Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2018ko apirilaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1768

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 16koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak du aurretiazko administrazio-baimena behar duten energia-instalazioen arloko espedienteak ebazteko eskumena, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Eskumena du, orobat, energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloak direla-eta dekretu horretan edo berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoa aplikatu ondoren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzei esleitu ez zaizkien funtzioak betetzeko.

Apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluak ezartzen duenez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritza bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, eta ordezkaritza horrek funtzio betearazleak izango ditu Sailaren eskumeneko arloetan, dagokion jarduteko lurralde-eremuaren barruan.

Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen egitura organikoa eta funtzionala arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduan ezartzen denez, Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoek baliatuko dituzte arauzko arlo teknikoan duten eragin-maila dela-eta espresuki lurralde-bulegoei eskuordetzen zaizkien administrazio-espedienteak izapidetzeko eta ebazteko eskumenak eta funtzioak.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoen egitura organikoa eta funtzionala arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduan Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoei buruz egiten diren aipamenak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzei buruz egindakoak direla ulertu behar da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetako buruei buruz egindakoak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkariei buruz egindakoak direla.

Kontuan hartuta zuzendaritza honek duen lan-karga eta lurralde-ordezkaritzek arlo horietan daukaten esperientzia, komenigarritzat jotzen da, une honetan, ebazpen honen xedapen-zatian zerrendatzen diren gaiak eskuordetzea.

Azaldutakoa dela eta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 20ko 40/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uztea energiaren arloko egiteko hauen gaineko eskumena, bakoitzari dagokion jarduteko lurralde-eremuaren barruan:

● Gas kanalizatua banatzeko sareen instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurei buruzko ebazpena, baldin eta dagokien lurralde historikoan kokatuta badaude edo haien trazadura lurralde historiko horretan zehar badoa oso-osorik.

● Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioak eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurei buruzko ebazpena, baldin eta dagokien lurralde historikoan kokatuta badaude edo haien trazadura lurralde historiko horretan zehar badoa oso-osorik.

● Onura publikokoa deklaratzeko eta lehenago aipatutako espedienteekin zerikusia duten egikaritze-proiektuak onartzeko prozedurei buruzko ebazpena.

● Energiaren arloaren eskumeneko Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko faseak izapidetzea eta horiei buruzko txostena egitea, arlo hori arautzen duen ingurumen-araudiaren arabera.

● Energia berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik sortutako energia elektrikoa ekoizteko instalazioetako administrazio-erregistroan inskribatzeko prozedurei, haien aldaketei edo ezeztapenari buruzko ebazpena.

Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uztea industria-administrazioaren arloko egiteko hauen gaineko eskumena, bakoitzari dagokion jarduteko lurralde-eremuaren barruan:

● Ibilgailuek historiko bezala katalogatzeari buruzko ebazpenak.

● Eraikin industrialen suteen aurkako babeserako instalazio berriei buruzko ezohiko ebazpenak.

● Mugagailuak eta takografoak dituzten zentroak aitortzeko eta aldatzeko prozedurei buruzko ebazpena.

● Salgai arriskutsuen zisternak barrutik garbitzeko, desgasifikatzeko eta despresurizatzeko instalazioak baimentzeko ezohiko ebazpenak.

Hirugarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uztea industria-segurtasunaren eta energiaren arloetako egiteko hauen gaineko eskumena, bakoitzari dagokion jarduteko lurralde-eremuaren barruan:

● Industria-segurtasunaren araudietan aipatuta dauden neurri alternatiboen ezohikotasunari buruzko ebazpenak.

● Kanpoko ikuskatzaileek Ikuskapenetan oso akats larriak atzemanda hartutako kautelazko neurriak berresteko edo ezeztatzeko ebazpenak.

Laugarrena.– Instalazioak zenbait lurralde historikotan kokatuta badaude edo haien trazadura zenbait lurralde historikotatik igarotzen bada, eskuordetza horrek ez die eragingo instalazio horien onura publikoaren deklarazioari eta baimenari.

Bosgarrena.– Aipagai dugun arloari dagokionez, organo eskudun gisa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak ezarritako jarraibide eta irizpideen aurka egin gabe egiten da eskuordetza hau. Eskuordetza bidez ematen diren ebazpenek zorrotz bete beharko dituzte irizpide horiek.

Seigarrena.– Eskuordetza honen bidez emandako ebazpen guztietan, berariaz aipatuko da horrela eman direla, eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko dira.

Zazpigarrena.– Energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetan eskuduna den zuzendaritzako titularrak edozein unetan baliogabetu ahal izango du ebazpen honetan aipatzen den eskumen-eskuordetza. Baliogabetzeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Zortzigarrena.– Energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetan eskuduna den zuzendaritzako titularrak bereganatu egin ditzake ebazpen honek aipatzen duen eskuordetzan jasotako gairen baten ardura eta ebazpena, hartara eragotzi gabe eskuordetzak iraun ahal izatea, espresuki aldatzen edo baliogabetzen ez den bitartean.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 16a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala