Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2018ko maiatzaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2542

70/2018 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Kutxabank-i eros diezazkion Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.n (SPRI S.A.) dituen akzioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eratu zen, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa.

Era berean, hamahirugarren xedapen gehigarri horretan bertan, 3. eta 12. apartatuetan, hurrenez hurren, honako hau adierazten da:

«3.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia-sustapeneko politikarako tresna gisa jardutea.»

«12.– Bereziki, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari adskribatuko zaizkio Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren kapital sozialeko titulartasun publikoko partaidetza guztiak. Era berean, sozietate publiko hori azkentzea baimentzen da, deseginez, aplikatzekoa den araudiak ezarritako izapideak bete ondoren.»

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan azaltzen denez, zuzenbide pribatuko ente publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak dira.

Era berean, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei dagokienez, lege horren 15. artikuluan adierazten da Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde instituzionalak direla, izaera publikokoak, helburutzat dutenak autonomia-erkidegoaren eskumeneko jarduerak gauzatzea, deszentralizazio-araubidean betiere, zuzenbide pribatuaz araututa gehienbat.

Adierazi denez, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak Administrazio instituzionala osatzen du; ez da Kapital Sozietateen Legean onartutako erakunde bat. Ez dauka, beraz, kapital sozialik, ezta akziorik ere, eta, hortaz, ezin du legez eratu duen Administrazioa ez den beste erakunde batek osatu.

Kontuan hartuta Kutxabank, S.A. sozietatea Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren 41.381 akzio izendunen titularra dela –kapital sozialaren % 0,862ren baliokidea–, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak akzio horiek eskuratzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren helburu soziala hau da:

«a) Enpresa-sustapenean laguntzea, kudeaketaren, ekonomiaren eta teknikaren arloetan eta interes enpresarialeko beste arlo batzuetan aholkularitza-zerbitzua emanez eta ikerketak eginez.

b) Enpresa berrien sorrera eta lanean ari direnen hedapena sustatzea, arreta berezia jarriz garapen teknologikoan eta esportazioan.

c) Enpresen arteko jarduera komunak eta lankidetza-esparrukoak sustatzea, horrela haien lehiakortasuna handitzen bada.

d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutakoen ahaleginei era osagarrian laguntzea, betiere bideragarritasun-baldintza objektiboak biltzen badituzte.

e) Ikerketa eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu berrietan eta horri loturiko zerbitzuetan.

f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen bestelako edozein.

Horietaz gainera, sozietateak beste hau ere egin dezake bere helburuak betetzeko:

1.– Diru-laguntzak eta epe luzeko eta ertaineko kredituak ematea, are interes-tasa bereziko baldintzetan, bai eta abalak ematea ere Eusko Jaurlaritzak horretarako ematen dituen arauekin bat etorriz.

2.– Parte hartzea interes bereziko enpresen kapital sozialean, eta haien helburu sozialaren parte diren jarduerak garatzea, zeharka, zati batean edo osotasunean, beste sozietate batzuen akzioen edo partaidetzen titulartasunaren bidez, baldin eta sozietate horiek helburu bera badute edo haien helburua sozietatearen helburuaren parte edo antzekoa bada. Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik baimena eman behar du jarduketa horiek guztiak egiteko, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan egin beharko dira.

3.– Obligazioak edo antzeko tituluak jaulkitzea, erakundeek aurreztutako funts publikoen koefizientearekin konputagarriak izan daitezkeenak.

4.– Maileguak jasotzea finantza-entitate publiko eta pribatuetatik. Aurrezki-kutxek ematen dituzten maileguak araubide berezikoak izango dira, indarreko legeetatik eratorritako forman eta baldintzetan.

5.– Diru-laguntzak eta bermeak jasotzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorretik eta beste instituzio eta erakunde publiko batzuetatik, bai eta sektore publiko estataletik ere.»

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 8an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren 41.381 akzio eros diezazkion Kutxabanki, 3.386.411 euroan guztira. Eragiketa honen ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 100eko partaidetza izango du Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.n.

2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 8an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala