123. zk., 2018ko ekainaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (249 KB - 4 orri.)
- EPUB (200 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3324
EBAZPENA, 2018ko ekainaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategiko bat formulatzen baita, hain zuzen ere Donostia udalerriko Igeldo mendian kokatutako 06485A landa-lurzatiaren zati bat Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziarena.
AURREKARIAK
2018ko urtarrilaren 12an, Donostiako Udalak «Igeldo mendian kokatutako 06485A landa-lurzatiaren zati bat Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Berezia» egiteko ingurumen-ebaluazio estrategikoa abiarazteko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2018ko martxoaren 1ean abiarazi zuen kontsulta-izapidea, eta zenbait organismori eskatu zion oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia, Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; Itsas Enara ornitologiako sozietatea; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea; Ugatza ornitologiako sozietatea, eta Haritzalde Parkeen Lagunak elkarte naturalista. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasieraren berri.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun guztiek egoki iruditzen zitzaizkien ingurumen arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostenak jaso dira: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Gipuzkoako Zuzendariordetza), eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzakoak dira guztiak); espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua oinarriak ezartzea da, ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko. Horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan honako hau zehazten da, besteak beste: planak eta programak, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan egon ez baina proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen dutenak izanik, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Aztertuta geratu dira Igeldo mendian kokatutako 06485A landa-lurzatiaren zati bat Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostia udalerriko Igeldo mendian kokatutako 06485A landa-lurzatiaren zati bat Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziari (hemendik aurrera, Plan Berezia) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Donostiako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO), 2010eko ekainaren 25eko ebazpen bidez onartu zenak, eremua lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu zuen (D.10 – babes bereziko landa-lurzorua). Gainera «C.6 – Paisaiaren babes-eremuak» baldintzatzaile gainjarriaren eraginpean dago. HAPOaren arabera, «lurzoru urbanizaezin batean jarduketak baimentzeko, indarrean dagoen araudiaren araberako plan berezi bat idatzi eta onartu beharko da».
Plan berezi horren xedea lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako eremuaren antolamendu xehea egitea da, zehazki, Donostiako Igeldo mendiko 06485A lurzatiaren zati batena. Horren bidez, Igeldoko jolas-parkean tirolina bat ezartzea arautuko da.
Eremuak, guztira, 10.860 m²-ko azalera du. Iparraldean, parkerako sarbide-errepidearekin eta parkeko aparkalekuarekin egiten du muga; ekialdean, eraikin multzoarekin eta ostalaritza-establezimendu batekin; eta hego nahiz mendebaldean, lurzatiaren gainerako aldeekin.
Igeldo mendiko jolas-parkea berritzeko lanen barnean dago aipatutako jarduketa; hala, parkeko gainerako instalazioekin koordinatuta legoke hizpide duguna, parkearen beraren beste jarduketa bat izanik.
Ez da urbanizazio-obrarik beharko, ezta sarbide berririk ere. Jolas-parkearen barnean dago kokatuta jarduketa berria hartuko duen lurzatia; beraz, azpiegitura, sarbide eta aparkaleku nahikoak ditu. Halaber, jolas-parkeko komunak eta zerbitzu sanitarioak erabiliko dira. Zerbitzu-azpiegituren hargunerik ere ez da behar (ura, argia, etab.).
Plan berezia garatzearen ondoriozko jarduera nagusiak hauek dira:
– Lurzorua egokitzea: ez da lur-mugimendurik behar. Oihanpeko sasiak kenduko dira sarbidean eta inguruetan, eta jarduerak egingo diren inguruetan. Zirkuiturako sarbideak ez du bestelako egokitzapenik beharko, ezta kanpo-materialik ere.
– Tirolina-ibilbidea oztopatzen duten zuhaitzak moztea; gehienak Pinus radiata espezieko aleak dira, baina bada, halaber, zuhaitz autoktono gazteren bat.
– Erronkak, ibilbideak eta tirolinak muntatzea. Horretarako, ez da makina astunik erabiliko, eskuzko makinak baizik (sasiak kentzekoa, zerra, eskuzko lanabesak, etab.).
– Zurezko etxola prefabrikatu bat ipiniko da. Ez da ur- eta elektrizitate-hargunerik behar.
– Instalaziorako erabiliko den lurzatiaren itxitura perimetrala; elementu naturalak erabiliko dira, zurezko hesolak, oihanpeko landaredia, etab.
Aurreko guztia kontuan hartuta, plan bereziaren ondoriozko inpaktu negatibo esanguratsuena landaredia kimatzea eta moztea da, batik bat, landaredia autoktonoari eragingo diolako. Kontuan hartu behar da, halaber, paisaia kaltetu daitekeela.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak proiektuetarako esparrua ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Beste plan eta programa batzuekin bateragarria den: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko planeamenduarekin. Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak berak dionez, plan berezi bat onartu behar da lurzoru urbanizaezinean jarduerak ezartzea baimentzeko.
c) Planaren egokitasuna, batik bat, garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak txertatze aldera: kontserbazio-egoera txarrean dauden lursail batean kokatu nahi da proposamena, eta horrek ingurua garbitzea eta egoera onean edukitzea ekar dezake; ez da azpiegitura, sarbide edo aparkaleku berririk eraiki beharko; jarduera ingurunean integratzeko, elementu naturalak erabiliko dira, tartean, erretiratutako zuhaitzekin egindako zurezko hesolak, oihanpeko garbiketako landaredia, «itxitura bizidunak», etab. Plan bereziak ingurumenaren arloko neurriak jasotzen dituela jotzen da, garapen jasangarria sustatzearren.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: plan bereziaren ondoriozko inpaktu negatibo esanguratsuena landaredia kimatzea eta moztea da, batik bat, landaredia autoktonoari eragingo diolako. Kontuan hartu behar da, halaber, paisaia kaltetu daitekeela. Eragin horiek ahal beste arintzeko, hainbat neurri har daitezke; esaterako, tirolina finkatzeko pinu aleak bakarrik erabiltzea, zuhaitz autoktonorik ez moztea eta erabiltzaileak ibili ahal izatea bermatzeko behar den adina sasi bakarrik kentzea.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria -Europakoa nahiz Espainiakoa- txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, Planaren zehaztapenak eta Ebazpen honetako aurretako ataletan deskribatutakoa kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen ondorio adierazgarririk izango denik Plana gauzatzearen ondorioz.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Ebazpen honetako xede den Planaren zehaztapenak garatzeko instrumentuetan etorkizunean garatzen diren neurriak gorabehera, egokitzat jotzen dira Planaren ebaluaziorako aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako neurriak.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, ez dirudi Donostiako Igeldo mendian kokatutako 06485A landa-lurzatiaren zati bat Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziak eragin garrantzitsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.- Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako Igeldo mendiko 06485A landa-lurzatiaren zati bat Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Berezia onartu ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 8a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.