65. zk., 2018ko apirilaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (339 KB - 18 orri.)
- EPUB (374 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1772
AGINDUA, 2018ko martxoaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2018ko bigarren seihilekoan kongresu eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko.
Hezkuntza Sailaren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresuak eta –beste arlo batzuen artean– zientzia-bilerak tresna egokiak dira ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, euskal zientzia ikusgarriago egiteko. Horregatik, uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, haien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.
Kontuan hartu da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua (2016ko azaroaren 28ko EHAA), dekretu horrek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua.
Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.
Administrazio publikoen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2018ko bigarren seihilekoan ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antolatzeko laguntzak arautu eta haietarako deialdia egitea.
Ekitaldiak ezingo dira hasi 2018ko uztailaren 1a baino lehenago.
2.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira, oro har, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola: prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak eta mintegiak – irakasleak nahiz ikasleak trebatzekoak–; doktorego-, master- edo graduondo-programekin lotutako batzarrak; etengabeko prestakuntzarako jarduerak, eta ate irekien jardunaldiak eta jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, ikerketa zientifikoarekin lotura zuzena ez dutenak.
2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.
Agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko, 200.000 euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak izango dira laguntza hauen enpresa onuradunak, edozein dela ere haien agente-kategoria, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluari jarraituz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk.). Kanpoan geratuko dira, ordea, I+G enpresa-unitateak eta eskaintzako eta eskariko bitartekotza-erakundeak.
2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Erakundeak ezin izango dira onuradun izan baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administratibotik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
b) Erakunde onuradunak egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak konplitzeari dagokionez; horrez gain, diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izan beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren arabera. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du haien baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.
Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai diru-laguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
c) Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako hauetan jasotako egoeretakoren batean dauden erakundeak: diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak:
1.– Gastu arrunt hauek osorik edo partez ordaintzeko erabiliko dira laguntzak:
a) Antolamendua eta zabalkundea, barnean hartuta webguneak eta laguntza-zerbitzuak sortzeko, jardueraren publizitatea egiteko eta saioen arteko kafe-etenaldiak ordaintzeko kostua.
b) Gonbidatutako hizlarien bidaiak, ostatua eta mantenua, bai eta diruz lagundutako jardueran parte hartzeagatik jasotzen duten dirusaria ere.
c) 30 urte arteko gazte ikertzaileentzako laguntzak, deialdiaren xede diren jardueretara joateko laguntzak barne direla. Laguntza horiek barne hartzen dituzte inskripzioaren prezioei ezarri behar zaizkien beherapen osoak edo partzialak, oinarriko kuotaren gainekoak (gastu sozialak kanpoan utzita), eta bidaia-gastuak, bidaiaren kostuaren % 20ko gehienezko muga dutela, betiere. Ez dira diruz lagunduko norberaren autoan egindako bidaiak.
d) Kongresuetan sariak emateko gastuak.
2.– Honako hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:
a) Gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen otorduak eta ostatua, egintza ludikoak, dietak eta protokolo-gastuak.
b) Gonbidatutako hizlarien bidaliak, ostatua eta mantenua, baldin eta laguntzaren xede den ekitaldiaren programan sartuta ez badaude.
c) Jarduerari egotzitako gastuak, erakunde onuradunaren beraren elementuak erabiltzeak sortutakoak.
d) Erakunde onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerkuntzako bekadunentzako dotazioak.
e) Bilera zientifikoetan, ez da inola ere finantzatuko sariak emateko gastua.
f) Enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen; justifikazio hori Ikerketa Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakunde edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako egoeraren batean badaude.
3.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin azpikontratatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera, oso-osorik.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko gainerako alderdiei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikulua aplikatuko da.
5.– Diruz lagundutako jarduera guztiak 15.1 artikuluan ezarritako epea amaitu baino lehen burutu beharko dira.
5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea, agiriak eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabideak egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoaren bidez eskuratu ahal izango dena www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian.(https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ikerbilerak-2semestre/y22-izapide/eus/).
Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).
Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.
2.– Behin eskabide osoa beteta, eta artikulu honen 5. zenbakian adierazitako agiri erantsiak aplikazioan sartutakoan, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. zenbakian adierazitakoarekin bat etorriz; eta orduantxe bakarrik geratuko da erregistraturik eskabidea.
Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztearekin batera, erakunde eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari, zuzenean egiazta dezan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak betetzen dituen.
Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera.
3.– Azkenik, erantzukizunpeko adierazpena ere erantsi behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Aipatutako adierazpenak honako alderdi hauek jaso beharko ditu:
– Ea erakunde eskatzaileak eskatu dion beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik helburu bererako, eta ea halakorik eskuratu duen.
– Erakunde eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.
– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik duen, edo horretarako desgaitzen duen legezko debekurik duen.
– Erakunde eskatzaileak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste debekuren bat duen.
– Erakunde eskatzaileak baimena ematen dion organo kudeatzaileari, egiazta dezan betetzen dituela uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Erakunde eskatzaileak onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituela.
– Erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen duela Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.
– Eskabideko datuak egiazkoak direla eta erakunde eskatzaileak bere gain hartuko dituela datuen zehaztasun-ezak ekar litzakeen erantzukizunak.
4.– Eskatutako dokumentazioa.
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek jaso beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:
a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek zehaztuta:
– Ekitaldiaren garrantzia. Ekitaldiaren deskribapena, ezaugarriak, garrantzia, mota, betiere aintzat hartuta agindu honen 10.5 artikuluan ezarritakoa.
– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta programa argitaratuta duen webgunearen esteka.
– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.
b) Eskatzen diren funtsen justifikazioa: kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak eta aurrekontuak zehaztu behar dira. Ahal dela, proformako fakturak aurkeztu behar dira.
c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta: espresuki adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.
d) Gonbidatutako hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria.
e) Erantzukizunpeko adierazpenean egindako baieztapenen egiaztagiria.
5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.
7. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena, 12. artikuluko 2. zenbakian ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.
8. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.
1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria, Arantza Elgarresta, idazkari-lanak egingo dituena. Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.
2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:
a) Ekitaldi mota. Kongresuek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek, berriz, 20 puntukoa.
b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.
c) Hizlari kopurua. Hizlaritzat hartuko dira ekitaldirako espresuki hitzaldi bat aurkezteko eskatu zaien eta programan esplizituki ageri diren horiek. 0,5eko balorazioa emango da gonbidatutako hizlari bakoitzeko, baldin eta bertaratuko dela baieztatzen badu; 10 puntu, gehienez.
d) Zenbateko asistentzia aurreikusten den. Bertaratutako hogeita bost laguneko, puntu bat emango da; 10 puntu, gehienez.
e) Kanpoko iturriek emandako finantzazioa: bertaratutakoen kuotak eta diru-laguntza publikoak edo pribatuak, jarduera egiteko egiaztatutakoak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.
9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 8. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskabideei baino ez zaizkie esleituko diru-laguntzak, harik eta agindu honetako 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.
10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honetan babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:
a) Kongresuak badira: 20.000 euro edo 10.000 euro, nazioartekoak edo estatukoak diren kontuan hartuta, hurrenez hurren.
b) Bilera zientifikoak badira: 7.500 euro edo 4.000 euro, nazioartekoak edo estatukoak diren kontuan hartuta, hurrenez hurren.
2.– Kafe-atsedenaldietarako emango den gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.
3.– Kongresuetako sarietarako gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.
4.– Emandako zenbatekoak ez du inola ere gaindituko ez eskatutakoa, ez diru-laguntzako jardueren aurrekontuaren herena, xedapen honen 4. artikuluan zehaztutakoa aintzat hartuta. Ez da emango eskabidean aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.
Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.
Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako guztizko gastuaren herenetik gorakoa bada diru-laguntzaren zenbatekoa, murriztu egingo da.
Laguntza justifikatzeko xedapen honen 15. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Ikerketa Zuzendaritzak berriro egiaztatuko du emandako diru-laguntzak ez duela gainditzen erakunde onuradunaren gastuaren herena.
5.– Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kongresutzat hartuko dira elkarte zientifikoen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio mota egiten diren: gonbidapenetako hitzaldiak aurkeztekoak, eta ikertzaileak unean-unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, maila zientifikoa bermatu beharko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin behar dute.
6.– Ekitaldiak nazioartekotzat edo estatukotzat hartuko dira erakunde deitzailearen edo antolatzailearen izaeraren arabera.
7.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
11. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira kongresu bera egiteko xedea duen beste edozein laguntzarekin, izan funts publiko edo pribatu. Alabaina, xede bererako lortu diren laguntzen zenbatekoa guztira kostu osotik gorakoa bada, dagokion neurrian murriztuko da Hezkuntza Sailak emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, hautapen-batzordeak proposamena egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpena, betiere agindua argitarazten denetik harako sei hileko epean.
2.– Baldin eta artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.
3.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taula elektronikoan aipatu ebazpena argitaratuz egingo da jakinarazpena (https://www.euskadi.eus).
4.– Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, honako hauek:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Izan ere, diru-laguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamar egun naturaleko epean interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.
b) Helburua bete, jarduera egin, proiektua gauzatu, jarduera egin edo diru-laguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera hori hartu.
c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari edo erakunde laguntzaileari betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.
d) Uko-egiteak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, Ikerketa Zuzendaritza jakinaren gainean egon dadin eta, behar izanez gero, berariazko baimena eman dezan.
e) Egiaztapen-jarduerak onartzea, laguntza eman duen organoak egingo dituenak, bai eta deialdi honen kargura jaso dituzten diru-laguntzei buruzko informazioa ematea ere, Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
f) Jarduera beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea diru-laguntza ematen duen organoari edo entitate laguntzaileari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
g) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta diru-laguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
h) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa txertatzea, bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan. (Eusko jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2017ko maiatzaren 22ko Ebazpena (2017ko ekainaren 1eko EHAA, 103. zk.).
i) Irudi ez-sexistak erabiltzea ekitaldiaren publizitatea egiteko ikusizko edukietan eta seinaleetan, bai eta ekitaldiak iraun bitartean zabaltzen den materialean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan, bai eta aktetan edo baliokideetan ere, halakorik balego.
14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.
Lehen zatia, aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.
Bigarren zatia, berriz, 2019. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere.
15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
Laguntzaren xede den ekitaldiko ekintzak burutzeak dakartzan gastuak justifikatu beharko dira, agindu honetako 4.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako ekintza egin dutela. Horretarako, ekintza bukatu eta sei hileko epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Ikerketa Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, inprimaki normalizatuan (ikus txantiloia):
a) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Zerrenda bat erantsiko zaio, fakturak eta haien zenbatekoa zehaztuko dituena. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.
b) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da dokumentu hori.
c) Azken memoria eta balantze zientifikoa, bertaratutakoei entregatu zaien materiala barne. Material hori aurkezteko, esteka elektroniko bat txertatu daiteke memoria horretan, edukia aztertzeko aukera emango duena. Horretaz gainera, azaldu beharko da zer neurri hartu diren honako beharkizun hauek betetzeko: bi hizkuntza ofizialen erabilera; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, eta Eusko Jaurlaritzaren logotipoa txertatzea lagundutako jarduera guztietan.
d) Kongresuaren akten bi ale, edo, halakorik badago, horien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, haiek argitaratzea aurreikusi bada.
e) Entitate onuradunak, gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, bekadunen zerrenda aurkeztu beharko du (izena eta NAN), bai eta egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.
Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, txartel prezioduna edo faktura aurkeztu beharko da.
2.– Artikulu honetan adierazitako agiri guztiak bide telematikoz aurkeztu ahal izango dira, 5. artikuluaren 1. atalean adierazten den eran, 1 d) atalekoa izan ezik.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak egiaztatuko du diru-laguntza behar bezala erabili dela erakunde onuradunen % 10eko ausazko lagin bat eginez. Horretarako, erakunde onuradunei eskatu zaie diru-laguntzari egotzitako gastuen egiaztagirien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkezteko.
4.– Nolanahi ere, erakunde onuradunek fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan, faktura eta agiri horiek laguntzak eman dituen organoaren eskura egongo dira eta eskatu ahal izango ditu egiaztatzeko.
16. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin behar du jardueraren jarraipena. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki iritzitako organo, batzorde edo adituak izendatuko, laguntzaren aplikazioaren jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, bai eta egoki jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko ere, alde batera utzi gabe agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezarritako jarraipen-jarduerak.
17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak beharrezko diren ikuskapen eta kontrolak egin ahal izango ditu, agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.
18. artikulua.– Ez-betetzeak, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, hala badagokio, laguntza itzultzea.
1.– Aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
2.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honen 3. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badira.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak deklaratuko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, Diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.
4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.
19. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Bekadunen laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututakoa (2010eko azaroaren 5eko EHAA). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta haien aurka egiteko eskubideak Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 20a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.