Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2018ko otsailaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
622

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren izena aldatzeko.

Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta modalitate eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauekin bat: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria; Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua–; Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, gerora apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua izan zenak, 8.2 artikuluan arautzen du autonomia-erkidegoei dagokiela unibertsitate publikoetako irakastegiak sortu, aldatu edo kentzea, eta erabaki hori beren kabuz har dezakete, unibertsitateetako gobernu-kontseiluaren adostasuna jasota, edo unibertsitateren baten ekimenez, haien gobernu-kontseiluak egindako proposamenaren bidez. Kasu batean zein bestean, gizarte-kontseiluaren aurretiazko eta aldeko irizpena behar da.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 62.2.c) artikuluan arautzen du unibertsitateen gai-alorrean eskumenduna den sailaren ahalmenetako bat izango dela fakultateak, goi-mailako eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk sortu, aldatu edo ezabatzea.

Euskal Herriko Unibertsitateak proposatzen du Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren izena kendu eta haren ordez Bilboko Hezkuntza Fakultatea jartzea. Proposamenak ez dakar zentro horren izaera edo funtzioak aldatzea, izen-aldaketan oinarritutako aldaketa da-eta, horrela, batetik, koherentzia handiagoa lortu nahi delako Boloniako prozesuarekin, eta bestetik, titulu-eskaintza indartu nahi delako, bai eta ikerketa-lana ere.

Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuak onartu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak egun indarrean dituen estatutuak, eta araudi horren 10. artikuluak arautzen du Unibertsitateak zer egitura izango dituen. Eskolak eta fakultateak dira egitura horietako batzuk. Arau horren 130. artikuluak, halaber, arautzen du Gobernu Kontseiluari dagokiola fakultateak eta/edo eskolak sortu, aldatu eta ezabatzeko proposamenak egitea.

2017ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zuen Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren izena kendu eta haren ordez Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultatea jartzea.

2017ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari proposatzea Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren izena kendu eta haren ordez Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultatea jartzea.

Horrenbestez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 14an hartu zuen erabakia eta haren Gizarte Kontseiluak 2017ko abenduaren 20an eman zuen aldeko irizpena ikusita, eta proposamen hori, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluak arautzen duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegora igorrita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren izen-aldaketa, haren ordez Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultatea izena jarriko baitzaio.

Bigarrena.– Eskolak, bere jardunean, bete beharrekoak izango ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak, Irakaskuntza Zentroen Esparru Erregelamendua eta betetzekoak dituen gainerako arauak.

Hirugarrena.– Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, azken honek proposamena Gobernuari igor diezaion zentroaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan (irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuaren bidez arautua) eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala