62. zk., 2018ko martxoaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (269 KB - 7 orri.)
- EPUB (201 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EUSKO LEGEBILTZARRA
1685
IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuan langile-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzeko deialdi publikoaren oinarri espezifikoei buruzkoa.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2018ko martxoaren 20an hartutako erabakia betez, honako hau agintzen dut:
Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuan langile-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzeko hautapen-prozesurako deialdia egitea.
Bigarrena.– Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuan langile-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzeko deialdi publikoaren oinarriak argitaratzea Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2018ko martxoaren 20ko erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Oinarri espezifiko hauek ondorioak sortuko dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 20a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
EUSKO LEGEBILTZARREKO ITZULPEN ZERBITZUAN LANGILE-BEHARRAK ALDI BATERAKO BETETZEKO LAN-POLTSA SORTZEKO DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRI ESPEZIFIKOAK
Lehenengoa.– Deialdiaren helburua.
1.– Deialdi honen helburua da Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuan langile-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzea.
2.– Administrazio parlamentarioarekiko harremanari dagokionez, bitarteko funtzionario gisa izendatuko da izangaia, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoaren 12. artikuluan xedatutakoarekin eta 2006ko Bitarteko Funtzionarioak Hautatzeko Erregelamenduarekin bat eginez.
3.– Eskatzen den titulazioa: lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura edo gradua.
4.– Euskara: 4. hizkuntza-eskakizuna, nahitaezkoa. Hizkuntza-eskakizuna egiaztatuko da hamaikagarren oinarriaren 3. puntuan xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.– Hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintzak.
1.– Hautapen-prozesuan parte hartu ahal izateko, titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagozkienez gain, beharrezkoa izango da ondoko baldintzak betetzea:
a) 16 urte beterik eta 65 urte bete gabe izatea.
b) Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikagarri zaion Estatu bateko nazionalitatea izatea.
c) Halaber, Europar Batasuneko estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontideen ondorengoek ere, baldin eta zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
d) Lanpostuari dagozkion egitekoak betetzeko gaitasun funtzionala izatea, eta eman beharreko zerbitzuak normaltasunez betetzea eragotziko duen gaixotasun edo ezintasun fisikorik ez izatea.
e) Diziplina-espediente batez edozein Administrazio publikoren zerbitzutik bereizita edo kaleratua ez egotea, ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikorako erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia ez izatea, ezta funtzionarioen kidegoan edo eskalan sartzeko ere, edo lan-kontratudunen kasuan, bereiziak edo desgaituak izan diren lanpostuko antzerako eginkizunak betetzeko. Beste Estatu bateko nazionalitatea izanez gero, desgaitua edo egoera baliokidean ez egotea, ezta diziplina-zehapenik edo baliokiderik ez izatea, dagokion Estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragotziko duenik.
f) Administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez izatea. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.
g) Oinarri hauetan eskatzen den titulazioa izatea, izaera ofizialekoa eta organo eskudunak luzatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Atzerrian lortutako titulu akademikoei dagokienez, haien homologazioa egiaztatuko duen egiaztagiria eduki beharko da.
2.– Aurreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko dira eta bere horretan mantendu hautaketa-prozesuak iraun bitartean.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 29an hasiko eta 2018ko apirilaren 18an amaituko da, 23:59an.
2.– Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi duten pertsonek Internet bidez egin behar izango dute eskaera eta ondorengo helbide elektroniko hauetan eskuragarri duten eredua bete beharko dute: Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbidean edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbidean.
Internet bidezko eskaera Eusko Jaurlaritzako KZGune zentro publikoen bidez egin ahal izango da. KZGuneen zerrenda eta kokapena eskuragarri daude honako helbide elektronikoan: www.kzgunea.eus.
Halaber, eskaera bete ahal izango da Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bulegoetan, Becerro de Bengoa z.g. kalean, Vitoria-Gasteizen (eraikin administratiboan), astelehenetik ostiralera, 09:00ak eta 13:00ak bitartean.
Laugarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.
1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu epaimahaikideak. Epaimahaia era honetara osatuko da: Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat izango da mahaiburu eta Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko pertsona bat izango da idazkari. Gainerakoak Legebiltzarreko Gaiak Kudeatzeko Zuzendaritzak, Langileen Batzordeak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak proposatuta izendatuko dira.
