123. zk., 2018ko ekainaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (324 KB - 18 orri.)
- EPUB (213 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3325
AGINDUA, 2018ko ekainaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko 2018. urteko laguntzen (CTP Programa) deialdiaren oinarriak arautzen dituena.
Euskadiko turismo-industrian berrikuntza garatzeak garrantzi handia izan du eta hala izaten jarraituko du datozen urteetan ere, merkatu eta profil gero eta segmentatuago eta espezializatuagoa baitaukagu, gero eta maizago agertzen baita multiturista delakoa, eta beharra baitago baliozko proposamen aparteko eta bereiziak edukitzeko, bidaiariekiko harremanak sendotzeko eta fidelizatzeko edo harreman- eta komunikazio-bideak dibertsifikatu eta zabaltzeko.
EAEko turismoaren ikuskera estrategikoaren planteamendua da (2030. urtea jomuga izanik eta epe laburrerako 2017-2020 Gida Plana hartuta –plan horren barruan sartzen da EAEko Turismoaren Marketin Plana 2017-2020, sailak proposatzen dituen helburuak eta ekintzak biltzen dituena–) Euskadi turismo-gune bikain eta espezializatu gisa finkatzea eta, horrez gain, turistei balio handia eta EAEko gizarteari eta sektoreari oparotasuna ekartzea, horretarako berrikuntza eta turismo jasangarriaren ikuskera erabiliz.
Mundu globalizatu batean, bikaintasunez eta kalitatez behar du lehiatu Euskadik, derrigor. Horretarako, arlo estrategikoetan sortzen diren ekimen berriztatzaileei laguntza ematea eta turismo-arloaren profesionaltasunaren sustapena behar ditugu. Era berean, turismo-produktu berriak sortu eta merkaturatzen lagundu nahi zaio ekimen pribatuari.
Bestalde, turismoaren garapenak hazkunde jasangarriaren irizpideetan oinarritu behar du, ez bakarrik ingurumenaren eta gizartearen ikuspuntutik, baita EAEko turismo-sektorearen lehiakortasunetik ere; eta, horregatik, beharrezkoa da arau-esparrua eta laguntzak turismoaren sektorera egokitzea.
Helburu horrekin, turismo-proiektu lehiakorrak sortzen laguntzen duten proiektuak garatzea bilatzen du turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzen programak eta, horrekin batera, Euskadi Basque Country turismo-markaren kokapena finkatzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea. Horretarako, helburu hauek ezarri dira:
1.– Turismo-sektoreko enpresei turismo-produktu berriak garatzen eta merkaturatzen laguntzea, eta, horrez gain, izaera ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzea.
2.– Turismoaren arloko enpresek eta elkarteek antolatutako ekitaldiak bultzatzea, baldin eta haien garrantziagatik eta parte hartzen duen publikoarengatik zein hedabideetan duten oihartzunarengatik Euskadiren irudia eta turismo-kokapena sendotzen ez ezik ostatu-gauen kopurua handitzen ere laguntzen badute.
Aurreko helburu horiek betetzeko, agindu honek behar adina aurrekontu-kreditu du Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeari esker.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Diru-laguntzen 2018rako Plan Estrategikoan jasotzen da laguntzen programa hau.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eranskinetan jasotzen den baldintzetan onestea turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko 2018ko ekitaldiko laguntzak arautzen dituzten oinarriak eta laguntza horien deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
2.– Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru Laguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua Onartzen duena, eta prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 19a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.
ERANSKINA
TURISMOA MERKATURATZEKO ETA SUSTATZEKO LAGUNTZEN PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Xede hauek ditu agindu honek: Euskadiko turismo-produktuak diseinatzen eta martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten proiektuen garapena sustatzeko laguntzen deialdia egitea eta laguntza horiek arautzea, eta, Euskadiren turismo-kokapena sendotzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea.
2.– Jarduketa hauek egiteko diru-laguntzak emango dira:
– Euskadiko turismo-enpresei laguntzea turismo-produktuak diseinatu eta martxan jartzen.
– EAEko Turismoaren Marketin Plana 2017-2020n lerrokatzen diren turismo-sustapeneko eta turismo-marketineko jarduketak bultzatzea.
– Euskadiren kokapen turistikoa sendotzen edota ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatzea.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 717.000 eurokoa da; zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko da.
2.– Aurkeztutako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika erabili gabe; izan ere, helburu hau duen programa bat baita: agindu honek onuradun izateko eskatzen dituen betekizunak betetzen dituztenei laguntzak ematea, baldin eta eskaerak behar bezala eta sasoiz egin badituzte. Horretarako, programa finantzatzeko erabili beharreko aurrekontu-zenbatekoak ez badira nahikoak egindako eskaerei agindu honen 6. artikuluan ezarritako zenbateko eta portzentajeetan aurre egiteko, laguntza eskaeren artean hainbanatuko da, eta, kalkulua egiteko, 6. artikuluan adierazitakoaren arabera teorian jaso beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko da oinarritzat.
3.– Ekitaldi bakoitzari dagozkion diru-laguntzetarako deialdietan izendatzen diren zenbateko osoak aldatu ahal izango dira, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gelditu zaizkion aurrekontu-baliabideen arabera, eta laguntzetarako ebazpena eman aurretik. Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.
3. artikulua.– Definizioak.
Agindu honetan, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:
1.– Turismo-produktua: turismo aldetik erabiltzeko eta gozatzeko egituratuta dauden baliabide edo zerbitzu nagusiak eta/edo osagarriak; erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin ditzakete berauetan.
2.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak: edozein motatako informazioa kanal teknologiko desberdinen bitartez tratatu, kudeatu, administratu, zabaldu eta elkarbanatzeko sortutako tresna, teknologia eta programen multzoa.
3.– Turismo-paketea: modu bakarrean merkaturatzen den eta ostatuaz gain beste zerbitzu turistiko bat edo gehiago eskaintzen dituen produktua.
4.– Produktu-kluba: kudeaketa- eta plangintza-tresna bat, enpresa- eta erakunde-multzo batek erabiltzen duena lankidetza publiko-pribatuko esparruan modu antolatuan elkarrekin lan egingo dutela erabakitzeko, merkatuko segmentu espezifiko batentzat produktu berriak garatzea edo dauden produktuen balioa handitzea helburutzat hartuta.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Erakunde hauek izan daitezke agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun:
1) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo horien arteko aldi baterako elkartzeak, zerbitzu turistikoak eskaintzen dituztenak edo sektore turistikoan eragina dutenak.
Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.
2) Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduketak egiten dituzten elkarteak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak.
3) Euskadin egiten diren nazio- nahiz nazioarte-mailako turismo-proiekzioko kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiak antolatzen dituzten enpresak.
2.– Era berean, pertsonek edo erakundeek, onuradun izaera lortzeko, arau honetan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte; honako hauek, besteak beste:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitu ez izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.
c) Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsiarazteko ebazpen irmorik ez eman izana.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta izatea.
e) Ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehaztu denarekin bat etorriz.
f) Agindu honek edo beste legeren batek ezarritakoaren arabera diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal irmorik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
g) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeak ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
h) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
3.– Aipatutako betekizunak betetzearen justifikazioa laguntzaren erantzukizunpeko adierazpenean egingo da.
4.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak betetzen diren ala ez, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak xedatutakoari jarraituz. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako adostasuna, eta, hori egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
5.– Mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek legez eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte beren jarduera gauzatzeko eta agindu honetako diru-laguntza jasotzeko aurkezten dituzten jarduketak egiteko.
6.– Diru-laguntza emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
5. artikulua.– Erakunde baztertuak.
Laguntzen programa honetako erakunde onuradun izatetik baztertuta daude honako hauek:
– Erakunde publikoak (udalak, toki-erakunde autonomoak, tokiko enpresa-erakunde publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak) eta eskualde-mailako nahiz eskualdeaz gaindiko turismo-lankidetzako erakunde gisa jardun diren erakunde publiko edo pribatuak (kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, partzuergoak eta bestelako erakunde eta elkarteak).
– Kirol-federazioak, kirol-klubak eta kirol-elkarteak.
– Foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritzari lotuta edo haren mende dauden nortasun juridiko propioko sozietate publikoak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta laguntzen zenbatekoak.
1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira ondorengo atalen batean sartzen diren jarduketak:
A) Turismo-produktuak sortzeko eta merkaturatzeko laguntza
Pizgarriak ematea mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei (ETEak) edo horien arteko aldi baterako elkartzeei, Euskadiko turismo-produktuak diseinatzeko eta martxan jartzeko.
1) Diruz lagundu daitezkeen jarduketak:
– Eskualdeko turismo-lankidetzako erakundeekin, hiru hiriburuetako erakunde sustatzaileekin eta CTE Aginduan definitutako erakunde kudeatzaileekin batera garatutako esperientziak inplementatzea.
– EAEko Turismoaren Marketin Plana 2017-2020en definituriko produktuetan oinarritutako esperientzia berritzaileak sortzea.
– Hainbat turismo-enpresak batera eskainitako esperientziak/produktuak garatzea.
– Sustapenera edo/eta merkaturatzera bideratutako materiala prestatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak euskarri gisa erabiliz: bisitak egitea errazten duten eta turismo-esperientzia optimizatzen duten gida elektronikoak edo gailu mugikorrak, eta orrien nahiz argazki- eta film-bankuen garapen eta hobekuntza nabarmenak.
– Sustapenera edo/eta merkaturatzera bideratutako merchandisinga prestatzea.
– Esperientziak/produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen edo/eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreei, kazetariei edo bestelako erakundeei harrera egitea.
– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak antolatutako edo koordinatutako marketineko eta sustapen turistikoko jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.
– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak parte hartzen ez duen marketineko eta sustapen turistikoko jarduketetara joatea, betiere 2017-2020 Euskadiko Marketin Plan Turistikoan lehentasunezkotzat jo diren merkatuetan; bai nazioarteko merkatuan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, EEBB, Eskandinaviako herrialdeak, Herbehereak), bai estatukoan (Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa). Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko, bai eta, hala badagokio, zorua alokatzeari, standari eta material-garraioari dagozkien gastuak ere.
2) Laguntzaren zenbatekoa:
– Onartutako gastu garbiaren % 60; gehienez 15.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.
– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak zuzenean sustatutako turismo-produktuak sortzeko eta garatzeko proiektuetan sartuta egonez gero, eta, bereziki, enogastronomia, ihesaldiak, ibilbideak, bilerak, Euskal Kostaldea, natura eta kultura: onartutako gastu garbiaren % 60; gehienez 20.000 euro.
B) Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko jarduketak
Sektoreko elkarteek, fundazioek eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek egiten dituzten Euskadiko turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko jarduketak bultzatzea, jarduketa horiek EAEko Turismoaren Marketin Plana 2017-2020n lerrokatuta badaude.
1) Diruz lagundu daitezkeen jarduketak:
– EAEko Turismoaren Marketin Plana 2017-2020n definituriko produktuetan oinarritutako esperientzia berritzaileak sortzea eta garatzea.
– Sustapenera edo/eta merkaturatzera bideratutako materiala prestatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak euskarri gisa erabiliz: bisitak egitea errazten duten eta turismo-esperientzia optimizatzen duten gida elektronikoak edo gailu mugikorrak, eta web orrien nahiz argazki- eta film-bankuen garapen eta hobekuntza nabarmenak.
– Sustapenera edo/eta merkaturatzera bideratutako merchandisinga prestatzea.
– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak antolatutako edo koordinatutako marketineko eta sustapen turistikoko jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko.
– Esperientziak/produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen edo/eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreei, kazetariei edo bestelako erakundeei harrera egitea.
– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak parte hartzen ez duen marketineko eta sustapen turistikoko jarduketetara joatea, betiere 2017-2020 Euskadiko Marketin Plan Turistikoan lehentasunezkotzat jo diren merkatuetan; bai nazioarteko merkatuan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, EEBB, Eskandinaviako herrialdeak, Herbehereak), bai estatukoan (Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa). Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko, bai eta, hala badagokio, zorua alokatzeari, standari eta material-garraioari dagozkien gastuak ere.
2) Laguntzaren zenbatekoa:
– Eremu geografikotzat lurralde historikoa edo EAE duten elkarte sektorialak: onartutako gastu garbiaren % 50; gehienez 35.000 euro.
– Tokiko elkarte sektorialak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak: onartutako gastu garbiaren % 50; gehienez 15.000 euro.
– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak zuzenean sustatutako turismo-produktuak sortzeko eta garatzeko proiektuetan sartuta egonez gero, eta, bereziki, enogastronomia, ihesaldiak, ibilbideak, bilerak, Euskal Kostaldea, natura eta kultura:
• Eremu geografikotzat lurralde historikoa edo EAE duten elkarte sektorialak: onartutako gastu garbiaren % 50; gehienez 40.000 euro.
• Tokiko elkarte sektorialak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak: onartutako gastu garbiaren % 50; gehienez 20.000 euro.
C) Turismo-proiekzioa duten ekitaldiak bultzatzea
Fundazioek, elkarteek eta kultura-, gastronomia eta kirol-arloko ekitaldiak antolatzen dituzten enpresek egindako ekitaldiak bultzatzea, baldin eta haien garrantziagatik eta parte hartzen duen publikoarengatik zein hedabideetan duten oihartzunarengatik Euskadiren irudia eta turismo-kokapena sendotzen ez ezik ostatu-gauen kopurua handitzen ere laguntzen badute.
Ez dira hemen sartzen herrietako urteko jaien barruan egiten diren ekitaldiak eta tokiko herri-ekitaldiak.
1) Diruz lagundu daitezkeen jarduketak:
Ekitaldiaren antolaketari eta sustapenari dagozkien gastu guztiek jaso dezakete diru-laguntza, esaterako:
– Sustapen-materiala egitea, betiere euskarri gisa informazioaren eta komunikazioaren teknologia (IKT) berriak erabiltzen badira.
– Sustapenera edo/eta merkaturatzera bideratutako merchandisinga prestatzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoan eta hortik kanpo oihartzuna duten komunikazio-estrategiak.
• Ekitaldia sustatzen laguntzen duten EAEtik kanpoko sustapen-ekintzak.
• Ekitaldia Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzen edo/eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreei, kazetariei edo bestelako erakundeei harrera egitea.
• Bestelakoak; hala nola, diseinu grafikoa, prentsaurrekoetarako dosierrak edo baliabide teknikoak, karpen alokairua edo ekipo teknikoen alokairua (proiektuak, pantailak).
2) Laguntzaren zenbatekoa:
– Onartutako gastu garbiaren % 50; gehienez 15.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.
– Pakete turistiko bat badago eta hori indarrean dagoen arautegiarekin bat etorriz merkaturatzen bada: onartutako gastu garbiaren % 50; gehienez 25.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.
2.– Jarduketa guztiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko laguntza aipatu beharko dute haren logoa eta Euskadi Basque Country turismo-marka gehituz; betiere, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak) eskatu beharreko eskuliburuaren jarraibideekin bat etorriz.
3.– Web orrien garapen eta hobekuntza nabarien kasuan, erakunde onuradunak banner bat jarri beharko du bere orrian, https://turismo.euskadi.eus.turismo-atariarekin esteka egiten duena.
4.– Argazki- eta film-bankuen kasuan, erakunde eskatzaileak izan behar du halakoen jabe, eta material horrek eta hori doan erabiltzeko eskubideak Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren esku geratu behar du, erakunde onuradunari aplikatzen zaizkion baldintza berberetan.
5.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Inbertsio-gastuak.
b) Informatikako ekipamendua eskuratzea.
c) Web orria erregistratu, mantendu eta ostatatzeko («hosting»a) gastuak.
d) Erakunde eskatzailearen langile-gastuak eta gastu arruntak.
e) BEZa (salbuetsita dauden entitateak izan ezik), tasak eta bestelako zergak.
f) Gonbidapenak, bazkariak eta bestelakoak, salbu eta eskabidean justifikatuta badago beharrezko gastuak direla jarduketa gauzatzeko.
g) Erakunde eskatzailearen sustapen- eta merkaturatze-gastuak.
6.– Diruz lagungarriak diren jarduketak deialdi honen ekitaldian zehar egin behar dira.
7.– Diru-laguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzetan.
7. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.
1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak xede berberarekin kudeatutako hitzarmen, babes edo beste laguntza-aginduen bidez ematen diren laguntzekin izan ezik.
2.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori.
Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.
Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetara biltzen diren enpresen gastu-proiektuek ezingo dute beste diru-laguntzarik jaso, edozein izanda ere laguntzen izaera eta laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa, baldin eta agindu honetatik eratorritako laguntzak batuta gainditu egiten badira Europako Erkidegoko arautegian laguntzen metaketarako aurreikusten diren mugak. Nolanahi ere, inolaz ere ezingo da gainditu agindu honen bidez diruz lagundutako gastu-proiektuaren kostua.
4.– Agindu honetan xedatutakoan oinarrituta, emandako laguntzetatik kendu egingo dira beste organo edo administrazioek emandako laguntzak, baldin eta diruz laguntzeko gastuei dagokienez helburu bera badute, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko mugetara iritsiz gero.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Erakundeek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen egoitza elektronikora joz. Horretarako, https://www.euskadi.eus helbidea erabili behar dute.
3.– Aipatutako egoitza elektronikoan daude eskuragarri eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, egiaztapenak eta gainontzeko ereduak izapidetzeko jarraibideak.
4.– Eskaera egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean.
5.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
6.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko ditu 6. artikuluan zerrendatutako diruz lagun daitezkeen jarduketa guztiak. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuko balitu, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio eta, egingo ez balu, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da eta gainerako guztiak artxibatu egingo dira.
7.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, datorren artikuluak aipatzen duen dokumentazio euskarria gaineratuko du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.
8.– Agindu honi lotuta dauden prozedura guztietan bitarteko elektronikoen bidez jarduteko ordezkaritza eman ahal izango zaio beste pertsona bati; Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez https://euskadi.eus/ordezkariak edo eskaerari Borondatezko Legezko Ordezkaritza Egilesteko Inprimaki normalizatua erantsiz https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea, behar bezala beteta.
9.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
9. artikulua.– Eskabideen eta aurkeztu beharreko beste dokumentazioaren edukia.
1.– Erakundearen datu orokorrak eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko beharrezko informazioa edukiko du eskabideak.
2.– Laguntza-eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen legezko ordezkariak sinatua. Hauxe da informazio hori:
– Laguntzaren pertsona edo erakunde onuraduna izateari dagokionez:
– Betetzen dituela deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.
– Ez daukala diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik eta ez daukala horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Dirua itzultzeko edo zehapena ezartzeko prozeduraren batean sartuta dagoela edo ez dagoela edo halakoak bukatu direla dioen adierazpena.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
– Mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaina (ETE) izatekotan, hala kalifikatua izateko baldintzak betetzen dituela.
– Hala badagokio, EAEko Elkarteen Erregistro Orokorrean edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta dagoela.
– Pertsona edo erakundea ez dagoela Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainontzeko egoeretan (egoera horiek eragotzi egiten dute pertsona edo erakunde onuradun izatea).
– Beste laguntzei dagokienez:
– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.
– Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako minimis izaerako laguntzak, laguntza eskatu den urtea hartuta azken urteko erreferentziatzat.
– Agindu honetan ezarritako zenbatekoak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste diru-laguntzak batuta, diru-laguntza emateko xede den jarduketaren azken kostua gainditzen badu, eskatzaileak konpromisoa hartzen duela egoera horren berri emateko.
– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
– Ez dagoela zigortuta diru-laguntza eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/ 2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.
– Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.
– Konpromisoa hartzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/ 2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak bere gain hartzeko. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.
– Eskabideko datuei dagokienez:
– Egiazkoak direla eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta norbere gain hartzen dela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
b) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
– Proiektuaren azalpen-memoria zehatza: laguntza eskatutako jarduketaren deskribapena, helburuak eta aurrekontu banakatua. Eskabidean aurreikusitako jarduketak zehaztu beharko ditu.
– Ekonomia-jardueren gaineko zergan izandako alta eta bajen ziurtagiria, salbu eta enpresa salbuetsita badago eta hala egiaztatzen badu.
– Hala badagokio, BEZetik salbuetsita egotearen Zerga-Agentziaren adierazpena edo BEZaren subjektu pasiboa EZ izatearen ziurtagiria, eskainitako ondasunak eta zerbitzuak kobratzen ez direlako.
– Aldi baterako enpresa-elkarteak sortzen diren kasuetan: horiek gauzatzeko eskritura publikoaren kopia.
– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili gabe ordezkaritza emanez gero, eta behar bezala betetako Borondatezko Legezko Ordezkaritza Egilesteko Inprimaki normalizatuarekin batera:
Pertsona fisikoa bada: NANa edo ordezkaritza ematen duen pertsonaren agiri baliokidea.
Pertsona juridikoa bada: ordezkaritza-ahalordearen agiria edo hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion entitateak legezko ordezkari gisa legitimatzen duen zuzenbidez baliozkoa den beste edozein agiri.
