Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2018ko maiatzaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2537

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazio, foru-administrazio eta Euskal Herriko Unibertsitateko enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia egiten duena.

Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiten dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak haren xedeen artean honako hau ezartzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein administrazio publikok edo antolamendu juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza». Orobat, haren xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainerako erakundeekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».

2012. urteaz geroztik aurrekontuen legeetan egin den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 5/2017 Legeak zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan. Aurrekontu honek zuzkidura espezifikoak ditu xede hauetarako: foru-administrazioko prestakuntza planak eta toki-administrazioko prestakuntza.

Honez gain, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko aurrekontuak diru-laguntza du berariaz izendatuta Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, gehieneko kopuru bat ezarrita.

5/2017 Legearen hamargarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den diru-laguntzen lerro bat da; laguntzen programa horren helburua da prestakuntza-plan edo -programen ezarpena sustatzea eta finkatzea. Bestalde, aurkeztutako plan edo programak, erakunde bakoitzaren prestakuntza-beharrizanen analisi edo diagnostikoan oinarritu beharko dira.

2018ko ekitaldian, foru- eta toki-administrazioei dagozkien kopuruak, eskatutakoaren batura, aurreikusi den zuzkidura baino handiagoa denean, erakunde eskatzaile bakoitzean prestakuntza jaso dezaketen langileen kopuruaren arabera hainbanatuko dira.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ahaleginduko da baliabideak errazten interesa duten erakunde publiko guztiek prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egiteko.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazio, foru-administrazio eta Euskal Herriko Unibertsitateko enplegatuen prestakuntza finantzatzeko laguntzen deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluak arautzen duen moduan.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari aurkez dakioke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da bera jakinarazten den biharamunetik hasita, aipaturiko 29/1998 Legearen 46. artikuluak esan bezala.

Hala ere, aldez aurretik, Erakunde honi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza ezeztatu dezan. Errekeritzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekerimendua IVAPeko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bazaio, ukatutzat joko da (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea, berariazko akordioa jasotzen den edo isilbidez ezeztatuta jotzen den hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 27a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hirugarren oinarrian adierazitako euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzak ematea, 2018ko ekitaldian.

Honako hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

a) Euskal administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten 2018ko ekitaldirako prestakuntza-plan edo -programak.

Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea edo prestatzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

b) 2017ko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Parte-hartzeak, betiere, berekin dakar kasuan kasuko matrikulen zenbatekoa ordaintzea. Laguntza izango da ordaindutako matrikulen zati baten baliokidea finantzatzea. Kontzeptu honen bidezko finantzaketara, EAEko toki-administrazioak atxiki daitezke, baldin eta oinarri horren a) letran ezartzen diren laguntzen onuradun izan ez badira.

Inola ere ez dira finantzatuko joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta oinarri hauetako a) edo b) letretatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenak ordezkatzearen gastuak ere.

Bigarrena.– Definizioak.

Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua behar bezala betetzeko jakin beharko lukeenaren eta dakienaren arteko aldearen analisia.

b) Prestakuntza-plan edo programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukien garapenerako erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehienezko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa.

d) Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-txantiloiaren arabera.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren erakundeak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahal izango dira ondoren zerrendatzen diren administrazio publikoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak. Deialdi honen ondorioetarako, toki-administrazioen kategoriak, udalak, mankomunitateak eta koadrilak hartzen ditu bere baitan eta ez du hartzen foru-administrazioa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea, administrazio eta zerbitzuetako langileen prestakuntzari buruz.

2.– Erakunde hauek prestakuntza-plan edo -programa bana aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako, beren mendeko langileak hartuko dituena. Plan edo programa horrek aukeran dauka erakunde bakoitzaren mendeko organismo autonomoetako langileak ere kontuan hartzea.

Horietaz gainera, udalez gaineko erakundeek ere haiek osatzen dituzten entitate batzuen edo guztien langileak hartzen dituzten plan edo programak aurkeztu ahal izango dituzte. Plan horiek aurkeztuz gero, beren mendeko entitate horiek ezingo dute beren kabuz planik edo programarik aurkeztu.

3.– Ezingo dira izan ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun diru-laguntza bat itzultzeko edo hargatik zehapena ezartzeko prozedura batean sartuta daudenak, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean sartuta daudenak.

Laugarrena.– Laguntzen zuzkidura.

Laguntza hauen zuzkidurak, gehienez, zenbateko hauek izango dituzte, erakunde motaka banatuta:

Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak: 218.000,00 euro.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak: 485.000,00 euro.

Euskal Herriko Unibertsitatea (administrazio eta zerbitzuetako langileak): 45.000,00 euro.

Guztira: 748.000,00 euro.

Toki-administrazioei esleitutako zenbatekotik 70.000 euro gordetzen dira lehenengo oinarriaren b) letran aurreikusitako laguntzarako (ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea).

Bosgarrena.– Prozeduraren hasiera.

Deialdi honetako lehenengo oinarriaren a) letran zerrendatutako kontzeptuengatik laguntzak lortzeko, erakunde interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute, han zehaztutako eran. Deialdi honetako lehenengo oinarriaren b) letran zerrendatutako kontzeptuengatik laguntzak lortzeko, aldiz, ez dago aldez aurretik eskabide-orririk eskatu beharrik, erakunde interesdunaren aldetik; hau da, prozedura ofizioz hasiko du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak.

Seigarrena.– Plan edo programa aurkezten duten administrazio publikoek eskabideak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko epea 2018ko ekainaren 15ean amaituko da, 24:00etan.

Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak IVAPen webgunean aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz, helbide honetan http://www.ivap.euskadi.eus, Sariak eta Laguntzak atalean.

Erakunde interesdunek, bitarteko elektronikoz, prozedura honetako izapide guztiak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako ziurtagiri elektronikoak zeintzuk diren jakiteko, esteka honetan kontsulta egin ahal da kontsulta:

https://www.euskadi.eus/y22-zer/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

Eskabidearen ondorengo izapideak, «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.

a) Laguntzak eskatzeko aurkeztu den prestakuntza-plan edo -programa. Plan edo programa, Prestakuntza Beharren Analisiari lotu beharko zaio. Analisi hori, IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntza lehentasunak jasoko dira. Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek, gutxienez, honako eduki hau izango dute:

– Helburu nagusia(k).

– Prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

– Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzaren izena, parte-hartzaile kopurua, iraupena, prestakuntza-modalitatea, lehentasuna...).

– Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

– Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

b) Eskabidearekin batera, indarrean dagoen aurrekontu-txantiloiko langile-kopuruari buruzko ziurtagiria.

c) Eskabidea lehenengo oinarriaren a) letran aurreikusitako ekintzaren bati edo gehiagori badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

d) Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, honako hauei buruzkoak: itzulketa-prozedura edo zehapen-prozedura batean sartuta ez egotea, aurkeztutako datuen ziurtasuna, eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzea.

Aipatutako dokumentazioa prestatzeko, honako helbide honetan ageri den prestakuntza-planaren eredua kontsulta daiteke: http://www.ivap.euskadi.eus, IVAPen webgunean, Sariak eta Laguntzak atalean.

Eskabideak edo harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Zortzigarrena.– Laguntzen esleipena.

Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzen esleipena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, bai eta erakunde horietako bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ere, eta dagozkien diruz lagundutako kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori, honako helbide elektroniko honetan argitaratuko da: www.ivap.euskadi.eus

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzeko diren laguntzen esleipena ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, eta erakunde bakoitzari egokitu zaion guztizko zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpen horiek aurreko paragrafoan adierazten den helbide elektronikoan argitaratuko dira, ematen diren datan.

Honako deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak, ondorengo printzipio eta arauen arabera emango dira:

a) Lehenik eta behin, aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, erakunde bakoitzari eman dakiokeen gehienezko zenbatekoari buruzko muga honekin:

– Kontzeptu horiengatik erakunde bati esleitzen zaion laguntzak ezin du gainditu erakunde horrentzat kontzeptu horiek duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

Horren ondorioz, laguntzen esleipenen prozedura era honetan burutzen da:

Deialdian entitate mota bakoitzari esleitutako zenbatekoak aurkeztutako planen kostuaren % 50 hartzen badu, % 50a ematen zaio eta diru-laguntza ematen duen ebazpenetik aurrera ordaintzen da.

Aldiz, eskatutako zenbatekoen baturak laugarren oinarrian aurreikusitako zuzkidura gainditzen badu, zenbatekoak esleitzeko orduan berariaz hartzen da kontuan zenbat langile dituen entitate bakoitzak, mota bereko entitate eskatzaile guztietako langile-kopuruarekin alderatuta.

b) Bigarrenik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan, hau da, deialdi honen babesean laguntzarik jaso ez denean, honako arau hauen arabera:

– Laguntza hori izango da matrikularen zati bat finantzatzea, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik 2018an sortua bada eta erakundeak ordaindua izan bada.

– Matrikula bakoitzarengatik esleitzen den laguntzak ezin du gainditu matrikularen kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Ordaindutako matrikula bakoitzarengatik gehienezko diru-laguntza esleituko da, hau da, kostuaren ehuneko berrogeita hamar, laguntza jaso dezaketen matrikula guztiekin horrela jokatzea posible den heinean, laugarren oinarrian erakunde mota horretarako aurreikusten diren gehienezko zenbatekoen arabera. Erakunde mota baterako hori posible ez denean, eman daitezkeen gehienezko zenbatekoak modu zuzenki proportzionalean murriztuko dira.

Euskal Herriko Unibertsitaterako laguntza, administrazio eta zerbitzuetako langileentzakoa, lehenengo oinarriko a) atalean ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da. Era berean aplikatuko da foru aldundietan, bere langileei dagokienez.

Bederatzigarrena.– Erakunde esleipendunen betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak ezartzen duenaren arabera, honako hauek izango dira laguntza horien onuradun diren erakundeen betebeharrak:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman duen erakundeari behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.

d) Diru-laguntza ematen duen erakundeari aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori eraldatzea eragin dezake diru-laguntza horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen diru-laguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako laguntzarekin batera, diruz lagundu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.

Hamargarrena.– Prestakuntza-plana edo -programa aurkeztu duten administrazio publikoek laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2018ko azaroaren 30ean amaituko da.

Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatiko laguntzak esleitzeko den ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori planaren edo programaren kontura emandako entregatzat hartuko da.

Planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko, laguntzaren esleipendun diren erakundeek hau aurkeztu beharko dute:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.

– Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ondokoa adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen deialdi honetan esleitutako laguntzekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

Laguntzaren justifikazioa «Nire kudeaketak» egoitza elektronikoan egin beharko da: https://www.euskadi.eus

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.

Ordaindutako matrikulen zati baten finantzazioari buruzko laguntza, esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

Hamaikagarrena.– Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako diru-laguntzari uko egitea.

Erakunde esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion laguntzaren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

Hamabigarrena.– Laguntza itzultzea.

Ez da galdagarria izango laguntza ordaintzea, eta itzuli egin beharko dira, osorik edo partez, jaso diren diru-kopuruak, aplikaziokoak diren lege-interesekin, honako kasu hauetan:

a) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.

b) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaiterako erabiltzea.

d) Laguntzaren edo diru-laguntzaren emate-erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

e) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

f) Laguntza edo diru-laguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

Emandako diru-laguntzak itzultzea, hori egitea bidezko den kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

Hamahirugarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igarotzen direlarik, eta epe horretan deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez delarik, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1. a artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Prozesu honetan jasotzen diren datu pertsonal guztiak «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako Prestakuntza ikastaroak» izeneko fitxategi automatizatuan batean biltegiratuko dira. Fitxategi hau, 2014ko azaroaren 28an Herri Administrazio eta Justizia sailburuak emandako Aginduak arautzen du eta haien erabilera prozesu horren kudeaketara mugatuko da. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datu pertsonalak babesteari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa eta garapeneko araudia). Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuetara iristeko, zuzentzeko edo ezeztatzeko eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.

Hamabosgarrena. Aplikatu beharreko arauak.

Aplikatzekoak diren beste arauekin batera, deialdi hau ondoko arauen menpe dago: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.


Azterketa dokumentala