Lan-poltsa honen bidez beteko diren lanpostuen esparru profesionalean ezagutza zabala duten eta epaimahaiaren parte izateak eskatzen dituen zereginak egiteko prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.
Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendarekin batera argitaratuko da Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatu dituen pertsonak epaimahaiko titular eta ordezko izateko.
2.– Epaimahaiak, hautaprobetako edozeinetarako, beharrezkotzat jotzen dituen aholkulariak eskatu ahal izango ditu, zeinak kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko baitira.
3.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23 eta 24. artikuluetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen bada, epaimahaiko kideek ezingo dute esku hartu, hala jakinarazi beharko diote Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, eta izangaiek haiek errekusatu ahal izango dituzte.
4.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera jardungo du epaimahaiak. Edonola ere, epaimahaia bildu egingo da, lehendakariaren aginduari jarraituz eta idazkariak aldez aurretik deituta, hautaproben hasiera baino lehen, aurrerapen nahikoarekin, eta hura behar bezala eratuta egoteko beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria bertaratzea, edo, hala badagokio, haien ordezkoak eta gutxienez bere kideen gehiengoa.
5.– Epaimahaiko kide guztiek izango dute hitza eta botoa. Epaimahaiaren erabakiak hartzeko bertaratutakoen botoen gehiengoa beharko da. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruaren botoak ebatziko du.
6.– Epaimahaiaren erabakien argitalpena, oinarri hauetan aurreikusten ez denari dagokionez, Internet bidez egingo da ondorengo helbide elektronikoetan: Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbidean eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbidean.
7.– Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.
Bosgarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, zeina Internet bidez argitaratuko baita Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbidean. Zerrenda horretan adierazita egongo da bazterturiko izangai bakoitza, halakorik bada, zergatik utzi den kanpoan. Interneten argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, lan-poltsa osatzeko prozesu honetan parte hartzen dutenek hamar eguneko epea izango dute bazterketa eragin duen akatsa edo hutsa zuzentzeko edo zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
2.– Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrendak behin betikotzat joko dira. Aurkezten diren erreklamazioak onartu edo baztertuko dira onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian, eta erabaki hori aurreko paragrafoan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko da.
Seigarrena.– Hautapen-prozesuaren garapena.
1.– Hautapen-prozesuan Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuan eskatzen diren gaitasunak egiaztatzeko ariketak egingo dira, horiek guztiak nahitaezkoak eta kanporagarriak, zazpigarren oinarrian xedatutakoari jarraituz.
2.– Aurreko proba kanporatzailea gainditu dutenen probak besterik ez dira zuzenduko. Hala ere, lan-poltsa sortzeko prozeduraren helburua kontuan hartuta, epaimahaiak erabaki dezake, itzultze- eta zuzentze/idazte-gaitasunei dagozkien bi proben emaitzak ikusita eta horiek biak gainditu dituzten izangaien kopuruaren arabera, hirugarren ariketara aurkezteko aukera ematea itzulpen-ariketa gainditu dutenei ere.
3.– Klasifikazio-ordena ezarriko da ariketa bakoitzean lortutako puntuazioen baturaren arabera, eta bederatzigarren oinarrian aurreikusitako lan-poltsaren ordenazio-irizpideei jarraituz.
4.– Izangaiek proba ezberdinetan lortutako puntuazioak eta hautapen-prozesuari buruzko iragarkiak Internet bidez argitaratuko dira Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbidean.
5.– Izangaiei ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo zaie. Hautaketa-prozedurako probetan tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzearren, epaimahaiak proben deialdien ezaugarriak moldatu ahal izango ditu proba egingo den tokira bertaratzeko ezintasuna adierazten duten pertsonen kasuan, bai haurdunaldiagatik, bai erditzeko zorian egoteagatik bai susperraldi egoeran egoteagatik edo epaimahaiak askatasunez baloratuko dituen beste osasun-eragozpen larriengatik, betiere, inguruabar hori epaimahaiari jakinarazten bazaio aldez aurretik eta sendagile-agiriaren bidez kreditatzen bada.
6.– Lehen eta bigarren ariketa egun berean egingo dira.
7.– Hirugarren ariketa egiteko ordena zozketa bidez erabakiko da ariketa egingo den egunean bertan.
8.– Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenak behar dituzten eta eskabidean hala adierazi dutenei, gainontzeko parte-hartzaileen aukera berberak izan ditzaten, betiere hori eginda probaren edukia desitxuratzen ez bada eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo kaltetzen ez bada.
9.– Hautapen-prozesuaren edozein unetan epaimahaiak izangairen batek deialdiko baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, izangai hori baztertuko da, entzunaldia egin ondoren, eta egun berean horren berri emango zaio Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
10.– Epaimahaiak zehaztuko du zer nolako laguntza-dokumentazioa edo -liburu (hiztegiak eta abar) erabili ahal izango dituzten izangaiek ariketak egiteko. Informazio hori aldez aurretik emango da, prozedura honetan aurreikusitako epaimahaiaren erabakien komunikazio-kanaletatik, lehen eta bigarren ariketa egiteko dataren deialdiarekin batera.
Zazpigarrena.– Hautapen-prozesuko ariketak.
1.– Lehenengo ariketa: itzultze-gaitasuna.
Ariketak bi zati izango ditu:
a) Gehienez 30 lerro izango dituen gaztelaniazko dokumentu bat, eduki juridiko-parlamentarioa izango duena, euskarara itzultzea, gehienez ere ordu beteko epean.
b) Gehienez 30 lerro izango dituen euskarazko dokumentu bat, eduki juridiko-parlamentarioa izango duena, gaztelaniara itzultzea, gehienez ere ordu beteko epean.
Proba honek 20 puntu izango ditu guztira:
10 puntu a) zatiari dagozkionak dira; eta gutxienez 5 puntu lortu beharko dira ariketaren zati hau gainditzeko.
10 puntu b) zatiari dagozkionak dira; eta gutxienez 5 puntu lortu beharko dira ariketaren zati hau gainditzeko.
2.– Bigarren ariketa: zuzentze- eta idazte-gaitasuna.
Bigarren proban Legebiltzarreko bi idazki, bat euskarazkoa eta bestea gaztelaniazkoa, zuzendu-idatzi beharko dira.
Proba horretan hiru eratako zuzenketa egingo da: a) ortografikoa, b) linguistikoa (morfosintaxia eta lexikoa) eta c) puntuazioarena, testu ulergarria eta formaz koherentea lortzeko.
Ariketa horrek bi ordu iraungo du gehienez. Gehienez ere 20 puntu emango dira. Gutxienez 10 puntu lortu beharko dira ariketa hori gainditzeko.
3.– Hirugarren ariketa: interpretatze-gaitasuna.
Euskarazko hitzaldi parlamentario baten interpretazioa (aldi bereko itzulpena) egin beharko da gaztelaniara. Interpretazioak ezin izango du 15 minutu baino gehiago iraun.
Ariketa honetan 20 puntu jaso ahal izango dira guztira: gutxienez 10 puntu lortu beharko dira ariketa hau gainditzeko.
Zortzigarrena.– Epaimahaiaren proposamena.
Hautapen-prozesuko atal ezberdinen kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dizkio hautapen-prozesuko behin betiko emaitzak, eta izangaiak puntuazioaren arabera eta gainditutako ariketen arabera ordenatuko ditu. Hori jakinarazita, lan-poltsa eratuko da bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiari helaraziko zaio jakinaren gainean egon dadin.
Bederatzigarrena.– Lan-poltsaren ordena.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.a) artikulua aplikatuz, hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan –hau da, proba guztiak egin eta baloratu ondoren– puntu-berdinketarik egonez gero, berdinduta dauden hautagai guztiei gaitasun berbera aitortuko zaie.
Hortaz, betiere aurreko paragrafoan jasotako irizpidea kontuan hartuta, Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuan langile-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa honela ordenatuko da:
1.a Hiru gaitasunak gainditu dituztenak, hiru ariketetan lortutako puntuazioaren baturaren arabera ordenatuta.
2.a Itzultze- eta zuzentze/idazte-ariketak gainditu dituztenak, bi ariketa horietan lortutako puntuazioaren baturaren arabera ordenatuta. Berdinketarik balego, lehentasuna izango du interpretazioan notarik altuena lortu duenak.
3.a Itzulpena eta interpretazioa gainditu dutenak, halakorik balego, bi ariketa horietan lortutako puntuazioaren baturaren arabera ordenatuta. Berdinketarik balego, lehentasuna izango du zuzentze/idazte-ariketetan notarik altuena lortu duenak.
4.a Itzulpena bakarrik gainditu dutenak. Berdinketarik balego, lehentasuna izango dute zuzentze/idazte-ariketan notarik altuena lortu duenak. Berriro ere berdinketarik balego, lehentasuna izango du interpretazioan notarik altuena lortu duenak.
Aurreko arauen arabera ebazteko modukoak ez diren berdinketak baleude, zozketa bidez ebatziko dira.
Hamargarrena.– Gertakariak.
1.– Epaimahaiak, oinarri espezifiko hauetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua burutu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagokionez sortzen diren arazo guztiak ebatzi ere.
2.– Hautaprobak egitea eta lan-poltsa eratzea, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen horretan, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan eta garapen-arauetan jasotakoari lotuko zaio, eta osagarri modura, euskal funtzio publikoari buruzko legedian eta arau osagarrietan jasotakoari, eta, halakorik ezean, funtzionario publikoei buruzko legedia orokorrean jasotakoari, funtzio publiko parlamentarioarekin bateraezina ez den heinean.
3.– Deialdia, bere oinarriak eta oinarriotatik zein Epaimahaiaren jardunetatik datozen administrazio-egintza guztiak aurkatuak izan daitezke, betiere 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak jasotako kasu eta moduetan.
Hamaikagarrena.– Baldintzak eta hizkuntza-eskakizuna betetzen direla egiaztatzea.
1.– Lan-poltsa osatzen dutenek, hautapen-prozesuan parte hartzeko lehen eta bigarren oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute jatorrizko agirien bidez, horrela eskatzen zaienean.
2.– Adierazitako epearen barruan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, lan-poltsa osatzen dutenek ez badute dokumentazioa aurkezten edo ez badute egiaztatzen eskatutako baldintzak betetzen dituztela, ez dira bitarteko funtzionario izendatuak izango, eta haien jardun guztiak baliogabetuta geratuko dira, beren eskabidea faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.
3.– Lehen oinarrian xedatutakoarekin bat eginez, 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatutzat joko da izangaiak ondoko ziurtagirietako bat badu:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emandako 4. hizkuntza-eskakizuna.
– HABEko laugarren mailako ziurtagiria (Kultura Saila).
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 4. hizkuntza-eskakizuna.
– Unibertsitate-ikasketak, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko apirilaren 3ko 47/2012ko Dekretuan jasotako baldintzak betetzen dituztenean (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 74.a, 2012ko apirilaren 16koa). Halakoetan, kasua bakarka aztertuko da eta unibertsitateak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da.
Hamabigarrena.– Hautapen-prozesuko eta lan-poltsako datu pertsonalak babestea eta kudeatzea.
1.– Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, zeina hautapen-prozesuaren eta lan-poltsaren kudeaketara mugatuko baita, aldi baterako kontratazio eta bitarteko funtzionario izendatua izateko. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua abenduaren 13ko Datu Pertsonalen Babeserako 15/1999 Lege Organikoari eta otsailaren 25eko Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legeari lotuko zaio.
2.– Prozedura honetara aurkezten direnek berariazko baimena emango dute segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuen tratamendurako. Era berean baimendu ahal izango dute lan-poltsa honetako datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzea haien bitarteko langileen hautaketa-prozesuetarako.
3.– Hautapen-prozesuan emandako datuen tratamendurako, Segurtasun Neurrien Erregelamenduan ezarritako segurtasun-maila baxuko neurriak beteko dira.
4.– Baliozkotzat joko dira eskabidean agertzen diren helbidea, telefono-zenbakiak eta posta elektronikoa. Izangaiaren erantzukizun osoa da datu horiek idaztean egin litezkeen akatsak, edo horietan izan daitekeen edozein aldaketa epaimahaiari edo Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraztea, lan-poltsaren kudeaketari dagokionez.
5.– Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, baldin eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten ez bazaio epaimahaiari edo eusko legebiltzarreko antolaketa eta giza baliabideen zuzendaritzari lan-poltsaren kudeaketari dagokionez.
Hamahirugarrena.– Osasun-azterketa.
Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lan-eskaintza onartzen duenari, eman beharreko zerbitzuak normaltasunez betetzea eragotziko duen gaixotasun edo ezintasun fisikorik ez duela eta lanerako gai dela egiaztatzeko.