Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2018ko apirilaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1771

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 12koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko A.E.15 Gautxori eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2017ko uztailaren 27an, Arrasateko Udalak udalerri horretako A.E.15 Gautxori eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen. Eskabide hori Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen esparruan egiten da. Eskabideari HAPOren aldaketaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko abuztuaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari –biak Eusko Jaurlaritzarenak–, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari, Ihoberi eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren, Uraren Euskal Agentziaren eta Ihoberen txostenak jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

2017ko azaroaren 20an eta 2018ko otsailaren 19an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar zuen informazio gehigarria emateko eskatu zion, eta adierazi zion, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikulua betez, etenda gelditzen zela, informazio hori eman arte, ebazteko gehieneko epea.

2018ko urtarrilaren 8an eta 2018ko otsailaren 27an, Arrasateko Udalak igorri zituen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskatutako agiri gehigarriak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Arrasateko A.E.15 Gautxori eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluan, honako hauek zehazten dira, besteak beste: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Dokumentazio teknikoa eta Arrasateko A.E.15 Gautxori eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrek baitu eskumena, hala xedatuta dago-eta otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Arrasateko A.E.15 «Gautxori» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko A.E.15 Gautxori eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa, Arrasateko Udalak sustatutakoa, egitea, honako hauei jarraikiz:

A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduerak.

A.E.15 Gautxori eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak (hemendik aurrera, Plana) xedetzat du indarrean dagoen Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), 2016ko martxoaren 22an onetsia, betetzea. Eta eremua Hiri Antolamenduko Plan Berezi baten bidez garatzea aurreikusten du. Eremuan Mondragon Unibertsitatearen campusa hedatzea aurreikusita dago. Aurreikusitako antolamenduak unibertsitateko irakaskuntza-ekipamendu gisa erabiltzeko lurzatia ekarriko du, eremuaren % 60 barne hartuta.

Aurreikusitako jarduerak hauek izango dira:

– Dagoen eraikina zati batez eraitsi eta eraberritzea.

– Espazio libreen eta berdeguneen zerrenda bat ezartzea, aldameneko A.E.14 Mendibarren eremuarekiko trantsizio gisa. Zerrenda horretan Arriaran erreka agerian utziko da, eta ibaiertzean aurreikusitako oinezkoentzako ibiltokiari jarraipena emango zaio, Uribarri etorbidean dagoen ibiltokiarekin bat egiten duen tokiraino.

– Lurzatiaren barruan oinarrizko eraikuntza-parametroak ezarriko dira: eraikigarritasuna, profila, altuera, aparkalekuak, etab.

– Eraikin berriak egiteko proiektuak, antolatutako gehieneko eraikigarritasunaren barruan.

Eremuak 26.221 m2-ko azalera du.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da plana garatzeko idazten den urbanizazio-proiektuak ez diola eragin behar jabari publiko hidraulikoari, ingurumenaren aldetik kaltebera den gunea baita Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 51. artikuluaren arabera. Hala izan ezean, urbanizazio-proiektu horrek, hektarea bateko baino gehiagoko azalerari eraginda, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharko luke, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen I B eranskinean dagoelako, eta, ondorioz, plan hau ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan egongo litzateke (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluaren a) letra).

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan. Plana bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Bereziki kontuan hartuko dira EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean jasotako baldintzak.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planak hiri-lurzoruan esku hartzen du, eta ez dakar lurzoru naturala kontsumitzea. Aitzitik, Aramaio ibaiaren erribera leheneratzen eta naturalizatzen lagunduko da. Gainera, energia-eraginkortasuneko neurriak, Eraikuntzako Kode Teknikoak ezarritakoak, aintzat hartuz diseinatuko dira eraikinak. Hori dela eta, planak ingurumenaren arloko neurriak jasotzen dituela jotzen da, garapen jasangarria sustatzearren.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman Planaren ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak. Bereziki, hauek izan beharko dira kontuan:

– Kutsatuak egon daitezkeen lurzoruak: lurzoruaren kutsadurari lotuta pertsonentzat edo ingurumenarentzat arriskurik ez dagoela bermatu beharko dute (bereziki lurpeko urei dagokienez), eta hondatu beharreko lurrak egoki kudeatzen dituztela, hondakinen arloan indarrean den legeriari eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeari jarraikiz.

– Zarata: eremuari dagozkion soinu-kalitateko helburuak ez dira betetzen, ingurumen-dokumentu estrategikoari erantsitako eragin akustikoari buruzko azterlanean aurreikusitako neurri zuzentzaileak ezarrita ere; horregatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kutsadura Akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikulua aplikatu beharra dagoela aintzat hartuta, ezingo da eraikin berririk egiteko lizentziarik eman, aipatutako 43. artikulu horretan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidegoko edo estatuko legeria txertatzeko.

2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak: ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, Aramaio ibaia eta Arriaran erreka dira eremu horretan dauden ingurumen-balio nagusiak, eta ez dago ingurunean espazio natural nabarmenik, ezta eragin ahal zaion ingurumen-arloko balio eta zaurgarritasun handiko eremurik ere. Plana aplikatzeak areagotu dezakeen ingurumen-arriskurik ere ez da hauteman.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

– Fauna eta landare-multzo autoktonoentzako habitatak babestea.

Jardun-eremua zehatz-mehatz mugatuko dute, landareen gaineko beharrik gabeko eragin oro eragoztearren, eta bereziki hartuko da kontuan eremuaren hegoaldean dagoen harizti txikia.

Sastrakak kentzea saihestuko da eremuaren ibaiertzeko landarediaren zerrendan.

Ibaiertzeko landarediaren lotura-funtzioari eusteko, Aramaio ibaiaren ibilguarekiko paralelo den instalazio lerrozuzen oro saihestuko da. Bestalde, haltzadi kantauriarraren serieko espezie autoktonoekin egingo da eremuaren birlandatze-jarduera oro.

Eremuaren gainerakoan inguruneko landarediaren serieko bertako espezieak hartuko dira oinarri landaberritzeak egiteko.

Eremu berdeak lorategi bihurtzeko, bereziki zainduko da inbasio-prozesua eragin lezaketen espezie aloktono apaingarriak ez sartzea. Lorategi eta eremu berde jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da aintzat.

2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Mustela Iutreola bisoi europarraren (Linnaeus, 1761) kudeaketa-plana onetsi zen, galtzeko arriskuan dagoen espeziea baita eta babesteko neurri bereziak behar baititu. Bada, foru-erakundearen aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko edo babes gisa erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar. Hala badagokio, obra-planak baimenean ezarritako baldintzak beteko ditu. Bestalde, faunarentzat deserosoak diren obra-unitateak jarduera biologiko minimoko garaietan egingo dira, eta, edonola ere, udaberria saihestuko da.

– Kultura Ondarea babestea:

Baldin eta, lur-mugimenduak egitean, material arkeologikoak edo aztarnategi ezezagunak atzematen badira, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 48. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea:

Obrak hasi aurretiko jarduera gisa, landare-lurren geruza kenduko da aldatuko diren guneetan. Baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Kutsatuak egon daitezkeen lurzoruak:

Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak daudenez, eta pertsonen osasunari eta ingurumenaren gainean eragin daitezkeen arriskuak prebenitzeko, inbentarioko bi kokapenen gainean esku hartu aurretik (20055-00088 eta 20055-00090 kodeak), lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa egin beharko dute. Lurzoruaren kutsadurari lotuta pertsonentzat edo ingurumenarentzat arriskurik ez dagoela bermatu beharko dute (bereziki lurpeko urei dagokienez), eta hondatu beharreko lurrak egoki kudeatzen dituztela, hondakinen arloan indarrean den legeriari eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeari jarraikiz.

– Azaleko urak babestea:

Lurrak mugitzearen ondorioz sortzen diren solido esekiak saihesteko, eta eraikuntza-hondakinen edo olio-hondarren isurketa posibleak saihesteko, aldi baterako dekantazio-putzuak eta sedimentuei eusteko barrerak ezarriko dira, zeinetatik baitabil jariatze-ura, eta plataforma iragazgaitzak ezarriko dira dekantazio-putzuei eta koipea kentzeko tangei lotutako tresnak garbitzeko.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea:

Arrasateko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin Toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte.

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa aztertzea:

Honako neurri hauek hartuko dituzte eremuan eragin akustikoa murrizteko:

– Ibilgailuen abiadura 30 km/h-ra jaitsiko da Uribarri etorbidean.

– Hainbat elementu jasoko dira (hiri-altzariak, galtzada-harrizko zoladurak edo errei estuagoak) Uribe kalea erdi-oinezkoentzat bihurtzeko.

– Uribarri etorbidera ematen duten fatxadetan gehieneko lerrokaduraren 7 eta 10 metroko atzeraemangunea.

Halaber, obren aldiari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria: IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko dagokion gidan jasotako gomendioak. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Arrasateko A.E.15 Gautxori eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.- Arrasateko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala