzen diren ondorio guztiak jasotzen dituena. Galdera-sorta hori erantzuteko, kontuan izan beharko dira ekintza horretako eskabide-orrian adierazten diren helburu zehatz guztiak.

c) Onartutako aurrekontuan azaltzen diren gastuei dagozkien egiazko egiaztagiriak, jatorrizko fakturak edo konpultsatuak, edo Zuzenbidean onartzen den beste edozein agiri; eta ondokoak ere hala egiaztatu beharko dira: matrikulatik, agirien salmentatik eta gainerako finantzaketa-iturrietatik sortutako diru-sarrerak, guztiak ere proiektuan aurreikusitakoak. Kontzeptu finantzagarriak bereizita eta banakatuta agertu beharko dute faktura horietan. Fakturen edo dokumentuen gastu-datak ezin izango dira 2018ko irailaren 30a baino berandukoagoak izan.

2.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.net/misgestiones

3.– Ordainketa 2018. urtea bukatu baino lehen egingo da.

14. artikulua.– Emateko ebazpena aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzarik aldatuz gero, aldatu ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada; betiere deialdi honetan erakunde onuradun izateko ezartzen diren gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta, hala badagokio, administrazio honetatik edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatutatik jasotako laguntzak edo diru-laguntzak bateragarriak badira. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak aldaketak egiteko ebazpena emango du diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko. Erakunde onuradunak, bestalde, itzuli egin beharko du mugaz kanpo jasotako zenbatekoa.

2.– Finantzatutako jarduerari lotutako gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta, jardueraren balantze ekonomikoa aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki doituko zaio benetan sortutako gastuari.

15. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen- eta kontrol-sistemak ezarri ahal izango ditu, edo behar beste datu eskatu ahal izango du, onartutako jarduera bakoitzean aurreikusitako helburua eta emaitzak bermatzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta ondorengo kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

b) Diru-laguntza ez erabiltzea hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

c) Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

d) Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

18. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «7.a» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Zuzenean aplikatzekoa izango da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuan oinarrizko legedi gisa araututako oro, eta horietan xedatuak izango du lehentasuna agindu honen oinarrietan ezarritakoaren aurrean baldin eta oinarrizko legedi horren aurkakorik gertatzen bada.

Prozedurari dagokionez agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Publikoaren Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala