Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2018ko apirilaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2127

AGINDUA, 2018ko martxoaren 23koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Fundación Juan Maria Uriarte y Odriozola» fundazioaren estatutuen 6. eta 7. artikuluen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko urtarrilaren 30ean sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean «Fundación Juan Maria Uriarte y Odriozola» fundazioaren estatutuen 6. eta 7. artikuluen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea. Espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion eskabide-idazkiari.

Bigarrena.– Egindako estatutu-aldaketarekin, batetik, 6. artikulua –fundazioaren berezko helburuei buruzkoa– aldatzen da, eta, bestetik, 7. artikuluaren edukia ezabatzen. 7. artikuluan jasotzen dira fundazioak bere helburuak lortzeko egin behar dituen jarduera espezifikoak.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2018ko martxoaren 23ko Ebazpenaren bidez onartu da Fundazioaren estatutu-aldaketa, eta espedientearen ebazpen-proposamena eman da honako alderdi hauek aintzat hartuta.

Ikusirik «Fundación Juan María Uriarte y Odriozola» fundazioak garatzekoak dituen helburu berriak, eta, fundazioa eratzeko unean jasotako fundazio-helburuen inguruan egindako aldaketaren balioespena eginik, ondoriozta daiteke egindako aldaketak fundatzailearen borondatea errespetatzen duela eta nahi dena dela, batetik, fundazio-helburuen idazketa birformulatzea, helburuak ongintza- eta gizarte-jarduerak –batik bat eliza katolikoak kudeatuak– gauzatzera birbideratzeko xedearekin, eta, bestetik, garatzekoak diren jarduera espezifikoen adierazpena ezabatzea, betiere interes orokorrarentzako kaltea ekar dezakeen aldaketarik egin gabe.

Beraz, erabaki da ez dagoela eragozpenik proposatutako aldaketa Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan hala ezarrita baitago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan. Aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Aipatu manuak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko «Fundación Juan Maria Uriarte y Odriozola» fundazioaren estatutuen 6. eta 7. artikuluen aldaketa inskribatzeko agintzea, agindu honen data duela, 2017ko azaroaren 27an, Ramón Múgica Alcorta notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin. (protokolo-zenbakia: 2297). Fundazioaren Patronatuak 2017ko azaroaren 27an erabaki zuen aldaketa hori egitea.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 23a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala