Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2018ko maiatzaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2410

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 28koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2018. urtean euskal kultura kanpoan zabaltzeko, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza, eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak honako helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo arte plastiko eta ikusizkoen, musikaren eta dantzaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkia 2018. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta zabaltzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Deialdiko modalitateak:

II. Kapitulua: Arte plastikoak eta ikusizkoak.

III. Kapitulua: Musika.

IV. Kapitulua: Dantza.

V. Kapitulua: Antzerkia.

3. artikulua.– Diru baliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:

a) Arte plastiko eta ikusizkoetarako berrogeita hamabost mila (55.000) euro

b) Musika bira eta kontzertu berezietarako ehun eta hogeita bost mila (125.000) euro honela banatuta:

– Ehun eta hamar mila (110.000) musika biretarako.

– Hamabost mila (15.000) kontzertu berezietarako.

c) Dantzarako berrogei mila (40.000) euro.

d) Antzerki bira eta denboraldietarako ehun eta hogeita hamar mila (130.000) euro.

2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako diru-laguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Honetarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du. Kasu honetan, eskaera kopuruaren eta dagoen diru-kantitatearen arteko desoreka handiena duen modalitateak lehentasuna izango du.

4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.

1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 13. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.

2.– Diru-laguntza esleitzeko orduan, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen gastuen atala soilik hartuko da kontuan.

3.– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:

Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko muntaia-gastuak, eszenografia edo materialaren garraioa, ostatua eta dietak. Antzerki denboraldietan, promozio gastuak ere bai. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.

4.– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euro dietarako. Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietarako.

b) Ondorengo dietak onartuko dira: emanaldi egunetakoak, eta joan-etorrietarako beste egun bat.

Arte plastiko eta ikusizkoen erakusketen kasuan, soilik joan-etorrietako, eta muntaia eta inauguraziorako dietak onartuko dira. Astebeteko dietak onartuko dira gehienez ere.

c) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Furgoneta erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren fakturaren kopia, erregaia, autopista eta parkinga.

e) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

5.– Hori guztia, 38/2003 Diru-laguntzen Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.

5. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

6. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira. Pertsona fisikoek errolda agiria aurkeztu beharko dute hau ziurtatzeko eta pertsona juridikoek dagozkien agiriak.

Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Euskal Hirigune Elkargoa.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean, arte plastiko eta ikusizkoak modalitatean salbu.

2.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunera izatea.

4.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11 eta 13.2 artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

5.– Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ezezik, jasotako diru-laguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.

7. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako agiriak Administrazio batek egindakoak direnean, haien kontsulta eta ateratzea interesdunen aldetik baimendutzat edukiko da, prozeduran ez badute kontrakotasunik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek dagozkien Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, baita eskatutako beste edozein agiri ere.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

Halaber, eskatzaileak honakoak adieraziko ditu eskabidean: dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.

1.– Bira edo proiektuko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

2.– Modalitate guztietan, eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira. Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Aurkez daitekeena honakoa izango da: 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak.

4.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre zigarrogileak Plaza, 1, 3. Solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etatik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 6. atalean adierazitako helbidean.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero-presentziala edo elektronikoa-, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

5.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 6. atalean adierazitako helbidean. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek bide presentziala ere aukeratu ahal izango dute.

6.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/zabalkundea_arteak/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke:

https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskaera onartua izateko, dagokion jaialdi, azoka, antzoki, erresidentzia, edo birako emanaldiak hartuko dituzten areto guztien kontratua, gonbidapen ofiziala edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, antolatzaileak sinatuta.

11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.

12. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Modalitate bakoitzerako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordeak osatuko dira. Batzordeak honela osatuko dira:

a) Lehendakaria: EEIko Euskal Kultur zuzendaria, ala hark izendatzen duen ordezkoa.

b) Bokalak: EEIko zuzendariak izendaturiko 3-5 kide, modalitate bakoitzean adituak diren gizon-emakumeak eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.

13. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:

a) Eskatzailearen ibilbide profesionala: kide kopurua (3p.), taldearen antzinatasuna (3p.), sorturiko kultur ekoizpenen berritasuna (6p.), azken hiru urtean atzerrian burututako ekitaldi kopurua (8p.). Puntuazioaren % 20ra arte.

b) Jarduera garatuko d(ir)en espazioa(k)/gertakizuna(k): birako ikuskizun kopurua (arte plastikoetan izan ezik) (10p.); hauek burutuko diren hiriak eta herrialdeak (10p.); antzoki, areto ala espazioaren ezaugarriak, hala nola, edukiera, nazioarteko programazioa eta izaera profesionala (20p.); Proiektuaren autofinantziazio maila (10p.). Puntuazioaren % 50era arte.

c) Proiektuaren ezaugarriak eta Etxepareren helburuekin duen lerratze maila: jasotako sariak, kritika espezializatuak eta autore edo taldearen proiekzioa (10p.); euskararen presentzia proiektuan (10p.); proiektuak euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (10p.). Puntuazioaren % 30era arte.

3.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dute diru-laguntzarik jasoko.

14. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeek aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira modalitateetako ebazpenak. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2018. urtean burutzea.

2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEIri edo «nire kudeaketak» helbidearen bitartez izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

4.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Etxepare Institutuaren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea. Nolanahi ere, diru-laguntza diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

7.– Halaber, aplikagarria izango da, diru-laguntzei buruzko azaroak 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

17. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek 2018ko abenduaren 31ra arteko epean aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2019ko urtarrilaren 31ra arte luzatu ahal izango da epea.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean:

Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileak Plaza 1, 3., Donostia (20012) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek justifikazioak, bide presentzialaz ere aukeratu ahal izango dute.

4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 9.6 artikuluan adierazitako helbidean.

5.– Justifikaziorako jarraian zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Justifikaziorako eredu-orriak jarraituz zehaztuko dira egindako gastuak, eta halakorik balego, jasotako beste diru-laguntzak.

c) Gastuen justifikaziorako, aurrekontu onartuan Etxeparek diruz-laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

EEIk ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.

d) Gastu guztien zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua.

Etxepare Institutuak edozein momentutan eskatu ahalko ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko fakturen kopiak. Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.

e) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion formularioan jasotzen den taula bete eta sinatzearekin.

f) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Bidesari eta parking gastuen ticketak edo fakturak aurkeztu beharko dira.

g) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio.

h) Helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, onuradunak izenpetua.

i) Kontratu ala ziurtagiriak, antolatzaileek sinatuak, egindako emanaldien baldintzak jasotzen dituztenak.

j) Dagokion modalitatearen eranskinetan justifikaziorako dokumentazio zerrendan eskatutako beste edozein agiri.

k) Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

18. artikulua.– Likidazio ebazpena.

1.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen honetan diru-laguntzaren itzulpena aginduko balitz, hau jasotzen denetik bi hilabeteko epea egongo da itzulketa egiteko.

2.– Ez betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa gidari izango da.

3.– Salbuespen gisa, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian azaltzen diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:

a) Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15etik beherakoa izatea.

b) Esleitutako diru-laguntzak behin betikoz exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.

c) Gain-finantziaziorik ez gertatzea.

19. artikulua.– Ordainketa.

Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:

% 75 diru-laguntza onartzen den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

20. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

II. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK

21. artikulua.– Xedea.

2018. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar gisako proiektuak...).

Xede honetarako, ez dira aintzat hartuko urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere, erakusketa iraunkorrak kasu. Hortaz, ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak onartuko dira soilik.

22. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura berrogeita hamahiru mila (55.000) eurokoa izango da.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila eta bostehun (12.500) euro baino handiagoa.

a) Ez da inbertsio amortizagarririk onartuko.

b) Joan-etorri bati dagozkion gastuez gain, egoiliar proiektu bakoitzeko eman daitekeen gehienezko zenbatekoa lau mila eta berrehun (4.200) eurokoa izango da eta hilabeteko gehienez ere 700 eurokoa.

23. artikulua.– Egoiliar proiektuak.

Egoiliar proiektutzat honakoa hartuko da: gutxienez bi asteko iraupena izango duen prestakuntza artistikoa hobetzeko egonaldia. Egoiliar zentroak helburu horretarako prestatutako tokia izan beharko du, eta egonaldiaren helburuak, baldintzak, zerbitzuak, ikasgaiak, arduradunak eta gainerako zehaztasunak egoiliar zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu batean jasoko dira.

Eskatzaileak dagokion agiri edo ziurtagiri hori aurkeztu beharko du diru-laguntzaren eskabidearekin batera.

III. KAPITULUA
MUSIKA

24. artikulua.– Diru-baliabideak.

Honakoak izango dira diru-laguntza hauetarako aintzat hartuko diren jarduerak: musika birak eta kontzertu bereziak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta hogeita bost mila (125.000) eurokoa izango da. Ehun eta hamar mila (110.000) musika biretarako, eta hamabost mila (15.000) kontzertu berezietarako.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete. Halere, musika talde bakoitzeko bira bakarra eta kontzertu berezi bakarra hartu ahal izango da kontuan, eta jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango ondoko kopuruak baino handiagoa:

– Hamabi mila bostehun (12.500) euro taldeko.

3.– Musika birako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa honakoa izango da:

– Espainiar Estatuko biretarako: bi mila eta bostehun (2.500) euro.

– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

4.– Kontzertu berezi baterako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa (materialen garraioa eta tokiko muntaia gastuak barne), honakoa izango da:

– 1.200 km arteko tokietarako: bi mila (2.000) euro.

– 1.201 eta 5.000 km arteko tokietarako: lau mila (4.000) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: sei mila (6.000) euro.

5.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitzara zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzi hori neurtzeko, ondorengo, web orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net/

25. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Musika birak.

Deialdi honen ondorioetarako honakoa hartuko da musika biratzat: euskararen eremu geografikotik kanpo, 2018. urtean zehar, gutxienez 5 kontzertu jotzea 3 plaza desberdinetan.

Musika biretako emanaldiak zenbatzean ez dira kontuan hartuko kontzertu berezietako emanaldiak.

2.– Kontzertu bereziak.

Honakoa joko da kontzertu berezitzat: euskal musika nazioartean zabaltzearren aparteko interesa izan dezakeen azoka, jaialdi edo gertakizun batean kontzertua ematea 2018an.

Kontzertu berezi moduan onartzeko baldintzak:

– Diruz lagunduko den musika taldeak prestigioduna izan behar du eta gutxienez 5 urteko ibilbide profesionala izango du. Talde berriak ere izan ahalko dira baldin eta aurrez aipaturiko baldintzak betetzen dituzten musikariz osaturik badaude.

– Kontzertua emango den musika azoka, jaialdi, edo gertakizunak prestigioduna eta nazioartean oihartzun zabalekoa izan behar du.

– Diru-laguntzaren eskatzaileak kontratatzailearen gonbidapen-gutun sinatua (musika taldearen kontratazio-baldintzak zehazten dituena) edo kontratua aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.

– Kontratatzaileak diruz lagunduko den kontzertuaren kostuaren % 25 hartuko du gutxienez bere gain.

3.– Ondokoetarako ez da diru-laguntzarik emango, musika bira nahiz kontzertu berezia izan:

a) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

b) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.

IV. KAPITULUA
DANTZA

26. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura berrogei mila (40.000) eurokoa izango da.

2.– Eskatzaile bakoitzak nazioarteko birako eskabide bakarra aurkez dezake.

3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da dantza bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:

– Estatu Espainiarreko biretarako: bi mila eta bostehun (2.500) euro.

– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

4.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzi hori neurtzeko, ondorengo, web orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net/

27. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Aintzat hartuko den formatua honakoa izango da: dantza-bira.

Dantza-biratzat hartuko da 2018. urtean zehar gutxienez 3 emanaldi egitea beste horrenbeste plazatan.

Salbuespen modura, nazioarteko dantza-azoka profesional batean parte hartzea biratzat onartuko da.

2.– Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:

a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.

b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.

V. KAPITULUA
ANTZERKIA

28. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta hogeita hamar mila (130.000) eurokoa izango da.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina eskatzaile bakoitzak jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.

3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da antzerki-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:

– 5.000 km-ra arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, ondorengo, web-orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net

4.– Gehienezko zenbatekoa antzerki-denboraldi bakoitzeko zortzi mila (8.000) eurokoa izango da.

5.– Euskal konpainia eta kanpokoen arteko koprodukzioetan, gehienezko diru laguntza kopuru hauek murriztuko dira, euskal konpainiak koprodukzio horretan duen ehunekoa aplikatuta. Salbuespenez, hiru baldintza hauetatik bi betetzen direnean, ez da murrizketa hau aplikatuko:

a) Zuzendaria euskal herritarra izatea.

b) Aktoreen herena baino gehiago euskal herritarra izatea.

c) Jatorrizko testua ala moldaketa egile euskaldun batena izatea.

29. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Antzerki-bira:

Gutxienez emanaldi bat egitea 2018. urtean zehar. Hiru baldintza hauetako bat bete beharko du:

a) Eranskinan aitatzen diren jaialdi edo azoketan parte hartzea.

Zerrenda horretatik kanpoko jaialdi edo azoketan parte hartzeko proposamenak ere aztertuko dira, betiere nazioartekoak eta profesionalak badira. Arte diziplina askotariko azoka edo jaialdien kasuan, antzerki programazio lerro osoa izan beharko dute. Azoka edo jaialdiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa eta jaialdiari buruzko informazioa.

b) Estatutik kanpo arte eszenikoen alorrean programazio egonkorra duten antzokietan aritzea: antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu, edo bestela, prestigio handikoa izan beharko du. Antzokiaren prestigioa baloratzeko, ondorengoak hartuko dira kontuan: programazioaren antzinatasuna; prestigiozko sariak jasotako taldeak programatzea; antzoki sare pribatu edo publikoen partaide izatea; erresidentzia erregimenean garatutako sorkuntza programak; publiko berriak sortzeko ekintza paraleloak edo antzokiak jasotako sari edo errekonozimenduak.

Antzokiak kaleko emanaldiak antolatzen dituenean, ez da antzokiaren edukiera kontuan hartuko.

Antzokiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak on-line erosteko zerbitzua.

c) Eusko Jaurlaritzak zuzenki edo zeharka babestutako honako erakustaldi-plataforma hauetako batean parte hartu izanaren ondorioz sortutakoa izatea: Leioako Antzerki Azoka, Donostiako Antzerki Azoka, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Tarregako Antzerki Azokako Euskal Teatroa espazioa, edo Valladolideko Antzerki eta Kale Artearen Nazioarteko Jaialdia.

2.– Antzerki-denboraldia:

Antzoki berean gutxienez 7 emanaldi egitea jarraian. Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu.

Antzokiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta konpainiei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak erosteko on-line zerbitzua.

3.– Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:

a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.

b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.

d) Eskola emanaldietarako.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira – erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da –. Diru laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Diru laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

Hirugarren XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiak «Laguntza eta diru-laguntzak» du izena. Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2011ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez araututa dago eta fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3.solairua, 20012 Donostia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2018ko martxoaren 28a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala