Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2018ko apirilaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2120

AGINDUA, 2018ko apirilaren 12koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez zehazten eta onartzen baitira formatu digital edo telematikoko zenbait inprimaki, fundazioek eta onura publikoko elkarteek erabil ditzaten, urteko kontuak EAEko Fundazioen Babesletzari eta Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari aurkezteko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan dio pertsona fisikoek eskubidea dutela administrazio publikoekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzeko. Pertsona juridikoek eta 14. artikuluko 2. apartatuan zerrendatzen diren gainerako subjektuek nahitaez erabili behar dituzte baliabide elektronikoak.

Administrazio-prozedura erkideari buruzko araudi hori ekainaren 2ko 9/2016 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena), ekainaren 22ko 7/2007 Legean (Euskadiko elkarteena) eta horiek erregelamenduz garatzeko dekretuetan jasotako arau substantiboen osagarri gisa aplikatzen da.

Bada, lege horietatik lehenengoak 47. artikuluan adierazten du baliabide elektronikoak soilik erabiliz izapidetu behar direla Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen Erregistroak eta Babesletzak egiten dituzten prozedurak; bigarrena aspaldi aldarrikatu zen eta, jakina, ez dio inolako aipamenik egiten kudeaketa-bide telematikoari.

Hala ere, kasu batean zein bestean, kudeaketa administratiboko barne-izapideetan baliabide telematikoak lehenetsi izan dira, prozeduren jarraipena egiteko eta erregistroetan jasotako agiriak digitalizatzeko aplikazio informatikoen bitartez. Eskakizun hori orain arte ezin zen kanporantz irauli, baina lan hori azkeneraino eraman da eta Administrazioarekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabili beharra ezarri zaie pertsona juridikoei, tartean fundazio eta elkarteei.

Horrela, lege bidez ere berretsi egin da, dagoeneko izaera orokorrarekin, printzipio hau: baliabide informatikoen erabilera eta prozeduren izapidetze elektronikoa arau orokor dituen ingurune batean jardun behar dute bai administrazio publikoek bai erakunde juridiko pribatuek.

Beste alde batetik, ekainaren 2ko 9/2016 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) eta ekainaren 22ko 7/2007 Legeak (Euskadiko elkarteena), hurrenez hurren 32. artikuluan eta 44. artikuluan, fundazioei eta onura publikoko elkarteei betebehar gisa agintzen diete aurreko ekitaldiko urteko kontuak dagokien erregistroan aurkezteko. Legezko betebehar hori funtsezkoa gertatzen da araudiak haien jardunaren gardentasuna areagotzeko ezartzen duen kontrola gauzatu ahal izan dadin.

Fundazioen kasuan betebehar hori ez betetzea, zenbait inguruabar gertatzen direnean, arau-hauste astuntzat tipifikatzen du ekainaren 2ko 9/2016 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) 71.1 artikuluan. Erabaki daiteke jarduerak ikertzea eta zehapen-prozedura hasi eta izapidetzea, arau beraren IV. artikuluan araututako eran, eta bidezkoak diren zehapenak ezar daitezke. Bestalde, 32. artikuluko zortzigarren zenbakiarekin bat etorriz, urteko kontuak ez aurkeztearen zuzeneko ondorioa erregistroa ixtea izango dela ezartzen da.

Era berean, onura publikoko elkarteei dagokienez, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak (Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duena), 21. artikuluan eta hurrengoetan, onura publikoa ezeztatzeko prozedura jasotzen du kontuak aurkezten ez direnerako, beste kasu batzuen artean; hori guztia, 7/2007 Legeak (Euskadiko elkarteena) 45.3 artikuluan xedatzen duena aplikatuta.

Ondorioz, ezinbestekoa gertatzen da kontuak emateko betebeharra betetzeko modua erraztea erakunde horiei. Gainera, horrek ahalbidetuko du babesletza kontrolatzeko jarduera hobetzea eta kontu horietan jasotzen den kontabilitate-informazioaren kalitatea, konparagarritasuna eta homogeneotasuna hobetzeko bidean ere aurrera egitea, informazioaren tratamendua, biltegiratzea eta argitalpena bizkortzeko aukera emateaz gainera.

Helburu horiek lortzeko eta indarra duten legeak betetze aldera, funtzionamenduan jarri da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren plataforma telematikoa, eta berari esker asko aurreratu da administrazio-prozeduren arintasunari, eraginkortasunari, efizientziari eta ekonomiari dagokienez. Hain zuzen ere prozedura horietako bat da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eta Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari kontuak ematekoa.

Tresna teknologiko horiek baliatu eta hobetu ahal izateko, beharrezkoa da komunikazioetarako erabiliko diren inprimaki elektronikoak zehaztea, eta horretarako oinarritzat hartuko dira Kontabilitate Plan Orokorrean irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat definituta dauden ereduak.

Horixe da xedapen honen helburua, alegia, inprimaki horien edukia zehaztea eta onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen eta onura publikoko erakundeen babesletzen araubideari lotuta dauden onura publikoko elkarteek eta fundazioek urteko kontuak aurkezteko erabil ditzaten, eta, beste alde batetik, urteko kontuak sinadura elektroniko aitortuen bermea duten agiri informatikoen bidez aurkezteko baldintzak zehaztu eta onartzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da zehaztu eta onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroetan inskribatuta dauden fundazioen eta onura publikoko elkarteen urteko kontuak aurkezteko erabili beharreko inprimaki informatikoen edukia.

Betebehar hori 2017. urteko ekitalditik aurrera bete behar da.

Hala ere, agindu hau indarrean jarri baino lehenago ekitaldi horretako urteko kontuak onartu eta dagokien erregistroan aurkeztu dituzten erakundeek ez dute berriro egin beharrik izango inondik inora ere.

Bigarrena.– Urteko kontuak euskarri informatikoan aurkezteko betebeharra.

Fundazioek eta onura publikoko elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren plataforma telematikoaren bitartez soilik aurkeztuko dituzte urteko kontuak, eta agindu honetan ezarritako inprimaki elektronikoak erabiliko dituzte horretarako.

Hirugarrena.– Urteko kontuak euskarri informatikoan bidaltzeko dokumentuen baldintzak.

1.– Inprimakiak dakartzaten dokumentu informatikoak bermatuta egon beharko dira kasuan kasuko organoko idazkariaren sinadura elektroniko aitortuaren bidez, eta organo horretako lehendakariak ontzat emanda. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren plataforma telematikoaren bidez bidaliko dira.

2.– Kontuen igorpen telematikoaren prozedura bat etorriko da urriaren 1eko 39/2015 Legean (administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearena) eta hura garatzeko xedapenetan prozedura elektronikoei buruz ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Fundazioen eta onura publikoko elkarteen urteko kontuak aurkezteko inprimakien edukia.

1.– Fundazioek eta onura publikoko elkarteek agindu honen eranskinean ezarrita dauden ereduetan aurkeztu behar dituzte urteko kontuak.

2.– Eredu horiek eskura daude une oro Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren web-orrian, euskaraz eta gaztelaniaz, PDF formatu editagarrian.

3.– Memoriaren eredua eta kontuak onartu izanaren ziurtagiriaren eredua, agindu honetan aipatuak, nahi izanez gero erabiliko dira, baina ziurtagiri horrek aipatutako ereduak jasotako gutxieneko edukia jaso beharko du. Eranskineko gainerako ereduak nahitaez erabili beharko dira.

Bosgarrena.– Kontuak aurkeztu izanaren ziurtagiriak.

Modu baliozkoan igorritako kontuak jaso eta gero, Plataformak ziurtagiri bat emango du, kontuak aurkeztu izanaren justifikazioa, alegia.

Seigarrena.– Eskubideak eta bermeak.

Agindu hau aplikatzerakoan zorrotz beteko dira abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan (izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa) dauden xedapenak eta informazioaren tratamendu elektronikoa berariaz arautzen duten gainerako arauak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 12a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

I. ERANSKINA
FUNDAZIOEK ETA ONURA PUBLIKOKO ERAKUNDEEK AURKEZTU BEHARREKO «PDF» INPRIMAKIAK

● Kontuak aurkeztu izanaren ziurtagiriaren eredua.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

● Balantzearen eta emaitzen kontuaren ereduak:

– Eredu arrunta.

(Ikus .PDF)

– Eredu laburtua.

(Ikus .PDF)

– ETE-en eredua.

(Ikus .PDF)

– Mikroerakundeen eredua.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala