Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2018ko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2446

AGINDUA, apirilaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira, 2018ko ekitaldirako, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren esparruan onartu zen Leader eremuko landa-inguruko udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak.

Nekazaritza-politika berritu egin da, Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez. Landa-garapenaren eremuan –NPBren bigarren euskarria–, erreforma izan da oinarrizko lehentasun-kopuru jakin batean zentratzea, eta honen bitartez egin da: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa-garapenari laguntzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua –Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du–. Erregelamendu honetan aplikatzekoak diren xedapenak Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez ezarri dira. Horrela, programazio-aldirako helburuak lortzeko –2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra–, aipatutako Erregelamenduan zehazten da nahitaezkoa dela Leader ikuspegia aplikatzea, izan ere, landa-garapena sustatzeko duen eraginkortasuna frogatu da urteetan zehar, osoki aintzat hartuz landa-garapen endogenoko sektore anitzeko beharrizanak, goranzko planteamendu baten bidez.

Aurreko etapan bezala, martxan jarri beharreko neurriak erregelamenduzko aginduaren bidez planifikatu behar dira. Horretarako, kudeaketa-agintaritzak, euskal erakunde publikoekin lankidetzan, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programa egin du; bertan, plangintza hori jasotzen da eta Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez (C (2015) 3479 Erabakia, azkena, 2015-05-26koa) onetsi da. Landa Garapeneko Programa (LGP) hau 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionalak ezarritakoa kontuan hartuta egin da; 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Esparru Nazionala Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egin zuen, eta 2015eko otsailaren 16ko Batzordeak onetsi. LGPan sartutako neurrien arau esparrua 43/2017 Dekretuan jasotakoa da (43/2017 Dekretua, 2017ko otsailaren 14koa, zeinaren bidez 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen baita), zehazkiago, arau horren eranskinean jasotzen da 19. neurria: Leader tokiko garapenerako laguntza. 19.2.– Partaidetzan oinarritutako tokiko garapenaren estrategien bidez operazioak ezartzea. Horren deialdia arau honen bidez egiten da.

Europako Parlamentuaren eta Batzordearen abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen du, 32. artikuluan, toki-garapen parte-hartzailea LGENFek babestuko duela, Leader tokiko garapen gisa izendatuko dela, eta EGEFen, EGIFen edo FEMPen laguntza ere izan ahalko duela. Azpieskualdeko gune jakinetan zentratuko da toki-garapen parte-hartzaile hori, tokiko ekintza taldeek gobernatuko dute, ongi integratutako toki-garapeneko estrategien eta sektore anitzeko estrategien eta guneetan oinarritutakoen bidez gauzatuko da; tokiko beharrizanak eta potentziala aintzat hartuz diseinatuko da, eta alderdi berritzaileak barne hartuko ditu tokiko testuinguruan, baita sareak, eta, hala behar denean, lankidetza ezarri ere. Halaber, azalpen-zatiaren 32. atalaren arabera, toki-garapen parte-hartzailea (aurrerantzean, TGP) egin behar da helburu tematiko bakar baten testuinguruan: gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka edo enplegua eta lan-mugikortasuna sustatzea, hargatik eragotzi gabe TGPren parte gisa finantzatutako ekintzek lagundu ahal izatea gainerako helburu tematiko guztietan.

Halaber, toki-garapen parte-hartzailerako estrategiei buruzkoa da aipatu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 33. artikulua, eta bertan adierazten da helburuok zer elementu izan behar duten gutxienez eta Estatu kideek definituko dituztela estrategia horiek hautatzeko irizpideak. Kudeaketa-agintaritza arduradunak horretarako sortutako batzorde batek hautatuko ditu estrategiak, eta agintaritza horiek berek onartuko dituzte. Tokiko ekintza taldeek diseinatu eta praktikan ezarriko dituzte toki-garapen parte-hartzailerako estrategiak; egin beharreko lanak aipatu erregelamenduaren 34. artikuluan ezartzen dira. Gure autonomia-erkidegoan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko abenduaren 30eko Aginduaren bidez egin zen taldearen hautaketa (Agindu horren bidez iragartzen da toki-garapen parte-hartzailerako estrategiak onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan horien kudeaketaren ardura duten Tokiko Ekintza Taldeak hautatzeko deialdi publikoa, 2015-2020 aldirako Landa Garapeneko Programaren barruan). Agindua 2016ko azaroaren 4ko 1. EHAAn argitaratu zen). Hautaketa-prozesua Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez amaitu zen (horren bidez, Mendinet Landa Garapena sustatzeko Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-ekintzako talde izendatu da, eta elkarte horrek proposatutako tokiko garapen parte-hartzailerako estrategia onartu da). 2016ko urriaren 28an sinatu zen lankidetza-hitzarmena talde horrekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Onestea, 2018. urterako, Toki Garapen Parte Hartzaileko Estrategian (Leader ikuspuntua) zehaztutako helburuak betetzera bideratutako diru-laguntzen oinarriak. Deialdia Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez onetsi zen, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan zehaztutakoaren arabera (plana Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C (2015) 3479 Erabakiaren bidez onartu zen). Horiek I. eranskin gisa gehitu dira.

2.– Onestea III. eranskina (eskabidea), IV.a (enpresa-plana), V.a (besteren konturako langileen kontratazio-memoria), VI.a (Leader herrietako zerbitzu-publikoen azpiegituren eta berritzearen memoria) eta VII.a (etxebizitza-memoria).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 24a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1 oinarria.– Xedea eta izaera.

1.– Agindu honen zedea da Toki Garapen Parte Hartzaileko Estrategian (Leader ikuspuntua) zehaztutako helburuak betetzera bideratutako diru-laguntzen deialdia egitea. Deialdia Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez onetsi zen, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan zehaztutakoaren arabera (plana Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C (2015) 3479 Erabakiaren bidez onartu zen). Horiek I. eranskin gisa gehitu dira.

2.– Deialdi honen xede dira jarraian zehazten diren lerro hauek:

a) Nekazaritzaz besteko jardueretarako enpresak sortzera bideratutako laguntzak (startup), II. kapituluan zehaztutakoak.

b) Enpresak sortu, handitu eta modernizatzeko laguntzak, III. kapituluan zehaztutakoak.

c) Besteren kontura kontratatzeko laguntzak, IV. kapituluan zehaztutakoak.

d) Udalerrietako oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuak egin eta berritzeko laguntzak, V. kapituluan zehaztutakoak.

e) Etxebizitzarako laguntzak, VI. kapituluan zehaztutakoak.

3.– Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak ez-itzulgarriak izango dira.

2. oinarria.– Eremu geografikoa.

Aplikaziorako eremu geografikoa Leader eremurako hautatutako udalerri guztiek osatuko dute. II. eranskinean daude jasota, landa-izaeraren arabera hiru mailatan banaturik (G1, G2 eta G3).

3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– II., III., IV., V., VI. eta VII. kapituluetako laguntzak LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programarekin bat.

A) Euskal Autonomia Erkidegoren Aurrekontu Orokorren kargura egindako aurrekontu-kredituak, agindu honen bidez iragarritako laguntzetara bideratuak, 1.246.655,00 eurokoak dira; LGENFaren bidez kofinantzatuko dira, eta honela banatuko dira, laguntza-lerroaren eta aurrekontu-ekitaldiaren arabera:

(Ikus .PDF)

B.– LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari dagokionez, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren babespean, agindu honen bidez iragarritako laguntzetarako kredituen zenbateko zehatza 4.986.620 eurokoa izango da, eta EAEko erakunde ordaintzaileak egingo ditu ordainketak, banaketa honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Horrez gain, 2018ko ekitaldirako 3.766.725,00 euro bideratuko dira, Batzordeak 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programan onartutako finantzaketa osagarri gehigarri gisa, III., V. eta VI. kapituluetan aurreikusitako laguntzetarako, eta zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura soilik finantzatuko da, honela banatuta:

(Ikus .PDF)

4. oinarria.– Onuradun-izaera lortzeko betekizun orokorrak.

1.– Onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, nortasun juridikoa dutenak edo ez dutenak eta edozein unitate ekonomiko eta ondare bereizi, nortasun juridikorik izan gabe ere, aurreikusitako proiektu eta jarduerak egin baditzakete. Bertan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eta agindua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak.

2.– Aurreko lerrokadan zehaztutako pertsonek otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren (2015-2020 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko Programan jasota dauden laguntzen esparru-legedia ezartzen duena) 5. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, hala nola Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (abenduaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan jasota daudenak eta laguntza-lerro bakoitzerako berariaz ezarrita daudenak eta, zehazki, hauek:

a) Diruz lagundu daitezkeen jarduketak hasi gabe egotea eskaera aurkezten den unean edo epe horren aurretik, 5. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz. Inbertsioen kasuan, hori hala dela egiaztatuko da lekuan bertan egindako ikuskaritza baten bidez (ikuskaritza hori gehienez ere astebeteko epean egingo da, laguntzaren eskaera-datatik aurrera zenbatuta), eta egoera horri buruzko ziurtagiri bat emango da. Eskatzaileek diruz lagun daitezkeen jarduerak hasi baino lehen, ikuskaritza hori egin beharko da.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

c) Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

d) Enpresak krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

e) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.

f) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

g) Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

h) Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea eragin ez izana.

i) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

j) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

k) Ezin izango dute onuradun izan nortasun juridikorik gabeko taldeek, baldin eta kideren batek aurreko debekuren bat badu.

l) Diru-laguntzak jasotzeko galarazpenek honako enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla –eraldaketa, bategitea edo ondorengotzaren ondorioz–, eta horietan debeku horien arrazoiak gertatu badira.

m) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

n) Berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Aurreko lerrokadako b), c), f), g), i), k) eta l) letretan jasotako debekuak modu automatikoan egiaztatuko dira, eta bere horretan mantenduko dira kasu bakoitzean zehazten diren inguruabarrak mantentzen diren bitartean.

4.– Era berean, modu automatikoan egiaztatuko da f) letran jasotako debekua. Debekuaren irismena epai edo ebazpen irmoak zehazten duena izango da. Bestela, irismena araudiz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5.– h) letran zehaztutako debekua aintzat hartzea eta haren irismena ebazteko ekainaren 16ko 2/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen testu bateginaren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat egingo da, 20.c) artikuluarekin lotuta.

5. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Eskatzaileek jarraian zehazten den dokumentazioaren eta laguntza-lerro bakoitzerako dokumentazio espezifikoaren bi kopia aurkeztu beharko dituzte, «Mendinet Landa-garapenaren aurrerapenerako elkartea» toki-ekintzako taldean (Aurkaute kalea, z/g 01192 Vitoria-Gasteiz, Araba):

a) Agindu honen III. eranskinean ageri den eskabide-orria. Orri hori webgune honetan ere eskuratu ahal izango da: www.euskadi.eus/laguntzak_naep/. Eskabide-orria modu informatikoan bete eta grabatu ostean, paperean bidali beharko da, sinatuta.

b) Eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legearekin (azaroaren 24ko 10/1982) bat etorriz.

c) Hirugarrenaren alta eta NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada. Pertsona juridikoa izanez gero, erakundearen IFK, ahalordetze-eskritura eta legezko ordezkariaren NAN, baita erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak ere, dagokion erregistroan zigilatuta.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. zenbakian xedatutakoarekin bat eginez, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten dokumentuak eta NAN/IFK nortasuna. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

3.– Pertsona batek hainbat eskabide aurkezten baditu, hainbat laguntza-lerrotarako, eskabide guztientzako komuna den dokumentazioaren kopia bakarra aurkeztu ahal izango du.

4.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkezten badute eskatutako dokumentazioa eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5.– Eskabideak akatsen edo zehaztasun ezaren bat badu, interesdunari aginduko zaio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko dio horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; hirugarren baten alta ematen ez bada, ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

6.– Edonola ere, toki-ekintzako taldeak beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko. Eskabide aurkeztean interesdunak baimena ematen dio toki-ekintzako taldeak informazio-errekerimendua egin ahal izan dezan.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Alabaina, onartu egingo dira epe horren aurretik aurkeztutako eskabideak, deialdiaren ekitaldiaren barruan egin badira.

6. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren 10. artikulua betez, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza izango da programaren kudeaketa efiziente, eraginkor eta egokiaren arduraduna. Alabaina, kudeaketa horretan parte hartuko du «Mendinet Landa-garapenaren aurrerapenerako elkarteak». Horrek, toki-ekintzako talde bezala, eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aztertuko ditu, ikusteko beharrezko informazioa jasotzen duten eta lortu nahi dituzten laguntzen nolakotasunarekin bat egiten duten. Alderdi horiek egiaztatuta, diru-laguntzetarako batzorde bat eratuko da, zeina honako hauek osatuko baitute: toki-ekintzako taldeko ordezkari batek eta landaren eta itsasertzaren garapenean eskumena duen zuzendaritzako bi teknikarik. Batzorde horrek ebatziko du, zuzenketetarako epea amaitu eta bi hileko epean, proiektuak diruz lagun daitezkeen edo ez, eta laguntzak ukatzeko ebazpen-proposamena igorriko dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari, diruz lagundu ezin daitezkeen proiektuei dagokienez. Irizpide hauen arabera zehaztuko da proiektuek diru-laguntzarik jaso dezaketen edo ez:

a) Proiektua bat etortzea aginduan jasotako lerroekin.

b) Esku hartzeko eremu geografikoa.

c) Egikaritzeko egutegia.

Aldeko ebazpena jasotzen duten proiektuak toki-ekintzako taldeari helaraziko zaizkio, eta, horrek, balorazio-batzorde gisa, espediente horiek baloratuko ditu, laguntza-lerro bakoitzari aplikatu beharreko irizpideen arabera; horrez gain, bakoitzaren txosten tekniko-ekonomikoa egingo du.

2.– Agindu honetan araututako laguntza-lerro bakoitza lehiaketa bidez esleituko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluan ezartzen denez.

3.– Eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta laguntza-lerro bakoitzerako zehaztu diren irizpideak eta balorazioa aplikatuko zaizkie.

4.– Ondoren, 1. oinarrian jasotako laguntza-lerro bakoitzeko aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondoren, esleitu beharreko laguntzen zenbatekoa zehaztuko da, adierazitako ordenari jarraituz, funtsak guztiz agortu arte. Funtsak murritzak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposamena diru-kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, ez da laguntzarik emango, eta hurrengo lerroko funtsak handitu dira kantitate horrekin, guztiz agortu arte.

5.– Edonola ere, aurreko lerrokadako araua aplikatzean lortzen den zenbatekoa laguntza-eskaeran zehaztutakoa baino handiagoa bada, eskaeran zehaztutako zenbatekoa emango da.

6.– Bost laguntza-modalitateetakoren bati dagokion kopurua agortzen ez bada, soberakina gainerako lerroen artean banatu ahal izango da, beharrizanen arabera. Era berean, laguntzaren lehen esleipena egin eta hiru hilabeteko epean emandako zenbatekoak gutxitzen badira edo diru-laguntza jasotzeko eskabideari uko egiten bazaio, zenbateko horiek honako hauei esleituko zaizkie: hurrenkera zorrotz gordeta, dagokion laguntza-lerroan kreditu faltagatik laguntzarik jaso ezin izan duten eskabideei, betiere Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarritako mugen barruan.

7.– Bi proiektuk edo gehiagok puntuazio berdina lortzen badute, eta osorik erantzuteko baliabide nahikorik ez badago, lehentasunak ezarriko dira, irizpide bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, 23., 31.,44. eta 52. oinarrietan ezarritako hurrenkeran, dagokion laguntza-lerroaren arabera.

8.– Toki-ekintzako taldeak ebazpen-proposamena egingo dio landaren eta itsasertzaren garapeneko eta europar politiketako eskumena duen zuzendaritzari, eta horrek eduki hau izango du gutxienez:

● Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.

● Diruz laguntzea proposatu den proiektuen zerrenda. Bertan adieraziko dira proiektu bakoitzaren puntuazioa, eskatu duen pertsonaren nortasuna, eskatutako zenbatekoa, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa eta aplikatu beharreko ehunekoa eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

● Atzera egin duten eskaeren ebazpena.

9.– Tokik-ekintzako taldeak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena. Horretarako, behar adina ikuskapen egin ahal izango du egiaztatzeko behar bezala gauzatzen direla diruz lagundutako proiektuak; beraz, eskatzen zaien agiri eta informazio oro eman beharko dute onuradunek.

7. oinarria.– Ebazpena.

1.– Otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat, landaren eta itsasertzaren garapeneko eskumenak dituen zuzendariak, ikusita diru-laguntzetarako batzordeak eta toki-ekintzako taldeak egindako proposamenak, ebazpen bakar bat emango du. Ebazpen hori arrazoitua egon beharko da ebazpen-proposamenarekin bat egiten ez duenean, azken hori ez baita loteslea.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Onartutako eskabideei dagokienez:

○ Pertsona onuradunen izenak.

○ Diruz lagundutako proiektua.

○ Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa.

○ Puntuazioa.

○ Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, LGENF funtsaren kargura finantzatutako zatia adieraziz. Zati hori Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan xedatzen denaren arabera eman eta ordainduko dela adierazi beharko da.

○ Jarduerak zein epetan gauzatu behar diren.

○ Onuradunari erakundearen edo elkartearen eraketa egiaztatuko duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat.

○ Proiektua gauzatzeko behar diren lizentziak edo baimenak.

b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

○ Pertsona eskatzaileen izena.

○ Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

3.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

4.– Lehiarik gabeko konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren b) letrako 1. lerrokadan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Hala eta guztiz ere, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio. Edonola ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Laguntza eman edo ezesteko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio landaren eta itsasertzaren garapeneko eskumenak dituen Sailburuordetzari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

8. oinarria.– Onuradunen betebehar orokorrak.

Onuradunek otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, hala nola Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 14. artikuluan adierazitakoak eta laguntza-lerro bakoitzari berariaz dagozkienak eta hauek:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza erabiltzea eman zaion horretarako, eta emateko edo, bestela, likidatzeko ebazpenean ezarritako baldintzekin bat eginez.

3.– Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaizteari dagokionez, gutxienez 5 urtez eutsi beharko zaie diru-laguntzaren helburu diren inbertsioei, diru-laguntzaren azken ordainketatik zenbatzen hasita, bai eta gainerako ondasunei dagokienez, ere; epe horretan, ezin izango dira besterendu, ezta amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako ez den beste helburu baterako erabili. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzeari dagokionez, jabariaren erabilgarritasun mugatzeko erregistro-idazpena dagokion jabetzaren erregistroan eta hipotekei buruzko legeriaren arabera egiteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko du onuradunak.

4.– Besteren konturako kontratazioei dagokienez, sortutako enplegua 3 urtez mantendu beharko da gutxienez, onuradunari legez laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen zaion unetik hasita. Gainera, inoiz lanik egin ez duten pertsonak edo lehendik zuten lana galdu dutenak kontratatu beharko dira.

5.– Honako hauek jakinaraztea toki-ekintzako taldeari, kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzari bidal diezazkion:

a) Inbertsioa guztiz edo zati batean gauzatu izanaren jakinarazpena, eta behar den dokumentazio guztia haren esku uztea, inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko.

b) Xede bererako edozein administraziori edo erakunde publiko eta pribaturi eskatutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik zenbatzen hasita, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.

c) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

6.– 43/2017 Dekretuaren (otsailaren 7koa, 2015-2020 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzekoa) 9. artikuluan ezarritako informazio- eta publizitate-betekizunak betetzea.

7.– Toki-ekintzako taldeari eta landaren eta itsasertzaren garapenaren alorrean eskumena duen Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

8.– Merkataritza-legeriak eta kasu bakoitzean onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion sektoreko legeriak eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak eskura izatea, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatzeko.

9.– Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

10.– Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea.

11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

9. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Proiektuak 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.

2.– Laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean, burutu beharko dira diruz lagundu daitezkeen jarduera. Epe horiek finantzaketa-kredituen izaerari egokituko zaizkio.

3.– Salbuespenez, landaren eta itsasertzaren garapeneko eta europar politiketako eskumena duen Zuzendaritzako titularrak, ebazpen bidez, bi urtera arteko luzapena eman ahal izango du. Horretarako, onuradunak eskaera eta justifikazioa aurkeztu beharko ditu idatziz, toki-ekintzako taldean. Idazkia, gehienez ere, inbertsioak edo gastuak bukatuta egon behar duen eguna baino 30 egun natural lehenago aurkeztu behar da, laguntza emateko ebazpenak xedatutakoarekin bat etorriz.

10. oinarria.– Diru-laguntza jaso duten jardueren azpikontratazioa.

1.– Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz gero, honako kasu honetan kontsideratzen da onuradunak azpikontratatu egin duela: diru-laguntzaren helburu den jardueraren exekuzio partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean (887/2006 Errege Dekretuz onartzen da Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua). Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

2.– Enplegua sortzeko kasuetan izan ezik, onuradunak diruz lagundutako jardueraren % 100era arteko azpikontratazioa egin ahal izango du. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak diru-laguntzaren % 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek konplitu beharko ditu:

a) Kontratua idazki bidez egitea.

b) Erakunde emaileak aldez aurretik baimena ematea kontratua egiteko.

Dirua lagundutako jarduerentzat jadanik beste administrazio publiko batek eman badu diru-laguntzarik, ulertu beharko da administrazio honek egiaztatu duela betekizun hauek konplitzen direla.

3.– Ezin izango da zatikatu kontratua, helburua haren zenbatekoa txikitzea bada, eta, bestalde, bete egin beharko dira aurreko paragrafoan exijitutako betekizunak.

4.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte obligazioak, eta onuradunak beretu egin beharko du diruz lagundutako jarduera exekutatzearen gaineko erantzukizun guztia.

5.– Aurreko paragrafoan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie: diru-laguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer kontzertatuz gero, ezarritako mugak errespetatuko direla ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharrari lotuak izango dira kontratistak, aipatu mugak betetzen direla egoki egiaztatu ahal dadin.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako galarazpenetako batean dauden edo horri lotuta dauden pertsonekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunei lotuta dauden pertsonak edo erakundeak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.2 artikuluan ezarritakoak izango direnak, honako egoera hauetakoren batean salbu:

i) Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

Ii) Landaren eta itsasertzaren garapeneko eta Europako politiketako eskumena duen Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

11. oinarria.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueraren inbertsioak edo gastuak egin ostean, onuradunak horiek amaitu direla jakinaraziko dio toki-ekintzako taldeari.

2.– Zuzendaritzako teknikariak ikuskatu eta egiaztatuko dute, modu materialean zein dokumentuen bidez, hobekuntza edo jarduera egin egin direla eta gastua gauzatu egin dela. Egiaztatze materialaren bidez ziurtatuko da dena delako ondasun-objektua benetan badagoela, balioztaturiko proiektu edo memoriari egokitzen zaiola, haren erabilgarritasuna eta funtzionamendua, dokumentuetako justifikazioarekin bat datorrela, eta diru-laguntza jaso duten inbertsio edo gastuen arabera beharrezkoak diren beste egiaztapenak.

3.– Inbertsioa eta/edo gastua behar bezala egin direla egiaztatuko da honako hauen bidez:

a) Egiten diren jarduketak justifikatzeko memoria bat, laguntzaren xede den proiektuaren gauzatzea azaltzen duena.

b) Fakturen kopiak eta ordainketak frogatzeko beste dokumentu batzuk aurkeztea; horiek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan ahalko dira, laguntzaren onuradun den pertsonaren izenarekin. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren portzentajea.

c) Laguntza pertsonifikaturiko erakunde bat eratzearen baldintzapean badago, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria.

d) Laguntza emateko nahitaezko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza eskatzeko unean horiek emanda ez badaude, baimen eta lizentzia horiek aurkeztu beharko dira.

e) Eskudiruzko ordainketen bidezko justifikazioen kasuan, urriaren 20ko 7/2012 Legearen (Iruzurraren kontrako prebentzio ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza araudia egokitzekoa) 7. artikuluko 1. zenbakian jasotzen diren mugak gorde beharko dira.

f) Obrak egitearen ondoriozko gastuen kasuetan, eskumena duen maila teknikoko pertsonak sinatutako obren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, gauzatu direla frogatzeko.

g) Era berean, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren guztizkoaren % 20ko mugarekin, justifikatutzat jo ahal izango dira bai onuradunak berak egindako lanak eta bai onuradunaren ingurukoak izanik enpresariak ez direnek edo hala ez dihardutenek egindako lanak ere. Kasu horretan, hornitzailearen faktura ordainduen bitartez justifikatu beharko dira materialak, eta dagokion alorreko elkargokide den profesionalak sinatutako ziurtagiriaren bitartez eskulana; ziurtagiri horretan direlako lanetan inbertitutako ordu guztien kostua zehaztu beharko da. Ezarritako baremo ofizialekin bat egin beharko da orduen balioespena; horrek ez du sekula ere gaindituko merkatuan lan haiek duten balorazioa, ezta urbanizazio- eta eraikuntza-prezioen oinarria ere, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arlo honetan eskumena duen sailak argitaratutakoa. Edonola ere, onuradunari agiri osagarria eskatu ahalko zaio.

h) Landaren eta itsasertzaren garapeneko eta europar politiketako eskumena duen Zuzendaritzako teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta egin diren ordainketei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatu zaizkion zergak.

i) 4. oinarrian zehaztutako onuradun izateko debekurik ez izatea justifikatzeko bide hauek erabili ahal izango dira: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak edo administrazioaren ziurtagiriak, kasuaren arabera eta, dokumentu hori ematerik ez dagoenean, agintaritza administratibo baten edo notario publiko baten aurrean emandako erantzukizunpeko adierazpen bat.

4.– Besteren konturako kontratazioaren kasuan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: lan-kontratuen kopia, Gizarte Segurantzan alta emanda daudela egiaztatzeko dokumentazioa, kontratazioaren hilabeteko TC2a, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena eta lanpostua sortu aurreko 12 hilabeteetan enpresan zegoen batez besteko langile-kopurua egiaztatzen duen dokumentazioa. Jarduera independenteak sortzeari dagokionez, Gizarte Segurantzaren erregimen egokiko alta. Diru-laguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen du organo kudeatzaileak egiaztapen-dokumentu guztiak zuzenean eskuratu ditzan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

5.– Automatikoki, betebeharra dutenen baimenik izan gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

6.– Kudeaketa egokia eta oinarri honen 1. zenbakian aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioaren edo gastuaren azken egunetik edo azken luzapenaren azken egunetik aurrera.

7.– Landaren eta itsasertzaren garapeneko eta europar politiketako eskumena duen zuzendaritzako titularrak agiri gehiago eska ditzake, behar bezalako arrazoiak emanda, egoki irizten badio.

12. oinarria.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Landaren eta itsasertzaren garapeneko eta europar politiketako eskumena duen Zuzendaritzak egin beharko du ordainketa eta toki-ekintzako taldeari egokituko ez zaizkion gainerako jarduketak, edo indarreko legearen arabera dagozkionak.

2.– Oro har, ordainketak laguntza aurreko oinarrian ezarritako baldintzetan arrazoitu ondoren eta landaren eta itsasertzaren garapeneko eta europar politiketako eskumena duen Zuzendaritzako langile teknikariak ziurtapena egin ondoren egingo dira. Egiaztapen hori egin eta gero eta dokumentazio osatuta egon eta bi hilabeteko epean gehienez ere, beharrezko izapidetzea egin du Ogasun eta Ekonomia Sailak, EAEko Aurrekontu Orokorrei dagokion zatia ordaintzeko.

3.– III., V. eta VI. kapituluetan jasotako diru-laguntzen kasuan, bi zati ordaindu ahal izango dira interesdunak hala eskatuta ekitaldi bakoitzeko, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu ondoren.

Laguntza emateko unean, pertsona onuradunaren izaera bereganatzen duen erakundeari dagokion erregistroan eraketa eta inskripzioa oraindik egin gabe dauden kasuan, ez dira emango ordainketa partzialak, harik eta hura eratu arte.

4.– Diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

5.– Inbertsioak gehieneko epeen barruan egiten ez badira, luzapenak barne, edo inbertsioa egin izanaren egiaztagiriak epe barruan aurkezten ez badira, ondorio hauek sortuko dira:

a) LGENF funtsaren kontura finantzatzen den laguntza zatiari dagokionez, Funtsa zati hori ordaintzeko konpromisotik aske gelditzea, Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduarekin bat.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den laguntzari dagokionez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, kasuan-kasuan, diru-laguntzak itzularazteko prozedura edo zehapen prozedura hastea.

13. oinarria.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, aurreko oinarrian arautu den moduan, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Gerta liteke, ondorioz, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, dekretu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, zuzendaritza eskuduneko titularrak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, dekretu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, zuzendaritza eskudunari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori zuzendaritza eskudunari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, aipatutako zuzendaritzako titularrak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

4.– Diru-laguntzak emateko ebazpenaren zati bat betetzen ez bada eta aurkeztu eta onartutako proiektu bat bere osotasunean itxuragabetzen bada horregatik, emandako diru-laguntza baliogabetuko da. Horretarako, aipatutako zuzendaritzako titularrak dagokion ebazpena emango du, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari hasiera emango zaio, hala badagokio.

14. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landaren eta itsasertzaren garapenaren eta europar politiken alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularra izango da, ebazpen bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landaren eta itsasertzaren garapenaren eta europar politiken alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularra izango da, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.

15. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

3.– Konpromiso edo betebehar orokor edo espezifikoetako bat ez betetzeak diru-laguntza doitzea edo guztiz itzultzeko beharra eragingo du. Ez-betetzearen arabera, itzuli edo murriztu beharreko diru-laguntzaren ehunekoak hauek dira:

a) Start-up laguntzen kasuan, ez badu enpresa-plana martxan jarri 9 hilabetera. % 100.

b) Ez bada jarduera hasten Europar Batasuneko, estatuko edo tokiko arau aplikagarrien arabera. % 100.

c) Jarduera uzten bada diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean edo horren luzapenean, ezinbesteko kasuetan edo ezohiko inguruabarretan izan ezik. % 100.

d) Porrota gertatzen bada diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean edo horren luzapenean, ezinbesteko kasuetan, ezohiko inguruabarretan eta iruzurrekoak ez diren porrotetan izan ezik. % 100.

e) Ez bada kapitulu bakoitzean zehaztutako epean mantentzen diru-laguntzaren xede den jarduera, ezinbesteko kasuetan edo ezohiko inguruabarretan izan ezik. «Pro rata temporis» araua aplikatuko da.

f) Kokalekua aldatzen bada, baldin eta Leader eremutik kanpo geratzea eragiten duen Landatartasun-mailaren aldaketa badakar. % 100.

4.– Egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela adierazpen faltsu bat, diru-laguntza ezeztatuko da eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira.

16. oinarria - Estatuaren laguntzak eta bateragarritasuna.

1.– II. kapituluan araututako laguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera ematen dira (horren bidez, nekazaritzako eta basozaintzako sektoreetako eta landa-guneetako laguntza-kategoria batzuk zehazten dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), eta bateragarriak izango dira edozein administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatuk ematen dituenekin, betiere laguntzen metaketak ez badu eragiten diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditzea.

2.– III. eta IV. kapituluetan araututako laguntzak Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduaren arabera ematen dira. Erregelamendu hori minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta ezartzen du enpresa jakin bati estatu kide batek emango dizkion laguntzen kopuru osoa ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldiko edozein alditan.

Laguntza hauek bateragarriak izango dira onuradun berek administrazio publiko honetatik edo beste batzuetatik jasotako beste laguntza batzuekin, horien xedea edozein izanik ere, betiere laguntzen metaketak ez badu gainditzen onuradun bakoitzak hiru ekitalditan jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa, hau da, 200.000 euro. Bateragarriak izango dira, halaber, minimis erregimenekoak ez diren laguntzekin, xede bererako edo beste baterako administrazio publikoak emandakoekin, baldin eta metaketak ez badu eragiten hiru ekitalditan 200.000 eurotik gorako zenbatekoa jasotzea edo ez badu gainditzen gainerako beste laguntzen alorrean aplikatzekoa den araudia.

3.– V. eta VI. kapituluetan araututako laguntzan bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publikok, sailek, organismok edo erakunde publiko zein pribatuk emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Diru-laguntza horiek ez dira estatuko laguntzak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen arabera.

4.– Onuradunek beti jakinarazi beharko diote landaren eta itsasertzaren garapeneko eta europar politiketako eskumenak dituen zuzendaritzari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

5.– Agindu honen babespean emandako laguntzak eta LGENF ez beste Europako funts batzuen bidez emandakoak osagarriak izango dira. Zentzu horretan, Funtsak Koordinatzeko Euskal Batzordeak, indarrean diren programa operatiboen esparruan finantzaketa bikoitza saihesteko sortu zenak, urtero egiaztatuko du gastu bera ez dela Europar batasuneko funts batekin baino gehiagorekin finantzatzen.

II. KAPITULUA
NEKAZARITZAZ BESTEKO JARDUERETARAKO ENPRESAK SORTZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZAK (START-UP)

17. oinarria.– Xedea.

1.– Laguntza honen xedea da jarduera hauetarako laguntzak ematea: Leader eremuan nekazarientzako dibertsifikazio-jarduera ekonomiko berriak ezar daitezen, nekazaritzaz besteko mikroenpresak eta enpresa txikiak sor daitezen, eta pertsona fisikoek nekazaritzaz besteko enpresa berriak sor ditzaten.

2.– Dena delako proiektuaren «ekintzailetzako ibilbidean» ekin beharreko ekintzetarako emango zaie laguntza. «Ekintzailetzako ibilbidea» zera da, negozio-ideia izan eta hausnartzen denetik jarduera ekonomikoa abiarazi eta sendotu arteko fase guztiak. Horrela, ekimen hauek lagunduko dira diruz: startupak azkartu eta martxan jartzea errazten duten ekintzak, enpresa sortu berrien kasuan; jarduera ekonomikoa abiarazi eta horri eusteko beharrezko ekintzailetzako esfortzua, enpresa-jarduera baten titular izango diren pertsona fisikoen kasuan; eta jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa, nekazaritzari lotutako pertsona fisiko edo juridikoen kasuan, beren errenta osatzeko nekazaritzarekin loturarik ez duen jarduera berri bati ekin behar badiote.

3.– Deialdi honen ekitaldian eratu diren enpresek eta alta eman duten autonomoek ere eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte, baldin eta eskaera aurkezteko unean beren enpresa-plana oraindik martxan ipini ez badute. Nekazaritza-dibertsifikazioa salbuespena da; izan ere, kasu horretan, ez dira kontuan hartuko eratze-data edo autonomoen alta-data.

18. oinarria.– Onuradunak.

Neurri honen onuradun izango dira honako hauek:

a.– Nekazariak edo ustiategi bateko familia-unitateko kideak, Leader eremuan beren lana nekazaritzatik kanpoko jarduerekin dibertsifikatzen badute. Diru-laguntzaren onuraduna ustiategiko familia-unitateko kide bat izango da, pertsona fisikoa edo juridikoa, edo pertsona fisiko zein juridikoen taldea, legeria nazionalek taldeari eta bertako kideei ematen dieten araubide juridikoa gorabehera, nekazaritzako langileen salbuespenarekin. Familia-unitateko kide bat pertsona juridiko bat edo pertsona juridikoen talde bat bada, kide horrek nekazaritzako jarduera batean aritu beharko du diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean.

b.– Sortu berriak diren eta nekazaritzakoak ez diren mikroenpresak eta enpresa txikiak, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren definizioa erabiliz.

c.– Pertsona fisikoak.

19. oinarria.– Onuradun-izaera lortzeko betekizun orokorrak.

1.– Dibertsifikatzen duten ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuan izan beharko dute egoitza soziala, eta eskatzaileak alta emanda izango du nekazaritzako jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzako araubidean. Bere jardueraren dibertsifikazioa Leader eremuan egingo da.

2.– Mikro-enpresek eta enpresa txikiek Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu batean izan beharko dute egoitza soziala, eta beren jarduera Leader eremuetan garatu behar dute, eta diru-laguntza Leader eremuetan baliatu behar dute.

3.– Diru-laguntzaren onuradun diren pertsona fisikoak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu batean egon behar dute erroldatuta, eta beren enpresa berriaren jarduera Leader eremuan garatu behar dute.

4.– Diru-laguntzaren xede den jarduera ekonomikoarekin lotutako inbertsio fisikorik ez badago Leader eremuan, pertsona fisikoek Leader eremuan egon beharko dute erroldatuta, ustiategiek Leader eremuan izan beharko dute egoitza soziala eta enpresek Leader eremuan izan beharko dute egoitza soziala.

20. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarriko dokumentazio orokorraz gain, honako hau aurkeztu beharko da:

a) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea nekazaritzako ustiategi baten familia-unitateko kide bada, bertan gutxienez urtebete daramalako egiaztapena, eta, horretarako, Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda dagoela egiaztatzea, bere nekazaritzako jardueraren arabera, eta nekazaritza-etekinen deklarazioa PFEZn, azken ekitaldian.

b) Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko nekazariaren kasuan, izaera hori egiaztatu beharko du.

c) Pertsona fisikoen kasuan, landa-eremuan edo Leader eremuan erroldatuta egotearen justifikazioa, inbertsio motaren arabera, 19.3 oinarrian ezarri bezala.

d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiria, non jasoko baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena ere –hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean–.

e) Sozietateen gaineko zerga, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.

f) Pertsona fisikoek laugarren oinarriko d) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

g) Pertsona juridikoek laugarren oinarriko f) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

h) Aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.

i) Enpresa-plana aurkeztea, IV. eranskinaren arabera.

j) Dagokionean, proiektua babesten duen erakundearen ziurtagiria, ekintzailetzaren arloko gaitasunak ziurtatzen dituena.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak baimena ematen dio zuzendaritza kudeatzaileari zuzenean egiazta ditzan a), b), c) eta e) letretan adierazitako dokumentuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

21. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira honako hauek:

a) Autonomo-kuota.

b) Enpresa-prestakuntza eta prestakuntza espezifikoa.

c) Aholkularitzagatiko eta kanpoko laguntza teknikoarengatiko gastuak.

d) Aholkularitza fiskala, lanaren edo kontabilitatearen ingurukoa, juridikoa edo administratiboa.

e) Prospekzio-azterlanak, dokumentazioa, merkatua eta/edo bideragarritasuna.

f) Azoketara joatea eta prospekzio komertzialeko bidaiak, txartelak aurkeztuz justifikatuta.

g) Maketa eta prototipoak egitea.

h) Diruz lagundu daitekeen proiektuarekin loturiko komunikazio-gastuak. Horien artean sar daitezke publizitate-kanpainak, webguneen diseinua eta erregistroa eta hostinga, sare sozialen diseinua, katalogoen, kartelen eta bisita-txartelen diseinua eta edizioa, etab.

i) Patenteak, homologazioak, erabilgarritasuneko modeloak eta marka komertzialak eskatu, eman eta erregistratzeko hasierako gastuak. Software- eta hardware-erosketak oro har, bai eta garapen edo aplikazio informatiko espezifikoak.

j) Notariotza-gastuak.

k) Ibilgailuak eta eraikuntzak errotulatzeko gatuak.

l) Ohiko gastuak (adibidez, alokairuak, argia eta ura), enpresa-plana lantzen den lekuan, ohiko etxebizitza ez bada.

2.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

b) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

c) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidetara eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

d) Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.

e) Etxebizitzak, ibilgailuak edo etxean erabiltzeko ondasunak.

f) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

g) Otorduen gastuak.

h) Material suntsigarrien erosketak, prototipoak eraikitzeko ezarritakoaren kalterik gabe.

i) Lursailak eskuratzea edo alokatzea.

j) Telefono-terminalak eskuratzea, nahiz eta horiek aplikazio informatikoak barne hartu.

k) Enpresarien edo profesionalen elkarteetako partaidetza-kuotak eta elkargoetako gastuak.

l) Enpresaren langile-kostuak.

m) BEZa, berreskuraezina denean izan ezik.

3.– Diruz lagundu daitezkeen ondoreetarako, gehienez ere 2 ekitaldi zenbatuko dira, diru-laguntzen ekitaldia barne, jarduera data horren aurretik hasi den kasuetan izan ezik; horietan jarduera hasi eta aurreneko urteko gastuak zenbatuko dira gehienez.

4.– Jardueraren hasierarako baldintzak hauek dira;

a) Juridikoki eratua egotea.

b) Ekonomia-jardueren gaineko zergan izena emanda izatea jarduerari dagokion epigrafean eta horren ordainketa eguneratua izatea.

c) Sozietatearen benetako kontrola duen pertsonaren Gizarte Segurantzako alta: kooperatiba bat, lan-sozietate bat edo merkataritza-sozietatea bat bada, araubide orokorrean, eta autonomoa baldin bada, langile autonomoentzako araubide berezian.

22. oinarria.– Onuradunen betebehar espezifikoak.

1.– Agindu honen 8. oinarrian jasotakoez gain, diru-laguntza emateko arrazoia den enpresa-plana aplikatzen hasi beharko da diru-laguntza emateko ebazpena eman eta hurrengo 9 hilabeteetan, eta enpresaren alta eta haren jarduera etenik gabe mantendu beharko dira azken ordainketa jaso eta hurrengo 2 urteetan.

2.– Onuradunak enpresa-plana egoki gauzatzeko konpromisoa hartuko du. Ondorio horietarako, egoki gauzatu dela joko da baldintza hauek betetzen direnean:

a) Diruz lagundutako epean eta gehienez ere bi urtean, deialdikoa barne, jarduera hastea, 21.4 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

b) Plana gauzatzerakoan hasieran aurkeztutako kronograma eta mugarriak errespetatzea.

23. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektuaren balorazioa eskabidearekin batera aurkezten den enpresa-planaren arabera egingo da. Plan horretan jasotako alderdiak baino ez dira kontuan hartuko:

● Landatartasun-maila: Kokalekuaren landatartasun-mailaren arabera baloratuko da proiektuen landatartasun-maila.

(Ikus .PDF)

● Dagokion eskualdeko landa-garapeneko programarekiko egokitasuna:

(Ikus .PDF)

● Enpresa-proiektuaren edo horren produktu/zerbitzuaren berrikuntza-maila eta/edo ekoizpenaren dibertsifikazioari egiten dion ekarpena. Irizpide horren barruan kontuan hartuko dira enpresa-proiektuaren berritasuna, originaltasuna eta desberdintasuna.

(Ikus .PDF)

● Proiektuaren enpresa-potentziala: Irizpide horren barruan baloratuko da proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa, hazteko potentziala eta aurreikusitako enplegu-sorkuntza.

(Ikus .PDF)

● Talde sustatzailearen balorazioa: Atal honen barruan baloratuko da proiektuaren sustatzaileen gaitasuna eta esperientzia eta haien inplikazio-maila.

(Ikus .PDF)

● Enpresa-plana abiaraztearen kostuaren bolumena:

(Ikus .PDF)

● Proiektuaren tutoretza: Atal honetan baloratuko da ekintzailetzaren arloan gaitasuna duen erakunde batek egitea proiektuaren tutoretza.

(Ikus .PDF)

● Eskatzailea emakumezkoa izatea: 5 puntu

Pertsona fisiko batek baino gehiagok osatuta dauden pertsona juridikoen kasuan, 5 puntu horiek jasoko ditu gutxienez bazkideen % 50 emakumezkoak badira eta gutxienez kapital sozialaren % 50 bazkide emakumezkoen esku badago.

2.– Laguntza lortzeko, gutxienez 50 puntu lortu behar dira.

24. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Laguntzaren gutxieneko zenbatekoa 4.800 eurokoa izango da baldintzak bete eta balorazioan gutxienez 50 puntu lortzen dituzten onuradun guztientzat. Zenbateko horretatik aurrera, laguntza handitu ahal izango da, hainbat tarteren arabera, gehienez ere 70.000 euroraino, proiektuari esleitutako puntuen arabera. Gehieneko zenbateko hori Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuz lortzen da. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Laguntzaren zenbatekoa ezin izango da izan enpresa-plana abiarazteak dakartzan kostuak baino handiagoa, diruz lagundu daitezkeen kostuen arabera kalkulatuta.

2.– Laguntza horiek diruz lagundu daitezkeen kostu identifikaezinak dituen beste edozeinekin metatu ahal izango dira, 70.000 euroraino edo Batzordeak onetsitako kategorien araberako salbuespenen erabaki edo erregelamendu batean jasotako mailaraino.

3.– Lortutako puntuazioaren arabera, honako hau izango da laguntzaren zenbatekoa:

(Ikus .PDF)

4.– Inolaz ere ez da emango diruz lagundu daitekeela jotzen den zenbatekoaren gainetik dagoen diru-laguntza bat, lortutako puntuazioaren arabera onuradunari zenbateko handiagoa legokiokeenean ere. Era berean, laguntzaren azken zatiaren ordainketa ordaintzeke dagoen zenbatekoaren arabera egingo da, eta ezin izango da inolaz ere gauzatutako guztizko kostuaren zenbatekoa gainditu.

25. oinarria.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Diru-laguntza honelaxe ordainduko da:

a) Lehen ordainketa bat, diru-laguntzaren zenbatekoaren 2/3, diru-laguntza emateko ebazpena eman eta gero. Ordainketa hori diru-laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasi eta 9 hilabetetan proiektua martxan jartzeko baldintzarekin emango da. Epe hori igarota ez bada proiektua martxan jarri, onuradunari eskatuko zaio jasotako laguntzaren 2/3 horiek itzultzeko.

b) Enpresa-plana amaitu ostean, landaren eta itsasertzaren garapenaren arloko eskumenak dituen zuzendaritzako teknikariek in situ kontrolatuko dute proiektuaren egoera, eta espedientearen bigarren balorazio bat egingo dute. Horretarako, onuradunak jardueraren dokumentazioa eta memoria aurkeztuko ditu, diru-laguntza jasotzeko betekizunak bete dituela eta enpresa-plana behar bezala gauzatu duela egiaztatuz. Gauzatutako enpresa-planak aldaketarik izan badu hasieran aurkeztutakoarekiko, puntuazioa berriz kalkulatuko da benetan gauzatu dena kontuan hartuz, eta laguntzaren zenbatekoa doituko da, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordaintzeko edo dirua itzultzeko aginduz, dagokion arabera. Enpresa-plana hasieran aurreikusi bezala gauzatu bada, gainerako 1/3 ordainduko da.

III. KAPITULUA
ENPRESAK SORTU, HANDITU ETA MODERNIZATZEKO LAGUNTZAK

26. oinarria.– Xedea.

1.– Laguntza honen xedea da enpresak sortu, handitu eta modernizatzeko inbertsioak laguntzea. Bigarren eta hirugarren sektoreko mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak sortu eta/edo modernizatzeko edozein proiektu diruz lagundu ahal izango da:

a) Nekazaritzakoak ez diren jarduerak ustiategietan txertatzeko jarduketak, horien sostengu ekonomikoan laguntzen badute eta Leader eremuko enplegua mantentzen edo handitzen laguntzen badute.

b) Mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak sortu, handitu eta modernizatzeko jarduketak Leader eremuan.

2.– Enpresak handitzen eta modernizatzen direla ulertuko da produktibitatea handitzen duen edo ekoizpen- edo negozio-ildo berri bat dakarren edozein inbertsio egiten bada.

27. oinarria.– Onuradunak.

Neurri honen onuradun izango dira honako hauek:

a) Nekazariak edo ustiategi bateko familia-unitateko kideak, Leader eremuan beren lana nekazaritzatik kanpoko jarduerekin dibertsifikatzen badute. Diru-laguntzaren onuraduna ustiategiko familia-unitateko kide bat izango da, pertsona fisikoa edo juridikoa, edo pertsona fisiko zein juridikoen taldea, legeria nazionalek taldeari eta bertako kideei ematen dieten araubide juridikoa gorabehera, nekazaritzako langileen salbuespenarekin. Familia-unitateko kide bat pertsona juridiko bat edo pertsona juridikoen talde bat bada, kide horrek nekazaritzako jarduera batean aritu beharko du diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean.

b) Nekazaritzakoak ez diren mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioak halakotzat hartzen dituen enpresa-kategoriak.

c) Pertsona fisikoak.

28. oinarria.– Onuradun-izaera lortzeko betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetako 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:

a) Dibertsifikatzen duten ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lekutan izan beharko dute egoitza soziala, baita hiri-eremuan ere, betiere dibertsifikazioa Leader eremuan egiten bada eta onurak eremu horretarako badira. Eskatzaileak alta emanda izango du nekazaritzako jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzako araubidean.

b) Nekazaritzakoak ez diren mikroenpresek, enpresa txikiek eta ertainek edozein lekutan izan dezakete egoitza soziala, baita hiri-eremuan ere, betiere dibertsifikazioa Leader eremuan egiten bada eta onurak eremu horretarako badira.

c) Onuradun diren pertsona fisikoak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuan egon beharko dute erroldatuta.

2.– Diru-laguntzaren xede den jarduera ekonomikoarekin lotutako inbertsio fisikorik ez badago Leader eremuan, pertsona fisikoek Leader eremuan egon beharko dute erroldatuta, ustiategiek Leader eremuan izan beharko dute egoitza soziala eta enpresek Leader eremuan izan beharko dute egoitza soziala.

29. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarriko dokumentazio orokorraz gain, honako hau aurkeztu beharko da:

a) Pertsona fisiko eskatzailea nekazaritzako ustiategi baten familia-unitateko kide bada, bertan gutxienez urtebete daramalako egiaztapena, eta, horretarako, Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda dagoela egiaztatzea, bere nekazaritzako jardueraren arabera, eta nekazaritza-etekinen deklarazioa PFEZean, azken ekitaldian.

b) Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko nekazariaren kasuan, izaera hori egiaztatu beharko du.

c) Pertsona fisikoen kasuan, landa-eremuan edo Leader eremuan erroldatuta egotearen egiaztagiria, inbertsio motaren arabera, 19.3 oinarrian ezarri bezala.

d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiria, non jasoko baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena ere –hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean–.

e) Hala badagokio, jarduera egingo den lekuan ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren egiaztagiria.

f) Eraikuntza- edo birgaitze-obrak egingo badira, proiektu teknikoa aurkeztuko da, baita hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, hura eskuratzeko eskabidea.

g) Sozietateen gaineko zerga, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.

h) Pertsona fisikoek laugarren oinarriko d) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

i) Pertsona juridikoek laugarren oinarriko f) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

j) Aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.

k) Enpresa-plana aurkeztea; horrek, gutxienez, IV. eranskineko gutxieneko edukia izan beharko du.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak baimena ematen dio zuzendaritza kudeatzaileari zuzenean egiazta ditzan a), b), c) eta g) letretan adierazitako dokumentuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

30. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira honako gastu eta inbertsio hauek:

a) ondasun higiezinak eraikitzea, eskuratzea (baita finantza-errentamenduaren bidez ere) edo birgaitzea;

b) hirigintza-lanak eta lotutako beste azpiegitura batzuk;

c) erosketa edo errentamendua, makina eta ekipo berriak erosteko aukerarekin, produktuaren merkatu-baliora arte;

d) aurreko puntuetan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak; adibidez, arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eko mugarekin.

e) ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.

f) Lan propioak (inbertsioa martxan jartzearekin lotutako zerbitzuak barne), diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 20ko mugarekin.

g) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute.

h) Ibilgailu bat erostea, betiere diruz lagundutako jarduera bertan garatzen bada eta egokitzapen handia egin behar izan bada, zenbateko osoaren % 20ra arte; gehienez, 20.000 euros.

i) Ibilgailuen egokitzapena diru-laguntzaren helburu den jarduera garatzeko.

j) Tresneria.

k) Altzariak.

l) Ekipamendu informatikoak.

m) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eko mugarekin.

n) Aplikatu beharreko legeriaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.

2.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

b) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

c) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidetara eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

d) Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.

e) Etxebizitzak, ibilgailuak edo etxean erabiltzeko ondasunak.

f) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

g) Ekipamendua eta makinak berritzeko edo soilik ordezteko inbertsioak, salbu eta erositako ekipamendu berria aurrekoekin alderatuta desberdina bada, erabiltzen duen teknologiaren zein errendimenduaren aldetik.

h) Errentamendu-kontratuekin lotutako beste gastu batzuk, erosteko aukera ematen dutenak, hala nola, errentatzailearen marjina, interesen birfinantzaketa-kostuak, gastu orokorrak eta aseguru-gastuak.

i) Lurrak eskuratzea.

j) BEZa ez da diruz lagunduko, salbu eta BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera berreskuraezina denean.

k) Tabletak eta/edo telefono-terminalak eskuratzea, nahiz eta horiek aplikazio informatikoak barne hartu.

31. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Proiektuaren balorazioa eskabidearekin batera aurkezten den enpresa-planaren arabera egingo da. Plan horretan jasotako alderdiak bakarrik izango dira kontuan eta, maila apalagoan, dokumentuen bidez frogatutakoak:

● Landatartasun-maila: Kokalekuaren landatartasun-mailaren arabera baloratuko da proiektuen landatartasun-maila.

(Ikus .PDF)

● Landa-garapeneko programarekiko egokitzapena:

(Ikus .PDF)

● Proiektuaren enpresa-potentziala: Irizpide horren barruan baloratuko da proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa eta hazteko potentziala, bai eta proiektuaren interes ekonomiko eta teknologikoa ere.

(Ikus .PDF)

● Talde sustatzailearen balorazioa: Atal honen barruan baloratuko da proiektuaren sustatzaileen gaitasuna eta esperientzia eta haien inplikazio-maila.

(Ikus .PDF)

● Enplegua sortzea: Proiektuak enplegua sortzeko duen ahalmena baloratuko da, batez ere emakumeen enplegua.

(Ikus .PDF)

● Enpresa-proiektuaren edo horren produktu/zerbitzuaren berrikuntza-maila eta/edo ekoizpenaren dibertsifikazioari egiten dion ekarpena. Irizpide horren barruan kontuan hartuko dira enpresa-proiektuaren berritasuna, originaltasuna eta inguruarekiko desberdintasuna.

(Ikus .PDF)

● Eskatzailea emakumezkoa izatea: 5 puntu

Pertsona fisiko batek baino gehiagok osatuta dauden pertsona juridikoen kasuan, 5 puntu horiek jasoko ditu gutxienez bazkideen % 50 emakumezkoak badira eta gutxienez kapital sozialaren % 50 bazkide emakumezkoen esku badago.

32. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Enpresa jakin bati ematen zaizkion minimis laguntzen kopuru osoa ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldiko edozein alditan, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduaren arabera (Erregelamendu hori minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da). Minimis laguntza eman direla joko da enpresei, aplikatzekoa den araubide juridikoa aplikatuta, horiek jasotzeko eskubidea aitortzen zaienean, minimis laguntzen ordainketa enpresak jasotzen duen uneari erreparatu gabe.

2.– Lortutako puntuazioaren arabera, proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren ehunekoa honela gauzatuko da:

(Ikus .PDF)
IV. KAPITULUA
BESTEREN KONTURA KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

33. oinarria.– Xedea.

1.– Laguntza honen xedea da besteren konturako langileen kontratazioa laguntzea, hala beren jarduerak dibertsifikatzen dituzten ustiategietan nola mikroenpresetan, enpresa txikietan eta ertainetan, bai eta pertsona bat kontratatzen duten autonomoen kasuan ere, Leader eremuetan lanpostuak sortzeko eta horrela landa-eremuko biztanleria mantentzen edo handitzen laguntzeko.

2.– «Lanpostuak sortzea» honela ulertuko da: establezimenduko lanpostu-kopuru garbia handitzea aurreko urteko batez besteko kopuruaren aldean. Hortaz, kontuan hartutako epealdian sortutako ustezko lanpostu-kopuruari epealdi horretan bertan deuseztatutakoak kendu beharko zaizkio.

34. oinarria.– Onuradunak.

Neurri honen onuradun izango dira honako hauek:

a) Nekazariak edo ustiategi bateko familia-unitateko kideak, Leader eremuan beren lana nekazaritzatik kanpoko jarduerekin dibertsifikatzen badute. Diru-laguntzaren onuraduna ustiategiko familia-unitateko kide bat izango da, pertsona fisikoa edo juridikoa, edo pertsona fisiko zein juridikoen taldea, legeria nazionalek taldeari eta bertako kideei ematen dieten araubide juridikoa gorabehera, nekazaritzako langileen salbuespenarekin. Familia-unitateko kide bat pertsona juridiko bat edo pertsona juridikoen talde bat bada, kide horrek nekazaritzako jarduera batean aritu beharko du diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean.

b) Nekazaritzakoak ez diren mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioak halakotzat hartzen dituen enpresa-kategoriak.

c) Pertsona fisikoak.

35. oinarria.– Onuradun-izaera lortzeko betekizun orokorrak.

Agindu honetako 4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:

1.– Dibertsifikatzen duten ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoko Leader eremuan egon beharko dute kokatuta, eta eskatzaileak alta emanda izango du nekazaritzako jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzako araubidean. Bere jardueraren dibertsifikazioa Leader eremuan egingo da. Kontratatutako pertsonak dibertsifikatutako jardueran egin beharko du lan, inolaz ere ez ustiaketan.

2.– Nekazaritzakoak ez diren mikroenpresek, enpresa txikiek eta ertainek Leader eremuetan egin beharko dute beren jarduera. Berdin du egoitza soziala non dagoen, Leader eremuan diru-laguntzaren xede den jarduera ekonomikoari lotuta dagoen egoitza fisiko bat dagoenean (lantegia, fabrika...) eta kontratatutako pertsonak bertan lan egiten duenean izan ezik. Kasu horretan, pertsona juridikoari egoitza soziala Leader eremuan izateko eskatuko zaio.

3.– Neurriaren onuradun diren pertsona fisikoek Leader eremuan bizi behar dute eta bertan egon beharko dute erroldatuta.

36. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarriko dokumentazio orokorraz gain, honako hau aurkeztu beharko da:

a) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea nekazaritzako ustiategi baten familia-unitateko kide bada, bertan gutxienez urtebete daramalako egiaztapena, eta, horretarako, Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda dagoela egiaztatzea, bere nekazaritzako jardueraren arabera, eta nekazaritza-etekinen deklarazioa PFEZean, azken ekitaldian.

b) Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko nekazariaren kasuan, izaera hori egiaztatu beharko du.

c) Pertsona fisikoen kasuan, Leader eremuko errolda-agiria.

d) Kontratatutako pertsonak langabezian daudela justifikatzeko egiaztagiria. Luzaroko langabeak badira eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsona desgaituak badira, inguruabar horiek egiaztatu beharko dituzte.

e) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak direla eta, kide guztiek sinatutako agiria, non jasotzen baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena ere –hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean–.

f) Sozietateen gaineko zerga, mikro-enpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.

g) Proiektua baloratzeko memoria (V. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jaso beharko ditu memoriak; eta informazio horren euskarri gisa, behar diren akordio eta ziurtagiriak erantsi beharko dira. Jasotzen diren puntuak bakarrik hartuko dira kontuan.

h) Pertsona fisikoek laugarren oinarriko d) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

i) Pertsona juridikoek laugarren oinarriko f) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak baimena ematen dio zuzendaritza kudeatzaileari zuzenean egiazta ditzan a), b), c), d) eta f) letretan adierazitako dokumentuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

37. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Hiru irizpideren arabera baloratuko dira proiektuak: landatartasun-maila eta kontratatutako pertsonaren egoera, hau da, desgaitasuna eta luzaroko langabezia.

2.– Lehenik eta behin landatartasun-maila baloratuko da: 1. maila lehenetsiko da 2. mailaren aurretik, eta azken hori 3. mailaren gainetik. Maila bakoitzaren barruan, diru-laguntzak lehentasun-hurrenkera honen arabera emango dira.

a) Desgaitasuna duen edo luzaroko langabea den emakumezkoa

b) Emakumezkoa

c) Desgaitasuna duen edo luzaroko langabea den gizonezkoa

d) Gizonezkoa

3.– Landatartasuneko 1. mailako eskaerei adierazitako irizpideen arabera laguntzak eman ondoren, aurrekonturik geratzen bada, 2. mailako eskaerak baloratuko dira, eta ondoren 3. mailakoak.

38. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduak (EE) (minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa) ezartzen du enpresa jakin bati ematen zaizkion laguntzen kopuru osoa ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zergaldiko edozein alditan. Minimis laguntza eman direla joko da enpresei, aplikatzekoa den araubide juridikoa aplikatuta, horiek jasotzeko eskubidea aitortzen zaienean, minimis laguntzen ordainketa enpresak jasotzen duen uneari erreparatu gabe.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa sortutako lanpostu bakoitzeko kopuru finko bat izango da, betiere kontratatutako lanaldiaren araberakoa. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako orduen % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez.

3.– Honako taula honen arabera emango da:

(Ikus .PDF)

39. oinarria.– Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikatzeko dokumentazioa.

Lehen ordainketa bat egingo da, % 50ekoa, besteren konturako kontratazioa egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengoa egin eta urtebetera, eta landaren eta itsasertzaren garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek sortutako lanpostuei eusten zaiela behar bezala egiaztatu ondoren, edo, jarduera independenteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Leader eremu batean bizitzen jarraitzen dutela.

V. KAPITULUA
LEADER HERRIETAKO OINARRIZKO ZERBITZUEN AZPIEGITURAK EGIN ETA BERRITZEKO INBERTSIOAK

40. oinarria.– Xedea.

Laguntzaren xedea da mota guztietako inbertsioak sustatzea azpiegitura txikiak sortu, hobetu edo handitzeko, jarduketa hauen esparruan:

a) Energia berriztagarriak, energia-aurrezpena, biomasa eta district heating.

b) Oinarrizko zerbitzuak: ura, saneamendua, elektrifikazioa.

c) Enpresa-ekimenen egoitza izan daitezkeen industrialde txikiak eta lokalak prestatzea.

d) Turismoari lotutako maila txikiko azpiegiturak.

e) Zerbitzuetarako eraikuntzak eta lokalak: gizarte-zentroak, kultur etxeak, etab.

f) Biztanleguneak egokitzea.

41. oinarria.– Onuradunak

Honako hauek izan ahalko dira onuradunak:

a) Toki-erakundeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (apirilaren 7ko 2/2016) 2. artikuluan xedatutakoaren arabera:

● Udalerria.

● Kontzejuak eta udalerriarena baino eremu txikiagoko beste lurralde-erakundeak, lurralde bakoitzean dagoen foru-araudian eta toki-araubidean gaineko oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera.

● Udal-mankomunitateak.

● Arabako lurralde historikoko kuadrillak.

● Beste zeinahi erakunde, baldin eta tokiko lurralde-erakunde zenbait biltzen baditu, dagokion izendapen bereziarekin, lege honetan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

b)?Estatuko sektore publiko instituzionala.

c) Landa Garapeneko Elkarteak, toki-erakundeek Leader eremu baten aldeko proiektua martxan jartzea haien esku uzten dutenean edo agintzen dietenean.

42. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarriko dokumentazio orokorraz gain, honako hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektua baloratzeko memoria (VI. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jaso beharko ditu memoriak; eta informazio horren euskarri gisa, behar diren akordio eta ziurtagiriak erantsi beharko dira. Jasotzen diren puntuak bakarrik hartuko dira kontuan.

b) Aurrekontuak eta/edo proformako faktura.

c) Nahitaezkoa denean, proiektu teknikoa, edo aurreproiektua, aurkeztu beharko da, bai eta proiektua egikaritzeko behar diren baimenak eta lizentziak ere, edo baimen eta lizentzia horiek lortzeko eskabidea.

d) Ondoren kudeatu behar diren proiektuen kasuan, erakunde eskatzaileek kudeaketa-plana aurkeztu beharko dute.

e) Hala badagokio, jarduera egingo den lekuan ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren egiaztagiria.

2.– Balorazio-batzordearen batzarra baino lehen, toki-ekintzako taldeak zinpeko deklarazioaren eredu bat emango die laguntza hauen eskatzaileei, proiektuaren egikaritze-maila egiaztatu ahal izateko «Berme ekonomikoa eta proiektuarekiko konpromisoa» izeneko irizpidearen barruan.

43. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Gastu edo inbertsio hauek lagun daitezke diruz:

a) ondasun higiezinak eskuratzea;

b) urbanizazio-lanak burutzea;

c) eraikitze-lanak burutzea.

d) zaharberritzeko edo birgaitzeko lanak burutzea

e) beste azpiegitura batzuk.

f) Aurreko bost ataletan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak; adibidez, arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere % 10eko mugarekin.

g) Tresneria.

h) Altzariak.

i) Informatika eta komunikaziorako ekipamendua, bai hardwarea bai softwarea.

j) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eko mugarekin.

k) Aplikatu beharreko legeriaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.

2.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Mantentze-gastuak eta funtzionamenduko beste edozein gastu.

b) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

c) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

d) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidera eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

e) Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.

f) Etxebizitzak, ibilgailuak edo etxean erabiltzeko ondasunak.

g) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

h) Ekipamendua eta makinak berritzeko edo soilik ordezteko inbertsioak, salbu eta erositako berria aurrekoekin alderatuta desberdina bada, erabiltzen duen teknologiaren zein errendimenduaren aldetik.

i) Finantza-errentamenduko kontratuak. Errentamendu-kontratuekin lotutako kostuak, erosteko aukera ematen dutenak, hala nola, errentatzailearen marjina, interesen birfinantzaketa-kostuak, gastu orokorrak eta aseguru-gastuak.

j) Lurrak eskuratzea.

k) Langile propioen gastuak.

l) BEZa ez da diruz lagunduko, salbu eta BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera berreskuraezina denean.

44. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektuak ebaluatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Eskualdeko Landa Garapeneko Planera egokitzea: Kontuan hartuko da zenbateraino egokitzen den proiektu bakoitza eskualdeetako landa-garapenerako planek finkatzen dituzten estrategietara.

(Ikus .PDF)

Landatartasun-maila: Kokalekuaren landatartasun-mailaren arabera baloratuko da proiektuen landatartasun-maila.

(Ikus .PDF)

Enplegua sortzea: Proiektuak enplegua sortzeko duen ahalmena baloratuko da, batez ere emakumeen enplegua.

(Ikus .PDF)

Erakunde eta/edo jarduera-esparru geografiko baten baino gehiagoren artean erkidetutako proiektuak: Lehentasuna emango zaie udalerriaren eta/edo eskualdearen gaineko jarduera-esparrua duten proiektuei.

(Ikus .PDF)

Proiektuaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa:

(Ikus .PDF)

Erakunde sustatzailea: Berme ekonomikoa eta proiektuarekiko konpromisoa.

(Ikus .PDF)

Azpiegitura eta/edo zerbitzu berria edo dagoeneko badaudenen hobekuntza.

(Ikus .PDF)

Proiektuaren berritasuna.

(Ikus .PDF)

2.– Diru-laguntza jasotzeko gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

45. oinarria.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Jarduera ekonomikorik eragiten ez duten erakunde publikoek sustatutako proiektuen gatuaren % 90era arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute.

(Ikus .PDF)

46. oinarria.– Laguntzaren aurrerakinak.

1.– Aurrerakinak udalerriei, udalerrien elkarteei eta zuzenbide publikoko organismoei baino ez zaizkie emango. Aurrerakina ezingo da izan emandako laguntzaren % 50etik gorakoa eta, edonola ere, zenbateko hori ezingo da izan inbertsioaren guztizko kostuaren % 20tik gorakoa. Haren likidazioa erakunde ordaintzailearen aldeko banku-berme bat eratzearen baldintzapean egongo da. Berme hori aurreratutako zenbatekoaren % 100en baliokidea izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutuko dira bermeak.

2.– Berme horren ordez agintaritza publiko batek emandako instrumentu bat erabili ahal izango da, betiere agintaritza horrek konpromisoa hartzen badu bermeak estalitako zenbatekoa ordaintzera, aurreratutako zenbatekoa jasotzeko eskubiderik ez zegoela ezartzen bada.

3.– Bermea ordaintzeko beharra kendu egingo da erakunde ordaintzaile eskudunak ebazten duenean operaziora bideratutako diru-laguntza publikoari dagozkion gastu errealek aurrerakinaren zenbatekoa gainditzen dutela.

VI. KAPITULUA
ETXEBIZITZA

47. oinarria.– Xedea.

1.– Diru-laguntza honen xedea da etxebizitzarako sarbidea erraztea Leader eremuko biztanle guztiei eta beste etorkizunean beste eremu batzuetatik horra joaten diren biztanleei, familien eta gazteen aurreikusteko moduko beharrei erantzungo dien etxebizitza-politika baten bidez. Era berean, ondare higiezina hobetzen eta kontserbatzen ere lagundu nahi da, nortasun kultural eta historikoa gordez.

2.– Helburu espezifiko bat da Leader eremuko biztanleria handitzea, biztanle gehiagoko beste eremu batzuetara joaten diren pertsonen ondorioz eremu horien despopulazioa saihestuz, biztanleria gaztetuz eta zerbitzuei eustea eta zerbitzu berri batzuk martxan jartzea eragingo duten gutxieneko biztanleria-maila batzuk bermatuz (eskolak, osasun-zentroak, etab.).

3.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen jarduketak:

a) Etxebizitza berriak: sustapen kolektiboen bidezko urbanizazioa eta eraikuntza (2 etxebizitza edo gehiago), bai eta banako etxebizitza, jabearen lanbide nagusia nekazaritza bada.

b) Etxebizitza birgaitzea, betiere egiturazko obra handia egin behar bada. Ez dira kontuan hartuko bakarrik teilatua aldatzeko proiektuak. Birgaitzeko etxea guztiz eraitsi behar bada, eraikuntza berritzat hartuko da.

48. oinarria.– Onuradunak.

1.– Etxebizitza berriko laguntzen onuradun izan daitezke honako erakunde hauek:

a) 41. oinarrian aipatutako toki-erakundeak, egoitza soziala Leader eremuan badute.

b) Kooperatibak edo beste forma kolektibo batzuk, egoitza Leader eremuan dutenak eta udalak sustatutakoak, horietako kideak etxebizitzaren azken jabeak badira eta neurri honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

c) Jarduera nagusia nekazaritza duten pertsonak, Leader eremuan erroldatuta daudenak. Baldintza hori betetzen dutela ulertuko da gutxienez beren errentaren % 50 lehen sektoretik lortzen badute eta sektore horretan duten dedikazioa ere gutxienez % 50ekoa bada.

2.– Hauek izan daitezke birgaitzeko laguntzen onuradunak:

a) 41. oinarrian aipatutako toki-erakundeak, egoitza soziala Leader eremuan badute.

b) Kooperatibak edo beste forma kolektibo batzuk, egoitza Leader eremuan dutenak eta udalak sustatutakoak, horietako kideak etxebizitzaren azken jabeak badira eta neurri honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

c) Leader eremuan erroldatutako nekazariak.

d) Leader eremuan erroldatutako pertsona fisikoak.

49. oinarria.– Onuradun izateko betekizun espezifikoak.

Etxebizitza berriaren zein birgaitzeko laguntzen kasuan, etxebizitzaren azken onuraduna edo bere familia-unitateko inor ezin da izan beste etxebizitza beten % 50en baino gehiagoren jabe, eta diruz lagundutako etxebizitza haren lehen etxebizitza izango da.

50. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– Diru-laguntzaren eskatzaile guztiek, hala erakunde publikoek nola pribatuek, 5. oinarriko dokumentazio orokorraz gain, honako hau aurkeztu beharko dute:

a) Proiektua baloratzeko memoria (VIII. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jaso beharko ditu memoriak; eta informazio horren euskarri gisa, behar diren akordio eta ziurtagiriak erantsi beharko dira. Jasotzen diren puntuak bakarrik hartuko dira kontuan.

b) Aurrekontuak eta/edo proformako faktura.

c) Eraikuntza- edo birgaitze-obrak egingo badira, proiektu teknikoa aurkeztuko da, baita hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, hura eskuratzeko eskabidea.

2.– Gainera, eskatzailea erakunde pribatu bat denean, honako hau aurkeztu beharko du:

a) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea nekazaritzako ustiategi baten familia-unitateko kide bada, bertan gutxienez urtebete daramalako egiaztapena, eta, horretarako, Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda dagoela egiaztatzea, bere nekazaritzako jardueraren arabera, eta nekazaritza-etekinen deklarazioa PFEZn, azken ekitaldian.

b) Pertsona fisikoen kasuan, Leader eremuko errolda-agiria.

c) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak direla eta, kide guztiek sinatutako agiria, non jasotzen baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena ere –hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean–.

d) Udalaren agiri bat, proiektuarekin ados daudela egiaztatzen duena.

e) Hala badagokio, jarduera egingo den lekuan ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren egiaztagiria.

3.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak baimena ematen dio zuzendaritza kudeatzaileari zuzenean egiazta ditzan 2a eta 2b ataletan adierazitako dokumentuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

4.– Balorazio-batzordearen batzarra baino lehen, toki-ekintzako taldeak zinpeko deklarazioaren eredu bat emango die laguntza hauen eskatzaile guztiei, proiektuaren egikaritze-maila egiaztatu ahal izateko «Proiektuaren berme tekniko, ekonomiko eta finantzarioa» izeneko irizpidearen barruan.

51. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Hauek dira diruz laguntzeko moduko gastuak, etxebizitza berriaren kasuan:

a) Proiektuak eta lanen zuzendaritza, diruz lagun daitezkeen inbertsioaren gaineko gehienezko % 10eko mugarekin.

b) Urbanizazio-lanak burutzea.

c) Birgaitze-lanak burutzea.

d) Lan propioak, diruz lagundutako aurrekontuaren % 20ra arte, nekazarien kasuan.

2.– Hauek dira diruz laguntzeko moduko gastuak, etxebizitzak birgaitzeko:

a) Proiektuak eta lanen zuzendaritza, diruz lagun daitezkeen inbertsioaren gaineko gehienezko % 10eko mugarekin.

b) Urbanizazio-lanak burutzea.

c) Birgaitze-lanak burutzea.

d) Lan propioak, diruz lagundutako aurrekontuaren % 20ra arte, nekazarien eta pertsona fisikoen kasuan.

3.– Inolaz ere ez dira diruz lagunduko higiezinak eta lurrak eskuratzeko operazioak.

52. oinarria.– Onuradunen betebehar espezifikoak.

Sustapen publikoko etxebizitzen kasuan, eskatzaileak baldintza hauek betetzen direla justifikatu beharko du:

a) Eskaria aztertzea.

b) Aurreko sustapen publikoetako etxebizitza hutsik ez dagoela.

c) Azken prezioa murriztuz laguntza etxebizitzaren erosleari pasarazteko konpromisoa.

53. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

● Landatartasun-maila: Kokalekuaren landatartasun-mailaren arabera baloratuko da proiektuen landatartasun-maila.

(Ikus .PDF)

● Landa-garapeneko programarekiko egokitzapena.

(Ikus .PDF)

● Proiektu-mota:

(Ikus .PDF)

● Eraikuntzaren ezaugarri jasangarriak: materialak, energia berriztagarrien erabilera, isolamendua, etab.

(Ikus .PDF)

● Proiektuaren berme tekniko, ekonomiko eta finantzarioa.

(Ikus .PDF)

● Etxebizitzaren azken onuradunak Leader eremuan lan egiten du edo eremu horretan ekintzailetza-jarduera egingo du.

(Ikus .PDF)

● Sustatzailearen kalitatea.

(Ikus .PDF)

54. oinarria.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Neurri honetan aurreikusitako laguntzak diruz lagundu daitekeen kostu osoaren % 90era iritsi daitezke, ekimena erakunde publiko batek aurkezten duenean, eta % 35eraino, erakunde pribatu batek aurkezten duenean.

2.– Etxebizitza berri bakoitzeko 20.000 € emango dira gehienez, eta 25.000 €, birgaitzeen kasuan.

3.– Erakunde publikoen kasuan:

(Ikus .PDF)

Erakunde pribatuen kasuan

(Ikus .PDF)

55. oinarria.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Aurrerakinak udalerriei, udalerrien elkarteei eta zuzenbide publikoko organismoei baino ez zaizkie emango. Aurrerakina ezingo da izan emandako laguntzaren % 50etik gorakoa eta, edonola ere, zenbateko hori ezingo da izan inbertsioaren guztizko kostuaren % 20tik gorakoa. Haren likidazioa erakunde ordaintzailearen aldeko banku-berme bat eratzearen baldintzapean egongo da. Berme hori aurreratutako zenbatekoaren % 100en baliokidea izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutuko dira bermeak.

2.– Berme horren ordez agintaritza publiko batek emandako instrumentu bat erabili ahal izango da, betiere agintaritza horrek konpromisoa hartzen badu bermeak estalitako zenbatekoa ordaintzera, aurreratutako zenbatekoa jasotzeko eskubiderik ez zegoela ezartzen bada.

3.– Bermea ordaintzeko beharra kendu egingo da erakunde ordaintzaile eskudunak ebazten duenean operaziora bideratutako diru-laguntza publikoari dagozkion gastu errealek aurrerakinaren zenbatekoa gainditzen dutela.

II. ERANSKINA
LEADER EREMUKO UDALERRIAK
(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA
2018KO ESKABIDE EREDUA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ENPRESA-PLANA

1.– Sustatzailea edo talde sustatzailea:

1.1.– Justifikatu sustatzaile(ar)en motibazioa, gaitasuna eta esperientzia negozio-ideia behar bezala gauzatzeko; prestakuntza akademikoa eta osagarria eta jarduera berriarekin lotutako bizitzako eta laneko esperientzia.

1.2.– Sustatzaileen funtzioak eta egitekoen banaketa.

1.3.– Ekintzailetzaren arloan eskumena duen erakunde batek egitea tutoretza ekintzailetzako ibilbidean.

2.– Negozio edo proiektuaren ideia:

2.1.– Jarduera:

2.1.1.– Zertan datzan balio-proposamenaren oinarria den jarduera/produktua/zerbitzua: kokalekua, helburuak eta ezaugarri nagusiak.

2.1.2.– Proposamenaren berrikuntza-maila udalerrian edo eskualdean dagoen eskaintzarekiko, edo proposamenaren berritasuna, produktuari, merkatuari, teknologiari, gizarte-berrikuntzari eta abarri dagokienez.

2.1.3.– Aplikatu beharreko lege-araudiaren xehetasuna eta hura edo legezko betebeharrak gainditzen dituen jardunbide egokia betetzearen justifikazioa, gai hauei dagokienez: ingurumen-jasangarritasuna, gizarte-erantzukizun korporatiboa, laneko arriskuak, irisgarritasuna, kalitatearen ziurtagiriak edo zigiluak eta bestelakoak.

2.1.4.– Proiektuak Leader eremuan izango duen eraginaren justifikazioa, lankidetza-esparruari dagokionez: sinergiak eta lankidetzak beste erakunde, enpresa eta ekimen batzuekin, eskualde-mailan eta eskualdez gaindiko mailan.

2.2.– Merkatua:

2.2.1.– Merkatuaren ezaugarri orokorrak: Sektorearen, bertako arauen eta joeren ezagutza-maila.

2.2.2.– Bezeroak: Balizko bezeroak eta horien ezaugarri nagusiak identifikatzea: Interes-maila, prezioarekiko sentikortasuna, kokalekua eta horiekiko mendekotasun-maila.

2.2.3.– Lehia: Lehiakideak eta horien eskaintzaren ezaugarri nagusiak identifikatzea, prezioari, promozioari, banaketarik eta salmenta-puntuari dagokienez. Produktu/zerbitzuaren lehiaren arloko abantailak, lehiakideenarekin alderatuta.

2.2.4.– Hornitzaileak: Hornitzaileen ezaugarri nagusiak identifikatzea; termino komertzialak eta ordaintzeko baldintzak, hornigaien fidagarritasun eta horiekiko mendekotasun-maila.

2.3.– Ekoizteko edo zerbitzua emateko prozesua: Ekoizteko edo zerbitzua emateko prozesu guztiak identifikatzea eta deskribatzea, hornigaiak biltzetik produktua/zerbitzua merkaturatu arte.

2.4.– Baliabide materialak: Ibilgetuaren inbentarioa (salmentara bideratuta ez dagoen materiala eta immateriala) eta aktibo zirkulatzailearen elementuen inbentarioa (izakinak).

2.5.– Giza baliabideak: Dagokionean, proiektuak diruz laguntzeko epealdian enplegua sortzeko duen gaitasuna justifikatzea: Lanpostu-kopurua eta horien ezaugarriak.

2.6.– Marketin Plana:

2.6.1.– Salmentak: Onartutako salmenta-estrategia azaltzea.

2.6.2.– Prezioa: Enpresaren politika komertziala aurkeztea, oinarri bezala hartuta salmenta-helburuak, bezeroek produktuari dagokionez egiten duten balorazioa, eta abar.

2.6.3.– Banaketa: Zeintzuk diren banaketa-kanalak eta horiek osatzen dituzten eragileekiko mendekotasuna.

2.6.4.– Komunikazio-plana: kanpainen deskribapena eta beharrezko baliabideen esleipena.

3.– Enpresaren forma juridikoa eta eraketaren izapidea:

3.1.– Identifikatzea negozioaren forma juridikoa eta bazkideen partaidetza-, administrazio- eta ordezkaritza-sistema.

3.2.– Jardueraren gutxi gorabeherako hasiera-data, hala badagokio

4.– Kronograma:

4.1.– Enpresa-plana gauzatzeko faseen plangintza, enpresa-plana gauzatzen hasten denetik amaitu arte. Kronograma horretan espresuki jasoko dira mugarriak (diruz lagundu daitezkeen ekintzak) eta helburuak adierazle definitu eta zenbakarrien bidez.

4.2.– Bi urte igarota helburu bezala jarduerarentzat lortu nahi den egoeraren deskribapena.

5.– Enpresaren bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa:

5.1.– Inbertsioen aurrekontua eta finantzaketa-plana (funts propioak, maileguak eta egiaztatutako bermeak, bestelako diru-laguntzak...).

5.2.– Diruzaintzako aurreikuspenak (kutxako fluxua), hurrengo bi urteetarako.

5.3.– Gutxieneko emaitza-kontua, hurrengo bi urteetarako.

5.4.– Emaitza ekonomiko-finantzarioen analisia eta zenbatespena. Argi utzi behar da posible dela bi urteren buruan proiektuaren bideragarritasuna bermatzen duen emaitza lortzea.

V. ERANSKINA
BESTEREN KONTURAKO KONTRATAZIOAREN MEMORIA

Memoriaren edukia:

● Enpresaren jardueraren deskribapena eta kokalekua.

● Kontratatutako pertsonen lantokiaren kokalekua eta lanpostu berrian egin beharreko jarduera.

● Sortu beharreko lanpostu-kopurua.

(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
LEADER HERRIETAKO ZERBITZU PUBLIKOEN AZPIEGITURETAKO ETA BERRITZEKO INBERTSIOEN MEMORIA

1.– Lurraldea:

● Non gauzatzen den, eta zerbitzuaren esparrua.

● Kontuan hartuko da zenbateraino egokitzen den proiektu bakoitza eskualdeetako landa-garapenerako planek finkatzen dituzten estrategietara.

● Proiektuak Leader eremuan izango duen eraginaren justifikazioa: ingurumen-jasangarritasuna (araudiak exijitzen duenetik haratago) eta lurralde-kohesioa eskualdeko ekimenen, azpiegituren edo zerbitzuen bitartez, zeinek erraztuko baitituzte irisgarritasuna, aukera-berdintasuna eta bertako sentitzea.

2.– Erakunde sustatzailea:

● Arrazoiak eta helburuak.

● Konpromisoa proiektuarekin: proiektuaren gauzatze-fasea eta Udaleko osoko bilkuraren edo dagokion erakundeko zuzendaritza-organoaren erabakia, eskaeraren xede den proiektua aurrera eramateko.

● Berme ekonomikoa: Udaleko idazkariaren edo dagokion erakundeko organoaren ziurtagiria, proiektua finantzatzeko aurrekontu-partida badagoela ziurtatzen duena.

3.– Proiektua:

● Oinarrizko azpiegitura edo zerbitzuaren kudeaketarekin lotuta sortzea aurreikusten den enplegu zuzena, eta horren ezaugarriak.

● Proiektuaren irismena (tokikoa, udalekoa, udalez gaindikoa) eta proiektua gauzatzeko egin daitezkeen hainbat erakunderen arteko lankidetza-hitzarmenak.

● Proiektu-mota: azpiegitura eta/edo zerbitzu berri bat den edo azpiegitura eta/edo zerbitzu baten hobekuntza bat den deskribatzea.

● Plan ekonomiko-finantzarioa: besteak beste, honako gai hauek jasoko ditu:

○ Inbertitu beharreko funtsen jatorria (baliabide propioak, maileguak, bestelako diru-laguntzak...)

○ Jarduerak egin eta ordaintzeko kronograma.

● Kudeaketa-eredua: proiektuak zerbitzu baten kudeaketa egin beharra badakar, eredu horretan, besteak beste, honako hauek azaldu beharko dira:

○ Diru-sarrera eta gastuen aurrekontua.

○ Irekitzeko eta ixteko ordutegiak.

○ Erabiltzaileek zerbitzua eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzak.

○ Baliabide teknikoen eta materialen deskribapena.

● Proiektuaren berritasun-maila:

○ prozesuari, produktuari, merkatuari, antolaketari, teknologiari, gizarte-berrikuntzari eta abarri dagokienez.

○ Proiektuaren izaera aitzindari edo berritzailea, lurralde historikoko Leader eremuan dagoen eskaintzari dagokionez.

VII. ERANSKINA
ETXEBIZITZAREN MEMORIA

1.– Lurraldea:

● Non gauzatzen den.

● Zenbateraino egokitzen den proiektua eskualdeetako landa-garapenerako planek finkatzen dituzten estrategietara.

2.– Eskatzailea:

● Eskatzailea pertsona fisikoa denean:

○ Obraren kontratazioa zer fasetan dagoen zehatz adierazi.

○ Diru-laguntzaren xede den obra gauzatzeko ardura duen eraikuntza-enpresaren identifikazioa.

○ Leader udalerriarekiko lan-lotura: bertan lan egiten du edo bertan ekintzailetzan aritzeko asmoa du.

● Eskatzailea kooperatiba bat edo beste forma kolektibo bat denean:

○ Xedea.

○ Obraren kontratazioa zer fasetan dagoen zehatz adierazi.

○ Diru-laguntzaren xede den obra gauzatzeko ardura duen eraikuntza-enpresaren identifikazioa.

○ Kideen eta etorkizuneko etxebizitzen jabeen Leader udalerriarekiko lan-lotura: bertan lan egiten duten edo bertan ekintzailetzan aritzeko asmoa duten adierazi.

● Eskatzailea erakunde publikoa denean:

○ Obraren esleipena prozeduraren zer fasetan dagoen adierazi.

○ Diru-laguntzaren xede den obra gauzatzeko ardura duen eraikuntza-enpresaren identifikazioa.

○ Diru-laguntzaren xede den obra gauzatzeko ardura duen eraikuntza-enpresarekin sinatutako hitzarmenaren baldintzak.

3.– Onuradunak:

● Etxebizitza berriaren zein birgaitzeko laguntzen kasuan, etxebizitzaren azken onuraduna edo bere familia-unitateko inor beste etxebizitza beten % 50en jabe ez dela eta diruz lagundutako etxebizitza lehen etxebizitza izango dela egiaztatzeko agiriak.

4.– Proiektua: Honako hauek izan beharko ditu gutxienez:

● Proiektuaren deskribapena: jarduketa-mota (eraikuntza ala birgaitzea), etxebizitza-kopurua, azaleren koadroa, instalazioak, etab.

● Obraren ezaugarri jasangarriak: materialak, energia berriztagarrien erabilera, isolamendua, etab.

● Gauzatu eta ordaintzeko kronograma: obra gauzatzeko faseak eta aurreikusitako ziurtagiriak.

● Plan ekonomiko-finantzarioa: inbertitu beharreko funtsen jatorria (baliabide propioak, maileguak, bestelako diru-laguntzak...).

● Eskatzailea erakunde publikoa denean, behar eta/edo eskariaren justifikazioa, hala etxebizitza berrien kasuan nola birgaitzeen kasuan.

● Birgaitzeen kasuan: egiturazko obra handia egiteko beharraren justifikazioa.


Azterketa dokumentala