125. zk., 2018ko ekainaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (379 KB - 10 orri.)
- EPUB (324 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3386
AGINDUA, 2018ko ekainaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez eskola-garraiorako banakako diru-laguntzetarako deialdia egiten baita desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten ikasleentzat, baldin eta eskolatuta badaude etxebizitzaren arabera dagokien ikastetxe publikoan edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako itunpeko ikastetxe pribatu batean eta ezin badute saileko eskola-garraioa erabili.
Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura. Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.
Badira ikasle batzuk desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bati lotutako hezkuntza-premia bereziak dituztenak, eta horiek ezin dute eskola-garraioa erabili, bai ibilbideak edo garraioa ez daudelako egokituta, bai ikastetxean ez dagoelako garraio antolaturik. Kasu horietan ibilgailu partikularra edo garraio publikoa erabiltzen dute egunero ikastetxera joateko. Eskola-garraiorako banakako diru-laguntzetarako deialdi honen helburua da ikastetxerako joan-etorrien kostua finantzatzea, ez dadin izan zailtasun gehigarri bat, ezta beste kostu bat ere, ikasle horiek ikastetxe publiko batean edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako ikastetxe pribatu itunpeko batean eskolatuta badaude.
Helburu horrekin laguntzen deialdi hau egiten da eta, izaera orokorrarekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamendua onartzen du) ezarritakoaren arabera arautuko dira. Ondorioz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean ezarritakoa kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da eskola-garraiorako banakako diru-laguntzen deialdia egitea desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duten ikasleentzat, baldin eta 2018-2019 ikasturtean ikastetxe publikoetan edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako itunpeko ikastetxe pribatuetan matrikulatuta badaude eta ezin badute Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa erabili.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 3.430.000 euro bideratuko dira.
2.– Kopuru hori handitu ahal izango da, kontuan hartuta zenbat diren laguntzak jasotzeko eskubidea daukaten eskabideak, Hezkuntza Sailaren konprometitu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera eta diru-laguntzen ebazpena eman aurretik. Zenbatekoa aldatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Laguntzen onuradun izateko betebeharrak eta betebehar horiek egiaztatzea.
1.– Deialdi honetara aurkez daitezke desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat duten ikasleak, baldin eta 2018-2019 ikasturtean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekuetako batean ez egoteaz gain, eskakizun hauek betetzen badituzte:
a) 2018-2019 ikasturtean etxebizitzaren arabera edo ibilbidearen arabera dagokion ikastetxean matrikulatuta egotea, edo Hezkuntza Administrazioak esleitutako ikastetxean.
b) Ikaslearen etxebizitzatik ikastetxera dagoen distantziak bete egin beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –garraioaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuaren 5. artikuluko c letran ezarritakoa. Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxerako ibilbide laburrena hartuko da erreferentziatzat.
c) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat izatea, eta Desgaitasun Ziurtagiria, lurralde-erakunde eskudunak egina, eta bertan adierazita egotea desgaitasun mota eta gradua, eta hala behar bada mugikortasun urri iraunkorra duela.
d) Ez izatea 21 urte beteta 2018ko abenduaren 31n.
e) Desplazamenduetan ezin izatea Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa erabili.
f) Ezin du ikastetxera joan doako garraioan edo Hezkuntza Saileko erakunde publiko edo pribatuek erabat diruz lagundutako garraioan.
2.– Eskatzaileek onuradun izateko debekuren bat ez daukatela justifikatu ordez erantzukizunpeko adierazpenak aurkez ditzakete.
4. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Ikasleek jasotzen dituzten 2018-2019 ikasturterako banakako diru-laguntzek garraioaren kostu osoa estali ahal izango dute.
Diru-laguntzaren zenbatekoa ezartzeko erreferentziatzat hartuko den kostua honako arau hauei jarraikiz kalkulatuko da:
a) Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko desplazamendurako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, metroa) erabiltzen bada, ematen den esleipenaren zenbatekoa garraio ekonomikoenari dagokion kostua izango da, kontuan hartuko dira eguneko bi bidaia, salbu eta ez badago jangelako zerbitzurik edo erabiltzen ez bada; kasu horretan, eguneko, gehienez, lau bidaia zenbatuko dira.
b) Ikasleak taxiz egiten badu bidaia, taxilariak aurkeztutako aurrekontua, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baimendutakoa, izango da erreferentziako aurrekontua. Onuradunak hiru aurrekontu eskatuko dizkie taxilari desberdinei; hiru horietan merkeenari emango zaio baimena. Aurrekontuak, onartua izateko, ikaslerik eskolara garraiatzen ez den egunengatiko murrizketa jaso beharko du.
c) Ikastetxeak antolatzen badu taxi- edo autobus-desplazamendua, erreferentziako kostua ikastetxeak ikasleari garraio-gastuengatik kobratzen dion zenbatekoa izango da. Horrelakoetan, desplazamendua antolatzen duen ikastetxeak jaso beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren baimena. Ikastetxeak hiru aurrekontu eskatuko dizkie zerbitzu-emaile desberdinei; hiru horietan merkeenari emango zaio baimena.
d) Etxebizitzaren eta ikastetxearen artean desplazatzeko ibilgailu partikularra erabiltzen den kasuan, esleipenaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko ibilbide laburrenaren kilometro kopurua bider 0,29 euro, bider eguneko bidaia-kopurua (gehienez, eguneko lau bidaia, salbu eta ikasleak ikastetxeko jangela erabiltzen badu, kasu horretan, eguneko bi bidaia zenbatuko dira), bider eskola-egunak.
Ibilbidearen km x 0,29 euro x bidaia-kopurua (2 edo 4) x eskola-egunak.
e) Dagokion Berritzeguneko hezkuntza-premia berezietako aholkulariak adierazita, autobusez, trenez, tranbiaz edo metroz ikastetxeraino egindako desplazamenduetan ikasleari senide edo helduren batek lagundu behar badio, laguntzailearen txartelaren kostua eskabidean sartu ahal izango da. Eguneko gehienez laguntzailearen bi bidaia hartuko dira kontuan, baldin eta benetan egiten badira.
5. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin. Diru-laguntzaren zenbatekoa ezin da izan, ezein kasutan, bera bakarrik edo beste batzuekin batera, 2018-2019 ikasturtean ikasle eskatzailearen eskola-garraioaren kostua baino handiagoa izan.
6. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Agindu honetako I. eranskineko ereduaren arabera beteko dira laguntza-eskabideak, eta deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasi eta 2018ko irailaren 17ra arte aurkeztu beharko dira, ikasleak ikasten ari diren ikastetxeetako zuzendariei zuzenduta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako edozein bulegotan edo Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako edozein bulegoetan (Zuzenean) aurkez daitezke eskabideak; hona hemen helbideak: Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao, Bizkaian; Andia kalea 13, 20003 Donostia, Gipuzkoan eta Ramiro Maeztu kalea 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araban.
2.– Eskaera ikasleak sinatuko du, heldua bada, eta adingabea bada, gurasoek, tutoreak edo legezko ordezkariak.
3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, eta, era berean, eskabidea aurkeztuta baimena ematen zaio ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ikaslearen ordezkari gisa jardun dezan garraiorako banakako diru-laguntzak esleitzeko izapidetze-prozeduran.
4.– Eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat dago, zeinetan eskatzaileak honako hau ziurtatzen baitu:
a) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta diru-laguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela.
b) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexua bereiztearren eragindakorik ere, betiere otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
c) Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. zenbakian azaldutako egoeraren batean ez egotea.
5.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.
6.– Eskabidearekin batera desgaitasun-ziurtagiria aurkeztuko da, desgaitasun-mota eta desgaitasun-gradua adierazita, eta, era berean, kalkulatutako garraioaren kostuaren aurrekontua aurkeztuko da.
7.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ezohiko epea eta emandako kopurua berrikustea.
1.– Behin 6. artikuluko lehenengo apartatuan ezarritako epe orokorra igarotzen denean, ikaslea honako egoera hauetakoren batean dagoenean bakarrik eskatu ahal izango dira laguntza-eskabideak:
a) Ikastetxeko matrikulazioa eskabide-epea igaro ondoren egin da.
b) Bat-batean gertatutako egoerak (istripua, gaixotasun larria), eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren sortutakoak, baldin eta ohiko eskola-garraioa modu iraunkorrean erabiltzea eragozten badute.
Eskabidea egiteko, 6. artikuluan esandakoari jarraitu behar zaio.
2.– Garraiorako banakako diru-laguntzaren onuradunak laguntza osagarria eskatu ahal izango du emandako zenbatekoaren eta zerbitzuak izan duen azken kostuaren arteko aldeagatik, baldin eta garraio-mota aldatzea eragin duten bat-bateko egoera horiek gertatu badira, eta garraio ez-egokitua behar izatetik garraio egokitua behar izatera igaro bada. Eskabidearekin batera, bat-bateko egoera horien egiaztagiria, garraio egokitua behar duela justifikatzen duen agiria eta garraio horren gutxi gorabeherako aurrekontua aurkeztu beharko dira.
3.– Eskabideak ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio. Eskabide berriak eta laguntza osagarrirako eskabideak aurkezteko ezohiko epea 2019ko apirilaren 30ean amaituko da.
8. artikulua.– Eskaerak izapidetzea.
1.– Ikastetxeek fitxategi elektroniko batean jasoko dituzte eskabideak, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Hezkuntza Bereziko Zerbitzura bidaliko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hamar eguneko epean, honako helbide elektroniko hauen bidez:
– Itunpeko ikastetxe pribatuek ikasleen ordezkari gisa jardungo dute, eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan aurkeztuko dituzte eskabideak, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/transporte_nee/y22-izapide/es
Eskabidea egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
– Ikastetxe publikoek ikasleen ordezkari gisa jardungo dute, eta ikastetxe publikoentzako «Herri-ikastetxeak/Deialdiak» atariaren bidez aurkeztuko dituzte eskabideak (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).
9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da.
10. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Hezkuntza Bereziko lurralde-teknikariek aztertuko dituzte eskabideak, deialdi honetako 3. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dela egiaztatzeko. Horretarako, Berritzeguneak babes-zerbitzuetako hezkuntza-premia berezien aholkularitzei behar diren txostenak eskatu ahal izango dizkie, baita Saileko bestelako unitate teknikoei ere.
2.– Azterketaren ondoren, zerbitzu nagusiei lurralde bakoitzeko proposamenak bidaliko zaizkie, Hezkuntza Berriztatzeko lurralde-arduradun bakoitzaren oniritziarekin.
3.– Zerbitzu zentralek lurralde-proposamenak aztertuko dituzte, eta ebazpen-proposamena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari bidaliko diote. Proposamen horretan, batetik, ikastetxe bakoitzean diru-laguntza emango zaien ikasleen zerrenda egongo da, emandako laguntzaren guztizko zenbatekoa adieraziz. Bestetik, diru-laguntza ukatu zaien ikasleen zerrenda egongo da, ikastetxeen arabera sailkatuak eta ukatzeko arrazoia adierazita.
11. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.
2.– Deialdi honen ebazpena https://euskadi.eus web-orriaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, ikastetxe bakoitzeko eskatzaile guztiei emandako zenbatekoak adierazita.
3.– Aurrekoa eragotzi gabe, ikasle eskatzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeetako zuzendariei bidalitako komunikazioaren bidez, laguntzen ebazpenaren berri emango da eta eskatzaile bakoitzari emandako zenbatekoa zehaztuko da, edo, hala badagokio, zergatik ukatu zaion adieraziko da.
4.– Lehenengo atalean aurreikusitako epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
5.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
12. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
Eskola-garraiorako 2018-2019 ikasturterako banakako laguntzak bi zatitan ordainduko dira, ikasleak dauden zentroen bidez, eta honako aurreikuspen hauen arabera egingo da:
– Lehenengo zatia, diru-laguntzaren zenbateko osoaren % 73, deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean egingo da, tartean laguntzari berariaz uko egin ezean.
– Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, ikasturtea amaitu ondoren eta 14. artikuluan (laguntzaren justifikazioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera.
13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotzen dituen betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena argitaratu eta bost egun balioduneko epean.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea diru-laguntza emateko eskatutako betekizunei edo kostuei buruzko edozein gorabehera; batez ere, erakunde publiko edo pribaturen batek beste laguntzarik eman dien helburu bererako; eta, era berean, gainfinantzaketarik egon bada, gaindikin hori itzuli egin beharko dute.
d) Diru-laguntza eman zaion jardueraren izaera edo helburuan funtsezko aldaketa eragiten duen gorabehera ororen berri ematea, eta, lurralde-ordezkaritzek, Kontrol Ekonomikoko bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura eskuratutako diru-laguntzen gainean eskatzen dieten informazioa ematea.
14. artikulua.– Laguntza justifikatzea.
1.– Ikastetxeetako zuzendariek onuradunei eskatuko die, ikasturtea amaitutakoan eta 2019ko uztailaren 1a baino lehen, diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko garraio-ordainagiriekin. Justifikatzeko agiri horiek (tiketak, taxilarien fakturak, eskola-garraioko ordainagiriak, etab.) ikastetxean artxibatuko dira, geroago egiaztatu ahal izateko.
2.– Kontuan izanik aurkeztutako justifikazio-dokumentazioa eta ikasleak izan dituen aste batetik gorako asistentzia-faltak edo, halakorik bada, ikastetxean baja eman zuen data, ikastetxeetako zuzendariek 2019ko uztailaren 15a baino lehen bidaliko diote Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari emandako diru-laguntzaren gain gutxitze bat aplikatu behar zaien ikasleen zerrenda eta zenbatekoa ere adieraziko dute, onuradunari diru-laguntza osorik edo partzialki itzultzeko eskatzeko prozedura has dadin.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Diru-laguntzen onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:
● Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.
● Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.
● Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.
● Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.
● Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako obligazioak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.
2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da -dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira-, hargatik eragotzi gabe erabil daitezkeen gainerako akzioak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
17. artikulua.– Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza berezia» izeneko fitxategi batean sartuko dira, laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 13a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.