3.– Ez da nahitaezkoa izango edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, betiere erakunde interesdunak horiek kontsultatzeko baimena espresuki ukatu ez badu eskabidean. Era berean, ez da nahitaezkoa izango erakunde interesdunek aurretik edozein administraziotan aurkeztu dituzten datu edo dokumentuak aurkeztea, betiere noiz eta zer organotan aurkeztu zituzten adierazten badute. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.
4.– Eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari baimena ematea hark, ziurtagiri telematikoen bidez, zuzenean egiaztatzeko eskatzaileak betetzen dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak. Hala eta guztiz ere, erakunde eskatzaileak espresuki uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua Onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutako moduan aurkeztu beharko du egiaztapena.
Laguntza eman aurretik egiaztatuko da betekizun horiek betetzen diren, bai eta ordaintzeko proposamena egin aurretik ere. Azken kasu horretan, laguntza eman zenetik 3 hilabete baino gehiago igaro direnean, eta ordainketa hurrengo ekitaldi batean egiten bada.
5.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta/edo informazio osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Bestalde, arau honetan espresuki xedatu ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da. Erakunde onuradun izaera lortzeko debekurik ez edukitzea Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatuko da.
10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.
1.– Eskabidea guztiz beteta ez badago, edo ez badauka aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko turismo eta ostalaritza arloko teknikariek erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzen dezan edo beharrezko dokumentuak bidal ditzan; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko diote. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak egoitza elektronikoaren bitartez.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du, alde batetik, egiaztatzeko jakinarazpena zein egun eta ordutan jarri den jakinarazten den ekintzaren interesdunaren eskura eta, bestetik, egiaztatzeko interesduna noiz sartu den jakinarazpenaren edukira; une horretatik aurrera joko da gauzatutzat jakinarazpena. Jakinarazpena interesdunaren eskura jarri izanaren ziurtasuna egonik egutegiko hamar egun igarotzen badira interesduna haren edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin diola ulertuko da eta izapidea prozedurari jarraituz egintzat emango, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.
11. artikulua.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko turismo eta ostalaritza arloko teknikariek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazioa egingo dute, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote erakunde eskatzaileari.
2.– Ondoren, eskabide bakoitzari diru-laguntza emateko proposamen bat egingo dute aurreko zenbakian aipatutako teknikariek eta, bertan, jasota utziko dute beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela diru-laguntzak eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak. Horrez gain, hautatu diren eta hautatu ez diren gastuak identifikatuko dituzte, hautatu ez dituztenak zergatik ez dituzten hautatu arrazoituko dute, eta agindu honen 6. artikuluan adierazitako mugen arabera eman beharreko diru-laguntzaren (diru-laguntza teorikoaren) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak adieraziko dituzte. Kalkulatutako diru-laguntza dezimalik gabe emango dute, zenbatekoa hurrengo zenbaki osora biribilduz.
12. artikulua.– Laguntzak ematea.
1.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titularrak du eskumena erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpena eman eta jakinarazteko; sei hileko epea du horretarako, urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ebazpen horretan identifikatuko dira erakunde onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak edo, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak.
2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektroniko honen bitartez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
3.– Epe hori igarotzen bada ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, erakunde interesdunak bere eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du, organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharraren kalterik gabe.
4.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan, bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda.
5.– Arau honen bidez araututako diru-laguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
13. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, modu bakarra egongo da: https: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.egoitza elektronikoa erabiltzea.
2.– Erakunde onuradunak agirien bidez justifikatu beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz, betetzen dituela ezarritako baldintzak eta diru-laguntzaren xede den helburua, diru-laguntza jaso duten jarduketak bukatu ondoren, eta betiere jarduketak gauzatzeko epea bukatzen denean (2019ko urtarrilaren 31n bukatuko da epe hori).
Diru-laguntza emateko ebazpena eta jakinarazpena 2018ko abenduaren 31 baino beranduago egiten badira atzeratu egin direlako, justifikazioa aurkezteko epea jakinarazpena jasotzen denetik hilabetekoa izango da.
3.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, luzatu ezin den hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko diote erakunde onuradunari turismo eta ostalaritza arloko teknikariek.
4.– Aurreko apartatuan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.
5.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontu sinplifikatua erabiliko da. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du:
– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria. Sexuaren arabera bereizitako estatistikak.
– Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena, honakoez osatua:
a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hornitzailearen identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagundu badaiteke) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da.
Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo baimendutako pertsonaren sinadurarekin (udal-ikuskatzailea, erakundearen kudeaketa ekonomikoaren arduraduna, etab.), betiere zenbateko hori emandako diru-laguntza osoaren % 10 baino txikiagoa bada.
Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatu eta emandako ereduaren arabera beteko da: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ctp-2018/y22-izapide/eu
b) Diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
– Diruz lagundutako jardueren artean sustapena eta/edo merkaturatzea egiteko materialaren prestaketa daukatenek frogatu egin beharko dute Euskadi Basque Country turismo-marka eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa jarri dituztela; betiere horiek erabiltzeko eskuliburuari jarraituz. Baita, hala badagokio, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin lotzen dituen banner-a daukatela ere.
6.– Turismo eta ostalaritza arloko teknikariek egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta. Era berean, ausazko laginketa baten bidez egiaztatuko dituzte egoki iritzitako egiaztagiriak, diru-laguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko argibide nahikoa eman dezaten, eta, horretarako, aukeratzen dituzten fakturak eta gastu-egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango diote erakunde onuradunari. Aukeraketa horretarako oinarritzat hartuko da lagina ez izatea sistema honen bidez egindako egiaztapenen herena baino txikiagoa lurralde bakoitzean.
7.– Dokumentazioa egiaztatzerakoan ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.
8.– Aurreko zenbakian aipatutako teknikariek, adierazitako alderdi guztiak egiaztatzen dituztenean, txosten bat egingo dute eta Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titularrari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko dute.
Zentzu horretan, diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaie erakunde onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak. Inongo kasutan ezin izango da diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako zenbatekoa gainditu.
14. artikulua.– Laguntza aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu berbera lortzeko emandako laguntzak edo diru-laguntzak eta hau aldi berean jasotzeak edo helburu bera lortzeko bestelako diru-sarrera edo baliabideak eskuratzeak, diru-laguntza emateko ebazpena aldaraz dezakete, betiere arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Horri begira, aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titularrak, eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira bertan.
2.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada baina proiektua funtsean aldatu gabe, eta betiere deialdia egiteko agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.
3.– Egindako jarduketen behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino, eta diru-laguntzak zuen xedeari eusten bazaio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuz. Ez dira onartuko hasieran onetsitako diruz lagundutako gastuaren % 25 gutxienez ez gauzatzea eragiten duten aldaketak.
15. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titularrak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.
2.– Laguntza jasotzen duen erakundeak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako diru-laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu baino lehen, betiere Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badio. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titularrak ebazpen bidez onartuko du espresuki uko egitea, eta prozedura erakundearentzat bukatutzat emango du.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Ez-betetzea eragingo duen arrazoien artean dago emandako diru-laguntzaren gauzatze-maila gutxienez % 25ekoa ez izatea.
3.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titular eskudunari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espediente hori https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak egoitza elektronikoan bakarrik izapidetuko da.
4.– Prozedura administrazioko arau-haustea izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraiki.
3.– Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea diruz lagundutako jarduketak.
4.– Ebazpena eman aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
5.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik xede berbererako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, diru-laguntza justifikatzeko agiriekin batera.
6.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu zen edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu nahi bada, horren berri ematea aldaketa egin aurretik.
7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen dieten informazio guztia.
8.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
9.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:
– Jarduketa guztiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa, eta Euskadi Basque Country turismo-marka eraman beharko dituzte, horiek erabiltzeko eskuliburuari jarraituz.
– Erakunde onuradunak banner bat jarri beharko du bere web orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.
10.– Beren gain hartzea administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak. Tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.
11.– Erakunde onuradunek kontratuak egiten badituzte eta horietan diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotiko gorakoa bada, ekipamendu-ondasunen horniduraren edo enpresa batek aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak ematearen kasuan, erakunde onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan horiek ematen dituzten nahikoa erakunde ez badago, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egin bada.
12.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritza eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jarduketen garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritza eta egiaztapenek, eta erakunde onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia, baita eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio guztia ere.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan edo horren ordezko geroko arauetan, eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdiak bideratzean bildutako datu pertsonalak «Turismo Laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dutenean datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdi horietan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren ardura turismoaren eta ostalaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak du. Datuetara sartzeko eskubideaz baliatzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzara jo beharko da; datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, ordea, sail horretako Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).