Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2018ko apirilaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2128

76/2018 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea lankidetzarako esparru hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artekoa, Arabako Mugikortasun Agintaritza sortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetzarako esparru hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artekoa, Arabako Mugikortasun Agintaritza sortzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 10a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 10EKO 76/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZARAKO ESPARRU HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA GASTEIZKO UDALAREN ARTEKOA, ARABAKO MUGIKORTASUN AGINTARITZA SORTZEKO.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 6a.

BILDU DIRA:

Maria Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua.

Josu López Ubierna jauna, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua.

Gorka Urtaran Aguirre jauna, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkatea.

PARTE HARTZEN DUTE:

Arantza Tapia Otaegi andrea, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioaren ordezkari.

Josu López Ubierna jaunak, Arabako Foru Aldundiaren ordezkari. Haren ordezkaritza Diputatu nagusiaren uztailaren 3ko 133/2015 Foru Dekretutik eratortzen da.

Gorka Urtaran Aguirre jauna, Vitoria-Gasteizko Udalaren ordezkari. Haren ordezkaritza Udalaren eraketa batzarretik, 2015eko ekainaren 13an egindakotik, eratortzen da, apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Tokiko araubidearen oinarriak arautzen dituenak, 21. artikuluan ezarritakoa ikusita.

Alderdi guztiek lankidetza hitzarmen hau formalizatzeko gaitasun eta eskumen egokiak aitortzen dizkiote elkarri. Hartara,

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutua onartu zuenak, 10.32 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, hauen eskumen esklusiboa: «Trenbideak, lehorreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioa, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologia Zerbitzua, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoari kalterik eragin gabe. Garraio-gaietan, zama-kontrataguneak eta terminalak». Lege horren 37.2 artikuluan arautzen da horrek ez dituela eraldatuko lurralde historiko bakoitzeko foru araubide espezifikoaren izaera edo araubide pribatiboen eskumenen izaera; horien artean, Arabako Foru Aldundiak errepidezko garraioetan duen eskumena aipatu behar da, Herri Lan Ministerioarekin 1950eko martxoaren 9an sinatutako hitzarmenak direla bide dagokiona.

Bestalde, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta haren lurralde historikoetako foru organoen arteko harremanei buruzkoak (LHL), 10. artikuluan hau ezartzen du: «Errepideko Ibilgailuzko Garraioen alorreko Legegintza, Arauen bidezko garapena, ikuskaritza gorena, plangintza eta koordinazioa autonomi erkidego osorako erakundeei dagozkie. Lurralde historikoek, Arabak bere mugartean, eta indarrean dauden estatuarekiko itunen arabera, orain dituen ahalmenak gauzatuko dituzte, Arabaren izaera berdinaz».

II.– Modu berean, Arabako Foru Aldundiak eskumenak dauzka bere lurraldearen barruan errepidetik doazen garraio mekanikoen alorrean, ondoko hauek kontuan izanik: LHLaren 10. artikuluan xedatutakoa; uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoa, Estatuak errepidezko eta kablezko garraioen ahalmenak autonomi erkidegoei eskuordetzeari buruzkoa; martxoaren 5eko 36/1985 Dekretua, errepidezko garraioaren gaian autonomi erkidegoaren erakunde erkideen eta Arabako Lurralde Historikoaren artean eskumenak mugatzen dituena; eta Diputatu nagusiaren martxoaren 5eko 881/1985 Foru Dekretua, gai berari buruzkoa.

III.– Modu berean, Vitoria-Gasteizko Udalak, estatuaren eta autonomi erkidegoen legegintzaren terminoetan, eskumenak dauzka trafikoan, ibilgailuak aparkatzean, mugikortasunean eta hiri garraio kolektiboan, apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Tokiko araubidearen oinarriak arautzen dituenak, 25.2.g artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, 26.1.d artikuluak bidaiarien hiri garraio kolektiboa ezartzen du gutxieneko nahitaezko zerbitzu gisa, 50.000 biztanletik gora duten udalerrientzat. Azkenik, apirilaren 7ko 2/2016 Legeak, Euskadiko tokiko erakundeenak, dioenez, udalerrien berezko eskumenen artean pertsonen garraio publikoaren hiri zerbitzuak antolatzea, planeatzea, programatzea, kudeatzea, diziplina ezartzea eta sustatzea daude, edozein garraiobideren bidez ere bakoitzaren udal mugartean ematen direnean (17-01-2018 artikulua); hori egitea lege horretan xedatutakoari eta aplikatu beharreko legeriari egokitu beharko zaie.

IV.– Abenduaren 15eko 5/2003 Legeak, Euskadiko Garraioaren Agintaritzarenak, bere zioen azalpenean adierazten duenez, garraioaren alorrean eskumena daukaten zenbait administrazio daudenez gero, elkarrekin lan egin behar dute, eta garraio sistema integratua ahalbidetzen duten tresna eta mekanismoak sortu behar dira. Hartara, eta garraioaren antolaketa instituzionala harmonizatzeko eta orekatzeko helburuz, Euskadiko Garraioaren Agintaritza sortu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kontsulta eta koordinazio organo gorena da garraioaren eta haren azpiegituren antolaketarako.

V.– Modu berean, abenduaren 15eko 5/2003 Legearen 14. artikuluan, lurraldeetako garraio agintaritzak sortzeari buruzkoan, ezartzen denez, Euskadiko Garraio Agintaritzak, bere ekimenez –edo interesa duten foru eta toki erakundeek eskatuta–, lurraldeko garraio agintaritzen sorrera bultzatuko du. Erakunde horiek figura juridiko egokia izango dute, erakunde eta elkarte eskudunen artean lankidetza hitzarmenak eginez. Lurraldeetako garraio agintaritza horiek beraiek sortzeko tresnan ezartzen diren izaera, xedea, funtzioak, egitura, antolaketa eta finantzaketa izango dituzte (15. artikulua), eta Euskadiko Garraio Agintaritzak emandako oinarrizko irizpideen arabera beteko dituzte beren funtzioak (16. artikulua). Finean, legeak ez ditu zehazten lurraldeetako garraio agintaritzen izaera juridikoa edo beraiek eratzeko formulak; 14. artikuluan adierazten denez, lankidetza hitzarmenaren zehaztapenen araberakoak izango dira, hortik sortzen baitira.

VI.– Arabako lurraldeko garraio agintaritza ez da orain arte eratu. Horregatik, hitzarmen honen bidez berariaz adierazten da Arabako Mugikortasun Agintaritza sortzeko borondatea, lankidetza eta elkarlan izaerarekin, garraio publikoaren alorreko antolaketa, plangintza eta betearazpen erabakiak haren barnean eztabaidatzeko, eta erakunde arduradun bakoitzak hartutako erabaki egokiak gauzatzeko, gaiaren gaineko eskumenen banaketa kontuan izanik.

VII.– Modu berean, agertutakoek adierazten dute etorkizunean garraioaren alorreko lurraldeko entitate juridikoa eratzea sustatzeko borondatea dutela. Printzipioz, erakunde horrek partzuergoaren forma juridikoa izan beharko luke, administrazio izaerako zuzenbide publikoko erakundea, Arabako Lurralde Historikoan mugikortasuna planeatzeko eta kudeatzeko funtzioak bere gain hartuz. Hari esleituko zaizkio artikulazio, koordinazio eta lankidetza izaerako ahalmen administratiboak eta, aplikatu beharreko hitzarmenarekin eta tresna juridikoarekin bat etorriz, bidezkoa bada, Arabako Lurralde Historikoko garraio zerbitzuen eremuaren barruan, hura osatzen duten erakundeen eskumeneko jarduerak kudeatu ahalko ditu.

VIII.– Aurrekoa kontuan izanik, agertutakoek uste dute beharrezkoa dela lankidetzarako harremanen foro bat eratzea, Arabako Mugikortasun Agintaritza (AMA) izenekoa, administrazio eskudun guztien artean parte hartze eta lankidetza mekanismoak artikulatzen dituena. Foro honek, proposamen eta neurri egokiak hartzea eta ekimenak egitea sustatuko du, etorkizunean partzuergoa sortzeko. Modu berean, partzuergoa eratu bitartean, administrazio bakoitzaren eskumenak koordinatzen lagundu ahalko du, bakoitzaren eskumenen barruan, eta garraio publikoaren sistema modu orokor, integratu eta eraginkorrean planeatzen lagundu ahalko du, mugikortasun jasangarriaren politikaren oinarrizko printzipioak aintzat hartuta.

Hori dela bide, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren itzalpean eta, araudi horren baitan, urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore publikoaren araubide juridikoarenak, 47-53, 143, 144 eta 145. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, agertutako administrazioek erabakitzen dute administrazio arteko lankidetza hitzarmen hau formalizatzea eta sinatzea, ondoko hauek kontuan izanik:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea esku hartzen duten aldeen artean lankidetza organo bat sortzea da. Lankidetza organoa Arabako Mugikortasun Agintaritza deituko da. Hura sortzearen helburua da aldeek osatutako egitura bat egon dadila, administrazio arteko lankidetzaz arduratzen dena, Arabako Lurralde Historikoan garraioaren alorreko politika publikoak komunean jartzeko, garraioaren alorrean eskumenak dituzten erakunde eta entitate guztiek beren ahalmen publikoak modu koordinatuan gauzatzea sustatuz eta erraztuz.

Lankidetza organo honek ez dauka nortasun juridikorik. Arabako Foru Aldundian garraio eta mugikortasun gaian eskumenak dituen sailari atxikiko zaio.

Bigarrena.– Helburuak.

Arabako Mugikortasun Agintaritza bere lurralde eremuan garraio agintaritza gisa eratzen da, abenduaren 15eko 5/2003 Legeak, Euskadiko Garraio Agintaritzarenak, arautua. Hala denez gero, hauek dira haren xedea eta helburuak:

a) Bidaiarien garraioaren antolaketa politikak definitzen, bidaiarien garraioen politika erkidea koordinatzen, bidaiarien garraioaren modalitate guztiak planeatzen eta bidaiariak garraiatzeko politikak lurralde orekari eta, oro har, garapen jasangarriari egokitzen laguntzea, eta bidaiariak garraiatzearen alorrean Europar Batasunaren politikak inplementatu eta betearaztea.

b) Bidaiariak garraiatzearen alorrean eskumenak dituzten erakunde guztiek ahalmen publikoak modu koordinatuan gauzatzea sustatzea eta erraztea, administrazioen arteko lankidetza bere gain hartzea, eta Arabako Lurralde Historikoaren eremu geografikoan bateratzen diren interesak bateratzea, bidaiariak garraiatzeko politikei dagokienez.

c) Zerbitzuak, sareak eta tarifak koordinatzea sustatu eta bultzatzea, eta erabiltzaileari eskaintza hobea luzatzea, bidaiarien garraio kolektiboaren erabilera sustatu eta bultzatzeko azken helburuarekin.

d) Bidaiariak garraiatzeko sare bakar eta integrala sustatzea.

e) Garraio arrazionalago eta eraginkorrago bat lortzea sustatzea, garapen jasangarriaren alderdi sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak erabat txertatuz.

f) Baliabide publiko eta pribatuak optimizatzea, bidaiariak garraiatzeko modu guztien elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta Europako garraio sisteman txertatzeko.

Hirugarrena.– Funtzioak.

Euskadiko Garraioaren Agintaritzaren oinarrizko irizpideekin bat etorriz, lankidetza organoak bere xedea eta helburuak betetzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren funtzio guztiak garatu ahalko ditu, betiere administrazio horietako bakoitzak garraioaren alorrean dauzkan eskumenak errespetatuz. Eta, besteak beste, funtzio hauek bere gain hartuko ditu:

1.– Arabako Lurralde Historikoan garraio politikak bateratzea eta mugikortasun jasangarrirako politika bat garatzea, kalitatezko garraio sistema integral, seguru, jasangarri eta irisgarri bat edukitzeko helburuarekin.

2.– Proposamenak aztertu, eztabaidatu eta hartzea, besteak beste, gai hauei buruz:

a) Garraio publikoko zerbitzuak eta azpiegiturak planeatu eta koordinatzea.

b) Garraio kolektiboko operadoreekiko harremanak.

c) Administrazioek sistema finantzatzea.

d) Tarifak antolatzea. Tarifak integratzeko sistema eta txartel bakarra ezartzea.

e) Komunikazioa.

f) Mugikortasun Jasangarriaren Lurralde Plana.

g) Aholkularitzak eta txostenak.

3.– Garraioaren politika publikoa, haren inpaktua, eta haren tresnak eta programak aldian behin ebaluatzea.

4.– Garraioaren lurralde izaerako erakunde juridikoa osatzeko neurriak eztabaidatu eta sustatzea.

Laugarrena.– Artikulazioa eta funtzionamendua.

Lankidetza organo honetan parte hartzen duten administrazio publikoek ziurtatuko dute beren arteko harremanak elkar informatzeko, lankidetzan aritzeko, koordinatzeko eta elkar errespetatzeko betebeharren araberakoak direla.

Lankidetza organoa urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore publikoaren araubide juridikoarenak, 15-18. artikuluetan xedatutakoaren arabera eraenduko da.

Organo horren funtzionamendu arauak ezarri edo osatu ahalko dira.

a) Organoaren integrazioa eta osaera.

Lankidetza organoan hitzarmen hau sinatzen duten administrazio guzti-guztietako ordezkariak daude, banaketa honen arabera:

– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean garraioen alorrean eskumena duen sailak izendatutako 3 ordezkari.

– Arabako Foru Aldundian garraioaren alorrean eskumena duen sailak izendatutako 3 ordezkari.

– Vitoria-Gasteizko Udalak izendatutako 3 ordezkari.

Hitzarmena egiten duten administrazioek ordezko bat izendatuko dute, izaera iraunkorrarekin, lankidetza organoan duten ordezkari bakoitzerako. Ordezkoek titularrak ordeztuko dituzte haiek ez baldin badaude, gaixorik badaude edo batzarrera etorri ezin badute, titularren eskubide eta betebehar berberekin.

b) Presidentea.

Lankidetza organoak bere kideen artean presidente bat izendatuko du, eta hark zuzenduko du organoaren barne funtzionamendua.

Presidentearen agintaldiek urtebete iraungo dute. Presidentetza txandakatu egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak izendatutako pertsonek, ordena honen arabera.

c) Idazkaria.

Organoko idazkaria Arabako Foru Aldundiak izendatutako pertsona izango da. Idazkariak ahotsa izango du, baina botorik ez, eta organoaren funtzionamenduaz arduratuko da.

d) Bilkurak.

Lankidetza organoaren bilkurak presidenteak deialdi bakoitzerako adierazten dituen lekuan eta egunean egingo dira.

Bilkurak lau hiletik lau hilera egingo dira, oro har. Hala eta guztiz ere, bi herenek eskatzen badute edo presidenteak erabakitzen badu, aparteko bilkurak deitu ahalko dira.

Lankidetza organoaren bilkurak ez dira jendaurrean egingo. Aitzitik, presidenteak lankidetza organoko kide ez diren pertsonei bilkuretara etortzeko eska diezaieke, aztertu behar diren gaiengatik beharrezkoa bada.

e) Deialdiak.

Presidenteari dagokio lankidetza organoaren batzarrak deitzea, bai ohikoak direnean bai apartekoak direnean, lankidetza organoko kideetako bakoitzari banako komunikazio bat bidaliz. Komunikazio hori gutun ziurtatu baten bidez egin daiteke, hartu-agiriarekin, edo posta elektronikoz, doakion pertsonak adierazitako helbide elektronikora bidalita, beste mezu elektroniko baten bidez hartu-agiria igorriz edo jaso izana adieraziz.

Egin baino gutxienez zortzi egun baliodun lehenago deitu beharko dira bilkura arruntak; apartekoak, berriz, bost egun balioduneko aurrerapenaz deitu beharko dira.

Bilkuren deialdiak (bai arruntak bai apartekoak) aztertuko diren gaien zerrendarekin batera igorriko dira. Bilkura egingo den eguna eta ordua adieraziko dira (bai lehenengo deialdian, bai bigarrenean), eta non egingo den ere bai. Lehenengo eta bigarren deialdien artean gutxienez hogeita hamar minutu igaro behar dira.

f) Erabakiak hartzea.

Erabakiak aho batez hartu beharko dituzte organoan ordezkatuta dauden eta erabaki bakoitzak eragiten dion gaian eskumena duten alde guztiek.

g) Aktak.

Lankidetza organoak akta egingo du bilkura bakoitzeko, ondoko hauek jasoz: saioa hasi den lekua, eguna eta ordua; deialdiaren testu osoa; batzartutako pertsonen izen-abizenak eta titularrak edo ordezkoak diren; eztabaidatzen diren gaiak eta egindako adierazpenak, interesdunak horiek aktan agertzea nahi badu; hartutako erabakiak, eta bozketen zentzua.

Lankidetza organoko idazkariak idatzi beharko ditu aktak.

Akta liburu bat eduki behar da, egindako bilkura guztiak kronologikoki jasotzen dituena. Hura eramatea eta zaintzea idazkariaren lana izango da.

Bosgarrena.– Ponentzia eta batzorde teknikoak.

Organoak ponentzia edo batzorde teknikoak eratu ahalko ditu, eta horiek sortzeko helburu eta xedeak betetakoan, desegin egingo dira. Ponentzia edo batzorde tekniko horiek alde bakoitzaren ordezkari bat izango dute; gainera, lankidetza organoak hartara izendatzen dituen pertsonek ere parte hartuko dute. Organoak, halaber, ponentzia edo batzorde tekniko bakoitzeko presidentea eta idazkaria izendatuko ditu, eta era berean organoak ezarriko du iraunaldia, proposamenak eta lanak amaitu arte.

Seigarrena.– Operadoreen parte hartzea.

Presidenteak, egoki baderitzo eta organoak aurretik erabakitzen badu, enpresa izaerako erakunde publikoen eta garraio operadoreen asistentzia eta parte hartzea eskatu ahalko ditu bilkura egokietan. Horiek ahotsa izango dute, baina botorik ez.

Zazpigarrena.– Finantzaketa. Hitzarmen osagarria.

Lankidetza organoak ez dauka aurrekonturik; beraz, hitzarmenak ez die sortuko sinatzaileei betebehar ekonomikorik ezta finantza edo gastu izaerako konpromisorik ere.

Lankidetza organoak, hitzarmen hau betez, bigarren klausulan bere gain hartutako funtzioei buruzko proiektuak eta jarduketak egitea eta garatzea proposatzeko erabakiak hartu ahalko ditu. Proiektu eta jarduketa horien dimentsioa eta irismena eta alderdiek horiek betetzeko hartu behar dituzten edozein motatako konpromisoak kontuan izanik, hitzarmen osagarri bat sinatu beharko da. Hitzarmen osagarri horretan adierazten diren araubidea, arauak eta ondorioak aplikatu beharko zaizkio.

Hitzarmen osagarri horiek betetzeko egin beharreko gastuak hitzarmenean definitu beharko dira. Hartara, alderdi bakoitzari dagokion ekarpen ekonomikoa zehaztuko da, proiektu eta jarduketa horiek egiteko, kudeatzeko eta garatzeko eskatzen zaion erakundeari eman diezaioten.

Zortzigarrena.– Hitzarmena betetzearen jarraipena, zaintza eta kontrola.

Hitzarmen hau betetzearen jarraipena egiteko, zaintzeko eta kontrolatzeko helburuarekin, Arabako Mugikortasun Agintaritzaren urteko memoria bat egingo da, hitzarmen hau dela bide agindutako funtzioak zein mailatan bete diren azaltzeko, eta hitzarmena sinatu duten alderdiei bidaliko zaie.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau aldatu ahalko da, alderdi sinatzaile guztiek aho batez erabakitzen badute.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta suntsiarazpena.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, esku hartzen duten alderdiek sinatzen dutenetik.

Aitzitik, epe hori igaro baino lehen Arabako Mugikortasun Agintaritza partzuergo izaerako erakunde bihurtzen bada, hitzarmena suntsiarazi ahalko da, bera sinatu duten alderdi guztiek aho batez hala erabakitzen badute.

Lau urteko epea amaitutakoan Arabako Mugikortasun Agintaritza ez bada partzuergo bihurtu, alderdi sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, lau urte gehiagorako.

Hitzarmena suntsiaraztea indarraldia igaro ondoren egiaztatuko da. Modu berean, alderdietako batek ez baditu betetzen hartutako konpromisoak, beste alderdiek ahalmena izango dute hitzarmena suntsiarazteko eskaera egiteko. Suntsiaraztean, egiten ari diren jarduerak bukatzeko baldintzak finkatuko dituzte alderdiek.

Hamaikagarrena.– Izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmen honek administrazio izaera dauka, eta haren interpretazioan eta garapenean antolamendu juridiko-administratiboa eraentzen da.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da hitzarmen honetatik eratortzen diren auziak ezagutzeko eta ebazteko eskuduna.

Eta ados daudela adierazteko, aldeek hitzarmenaren hiru ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren foru diputatua,

JESÚS MARÍA LÓPEZ UBIERNA.

Vitoria-Gasteizko Udaleko alkatea,

GORKA URTARAN AGUIRRE.


Azterketa dokumentala